146. ALDIZKARIA - 2000ko abenduaren 4a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

SAN ADRIAN

Behin betiko onespena

San Adriango Udalak, 2000ko irailaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betikoz onestea San Adriango Udalaren Herritarren Partaidetzaren gaineko Erregelamendua, zeinaren testua honen ondotik ematen baita oso-osorik.

San Adrianen, bi milako urriaren lauan. Alkatea, Jesús Angel Mendaza Marrodán.

SAN ADRIANGO UDALAREN HERRITARREN PARTAIDETZAREN GAINEKO ERREGELAMENDUA

Atarikoa

1.-Espainiako Konstituzioak bere aginduetako lehenean aipatzen du Espainia herrialde demokratiko bat dela. Artikuluka banaturiko bere testuan agerian jartzen du demokratikotasun aldarrikapen hori, arautu egiten baititu zenbait instituzio, hala nola Funtsezko eskubideak, Gorte orokorrak ordezkaritza organo gisa, herritarren partaidetza gai publikoetan, eta abar.

Beste aldetik, Konstituzio horretxen testu berean, Toki Administrazioari dagokion arloan, azpimarratu egiten da alkate eta zinegotziak hautatzeko prozedura ere demokratikoa dela, horiek izanik toki entitateko gobernu organoetan jarduten dutenak.

2.-Baina gai publikoetan esku hartzeko herritarren partaidetza ez da soil-soilik gelditzen gobernu eta administrazioko organoetako ordezkaritza politikoaren jardunbideetan. Izanez ere, hori baino zabalagoa da, gai publikoei buruzko informazioa eskuratzeko eskubidetik abiaturik, beste zenbait ere hartzen ditu bere baitan, hala nola eskaerarena, entzunaldiarena, udala gobernatzeko organoetan sartzearena, eta abar.

Toki Administrazioaren izaera bitarikoa da, ordezkaria eta prestazio-emailea, alegia, hala islatzen baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 7 eta 37. artikuluetan. Ildo horretatik, toki entitateak hartzen baditugu beren interesak elkarrekin kudeatzen dituzten pertsonen elkartetzat, ondorioz aterako zaigu entitate hauek direla herritarrek gai publikoetan parte hartzeko biderik egokiena.

Parte hartze horri adierazpide eta forma juridikoa emateko xedea du, hain zuzen ere, erregelamendu honek.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Titulu honetan biltzen diren arauen xedea da herritarrek San Adriango Udalean informazioa jasotzeko eta parte hartzeko duten eskubidea arautzea.

2. artikulua.

Xede horri begira, udalak helburu hauek finkatzen ditu:

a) Erregelamendu honetan aipatzen diren herritarren eskubideak erabiltzeko erraztasunak ematea.

b) Udal jarduera eta zerbitzuei buruzko ahalik eta argibiderik gehien ematea eta udal administrazioaren eta herritarren arteko komunikazio-zubiak eraikitzea.

c) Herritarrek eta elkarteek udal gaietan parte hartzeko bideak erraztu eta sustatzea.

d) Partaidetza antolatua eta elkartegintza sustatzea, elkarbizitza solidarioa xede.

3. artikulua.

1.-Erregelamendu hau aplikatuko zaie San Adriango bizilagun guztiei eta bertan denbora baterako egonaldian daudenei, nahiz eta erroldan sartuak ez egon, bai eta helbidea eta jardun esparrua San Adriango udalerrian duten entitateei ere.

2.-Horretarako, herritarren entitatetzat hartzen dira elkarteak, federazioak, batasunak eta herritarrek beren interes orokor edo sektorialak defendatzeko eratzen dituzten gisa bereko elkargo guztiak. Ordenamenduak eraketa formala eta erregistro publikoetan sartzea agintzen duen kasuetan, elkarte nahiz bestelako entitateek baldintza horiek bete beharko dituzte.

4. artikulua.

1.-Eskubide eta betebeharrei dagokienez, San Adriango bizilagunek berenak dituzte apirilaren 2ko 7/1985 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan nahiz erregelamendu honetan ezartzen diren guztiak.

2.-Bizilagunek eskubide hauek dituzte, besteak beste:

a) Hautesle eta hautagai izatea, hauteskundeei buruzko legerian xedatutakoarekin bat.

b) Udal kudeaketan parte hartzea, erregelamendu honetan aipatzen den moduan.

c) Udalaren zerbitzu publikoak eman edo, hala behar bada, ezar daitezen esijitzea.

d) Udalaren zerbitzu publikoak dagokien moduan erabiltzea.

3.-Bizilagunek betebehar hauek dituzte:

a) Udal administrazioari laguntzea, hitzaren adiera zabalena harturik, udal zerbitzuak ahalik eta hobekien eman daitezen.

b) Udalaren jarduera gauzatzeko erraztasunak ematea, haren esparruko gai guztien ikuskapen, fiskalizazio eta jarraipenean.

c) Behar diren udal lizentzia eta gainerako baimenak eskatzea, udal administrazioaren kontrolpeko edozein jardueratan aritzeko.

d) Zaindu eta errespetatzea San Adriango herria eta bertako bere bizilagun nahiz bisitariekiko harremanak.

e) Gastu publikoei eusteko dagokion partea bere gain hartzea, indarra duen legedian ezarritakoaren arabera.

f) Indarra duen araudian ezarritako gainerako guztiak.

II. TITULUA

Herritarren informazioa

KAPITULU BAKARRA

Udal gaiei buruzko informazioa eta publizitatea

5. artikulua.

San Adriango herritarrei udal eskumen eta zerbitzuen gaineko informazioa behar den bezala emateko, eta auzo elkarteen bitartez bideratu daitekeenetik aparte, Udalak bermatuko du herritarren informazio-eskubidea, betiere Konstituzioko 105. artikuluan aipatzen diren mugen barrenean, indarra duten xedapenetan eta erregelamendu honetan aipatzen denaren arabera.

6. artikulua.

Udalaren arauak, erabakiak eta jarduketak ahalik eta modurik erraz eta egokienean zabalduko dira, herritarrek haiek ezagutu eta ulertu ondotik, beren eskubide eta betebeharrak bete ahal izan ditzaten.

7. artikulua.

Informazio publikoa eman behar bada, legean, aginduzko xedapenetan edo erregelamendu honetan hala jartzen duelako, modurik egokiena bilatuko da, herritarren artean ahalik eta gehien zabal dadin. Herritarren alegazio eta eskaerei nahitaez erantzun beharko diete udal organo eskudunek.

8. artikulua.

Interes publikoko arrazoiak direla eta komenigarritzat jotzen bada, eta udalbatzak hala erabakitzen badu, ezagutarazi beharreko egintza edo erabakia zuzenean igorriko zaie udaleko erroldan dauden edo ukituriko barruti edo auzoan egoitza duten bizilagun guztiei, bidezko alegazioak egin edo beren iritziak ager ditzaten. Banan-banako jakinarazpen horrekin batera, egintza edo erabakia argitaratu egiten ahalko da aldizkari ofizialetan, argitaratzeko agindua izaten baita kasu batzuetan.

9. artikulua.

1.-Udalaren osoko bilkuretarako deiak eta eguneko gaien ordenak herriko komunikabideei jakinaraziko zaizkie eta Udaleko iragarki oholean paratuko dira ikusgai.

2.-Apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 70.2 artikuluan xedatutakoa ukatu gabe, Udalak laburbildurik ezagutaraziko ditu osoko bilkuran eta gobernu batzordekoan hartzen diren erabaki guztiak eta alkatearen nahiz zinegotzi delegatuen ebazpenak.

Horretarako bitarteko hauek erabiliko dira:

a) Irratia eta telebista eta herriko bestelako komunikabide batzuk.

b) Udalaren informaziorako aldizkari bat argitaratzea.

c) Udaleko iragarki oholean eta udalaren informazio guneetan ikusgai jartzea.

d) Aldizkari ofizialetan eta komunikabideetan argitaratzea, aginduzkoa delako hala erabakitzen den kasuetan.

10. artikulua.

Udalbatzaren, informazio batzordeen eta gainerako gobernu organoen bilkurak publikoak izanen dira, hala agintzen baitu indarra duen legediak.

11. artikulua.

1.-Herritarrek idatziz eskatzen ahalko dute informazioa, udal jarduketen eta haien aurrekarien gainean eta, oro har, udal zerbitzu eta jarduera guztiei buruz.

2.-Informazio eskaerak arrazoitu beharko dira, non eta ez diren udal erabakien edo haien aurrekarien kopia eta ziurtagiriak eskuratzeari buruzkoak.

3.-Eskaeraren gaia beste administrazio publiko batzuen eskumenekoa bada, dagokionari igorriko zaio, eta hala egin dela eskatzaileari jakinaraziko.

4.-Tasarik baldin bada, hura ordaindu ondotik, informazio eskaerei erantzun beharko zaie, gehienez ere hilabeteko epean.

5.-Ezarritako epe horren barrenean ezin bazaie informazio eskaerei erantzunik eman, eskaera jaso duen organoa behartua baitago gerorapenaren arrazoia ematera, eskatzaileari behar dituen argibideak jakinaraziko dizkio.

12. artikulua.

1.-Herritarrek udalbatzaren dokumentazioa, artxiboak eta erregistroak kontsultatzeko eskubidea dute, nahi duten agiria publikoa denean.

Horretaz gain, udalbatzako gobernu organoek hartu edo ematen dituzten erabaki edo ebazpenen eta haien aurrekarien kopia eta ziurtagiriak eskuratzeko ere eskubidea dute. Kopia eta ziurtagiri horiek eman beharko zaizkie, gehienez ere, hamabost eguneko epean.

Artxibo eta erregistroak kontsultatzea mugatu edo ukatzen ahalko zaie, indarra duen legediak hala xedatzen badu eta, betiere, horretarako arrazoiak eman beharko dira.

Arau honek aipatzen dituen eskubideak erabiliko dira ondotik aipatzen diren irizpideen arabera, eta horretarako alkate jaunak egokiak iruditzen zaizkion baldintzak finkatzen ahalko ditu:

Lehena. Ez da oztopatuko zerbitzu publikoen funtzionamendua eraginkortasuna, bereziki administratiboena.

Bigarrena. Dokumentuak kontsultatu, ikusi edo ziurtatzeari dagokionez, ez da onartuko gai edo gai-multzo bati buruzko eskaera orokorrik. Eskabideek zehatzak izan beharko dute, kontsultatu edo ziurtatu nahi diren dokumentuei buruz.

Hirugarrena. Sekretupean gordeko dira pertsonei buruzko datu intimoak, edo bestelakoak, baldin eta arrazoiren bat dela medio eskabidea ukatzea justifikatzen bada.

Laugarrena. Kontsultatu nahi diren dokumentuen integritatea bermatuko da.

13. artikulua.

Udal informazioa ikusteko herritar guztiei aitortzen zaien eskubide orokorra deusetan galarazi gabe, udal erregistroan sarturiko auzo elkarteek, baldin eta espreski eskatzen badute, honako eskubide hauek izanen dituzte.

a) Elkartearen egoitzan jasotzea bilkura publikoak egiten dituzten udal organo kide anitzekoen deialdi eta eguneko gaien ordenak.

b) Elkartearen egoitzan jasotzea gobernu batzordearen eta informazio batzordeen bilkuretako gaien ordenak, entitatearen xedearekin eta jardun-esparruarekin zerikusia duen gairik ageri bada.

c) Jasotzea udalak argitaratzen dituen informaziozko argitalpenak, aldizkariak eta bestelakoak, eta, bereziki, osoko bilkura eta gobernu batzordeko erabakiei buruzko informazio laburbildua.

d) Informazio bilerak egitea zinegotzi delegatuekin edo alkatearekin, haiei dagozkien gaiak aztertzeko, aldez aurretik eskabide idatzia aurkezturik eta gehienez ere 30 eguneko epearen barrenean.

e) Erregelamendu honetan espreski aipatzen diren bestelako batzuk, herritarren informazioa eta parte-hartzea errazten laguntzen dutenak.

14. artikulua.

Legeak agintzen badu osoko bilkurako eta gobernu batzordeko ebazpen eta erabakiak jakinarazi eta argitaratu behar direla, udalak haien laburpen bat paratuko du iragarki oholean.

III. TITULUA

Herritarren parte-hartzea Herritarrek parte hartzeko erak

1. KAPITULUA

Eskaera egiteko eskubidea

15. artikulua.

1.-Eskaeratzat hartzen dira zerbitzu publikoen egitura, funtzionamendu eta baliabide pertsonalak hobetzeko, esplizitu edo inplizituki egiten diren iradokizun, ekimen eta proposamen guztiak, bai eta udal zerbitzu edo organo publikoen irregularitate edo akatsei buruz egiten diren kexa edo erreklamazioak ere.

2.-Eskaera egiteko eskubidea erabili nahi duenak bete beharko ditu hari buruzko araudia eta erregelamendu honetan ezartzen direnak.

16. artikulua.

1.-Eskaera egiteko eskubidea erabili nahi duenak udal administrazioari zuzendutako idazkia aurkeztu beharko du, eta administrazio prozedurari buruzko araudian ezarritakoaren arabera tramitatuko da.

2.-Eskaeraren gaia beste administrazio publiko batzuen eskumenekoa bada edo beste organo bati egotzi bazaio, udal administrazioak dagokionari igorriko dio, eta hala egin duela eskatzaileari jakinaraziko.

3.-Eskaeraren gaia baldin bada udalari jarduketa jakin bat egiteko proposamena, eskatzaileari gehienez ere 30 eguneko epean argituko zaio zein tramite eman behar zaion proposamenari. Proposamena aztertzen bada udal organo kide anitzekoren batean, haren idazkariak 15 eguneko epea izanen du eskatzaileari igortzeko gaiari buruz bilkura aktan ageri den zatiaren kopia. Kide anitzeko organoko lehendakariak deitzen ahal dio eskaera-egileari bilkurara agertu eta bere ahotik argibideak eman eta haren alde egin dezan.

4.-Udalari egindako eskaerak gehienez ere 30 eguneko epean ebatzi beharko dira, hartzen direnetik hasita, non eta administrazio prozeduraren araubidean ez den hartarako epe motzagorik ezartzen.

17. artikulua.

Eskubide zibil eta politikoen jabe den edozein bizilagunek tokiko entitateei eskatzen ahalko die beharrezkoak diren ekintzak egin ditzatela, bere ondasun eta eskubideak babesteko. Eskabide horrek eten eginen du hogeita hamar egun baliodunetan ekintzak exekutatzeko epea eta aurretik haren berri eman beharko zaie ekintzek ukitzen ahal dituztenei.

Aipatu epearen barrenean toki entitateak eskatu diren ekintzak burutzeko erabakia hartzen ez badu, herritarrek ekintza hori haren interes eta izenean burutu dezakete. Horretarako, entitateak beharrezkoak diren aurrekari, agiri eta frogak haien esku utziko ditu eta interesatuek alkateari idatziz zuzendutako eskaria egin beharko diote.

Ekintza aitzina ateratzen bada, egileak eskubidea izanen du entitatearen aldetik prozesuaren kostuak eta sor daitezkeen kalte eta galerengatiko ordaina jasotzeko.

18. artikulua.

San Adriango bizilagunek eta, are zabalago, herritar guztiek, udaleko gobernu organoen egintza eta erabakien aurka jotzen ahal dute, indarra duen legedian ezarritako moduan.

Horretaz gain, ekintza publikoa ere aurrera eraman dezakete, legean espreski zehazten diren kasuetan.

2. KAPITULUA

Herritarren elkarlanerako ekimena

19. artikulua.

Herritarren elkarlanerako ekimena parte hartzeko modu bat da. Haren bidez herritarrek udalari eskatzen diote udalaren eskumeneko eta interes publikoko jarduera jakin bat egin dezan, eta haiek beren aldetik baliabide ekonomikoak, ondasunak, eskubideak edo lan pertsonala jartzen dituzte.

20. artikulua.

Udalak urteroko aurrekontuan kontusail bat sartu beharko du, herritarren elkarlanerako ekimenaren bitartez egiten diren jarduerak kitatzeko, betiere xede horretarako udal aurrekontuan esleitua dagoen diruarekin bat etorriko dena.

21. artikulua.

1.-Edozein pertsonak aurkezten ahalko du elkarlanerako ekimena, bakarka nahiz taldean, pertsona fisikoak zein juridikoak izan.

2.-Udal organo eskudunak ekimena jasotzen duenean, jendaurrean jarriko da, hilabetez, urgentziako arrazoiengatik epe motzagoa jartzea erabakitzen ez bada.

3.-Udalak ebazpena eman beharko du, berriz ere hilabeteko epean, jendaurreko denbora amaitu eta biharamunetik hasita.

22. artikulua.

1.-Nolanahiko gaiei buruz aurkezten diren herritarren elkarlanerako ekimenen aurrean, gobernu batzordeak eman beharko du dagokien ebazpena. Ez dira inoiz herritarren elkarlanerako ekimenen bidez eginen indarrean dauden udal jarduketako programen barrenean sarturik daudenak.

2.-Batzordeak bere iritziaren arabera emanen du ebazpen hori, kontuan hartuz batez ere ekimenaren xedearen interes publikoa eta herritarrek egindako ekarpenak.

3. KAPITULUA

Herritarrei kontsulta egitea

23. artikulua.

Gaiari dagokion araudian ezarritakoarekin bat, San Adriango Udalak herri kontsulta egiten ahalko du, herritarrentzat garrantzi handikoak diren udal eskumeneko gai batzuetan.

24. artikulua.

Herri kontsulta egiten ahalko da, herritarrentzat garrantzi handikoak diren udal eskumeneko gai lokaletan, Toki Ogasunari buruzkoetan izan ezik.

Ezin izanen da herri kontsultarik egin erreferenduma galarazia dagoen kasuetan.

25. artikulua.

Herri kontsultaren emaitza aztertuko da, hilabeteko epearen barrenean gehienez ere, udalbatzaren osoko bilkura berezian, eta erabaki bat hartuko da kontuan hartuz soil-soilik kontsultaren xedea, parte-hartzearen kopurua eta ateratako iritzi nagusia.

4. KAPITULUA

Entzunaldi publikoa

Entzunaldi publikoa zuzenean parte-hartzeko modu bat da, ahoz egiten dena, udalak bere administrazioaren eskumeneko gaiak aztertzeko deitzen duen ekitaldian, eta bertan esku hartzen ahal dute kasuan kasuko lurralde esparruko herritarrek.

27. artikulua.

Entzunaldi publikoa mota desberdinetakoa izan daiteke:

a) Herri edo auzokoa, jorratu gogo diren gaien eta deialdirako erabakiaren arabera.

b) Informazio eta kontsultakoa, udal administrazioaren jarduketa edo jarduketa proiektuei buruzkoa, edo udal erabakien jarduketa proposamenari buruzkoa.

c) Ofiziozkoa edo herritarren eskariz egindakoa.

28. artikulua.

1.-Udalerri osorako entzunaldi publikoa honako hauek eskatzen ahalko dute:

a) Herritarren elkarteak, auzo elkarteen udal erregistroan sarturik badaude eta gutxienez ere 200 bazkide badituzte.

b) Herritarren hauteskunde erroldako ehuneko hiruak, gutxienez, behar bezala egiaztaturiko sinadura bilketaren bidez.

2.-Auzorako entzunaldi publikoa honako hauek eskatzen ahalko dute:

a) Herritarren elkarteak, auzo elkarteen udal erregistroan sarturik badaude, auzoan jarduten badute eta gutxienez ere 75 bazkide badituzte, auzoko hauteskunde erroldaren arabera.

b) Auzoan bizi diren edo lan egiten duten herritarrak, gutxienez ere aurreko letran aipatzen den kopurura iristen direnak, behar bezala egiaztaturiko sinadura bilketaren bidez.

29. artikulua.

1.-Entzunaldi publikoa eskatzen duten herritarrek sinadurak biltzen dituen eskabide orria aurkeztu beharko dute udalaren erregistro orokorrean, eta hartan paratu beharko dituzte, gutxienez, eskabidearen xedea, izen-deiturak, NANa, jaioteguna, eskatzaileen sinadura eta sinadura egin zen eguna.

2.-Lehenbiziko sinatzaileak bere gain hartuko du sinaduren orrian biltzen diren datuen benetakotasunaren gaineko erantzukizuna, eta udalak hura egiaztatzen ahalko du.

3.-Jakinarazpen eta komunikazio guztiak orriko lehenbiziko sinatzaileari igorriko baitzaizkio, pertsona horrek bere helbidea eta gainerako datuak paratu beharko ditu, jakinarazpena ailegatuko zaiola ziurtatzeko.

30. artikulua.

Entzunaldi publikoa eskatzen duen elkarteak udaleko erregistro orokorrean aurkeztuko du idazki bat, idazkariak ziurtatu eta lehendakariak gainbegiratua, eskabidea aurkezten den unean elkarteak duen bazkideen kopurua egiaztatuko duena.

31. artikulua.

1.-Entzunaldi publikoa eskatzen duen elkarteak, eskabidearekin batera aurkeztuko duen txosten batean, jorratu gogo den gaiari buruzko azalpen bat emanen du eta argi adieraziko du zein den lortu nahi duen informazioa.

2.-Udalak emanen du bere ustez beharrezkoa den dokumentazioa eta entzunaldi publikoan interesaturik dauden entitate eta herritarrek, entzunaldia baino astebete lehenago gutxienez, eskatzen dutena.

32. artikulua.

1.-Gobernu batzordeak erabakia harturik edo behar bezala aurkezturiko eskabidea jasotzen denetik hilabeteko epean, gehienez ere, alkateak entzunaldi publikorako dei eginen du.

2.-Deialdiaren eta entzunaldi publikoaren artean gutxienez 15 egun igaroko dira eta gehienez ere hilabetea.

3.-Udalak deialdiaren berri emanen du publizitaterik handiena ziurtatzen ahal duten komunikabideen bidez.

33. artikulua.

1.-Entzunaldi publikoa eginen da udalak bereizten duen lekuan, betiere hartarako egokia.

2.-Alkatea edo zinegotzi delegaturen bat ariko da entzunaldi publikoko buru.

3.-Entzunaldi publikoan hartuko du parte udalbatzako idazkariak edo idazkari lanak egiteko hark izendatzen duen pertsonak, eta alkateak izendatzen dituen funtzionarioek.

4.-Alkateak finkatuko ditu entzunaldia hasteko ordua eta iraupena, eta esku-hartzeen, erantzunen eta horien aurkakoen kopurua. Entzunaldia egiten bada herritarren eskariz, haren gaineko zehaztasunak eskatzaileen ordezkariekin bat eginik finkatuko dira.

5.-Eskatzailea herritarren elkarteren bat denean, ordezkariak edo hartarako hautatutako pertsonak hitz eginen du. Bestela, herritarrak ez badira elkarte batekoak, hitz egiteko ordena izanen da entzunaldia eskatzeko aurkeztu zen sinaduren orriko berbera.

34. artikulua.

1.-Bilkurako akta igorriko zaie esku-hartzen duten elkarteei edo lehenbiziko hamar sinatzaileei, pertsona fisikoak edo elkarteekin etorri direnak badira.

2.-Akta jaso ondoko 15 egun baliodunetan, interesatuek haren edukiari buruzko alegazioak egiten ahalko dituzte.

3.-Espedientea hala osatu ondotik udaleko idazkaritza orokorrera igorriko da, eta hark bere aldetik organo eskudunari bidaliko dio, kasuan kasuko gaiaren arabera.

4.-Informazioko entzunaldi publikoetako akta sartuko da informazioaren xede den gaiari buruz tramitatu den espedientean.

5.-Jarduketa proposamen eta erabakietarako entzunaldi publikoetan, organo eskudunak, bilkura egin eta hilabeteko epean, honako erabaki hauetako bat hartu beharko du:

a) Proposamena onartu, osorik edo parte batean, aztertzeko, tramitatzeko eta bidezkoa den erabakia hartzeko.

b) Proposamenaren onarpena ukatzea, administrazio-organo edo zerbitzu eskudunek txostena egin eta gero.

35. artikulua.

Entzunaldi publikoak bateragarriak dira informazio nahiz kontsultako bestelako egintzekin; izanez ere, administrazio publikoaren eta administratuen artean izan baitaitezke beste batzuk, erregelamendu honetan entzunaldi publikorako ezartzen diren baldintza, betebehar eta konpromisoak konplitzen ez dituztenak.

5. KAPITULUA

Herritarren parte-hartzea gobernu organoetan

36. artikulua.

1.-Osoko bilkura arrunta amaitu ondotik, alkateak eskari eta galderen txandari bidea ematen ahal dio, bertan dagoen jendeak bere iritzia eman dezan udal arloko gaiei buruz.

2.-Udal taldeek beren jarrera agertzen ahalko dute laburki, eskari eta galderen txandan. Alkateak, udal taldeei entzun ondoren, erabaki beharko du egin zaien eskaria aintzat hartzen duenentz eta zein tramitazio eman behar zaion. Ebazten dena jakinaraziko zaio interesatuari.

37. artikulua.

1.-Udal fundazio, patronatu, eta bestelako erakunde autonomoen estatutuek arautuko dute herritarren parte-hartzea, jarduerari eta gobernu organoei dagokienez.

2.-Udalbatzak arautuko du herritarren parte-hartzea, kudeaketarako organo banatuetan, hura eratzen den unean.

6. KAPITULUA

Auzo edo barrutiko kontseilu aholku-emaileak

38. artikulua.

Udal jardueraren gaineko informazio, kontsulta, proposamen, jarraipen eta kontrolari dagokionez, auzo edo barrutiko kontseilu aholku-emaileak sortuko dira.

39. artikulua.

1.-Udalbatzak osoko bilkuran harturiko erabakiaren bidez sortuko dira auzo edo barrutiko kontseilu aholku-emaileak, honela hornituko direnak:

a) Barruti edo auzoko zinegotzi delegatua.

b) Udal talde bakoitzaren ordezkari bana.

c) Auzo edo barrutian jardunean diharduten eta udal erregistroan sartuak dauden herritarren entitateen sei ordezkari.

d) Udalbatzak izendatzen duen funtzionarioa, Kontseiluko idazkari lanetan aritzeko.

2.-Auzo edo barrutiko kontseilu aholku-emaileek bilkura eginen dute auzo edo barrutiko zinegotzi delegatuak edo kideen hirutik batek beharrezkotzat jotzen duenean.

40. artikulua.

1.-Auzo edo barrutiko kontseiluek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Auzo edo barrutiari eragiten dioten urteko jarduketa proiektua eta udal aurrekontuena ezagutzea eta haien gaineko txostenak egitea.

b) Udalak auzo edo barrutian egiten duen kudeaketa jarraitzea.

c) Informazioa jaso eta ematea, onetsi baino lehen, udalak auzoan edo barrutian egin gogo dituen hirigintzako, azpiegiturei buruzko, gizarte ongizateko eta herritarren babeserako proiektu, plan eta programen gainean.

d) Udaleko gobernu organoei jarduketarako proposamenak egitea, udalaren eskumenekoak eta auzo edo barrutiarentzat interesgarriak diren gaien gainean.

2.-Lan batzordeak eratzen ahalko dira, sektoreka, organo horien baitan.

41. artikulua.

Auzo edo barrutiko zinegotzi delegatuek kontseilu aholku-emaileen sorrera eta funtzionamendua bultzatuko dute, dagokien jarduketa eremuaren barrenean.

IV. TITULUA

Auzo elkarteen udal erregistroa

1.-San Adriango auzo elkarteen udal erregistroa sortzen da, herritarren parte-hartzea eta erregelamendu honetan herritarren entitateei aitortzen zaizkien eskubideen erabilera errazteko.

2.-Erregistroaren xedea da udalari ezagutaraztea halako zenbat entitate dagoen herrian, haien helburuak eta zenbat jende ordezkatzen duten, herritarrak elkarteetan bildu eta udal administrazioaren eginkizunetan parte hartzeko politika egoki bat bideratzeko asmoz.

3.-Auzo elkarteen udal erregistroan izena ematen ahalko dute, helburua herritarren interes orokor zein sektoreetakoak defendatu, sustatu edo hobetzea dutenek eta, batez ere, auzo elkarteek, ikasleen gurasoen elkarteek, kultur entitateek, kirol, aisi, gazte, sindikatu, enpresa edo lanbide arlokoek, eta antzeko beste edozeinek, baldin eta entitatearen nahiz hango bazkide gehienen egoitza San Adriango herrian badago.

4.-Erregistroa udal idazkaritza orokorrean egonen da eta bere datuak nornahik ikus ditzake.

5.-Erregistroan sartu nahi duen entitateak, bere eskaerarekin batera datu hauek eman beharko ditu:

a) Elkartearen Estatutuak.

b) Elkarteen erregistro orokorrean edo bestelako erregistro publikoetan duen zenbakia.

c) Entitateak egindako lanari buruzko txostena.

d) Bazkideen kopuruaren ziurtagiria.

e) Entitatearen helbidea.

f) Zuzendaritza karguetan ari diren pertsonen izenak.

6.-Sartzeko eskaera egin eta hilabeteko epean, dokumentazio gehiago ekarri behar delako epea eteten ez bada, udalak sarrerako zenbakia jakinaraziko dio entitateari, eta hortik aitzinera entitatea barrenean dagoela kontsideratuko da, ondorio guztietarako.

7.-Auzo elkarteen udal erregistroan sartzen diren entitate guztiak beharturik daude bazkideen kopuruaren berri emateko udalari, urte bakoitzeko lehen hiru hilabeteetan, bai eta datu horietan gertatzen diren aldaketa guztiena ere, gertatzen den egunaren ondoko hilabetean. Betebehar horiek konplitzen ez badira, udalak atera dezake entitatea erregistrotik.

V. TITULUA

Herritarren parte-hartzea lokaletan, komunikabideetan eta udalaren dirulaguntzak

43. artikulua.

Gizarte etxeak, kultur etxeak, biltokiak, auzoetako ekitaldietarako lokalak eta antzeko ekipamenduak udalak herritar guztiei ematen dien zerbitzu bat dira, kultura eta ongizatea eskuragarri izateko eta herritarrak elkarteetan bildu eta dagozkien gaietan parte hartzera bultzatzeko.

44. artikulua.

Auzo elkarteen udal erregistroan sarturiko entitateek erabiltzen ahalko dituzte udalaren lokal publikoak, 43. artikuluan aipatzen diren xedeetarako direnak, beren ekitaldiak egin ahal izan ditzaten, soil-soilik beteta lokalek berez dituzten baldintzak, haien xedeei dagozkien erabilera espezifikoak eta aldez aurretiko programazioa.

45. artikulua.

1.-Elkarteen udal erregistroan dauden herritarren entitateek erabiltzen ahalko dituzte udalaren komunikabideak.

2.-Entitateek erabiltzen ahalko dituzte aipatu bitartekoak, kontuan harturik komunikabidearen ezaugarriak eta eskaintzen dituen aukerak, hura erabiltzeko interesetan bat ote datozen, komunikabideen arduradunen edizioari buruzko irizpide teknikoak eta entitatearen estatutuetan aipatzen diren helburuak, eta errespetatuz, betiere, interes orokorrak.

3.-Udal komunikabideen erabilera errazteko, behar diren bideak eta epeak finkatuko dira, kontuan harturik argitalpenaren, programaren emisioaren edo bestelako komunikazio motaren prestaketaren ezaugarriak, mota eta maiztasuna eta herritarren entitateek agertu duten interesa.

46. artikulua.

1.-Gaiari buruzko araudiarekin bat, San Adriango Udalak kontusail batzuk sartuko ditu bere aurrekontuetan, udal erregistroan sarturiko entitateen ekitaldietarako eta herritarrak elkarteetan bildu eta udal jardueran parte hartzera bultzatzeko.

2.-Aurrekontuak betearazteko oinarrietan finkatuko da zein diren baimentzen ahal diren gehieneko zenbatekoak eta haiek emateko oinarrizko irizpideak.

3.-Dirulaguntzak hartu ahal izateko, entitateek bermatu beharko dute funtzionamendu demokratikoa dutela, hainbestetik behin hauteskundeak egiten dituztela, bazkideek parte hartzen dutela eta elkartearen xedea betetzen dela.

47. artikulua.

1.-Elkarteen udal erregistroan sarturiko entitateek, erregelamendu honetako 42.7 artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte, dirulaguntzak eskatzen ahalko dizkiote udalari, eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuta:

a) Laguntzen xede diren ekitaldien programazioa, haien helburuak eta hartzaile izanen direnak zehazturik.

b) Ekitaldietarako aurreikusten den dirusarrera eta gastuen aurrekontua.

c) Aurreko urteko ekitaldiei buruzko oroit-idazkia.

d) Aurreko urtean udaletik jaso ziren dirulaguntzen erabilera justifikatzen duen agiria, lehendik aurkeztu ez bada.

e) Bestelako instituzio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik jaso diren dirulaguntzen ziurtagiria.

2.-Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, haien aurrekontua behin betikoz onetsi ondoko hiru hilabeteen barrenean.

48. artikulua.

Udal organo eskudunak erabakiko du dei egitea eta behar den ebazpena emanen du dirulaguntza eskabideei buruz, aginduzkoak edo beharrezkotzat jotzen diren txostenen ondotik, entitateen ezaugarriak eta eskatzen den laguntza kontuan harturik.

49. artikulua.

1.-Dirulaguntzak hartzen dituzten entitateek justifikatu beharko dute jasotzen duten diruaren erabilera, udaleko organo eskudunek hala eskatzen dietenean.

2.-Justifikatzen ez badute, udal ogasunari itzuli beharko diote justifikatu gabeko diru kopurua eta ezgaiturik geldituko dira dirulaguntza gehiago jasotzeko.

VI. TITULUA

Onura publikoko herritarren entitateen aitorpena

50. artikulua.

Udalak bere elkarteen erregistroan sarturik dauden irabazteko asmorik gabeko herritarren entitateak aitortzen ahalko ditu udalerako onura publikoko entitatetzat, baldin eta beren xedea eta egiten dituzten ekitaldiak osagarriak badira, legeetan ezarritako udal eskumenen aldean, eta herritarrak elkarteetan bildu eta interes publikoko gaietan parte hartzera bultzatzeko lana egiten badute.

51. artikulua.

Udalak herritarren entitateei udalerako onura publikoko aitorpena emateko prozedura hasteko, entitateek berek alkateari zuzendutako eskabidea aurkeztu beharko dute, eskabideari honakook erantsita:

a) Entitatea udalerako onura publikokotzat aitortzeko arrazoien azalpena.

b) Entitatearen datuak eguneraturik, Elkarteen udal erregistroan aipatzen direnetik aldaketarik izan baldin bada.

c) Eskabidearen aurreko bi urteetan egin diren ekitaldiei buruzko oroit-idazkia.

d) Entitatearen udalerako onura publikoa frogatzen ahal duten agiri eta lekukotasunak.

52. artikulua.

1.-Aurkezten diren eskabidea eta dokumentazioa ikusirik, beharrezkotzat jotzen diren txostenak egin ondotik, alkateak edo kasuan kasuko informazio-batzordeak udalbatzaren osoko bilkurara eramanen dute aitorpenari buruzko erabaki-proposamena, han behar den ebazpena eman dadin.

2.-Oinarrizko elkarteen federazio, batasun, kontseilu edo batera biltzeko bestelako edozein eraren aitorpenak ez dakar berarekin hura osatzen duten entitate guztien aldi bereko aitorpena.

53. artikulua.

Honako hauek dira herritarren entitate bat udalerako onura publikokotzat aitortzea bidezkoa denentz baloratzeko funtsezko irizpideak:

a) Udal eta gizarte interes publikoa izatea San Adriango herritarrentzat edo beren jarduketa eremukoentzat.

b) Entitatearen xede soziala eta udal eskumenen osagarri eginiko ekitaldiak.

c) Entitatea zenbateraino dagoen errotua eta nolako eragina duen bere jarduketa eremuan, eta herritarrek zein mailatan parte hartzen duten ekitaldietan.

d) Erregelamendu honetan ezarritako herritarren parte-hartzeari dagokionez, entitatearen parte-hartzeko erak, bitartekoak eta prozedura.

e) Onura publikoaren aldez aurretiko deklarazioa, gaian indarra duen araudiaren arabera.

f) Entitatea kide den oinarrizko elkarteen federazio, batasun, kontseilu edo batera biltzeko bestelako edozein eraren onura publikoaren aldez aurretiko deklarazioa.

54. artikulua.

Udalak osoko bilkuran udalerako onura publikoaren aitorpena erabaki ondotik, aitorpen hori ofizioz sartuko da San Adriango elkarteen udal erregistroan eta jendaurrera aterako da aldizkari ofizialetan, udalaren iragarki oholetan eta udal komunikabideetan.

55. artikulua.

Herritarren entitateek onura publikoko aitorpenarekin batera honako eskubide hauek bereganatzen dituzte:

a) Haien agiri guztietan "udalerako onura publikoa" aipamena paratzea.

b) Lehenetsiak izatea dirulaguntzetarako eta udal baliabideak erabiltzeko, lokalak nahiz komunikabideak, betiere haien ekitaldien barrenean.

c) Kontsultatzea, haien xede sozialean eta jarduketa eremuan eragina duten udal eskumeneko gaietan.

56. artikulua.

1.-Udalerako onura publikoko aitorpena jasotzen duten herritarren entitateek, udalari dirulaguntzarik eskatzen ez badiote ere, urte bakoitzeko lehen hiru hilabeteen barrenean, aurreko urtean egindako ekitaldiei buruzko oroit-idazkia eta sartu diren urterako programazioa aurkeztu beharko dituzte, erregelamendu honetako 42.1 eta 49. artikuluetan ezarritakoa betetzeaz aparte.

2.-Udalerako onura publikoko herritarren entitateek behar diren txostenak egin beharko dituzte udal eskumeneko gaiei buruz, udalak hala egiteko eskatzen dienean. Txostenak egiteari uko egiten badiote, horretarako dituzten arrazoiak jakinarazi beharko dizkiote udalari.

57. artikulua.

Udalak, osoko bilkuran, entitateari emandako udalerako onura publikoko aitorpena edozein unetan berrikusi eta kentzen ahalko dio, baldin eta hari datxezkion betebeharrak betetzen ez badira, eskuratu diren eskubideak gaizki erabiltzen badira edo entitatearen jarduna ez badator bat udalerako onura publikoko aitorpena emateko oinarritzat hartu ziren funtsezko irizpideekin.

VII. TITULUA

Sektore edo alorreko kontseiluak

58. artikulua.

Ondotik aipatzen diren udal jardunaren alorretako bakoitzerako kontseilu sektorial bana eratuko da:

-Osasuna.

-Kontsumoa.

-Ingurumena.

-Hezkuntza.

-Babes zibila.

59. artikulua.

1.-Kontseilu sektorialak udal kudeaketaren barreneko parte-hartze, informazio, kontrol eta proposamen organoak dira, udalaren eskumeneko jarduketa sektore desberdinetan.

2.-Haien xedea izanen da herritarren eta herritar elkarteen parte-hartzea bideratzea udal gaietan.

60. artikulua.

Kontseilu sektoriala udalbatzak osoko bilkuran harturiko erabakiaren bidez eratu ondotik, prestatu beharko da funtzionamendurako barne araudi bat, udalbatzak berretsiko duena, kasuan kasuko udal batzordeak dagokion adostasun txostena egin eta gero. Kontseiluko lehendakaritza alkatearen edo hark delegatzen duenaren esku geldituko da. Lehendakariorde, nahitaez, herritarren mugimenduko ordezkari batek ari beharko du.

61. artikulua.

Kontseilu sektorialek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Udalari ekimen, proposamen, iradokizun eta kexak aurkeztea, udaleko informazio batzordeetan eztabaida daitezen.

b) Departamentu edo alorraren urteko jarduketa programa eta aurrekontua aztertzea.

c) Informazio batzordeen erabakiei eta gobernu batzordeak, alkateak edo osoko bilkurak hartutakoei buruzko informazioa jasotzea, betiere haientzat interesgarriak diren gaietan.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean oso-osorik argitaratzen den egunean.

Erregelamendu honi behin betiko onespena eman zitzaion 2000ko irailaren 28ko osoko bilkuran.

Iragarkiaren kodea: A0009335