146. ALDIZKARIA - 2000ko abenduaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2000ko azaroaren 23koa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariaren 1999ko azaroaren 23ko Foru Aginduaren zati bat aldatzen duena. Foru Agindu horren bidez lanerako prestakuntza ekintzetarako laguntzak emateko prozedura arautu zen. Ekintza horiek lanik gabe dauden pertsonentzat dira eta Europako Gizarte Fondoko 3. helburu berrian eta Nafarroako Enplegu Planean aurreikusita daude.

2000ko irailaren 29an, Europako Batzordeak Espainiari Laguntzeko Europako Batasunaren Markoa onetsi du, Europako Gizarte Fondoaren 3. helburuari dagokiona (2000-2006 urteak). Foru Komunitateak aurkeztutako Operazio Programa hortxe sartu da.

Operazio programa horretan, 1999ko azaroaren 23ko Foru Aginduan ez bezala, ez dago denbora luzeko langabetuentzako prestakuntza neurririk. Hortaz, egoki da Foru Agindu hura aldatzea, neurri hori kentzeko.

Hori ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kontseiluak adostasun txostena eman duelarik, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak

AGINDU DU:

Artikulu bakarra.-1. Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak 1999ko azaroaren 23an emandako Foru Aginduaren 1 eta 2. artikuluak aldatzea. Foru Agindu horren bidez lanerako prestakuntza ekintzetarako laguntzak emateko prozedura arautu zen. Ekintza horiek lanik gabe dauden pertsonentzat dira eta Europako Gizarte Fondoko 3. helburu berrian eta Nafarroako Enplegu Planean aurreikusita daude. Beraz, honela idatzita geldituko dira:

"1. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak lanerako prestakuntza bultzatzeko xedea duen programa hau burutuko du, langabeen lehentasunezko taldeen prestakuntza ekintzak finantzatzeko dirulaguntzak emanez, langabezian daudenak teknikoki gaitu eta trebatu eta lan merkatuan sartzea errazago izan dezaten. Hona hemen lehentasunezko taldeak:

1.-Unibertsitateko graduatu-ondokoak eta 2. mailako L.H.ko eta erdi edo goi mailako heziketa zikloetako tituludunak, 30 urtetik beherakoak. Emakumeek lehentasuna izanen dute.

2.-Lan munduan sartzeko arazoak dituzten pertsona taldeak: ezgaituak, errehabilitatzen ari diren drogazaleak eta presoak.

3.-Emakumeak; gizonezkoek eta emakumezkoek lan munduan aukera berdinak izatea bultzatzeko asmoz, ondoko ekintza hauek sustatuko dira:

-Lanik gabe dauden emakumeak lan munduan lehenbizikoz edo berriro sartzeko prestakuntza.

-Emakumeak lan munduan sartzea errazteko ekintza teknikoak.

2. artikulua. Dirulaguntza emateko lehentasunezko ekintzak izanen dira:

1. pertsona-taldean:

-Enplegurako konpromisoaren bidez lan munduan berehala sartzeko bidea ematen duten ekintzak, are gehiago konpromiso horretan parte-hartzaileen % 50 sartzen bada gutxienez.

-Teknologia berriak ezartzen eta enpresetako lanpostuetan balioaniztasuna sortzen laguntzen duten ekintzak, bai eta ekoizpen prozesuaren kalitatea hobetzen eta produktua merkaturatzen laguntzen dutenak ere.

-Lan merkatuan eskari gehien duten lanbide profiletarako prestatzen duten ekintzak, Informazioaren teknologia berrien ingurukoak, esate baterako.

-Antzeko prestakuntza ekintzetan, kosturik txikienak eta parte-hartzaile gehien dituztenak.

3. pertsona-taldean, aipaturiko lehentasunez gain:

-Emakumeak urri diren lanbide edo lanen inguruko prestakuntza ekintzak, batez ere, Informazioaren Teknologia Berrien arlokoak.

-Prestakuntzarako aukera gutxi duten emakumeei zuzenduriko ekintzak eta emakume horiek lan munduan errazago sartzeko neurriak biltzen dituztenak".

2. Egindako aldaketa horren haritik, 4 eta 5. artikuluetan 3 eta 4. pertsona-taldeei buruz esaten dena, hurrenez hurren, 2 eta 3. pertsona-taldeei buruzkoak direla ulertu beharko da.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako azaroaren hogeita hiruan.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0010913