146. ALDIZKARIA - 2000ko abenduaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

424/2000 FORU AGINDUA, azaroaren 17koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren azaroaren 10eko 383/1999 Foru Agindua aldatzen duena. Foru Agindu horren bidez, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Bulego eta Unitate Teknikoen atxikipena arautu eta eginkizunak finkatu ziren.

Irailaren 13ko 365/1999 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza Ikuskatzailetzaren antolamendua eta funtzionamendua arautu ziren. 13.2 artikuluan berariazko lan-arloak sortu ziren, horien artean eskolatze arloa. Foru Dekretu bereko 14.4. artikuluan eskolatze arloaren eginkizunak finkatu ziren, besteak beste, Eskolatzeko Batzordeko buru eta kide izatea.

Ikusirik eskolatze prozesuak dakarren lana, hala ikasturtez ikasturte ezartzen diren eskola-postuetan, nola urte osoan zehar, beharrezkoa da administrazio unitate bat sortzea, herritarren eskakizunak bildu, bideratu eta erantzuteko ardura izanen duena, Eskolatzeko Batzordeak aurretik erabakia emanda betiere.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren azaroaren 10eko 383/1999 Foru Aginduaren bidez, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Bulego eta Unitate Teknikoen atxikipena arautu eta eginkizunak finkatu ziren. Foru Agindu hartan, Estatistikako Unitate Teknikoa Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuari atxikita ageri da. Unitate horren lanaren zati bat Eskolatzeko Batzordearen zerbitzura egiten da eta gainerako eginkizunak Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuari atxikita dagoen Informazioa Kudeatzeko Unitate Teknikoak har litzake.

Aurrekoa kontuan harturik, lana hobeki banatu eta, horrenbestez, herritarrei ematen zaien zerbitzua eraginkorragoa eta kalitate handiagokoa izan dadin, bidezko da Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren azaroaren 10eko 383/1999 Foru Agindua aldatzea, zertarako eta Estatistikako Unitate Teknikoa kentzeko. Haren eginkizunak Informazioa Kudeatzeko Unitate Teknikoak hartuko ditu. Bestalde, Eskolatze Bulegoa sortuko da, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari atxikia.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 50. artikulua aplikatuz,

AGINDU DUT:

1. Hezkuntza eta Kultura kontseilariak azaroaren 10ean emandako 383/1999 Foru Aginduaren 15.5 atala kentzea eta 13, 14 eta 15.4 atalak aldatzea. Foru Agindu horren bidez, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Bulego eta Unitate Teknikoen atxikipena arautu eta eginkizunak finkatu ziren. Aldatutako atalek honako testu hau izanen dute:

"13. Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuak honako unitate tekniko hauek izanen ditu bere baitan:

-Musika Ikasketen Unitate Teknikoa.

-Hizkuntzen Unitate Teknikoa.

-Atzerriko Hizkuntzak Sustatzeko Unitate Teknikoa.

-Informazioa Kudeatzeko Unitate Teknikoa.

-Hezkuntzari Aplikatutako Teknologia Berrien Unitate Teknikoa."

"14. Musika Ikasketen Unitate Teknikoa, Hizkuntzen Unitate Teknikoa eta Atzerriko Hizkuntzak Sustatzeko Unitate Teknikoa Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Atzerriko Hizkuntzen Atalari atxiki zaizkio.

Informazioa Kudeatzeko Unitate Teknikoa eta Hezkuntzari Aplikatutako Teknologia Berrien Unitate Teknikoa Teknologia Berrien Atalari atxiki zaizkio."

"15.4. Informazioa Kudeatzeko Unitate Teknikoaren eginkizunak honako hauek dira:

-Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Antolaketa eta Informazio Sistemen Zuzendaritza Nagusiaren arteko koordinazioa.

-Unibertsitatekoak ez diren ikastetxeak kudeatzeko aplikazio informatikoak garatzea, mantentzea eta eguneratzea.

-Hezkuntza eta Kultura Departamentuko ekipoak eta aplikazio informatikoak Foru Komunitateko Administrazioko gainerakoekin alderatuta, batetik, egokiak eta bateragarriak eta, bestetik, elkarren artean komunikagarriak izan daitezen arduratzea.

-Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren eta ikastetxeen arteko informazio mekanizatuaz baliatzea eta hura koordinatzea.

-Ikastetxeetatik igorritako informazio mekanizatua ustiatzea eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren menpeko administrazio unitateek egiten dituzten eskaerak hartzea.

-Sistema, ekipo, instalazio eta aplikazio informatikoen plangintza, garapena, ezarpena eta mantentzea gainbegiratzea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eta Antolaketa eta Informazio Sistemen Zuzendaritza Nagusiak ezarritako esparruan.

-Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntzaren Kudeaketa herritarrei ezagutaraztea eta horren argibideak emateko sistema informatikoak planifikatzea eta abian jartzea.

-Ematen zaion beste edozein eginkizun, atxikirik dagoen Atalari esleitutakoen artean.

-Hezkuntza sistemako eskola-postuen beharrak planifikatzea, Departamentuko gainerako zerbitzuekin lankidetzan.

-Eskolari buruzko estatistikak egitea, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuarekin batean.

-Eskola-populazioaren bilakaerari buruzko aurrikuspenak egitea eta demografiako estatistikak egunean izatea.

-Eskolari buruzko estatistika egitea eta argitara ematea, hala nola hezkuntza komunitatearentzako interesgarri izan daitezkeen bestelako datu estatistikoak jakinarazteko beste argitalpen batzuk.

-Estatistikari buruzko datu baseak eta erregistro informatikoen diseinuak prestatu eta eguneratzea, MECera igortzeko.

-Eskoletako desafekzioen espedienteei eta ikastetxe publiko zein pribatuak baimendu eta aldatzeko espedienteei buruzko txostenak prestatzea.

-Ematen zaion beste edozein eginkizun, atxikirik dagoen Atalari esleitutakoen artean."

2. Hezkuntza eta Kultura kontseilariak azaroaren 10ean emandako 383/1999 Foru Aginduaren 19 eta 20. atalak aldatzea eta 21.3 atala eranstea. Foru Agindu horren bidez, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Bulego eta Unitate Teknikoen atxikipena arautu eta eginkizunak finkatu ziren. Aldatutako atalek honako testu hau izanen dute:

"19. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzua ondoko bulego hauetan egituratu da:

-Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegoa.

-Kontrol Administratibo eta Agiritegiaren Bulegoa.

-Eskolatze Bulegoa."

"20. Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegoa, Kontrol Administratibo eta Agiritegiaren Bulegoa eta Eskolatze Bulegoa Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari atxiki zaizkio zuzenean."

21.3. Eskolatze Bulegoak honako eginkizun hauek izanen ditu:

-Eskolatze Batzordeko idazkaritza lanak egitea.

-Guraso eta tutoreei, ikasleei eta ikastetxeei informazio eta aholku ematea eskolatze prozesuari buruz eta hezkuntza sistemaren aukerabideei buruz.

-Telefonoz edo administrazio bidetik egiten diren eskakizun eta galderak hartzea eta, beharrezkoa bada, konponbidean jartzea.

-Eskolatze prozesuei buruzko informazio materialen prestaketan parte hartzea.

-Eskolatzeko Batzordeari dagozkion administrazio espedienteak izapide-bidean jartzea eta haien segimendua egitea, hala nola haiek informatizatu, artxibatu eta kontrolatzea.

-Eskolatzeko Batzordean hartzen diren erabakien berri ematea ikastetxeei eta familiei.

-Ikasleei, eskakizunei eta eskolatzearen inguruko beste alderdi batzuei buruz irekitzen diren datu-base informatizatuen mantentze-lanak egitea.

-Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak agintzen dion beste edozein eginkizun".

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako azaroaren hamazazpian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0010793