146. ALDIZKARIA - 2000ko abenduaren 4a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

C I N T R U E N I G O

Udal hilerria erabiltzea eta hura erabiltzeko eta zerbitzua emateko eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza. Hasierako onespena

Cintruenigoko Udalak, azaroaren 2an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal hilerria erabiltzea eta hura erabiltzeko eta zerbitzua emateko eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza.

Aditzera ematen da, udal idazkaritzan dagoen espedientea aztertzeko aukera egon dadin eta egoki juzkatzen diren alegazioak aurkez daitezen, horretarako 30 egun baliodun daudelarik.

Aipatu epea erreklamaziorik gabe amaitzen bada, ordenantza behin betikoz onetsitzat hartuko da.

Cintruenigon, bi milako azaroaren zortzian. Alkatea.

UDAL HILERRIA ERABILTZEA ETA HURA ERABILTZEKO ETA ZERBITZUA EMATEKO ESKUBIDEAK ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Cintruenigoko udal hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, Udalaren aginduen menpekoa eta haren jabetzakoa, hari baitagozkio bere administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, ordenantza honetako xedapenen arabera, deusetan ukatu gabe beste administrazio publikoen eskumen berariazkoak.

2. art. Cintruenigoko Udalak ondoko eginkizunak beteko ditu, Cintruenigoko udal hilerriarekin zerikusia dutenak:

a) Hilerriaren antolaketa, zaintza, mantentze-lanak eta egokitzapena, baita hura begiratzea eta garbitzea ere, ordenantza honetako 8. artikuluan xedatutakoa ukatu gabe, eta hilerriaren segurtasuna nahiz zerbitzuaren antolamendu egokia bermatuko ditu.

b) Partikularrei baimena ematea hilerrian edozein motatako lan edo muntadura egiteko, baita horiek zuzendu eta ikuskatzea ere.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua, hilobien gaineko kontzesioak ematea eta nolanahiko ehorzketa-eskubideen onarpena, baita horiek aldatzea eta haien iraungipena deklaratzea ere.

d) Ordenantza honetan ezartzen diren eskubideak eta tasak, eta etorkizunean legez ezarriko direnak eskuratzea.

e) Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta tokiz aldatzea, hilotzen gaineko osasun arauei jarraikiz.

f) Giza gorpuzkiak izan gabe ere, hilobiak hustu eta garbituta gelditzen diren zerak -hilkutxak, arropak, abituak, hil-oihalak eta gainerakoak- desegitea, ordenantza honetako 18. artikuluan aurreikusitakoa ukatu gabe.

g) Higienearekin ikusteko izanik eman diren edo etorkizunean emanen diren neurriak betetzea.

h) Hilerriarekin eta hilotzen gaineko osasun jarduerarekin zerikusia izan dezaketen bestelako ahalmen administratiboak.

3. art. Alkatetzak bere ardurapean izanen ditu hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua, horretarako behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari. Orobat, ordenantza honetan xedatutakoa betearazteko behar diren erabaki puntualak hartuko ditu.

4. art. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai. Hilobiak era erregularrean banatuko dira, hurrenez hurren zenbakituak eta plano batean grafiatuak, horretarako prestatuko baita.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua eta hilobiak egin, gorde eta zaintzea

5. art. Ez da inolako egintzarik baimenduko, zuzenean nahiz zeharka hilerri barreneko seriotasuna urratzea edo hilobiak profanatu, desegin edo bortxatzea badakar. Debeku da era berean inolako animalia motarik sartzea eta kalez kaleko salmenta, edozein salgairekin. Debeku horiek hilerriaren eraginpeko eremura ere zabaltzen ahalko dira.

6. art. 1. Ezin izanen da lanik edo obrarik egin Udalaren baimenik gabe, eta horiek egiteko artikulu honetan ezartzen diren arauak beteko dira. Aipatu obrak eta muntadurak, haiek egokitu, zaharberritu edo aldatzea barne, kontzesioaren xede izan diren hilobietan egiten direnak, partikularren kontura izanen dira beti.

2. Lurzatiaren kontzesiodunak egin beharreko jarduketaren dokumentazio zehaztua aurkeztu beharko du, bertan xehetasunez azalduko direla neurriak, materialak eta kokapen zehatza. Orobat, behar den obra lizentzia eskatuko du.

3. Udalak, haren teknikarien bidez, eskabidean atzematen diren hutsuneak zuzentzeko agindu ahalko du, eta ordenantza honen arabera behar diren baldintzak edo aldaketak ezarri ahalko ditu.

4. Debeku da hilerrian piezak edo marmolak zerratzea, bestelako lanak egitea harri, marmol edo metalekin, legarrak kentzea edo gisako eragiketak egitea ere. Inguruabar bereziak direla eta horrelakoak egin behar baldin badira, hilerriko langileen baimena eskatu beharko da, haiek esan beharko baitute lan horiek zer toki zehatzetan egin beharko diren.

5. Obrak egiteko materialik sartu nahi bada, edo obrak berak egin nahi badira, Alkatetzak horretarako finkatzen duen ordutegian egin beharko da. Materialak, lanabesak, lurra edo ura prestatu eta uzteko, aipatu organoak horretarako ezartzen dituen tokiak erabiliko dira, eta kasu bakoitzean egoki juzkatzen diren aurreneurriekin.

6. Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak.

7. Ezin izanen da hilerrira sartu edo handik atera hilobien zerbitzurako gairik, Udalaren baimenik gabe.

8. Hilerrian izandako jarduketen ondorioz sor daitezkeen gainerako aferetan, bertako arduradunek eta Alkatetzak kasu bakoitzean ezartzen dutenari jarraikiko zaio.

9. Epeetarako, iraungipenetarako eta baita administrazioko nahiz prozedurako aferetarako ere, udalerrian unean-unean indarra duten hirigintza arauek aginduko dute modu osagarrian.

7. art. Udalaren organo eskudunek hilerriko zaintza eta garbiketa lan orokorren ardura dute.

8. art. Titularrek behar bezalako baldintzetan atxikiko dituzte beren hilobiak, zerak eta muntadurak, segurtasunez, higienez eta apainduren aldetik ere bai. Hilobia garbitu ondoren, partikularrek hilerritik eraman beharko dituzte lore arrastoak eta bestelako objektuak.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesatuei, hogeita hamar egunez beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko. Horrela ez eginez gero, hori aski izanen da ehorzketak egiteko baimena ez emateko.

Epe hori iraganik, Udalak subsidiarioki egiten ahal ditu lan horiek, interesatuen kontura egin ere. Horiek berehalakoan ordaintzen ez badute, kontzesioa iraungiko da eta hilobia Udalaren esku geldituko da.

9. art. Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, bere zerbitzuko ez diren jendeek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo desegiten badituzte.

10. art. Hilobiak edo hilerriko ikuspegi orokor nahiz partzialak irudi, argazki, marrazki edo pinturetan atera nahi izanez gero, Udalaren baimena beharko da lehenik.

III. TITULUA

Gorputegia

11. art. 1. Hilotzak gorputegian utziko dira hilerrira ailegatu eta berehala ehortzi behar ez badira.

2. Agintari judizial eta sanitarioek hilerrian ehortzi gogo diren hilotzak gorputegian sartzeko agindua eman dezakete, heriotzaz geroztik 24 ordu iragan ez badira.

3. Partikularrei ez zaie utziko gorputegian egotea hilotzak dauden bizkitartean, agintariek halako denbora mugatu batean egiten dituzten bisitaldietan salbu.

IV. TITULUA

Hilotzak ehortzi, hobitik atera, lekuz aldatu eta haiei autopsia egitea

12. art. 1. Hilotzen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduaren arauen ariora eta Titulu honetan xedatutakoari jarraikiz dira hilotzak ehortziko, hobitik aterako eta lekuz aldatuko.

2. Inolaz ere ez dira onartuko hilotzen bildukinak, gorpuen berezko deskonposizioa galarazten edo berandutzen badute.

3. Ehorzketa gorpuzki-hondarrak dituzten hilobietan egiten denean, hondar horiek aldez aurretik murriztu eginen dira, betiere aldez aurretik abisua emanda eskubidearen titularrari edo hura ordezkatzen duenari. Gorpuzkiak berrehorzten ahal dira hilotz bat sartzen den unean.

4. Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpuzkiak beste hilerri batera eraman nahi direnean, arauetan aurreikusitako kasuetan.

13. art. 1. Ehorzketarako ekartzen den edozein hilotzi lur emanen zaio, betiere legezko izapideak bete badira.

2. Ehorzketak egiteko, udal bulegoetan ondoko agiriak aurkeztu beharko dira.

a) Ehorzteko eskabidea, eskaera-orriko datuak behar bezala beteta, ondotik erregistrora eramateko, ehorzketa- eskubidearen titularrak edo haren ordezkariak sinatua, eta titularra bera denean hil dena, haren ahaideek edo hurbilekoek. Kontzesioaren titularra ez denean, ehorzketako eskabidea egin beharko du kontzesioa eskatzen duen harexek.

b) Lurperatzeko lizentzia, salbu eta errautsen ehorzketa baldin bada.

c) Eskatzailea kontzesioaren titularra ez denean, eskubidearen eskualdaketa bere izenean dagoela egiaztatu beharko du, ordenantza honetako V. tituluko V. kapituluan araututakoari jarraikiz, eta horretarako bere gain hartuko ditu bai inguruabar hori frogatzeko obligazioa, titulartasun aldaketarako prozeduran, bai haren jarduketagatik sortzen ahal diren erantzukizunak.

14. art. 1. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere. Kasu batean nola bestean hilobiaren gainean eskubidea duen titularraren eskabidea beharrezkoa izanen da, artikulu honetako 3. idatz-zatian aurreikusitako kasuan izan ezik.

Hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, berrehorzketa egin nahi den hilobiko titular eskubidedunaren baimena beharko da.

2. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz aterako dira hilotzak, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

3. Udalak egin beharreko obra nagusiak egitearen ondorioz tokiz aldatu behar direnean, eskubidearen titularrari aldez aurretik abisua emanda, berrehorzketa aldi baterako nitxoetan edo hilobietan eginen da, Udalak xede horretarako gordeko baititu, edo behin betiko hilobietan, eta halakorik bada, ehorzketa-eskubidea hilobi berrira pasatuko da.

15. art. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren, horren berri emanen zaie Udalean horren ardura dutenei, jarduketa hori ikusi ahal izan dezaten lana gainbegiratze arren.

Epea ahitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

16. art. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.

17. art. 1. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurperatu ondotik gutxienez ere bi urte iraganda, panteoietan ehortzitako hilotzak atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude, edo nitxoetan ehortzitakoak. Heriotzaren arrazoia osasun arrisku handikoa izan bazen, ez da egiten ahal heriotzatik bost urte iragan arte.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere zortzi urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

c) Hilobi mota guztietan ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

17.1 artikuluan zehaztu ateratze lan horiek langile funtzionario adituek beteko dituzte, eta betiere interesatuen kontu.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

2. Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako epaile batek manatu ezean.

Hala ere, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkinak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko.

Ehorzketa hori egin ahal izateko baina, a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

3. Hilotz baltsamatuak eraman eta lekualdatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

18. art. Hobitik ateratzean, hil-kutxetan agertzen diren gai baliotsuak, protesiak izan ezik, hildakoaren oinordekoek eska ditzakete, betiere eskabidea egiten badute hobitik atera baino lehen, beraien nortasuna eta oinordetza frogatu ondoren. Udalak egoki deritzon helburua emanen die erreklamatzen ez diren gauzei.

19. art. Bai hilotz bat ateratzen denean bai lekualdatu eta berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian eta haren titularraren sinaduraz.

V. TITULUA

Ehorzketa-eskubideak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

20. art. Hilobiak eta nitxoak erabiltzeko ehorzketa- eskubidea titulu honek aipatzen duen kontzesioa emateko egintzarekin batean sortzen da. Udalak eman eta onartuko ditu ehorzketa-eskubideak, ordenantza honen hastapenei jarraikiz.

21. art. Ehorzketa-eskubide guztiak dagokien erregistro- liburuan inskribatuko dira eta kontzesioak behar den titulua luzatuz egiaztatuko dira, hori guztia ordenantza honetako 29. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

22. art. Ehorzketa-eskubideak hilobiaren erabilpena baizik ez dakar, hilerria Udalaren jabaria baita, ordenantza honen 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

23. art. Hilobiak, nitxoak, halakorik egiten bada, edo hilerrian dagoen beste edozein eraikuntza, merkataritzarik kanpoko ondasuntzat jotzen dira. Hortaz, ez dira salerosten ahal, ezta trukatu edo inola eskualdatu ere. Ordenantza honetan aurreikusten diren eskualdaketak baizik ez dira baliozkoak.

24. art. Paratzen diren izaera artistikoko lanak Udalaren esku geldituko dira kontzesioa bukatzen denean. Lan horiek, dagokien hilobian paratutakoan, ez dira udal hilerritik ateratzen ahal Udalaren baimenik gabe. Araubide bera aplikatuko zaio hilerriko hilobietan paratzen den edozein muntadura finkori, artistikoa ez bada ere.

Muntadura finkotzat hartuko da hilobiari erantsita edo eratxikita dagoen edozein, baldin eta, kenduz gero, narriadura eragiten ahal bazaio hilobiari, den txikiena ere.

25. art. 1. Titularra testamenturik utzi gabe ez ahaiderik gabe hiltzen bada, ehorzketa-eskubidea Udalaren esku geldituko da, zer epetarako eman zen, hura iragan ondoan.

2. Edonola ere, iraungipena gertatzen denean, kontzesioaren xede den hilobia Udalaren esku geratuko da, eta eskubidearen iraungipenetik ez da inolako ordainketarik edo kalteordainik sortuko titularraren alde. Aldez aurretik abisua emanda, gelditzen diren gorpuzkiak hobi orokorrera eramanen dira, salbu eta hildakoaren senideek, edo haien baimena duten beste batzuek beste hilobi batera eramateko eskatzen badute, edo pertsona ospetsuen gorpuzkiak badira eta Udalak hilobian uzteko erabakitzen badu.

26. art. Ehorzketa-eskubideaz baliatzeak behar den tasa edo ordainarazpena ordaintzea dakar berarekin, ordenantza honetako tasen eranskinean xedatutakoari jarraikiz. Ondorio hauetarako, zergagaiak izanen dira bertan adierazten diren kontzeptuak, eta subjektu pasiboak pertsona fisikoak nahiz juridikoak nola nortasun juridikorik gabeko entitateak, ondare berezia osatzen badute, ordenantza honetan arautzen diren zerbitzu edo eskubideetako bat eskatu edo haren onura hartzen badute.

Zerga oinarria da II. eranskinean kontzeptu bakoitzarendako adierazten dena. Tributu kuota eta zerga oinarria zenbateko bera dira.

II. KAPITULUA

Kontzesioak

27. art. Kontzesioak honela ematen ahal dira:

A) Pertsona fisiko bakar baten izenean.

B) Erlijio komunitate edo elkarte baten izenean, edo ospitale motako laguntza establezimendu batena, horiek administrazio publikoak onartuak badira eta beren kide, onuradun edo babespekoek baizik ez erabiltzeko bada.

C) Korporazio, fundazio edo legez eraturiko entitateen izenean, beren kide edo enplegatuek baizik ez erabiltzeko bada.

D) Bi ezkontideren izenean, lehen eskuraketaren unean.

E) Hil den pertsonaren guraso agintea edo zaintza legala duenaren izenean, haurrak lurperatzeko hilobiak direnean.

28. art. Aseguru konpainiak eta gisakoak ez dira, inola ere, ez kontzesioen ez bestelako ehorzketa-eskubideren titular izaten ahal. Hortaz, Udalari dagokionez, hitzartzen dituzten poliza edo kontratuen klausulek ez dute ondoriorik izanen, kasuan kasuko ehorzketa-eskubidea ordaintzeko behar den kapitala emateaz beste eskubide batzuk eman nahi badizkiete beren aseguratuei.

29. art. Kontzesioak behar den tituluaren bidez egiaztatuko dira eta hura udal administrazioak luzatuko du. Kontzesio tituluetan hauek jasoko dira:

1.-Hilobia eta titularra identifikatzeko datuak.

2.-Kontzesioa onartu zuen udal erabakiaren data, eta epea.

3.-Hirugarrenei eskualdatzearen gaineko xehetasunak.

30. art. Hilobi titulu bat hondatu, ebatsi edo galduz gero, haren kopia luzatuko da, interesatuek aldez aurretik eskaria eginda.

Hilobi tituluetako izenetan edo bestelakoetan akatsik hautematen bada, arrazoitu eta frogatu ondoan zuzenduko dira titularrak eskabidea egin ondotik.

31. art. Ehorzketa-eskubidearen kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak eta hura Udalak onartuko du ordenantza honi jarraikiz, 14.3 eta 40. artikuluetan xedatutakoa izan ezik.

32. art. Ez da inoiz-inola epemugarik gabeko kontzesiorik emanen.

33. art. Udalak osoko bilkuran onartuko du hilobiak ehorzketarako erabiltzea, interesatuek aldez aurretik eskatuta.

A) Jende guztiak eskatzen ahal du hilobien kontzesioa adinez nagusia bada.

B) Eskatzaile bakoitzari, gehienez ere, bi hilobitarako kontzesioa emanen zaio, aurreko idatz-zatietan ezarritako eran ulerturik, baina artikulu honetako E) idatz-zatian agintzen dena ukatu gabe, eta salbuespena eginez haurrak lurperatzeko hilobiekin, hauek, aurretik aipatutakoekin batera, libreki eman ahalko baitira, beharren arabera.

C) Gaur egun familia batek titulurik gabe, kontzesio tazito gisa, erabiltzen dituen hilobiak, oraingo erabiltzaileek eskatu ahalko dituzte, ordenantza honetan arautzen diren kontzesioek dituzten baldintza beretan, eta erabateko lehentasuna izanen dute kontzesiorako titulua ematerakoan, artikulu honetan ezartzen den kopurua gainditu gabe eta bertako E) idatz-zatian agintzen dena ukatu gabe. Cintruenigoko Udalak ezarriko du kontzesioaren kanona.

D)Aurrekoa gorabehera, eskatzaileak gaur egun kide bakarreko famili unitatea osatu eta bi hilobi eskatzen baditu, frogatu beharko du familiako beste kide batendako beharra duela eta kide hori 45. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailetako batekoa dela. Horretarako kide horren baimen idatzia beharko da, eta edonola ere, Udalak uko egin ahalko dio eskatutako kontzesioari, baldin eta uste badu proposatutako pertsonak ez duela ordenantza honetan ikusten diren balditzetatik bat ere betetzen, eta ez duela aski frogatu haren beharra.

E) Kontzesioak 50 urte iraunen du eta 45 urteko luzapena eman ahalko da. Luzapenean, kontzesioa onartu zenean indarra zuen prezioaren % 25 ordaindu beharko da. Epemugaren eguna baino lehenago eskatu beharko da luzapena.

34. art. Hilobi edo nitxo berean hurrenez hurren egiten diren ehorzketek ez dute ehorzketa-eskubidea bestelakatuko. Hala ere, salbuespen bat egonen da, izan ere kontzesioa edo, bestenaz, luzapena bukatzeko falta den epea hilotzak lekuz aldatzeko legez ezarritako denbora baino ttikiagoa izan daiteke; beraz, hilotz bat orduan lurperatzen bada, epe hori luzatuko da, egoera behar bezala egokitzeko 17. artikuluan hilotzak hobitik ateratzearen gainean aurreikusitakoari. Salbuespeneko luzapen horren ondotik 25 eta 33. artikuluek diotena aplikatuko da.

35. art. Hilerrian ematen diren kontzesio guztiak, ehorzketetarako eta hilobi-zerak paratzeko baizik ez dira ematen, eta xede horretarako mugatuta daude kontzesioen eskubide guztiak.

Hala ere, kontzesio baten titularrak ezin izanen du lurperatzeko ehorzketa-eskubidea erabili, hilobia lehenago erabili dutenean, 17. artikuluan hilotzak hobitik ateratzeko aurreikusten diren epeak iragan arte. Kasu horretan berriro eskatu beharko du kontzesioa.

Lur kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko. Kontzesioko lurren gainean hilobi-zerak paratzeak ez dakar haien gaineko eskuragarritasun egintzarik.

36. art. Kontzesioetarako aipatu den epeagatik ere, hilerria epe hori ahitu baino lehen itxi behar bada, eskubideen titularrek kalteordaina hartzen ahal dute iragan gabeko epeagatik, nahiz eta kalteordaina kalkulatzeko ordaindutako tasaren zenbatekoa baizik ez den kontuan hartuko, eta ez kontzesiodunak egindako obra edo muntadurena.

37. art. Kontzesioagatik ordaindu beharreko tasa ordenantza honetako II. eranskinean ezarritakoa da.

Tasa horri urtero gehituko zaio aurreko urteari dagokion K.P.I.ren gorabehera, eta Udalak, osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, edonoiz aldatu ahalko du.

Ordainketa 30 egun balioduneko epean eginen da, jakinarazten denetik. Kontzesio horrek ez du inolako ondoriorik sortuko ordainketa egiaztatzen ez den bitartean. Ordainarapen horren subjektu pasiboa kontzesioaren titularra da.

38. art. Lurrerauzketa, eta obra amaitu arte izan daitezkeen bestelako gastuak, kontzesiodunaren kontura izanen dira, hilobi bakoitza urbanizatzeko eta egokitzekok barne, hilobiari atxikirik daudela ikusten denean.

Era berean, kontzesiodunaren kontura izanen dira aldez aurretik dauden gurutzeak, hilarriak, panteoiak, lauza astunak, etab., kentzeko kostu ekonomikoak, hilobiaren kontzesioari datxekion ehorzketa bat egiteko, baldin eta horretarako lurperatzeko zerbitzu arrunta gainditzen duten bitarteko materialak edo langileak behar badira. Kasu horietan, nola bestelako guztietan, ezartzen diren apaingarriak ordenantza honetan ezarritakoari lotzen ez bazaizkio, aipatu elementuak ez dira berriro jarriko, salbu eta balio artistiko berezia izan eta Udalak horrela erabakitzen badu. Ezartzen diren elementuak ordenantza honetako I. eranskinean xedatzen denari lotuko zaizkio, eta gainerakoan 24. artikuluan aurreikusten denari jarraikiko zaio.

III. KAPITULUA

Hilerriko hilobien erregistroa

39. art. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortu da, honako hauek jasoko dituena:

a) Hilobien identifikazioa.

b) Kontzesioa eman den data eta ordaindu diren tasak.

c) Eskubidearen titularraren izena, deiturak eta helbidea, eta titularrak, bere eskubidea erabiltzeko orokorrean izendatzen ahal duen ordezkariarena.

d) Eskualdaketak, data, titular berriaren datuak eta eskualdaketaren zioa.

e) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adieraziz: zein hilotz den, pertsona horren izen eta deiturak, eta jarduketa noiz izan den.

f) Gertakizun eta erreklamazioak: hilobia ukitzen duen edozein gertakizun.

Erregistroa Udaleko idazkaritzan eramanen da. Neurriak hartuko dira datuen segurtasuna bermatzeko eta horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabeko tratamendu edo inoren sarrera eragozteko.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, akatsa argi eta garbi adierazi eta zuzentzeko idaztohar berria eginez.

IV. KAPITULUA

Ongintzako ehorzketak eta hobi orokorra

40. art. 1. Lur emateak dakartzan gastuak ordaintzeko diru baliabiderik bat ere ez duten pertsonen hilotzak ehorzteko hobiak izanen dira, aski den kopuruan; horiek ez dira kontzesioetan sartuko eta haren erabilpena ez da inolako eskubideren menpe egonen.

2. Hilobi hauetan ez da hilarririk edo hilartitzik paratuko eta udal jabego direla baizik ez da agertuko.

41. art. 17. artikuluan ezarritako epea beterik, gorpuzkinak hobi orokorrera eramanen dira.

42. art. Hildako baten ahaideek ezta beste pertsona interesatuek ez dituzte inola ere hobi orokorrean lurperaturiko hilotza edo gorpuzkiak erreklamatzen ahal.

V. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen eskualdaketa

43. art. Udalak hilobien ondorengotzari buruz egiten duen onarpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez dakar inolako aurreusterik arlo zibilean aferarik baldin bada.

44. art. Onartutako hilobiak eta nitxoak, hala bada, oinordetza bidez eskualdatzen ahal dira, haien titularrak testamentua egin ala ez, baita dohaintza bidez ere, horrelakoetan araubidea ondorengotzarena bera izanen delarik.

45. art. Ehorzketa-eskubidearen titularrak inter vivos egintzaren bidez, dohainik laga dezake, honako hauei hain zuzen: titularraren ezkontideari, horien bien lerro zuzeneko ahaideei, lerroa gorakoa nahiz beherakoa izan, mugarik gabe, eta alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontzahaidetasunaren 3. graduraino, eskualdaketaren aitzin-aitzinetik titularrarekin gutxienez ere bost urtez bizi direnei, eta irabazi asmorik gabe ongintza edo laguntza lanetan ari diren pertsona juridikoei.

Titulartasun aldaketa dohainik eta inter vivos lagapenaren bidez baimentzen ahal da beste pertsona batzuendako, Udalak uste badu zioren bat badela lagapena arrazoitzeko, betiere kontzesioa eman zenetik hilobian inor ehortzi ez bada eta hamar urte iragan badira. Kasu honetan, eskuratzaile berriak kontzesioa eman zenean lurraren truke ordaindu zen prezioaren eta subrogazioaren egunean tarifen ariora ordaindu behar denaren arteko aldea pagatu beharko dio Udalari.

46. art. Mortis-causa eskualdaketari dagokionez, hots, ehorzketa-eskubidearen titularraren heriotza gertatzen denean, eskualdaketarako eskubidea izanen du eskubidearen oinorde izanik herentziari uko egin ez dionak. Titularrak oinordetzarik xedatu ezean, hilobi eskubidea ahaideei eskualdatuko zaie, lege zibilari ezarritako ordenari jarraikiz. Alargunak kontzesioaren usufruktua baldin badu, horrela jasoaraziko da hilobiaren erregistroko inskripzioan eta usufruktudunak eskubidearen titularrari dagozkion ahalmen eta betebehar guztiak izanen ditu.

Eskualdaketa baten ondorioz titular bat baino gehiago bada, ondorengo guztiek beren artean gehiengoz hautatzen dutenaren alde onartuko da ehorzketa-eskubidearen titulartasuna. Hori hiru hilabeteko epearen barnean egin behar da kausatzailearen heriotzatik edo ondorengoak deklaratzeko egintza eman zen egunetik hasita. Udalak ez du titulartasunaren aldaketarik baimenduko adostasun hori frogatzen ez bada, baina utziko dio edozein partaideri ehorzketa-eskubidea erabiltzen, gainerakoak horren aurka ez badaude.

47. Eskubidea nori eskualdatzen zaion modu fedemangarrian zehaztea ezinezkoa bada, titulartasuna behin-behinekoz onartzen ahalko zaio aldaketa eskatzen duenari, baldin eta eskubidea izaten ahal badu 46. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Behin-behineko titulartasun horren muga da ondotik hobitik hilotzak ateratzeko debekua, epaile batek baimendu ez badu, eta hilotz bat ehorzteko eskubidea erabiltzeko beharrak sortua ez bada. Inork kontra egiten ez badu, titulartasuna behin betiko bilakatuko da hamar urte iragandakoan.

Hilobia erabiltzeko eskubidea nork duen aldioro jakiteko, erregistroko liburuan paratuko da nor den eskubide horren edukitzailea eta horregandik abiatuta kontatuko dira betiere, 45. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailak. Eskubide horien eskualdaketak ere jasoko dira kontzesioaren tituluan.

Interes kontrajarriak badaude lurperatzeko ehorzketa- eskubidea erabili behar den tokiaren gainean, era berean jokatuko da, baina Udalak, kasu honetan, beste kontzesio bat esleituko du, behin-behineko titulartasunarekin, jaraunspen-komunitatearen izenean, eskubidearen titulartasuna erabakitzen ez den bitartean.

Artikulu honetan aipatzen diren behin-behineko kontzesioak ez dira behin betiko bilakatuko, behin-behineko titularra 33.c) artikuluan aurreikusitako kasuan sartzen denean edo, Udalaren iritziz, artikulu horretako gainerako kasuetako batean berean ere oinarririk ez duenean kontzesioa eskuratzeko. Horrela gertatzean, behin-behineko titulartasunak ez du ondoriorik sortuko hura onartu eta hamar urte iragan direnean.

48. art. Hilerriko lurren kontzesioak hilobia erabiltzeko eskubidea sorrarazten die titularrari eta ahaideei, ordenantza honetako aginduei lotuz betiere.

Lurren kontzesioetan, titularraz eta ezkontideaz landa, lerro zuzeneko haien ahaideak ehorzten ahal dira, aurrekoak nahiz ondokoak izan, baita alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontzahaidetasunaren 3. graduraino daudenak ere.

Udalak beste edozein hilobi erabiltzen ahal du, titularrak baimen idatzia ematen badu aldez aurretik eta baimenaren momentuan dagozkion eskubideak ordaintzen baditu.

49. art. Ehorzketa-eskubide bat zer epetarako eman zen, haren hurrenez hurreneko eskualdaketek ez dute epe hori aldatuko.

50. art. Titularrak uko egiten ahal dio ehorzketa- eskubideari, betiere dagokion hilobian gorpuzkin ehortzirik ez bada. Horretarako eskabidea eginen dio Udalari, eta hura gero berretsi beharko da interesatua bera edo, halakorik bada, haren legezko ordezkaria agertuz.

VI. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen galera edo iraungipena

51. art. Hilobi-eskubidea galdu edo iraungiko da eta kasuan kasuko hilobia Udalari itzuliko, horrelakoetan:

a) Eraikuntzaren aurri egoera dela eta, aurreikusitako txosten teknikoan deklaratua, eta titularrak konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea betetzen ez badu. Lehenago espedientea ireki behar litzateke eta interesatuari entzutea eman.

b) Hilobia bazter uzten denean. Halakotzat hartuko da, titularra hil eta urtebete geroago ondorengoek edo herentzia bidez subrogaturiko pertsonek eskaririk egin ez badute beren aldeko eskualdaketa egin dadin.

Ondorengoak edo herentzia edo beste tituluren bidez subrogaturiko pertsonak eskualdaketa eskatzera agertu eta hilobia egoera okerrean aurkitzen badute, hiru hilabete izanen dute hura egokitzeko. Epe hori konponketak egin gabe iraganik eta 8. artikuluko izapideak egindakoan, ehorzketa- eskubidearen iraungipena dekretatuko da, eta Udalaren eskura itzuliko da.

c) Eskubidea zer epetarako eman zen, haiek iragaten direnean.

d) Behar den epearen barrenean eskubideak edo tasak ordaintzen ez badira.

e) Titularrak 50. artikuluan aurreikusitako moduan uko egiten duenean.

f) Hilerria desagertzeagatik.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-Iraungiak geratzen dira titulurik gabeko kontzesio tazitoak, honako hilobiei dagozkienak: gaur egun familia batek erabiltzen dituen hilobiak eta ordenantza hau aplikatzearen ondorioz edo behin betikoz onestean kontzesioak emateko irekitzen den prozedura aplikatzeagatik libre gelditzen direnak. Iraungipen horrek ez du inolako kalteordainik edo ordainik sortuko titularraren alde. Hilobia berriro erabili behar denean, eta aldez aurretik abisua emanda, dauden gorpuzkiak hobi orokorrera eramanen dira, salbu eta hildakoaren senideek, edo horien baimena duten beste batzuek, beste hilobi batera eramateko eskatzen badute, edo pertsona ospetsuen gozpuzkiak badira eta Udalak hilobian gelditzeko erabakitzen badu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Udalaren osoko bilkurari dagokio hasierako kontzesioa ematea eta ehorzketa-eskubideen iraungipena deklaratzea, ordenantza hau behin betikoz onartzean kontzesioak emateko irekitzen den prozeduraren ondoren datorrena.

Hurrengo prozeduretan hilobiak erabiltzeko ehorzketa- eskubidea ematea, eskualdatzea eta iraungitzea berdin onetsi ahalko du Udalak osoko bilkuran, nola Alkatetzaren edo beste organo delegatu bate ebazpenaren bidez, udal zerbitzuek egoki funtzionatzeko behar duten aldizkakotasunarekin.

Bigarrena.-Ordenantza honek espreski aurreikusten ez duen orotan, indarra duen legeria sektorialak xedatutakoari eginen zaio men, eta bereziki uztailaren 20ko 2263/74 Dekretuaren bidez onetsi zen Hilotzen gaineko Osasun Arauei buruzko Erregelamenduari eta Hilotzen gaineko Osasunari buruzko maiatzaren 9ko 123/1986 Foru Dekretuari. Ordezko aplikazioa izanen dute Cintruenigoko udalerrian indarra duen hirigintzako araudiak eta ondare historikoaren gaineko legeriak ere.

Ordenantza honetan biltzen diren gai fiskalen gainean, ordezko aplikaziokoak izanen dira Cintruenigoko Udaleko ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 19ko 2/1995 Foru Legea.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hogeita hamargarren egunean, Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 262.2 artikuluari jarraikiz.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe uzten dira, baliorik ez eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

I. ERANSKINA

A) Hilobiburuan gurutzeak edo hilarriak jarri ahalko dira, gehienez ere ondoko neurri hauetakoak:

Altuera: 120 cm.

Zabalera: 60 cm.

Lodiera: 10 cm.

B) Aipatu diren ikur eta apaingarri horien material eta koloreak, derrigorrez, ondoko hauetako zenbait izanen dira:

Tafallako harria.

"Macael" marmol zuria.

"Sudáfrica" marmol beltza.

"Quintana" granitoa.

C) Ez da inola ere baimenduko hilarriak, lauzak, panteoiak edo hilobi-oroigarriak jartzea, aurreko idatz- zatietan adierazitako neurrikoak baino handiagoak edo ezaugarri ezberdinak badituzte.

D) Debeku da, era berean, hilobien inguruan hesiak edo itxiturak, heskaiak edo bestelako landareak jartzea.

E) Hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan jar daitezke, eta hilerriaren izaerari begiratu beharko diote, ordenantzako 5. artikuluan adierazitakoaren arabera. Hirugarrenendako eskubideen aurka jo dezaketen inskripzioen erantzukizuna titularrarena izanen da.

II. ERANSKINA

Ehorzketa-eskubide eta zerbitzuen gaineko tasetarako tarifak

1 eta 2. epigrafeak.-Hilotzen ehorzketa, berrehorzketa eta lurperatzeko eskubideak.

Lur ematea edo lurretik ateratzea (hilobia ireki-ixtea): 10.450 pezeta.

Nitxoetan sartu edo ateratzea (nitxoak ireki-ixtea): 9.450 pezeta.

3. epigrafea.-Hilobiak itxi eta estalkiak paratzea.

Hilobiak pilastra edo barrekin itxi eta hilarriak, estatuak, gurutzeak eta gainerakoak paratzea eta, oro har, hilobietan egiten den edozein eraikuntza lana, kolokazio eskubide gisa: 2.050 pezeta

Ordenantza hau behin betikoz onetsi eta biharamanuean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: A0010466