22. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

76/2023 FORU AGINDUA, 2023ko abenduaren 18koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, hau aldatzen duena: 2003ko maiatzaren 26ko Foru Agindua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak emana, Nafarroako Abere Arraza Autoktonoen Katalogoa onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateak, foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala aitortuta baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan, 50.1 artikuluan.

Nafarroako abeltzaintza autoktono eta estentsiboak babesteko beste urrats bat egiteko, beharrezkotzat jo zen katalogo bat ezartzea gure erkidegoko abere-arraza autoktonoak inskribatzeko; bereziki aipatu ziren une horretan «galzorian» zeudenak, edo hala kalifikatzeko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egindako proposamenek aurrera egiten bazuten «galzorian» egongo zirenak. Hori guztia Espainiako Abere Arrazen Katalogo Ofizialarekin koordinatuta, zeina onetsi baitzen azaroaren 7ko 1682/1997 Errege Dekretuaren bidez.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2003ko maiatzaren 26an emandako Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Abere Arraza Autoktonoen Katalogo Ofiziala onetsi zen. Foru agindu hori aldatu zuen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak abuztuaren 29an emandako 309/2014 Foru Aginduak, hiru arraza sartzeko Nafarroako Abere Arraza Autoktonoen Katalogo Ofizialean. Bi arraza Nafarroako eremu atlantikokoak dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoarekin partekatzen dira. Arraza horiek Nafarroatik desagertu ziren ia-ia, baina berreskuratu eta berriz sartu dira. Honako hauek dira: Pottoka arraza, zaldi-aziendari dagokiona, eta Euskal Txerria arraza, zerri-aziendari dagokiona. Bestea, Arraza Piriniarra da, ahuntz-aziendari dagokiona. Ahuntz hori Nafarroako Pirinioetan bizi izan da historian zehar. Ondoko eremu batzuetan, hala nola Aragoin, kontserbatu eta berreskuratu da, eta, orain, Nafarroan berreskuratzeko prozesuan dago.

Arraza garbiko animalia ugaltzaileei, ugaltzeko zerri-azienda hibridoei eta haien ugalketa-materialari aplikatu beharreko arau zooteknikoak ezartzen dituen otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuak eguneratu zuen abeltzaintzako arrazak kontserbatzeko, hobetzeko eta sustatzeko programa nazionala; Espainiako Abere Arrazen Katalogo Ofiziala ezarri zuen, I. eranskinean, eta arraza autoktonotzat jo zuen Mendiko Arrea behi-arraza.

Ekainaren 20ko 527/2023 Errege Dekretuak aldatu eta ordeztu zuen otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuaren I. eranskina, Espainiako Abere Arrazen Katalogo Ofiziala eguneratzeko, 1.B puntuan arraza autoktono mehatxatuen zerrenda gehitu baitzuen.

Jakina da Mendiko Arrea behi-arrazako aziendak daudela Nafarroan XIX. mendearen amaieratik, eta, gaur egun, Erronkaribarrean dago haien errolda handiena. Beraz, bidezkoa da Nafarroako arraza autoktonoen zerrenda eguneratzea Mendiko Arrea behi-arraza sartzeko, arraza autoktonotzat jotzen baitu otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuak.

Arraza garbiko animalia ugaltzaileei, ugaltzeko zerri-azienda hibridoei eta haien ugalketa-materialari aplikatu beharreko arau zooteknikoak ezartzen dituen otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuarekin behar den koordinazioari euste aldera, bidezkoa da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 2003ko maiatzaren 26ko Foru Agindua aldatzea, Mendiko Arrea behi-arraza sartzeko 1. artikuluan, zeina aurreikusirik baitzegoen behi-espeziearen arraza autoktonoen artean I.1.A.a) eranskinean.

Bestalde, ekainaren 20ko 527/2023 Errege Dekretuak, I.1.B eranskinean, arriskuan dauden arraza autoktonoen zerrenda gehitu zuen. Hori dela eta, estatuko araudiarekin bat aldatu behar da, eta «arraza mehatxatuak» kategoria jarri «galzorian dauden arrazak» kategoriaren ordez, eta Nafarroako arraza mehatxatuen zerrenda eguneratu.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2003ko maiatzaren 26an emandako Foru Aginduaren 1., 2. eta 3. artikuluak aldatzen dira (foru agindu horren bidez, Nafarroako Abere Arraza Autoktonoen Katalogoa onetsi zen). Hona testu berria:

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2003ko maiatzaren 26an emandako Foru Aginduaren 1. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"Nafarroako Abere Arraza Autoktonoen Katalogoa onesten da; honako arraza hauek osatzen dute:

A.–Behi-aziendak:

–Piriniarra.

–Betizua.

–Nafar Kasta zezenketarako arraza.

–Mendiko Arrea.

B.–Ardi-aziendak:

–Nafarroako arraza.

–Latxa.

–Sasi Ardia.

C.–Ahuntz-aziendak:

–Piriniarra.

D.–Zaldi-aziendak:

–Auritz.

–Nafarroako zaldikoa.

–Pottoka.

E.–Zerri-aziendak:

–Euskal txerria.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2003ko maiatzaren 26an emandako Foru Aginduaren 2. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"Foru agindu honen 1. artikuluko arrazak hartuko dira Nafarroan arraza autoktono mehatxatutzat, baldin eta arraza autoktono mehatxatu gisa sartuak badaude otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuaren I. eranskinean sartuta badaude. Errege-dekretu horren bidez, arraza garbiko animalia ugaltzaileei, ugalketarako zerri hibridoei eta haien ugalketa-materialari aplikatu beharreko arau zooteknikoak ezartzen dira; abere-arrazak kontserbatzeko, hobetzeko eta sustatzeko programa nazionala eguneratzen da, eta maiatzaren 25eko 558/2001 Errege Dekretua, urriaren 30eko 1316/1992 Errege Dekretua, azaroaren 27ko 1438/1992 Errege Dekretua eta azaroaren 14ko 1625/2011 Errege Dekretua aldatzen dira".

3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2003ko maiatzaren 26an emandako Foru Aginduaren 3. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"Besta arraza autoktono batzuk katalogoan sartzea edo mehatxatuak direla deklaratzea, hala dagokionean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren foru aginduz eginen da, eta Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuak behar diren azterketa eta proposamenak egin ondotik, betiere".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko abenduaren 18an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José M.ª Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2317904