99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

54E/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, "Arte ikasketetan sakontzeko beken deialdia. ÁGORART-2023" izeneko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 689177.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin du, non proposatzen baita "Arte ikasketetan sakontzeko bekak 2023" deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea, horiei lotutako gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan hartuta aipatu gastua baimentzeko legez ezarrita dauden baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, bai eta helburua ere; gainera, kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna jasotzen da espedientean.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "Arte ikasketetan sakontzeko beken deialdia. ÁGORART-2023" izeneko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4809-334102: AGORART: Arte ikasketetan sakontzeko bekak

2023

61.913,67

A20002-A2500-4809-334102: AGORART: Arte ikasketetan sakontzeko bekak

2024

100.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko apirilaren 19an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

AGORART 2023 - ARTE IKASKETETAN SAKONTZEKO BEKEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK.

1. Beken xedea eta helburua.

1.1. Beka hauen xedea da 30 urte bitarteko ikasle nafarrei aukera ematea arte ikasketetan sakontzeko, Espainiako zentroetan nahiz atzerrikoetan.

1.2. Beka hauen onura publikokoak dira lehentasunezkoa baita arte ikasketen prestakuntza eta horietan sakontzea, kalitatezko kultura lanen sortzea, zabaltzea eta ekoiztea eragiten baitu zuzenean.

1.3. Zortzi beka deitzen dira: bat arte plastikoetarako, bat ikus-entzunezko arteetarako, hiru arte eszenikoetarako (antzerkia eta dantza) eta hiru musikarako, bai eta aurreko deialdiei dagozkien luzapenak ere.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Nafarra izatea edo Nafarroan erroldatuta egotea 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik eta egoera horri eustea bekak irauten duen bitartean.

2.2. 30 urte edo gutxiago izatea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

2.3. Beka zein ikasketatan sakontzeko eskatzen den, arlo horretako ikasketa titulu ofizialaren jabe izatea, edo ikasketa guztiak gainditu izanaren ziurtagiri akademikoarena. Onartutako titulazioak honako hauek dira:

–Unibertsitateko ikasketak edo goi mailako arte ikasketak.

–Goi mailako heziketa zikloak.

–Erdi mailako heziketa zikloak eta lanbide ikasketak.

–Arte Batxilergoa.

–Nafarroako Dantza Eskolan ikasketa osoak gaindituak.

2.4. Luzapenak eskatzeko, 8. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio. Dena den, kontuan hartu behar da honako hau:

Beka hauek luzatzen ahalko dira, baina bakarrik luzapen bat edo bi dituen ikasketa plan jarraitu bat aldez aurretik aurkeztu duten eskatzaileen kasuan; luzapen horiek plan akademiko berean hasitako ikasketak jarraitzeko izanen dira.

Ikastetxez edo ikasketa planez aldatzea ez da luzapen gisa onartuko.

Ezin izanen da bi luzapen baino gehiago eman.

Luzapena ez da automatikoki emanen, baldintza hauek bete beharko baitira: adina, kurtsoa gainditzea, luzapenen deialdia egitea, batzordeak luzapenaren aldeko irizpena ematea eta aurrekontu erabilgarria izatea.

2.5. Beka hauetako baten onuradun izan direnek ezinen dute deialdian berriro parte hartu eskabide berri batekin.

3. Aurrekontu aplikazioa.

3.1. Beka hauetarako 161.913,67 euro bideratuko dira gehienez, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko eta 2024ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, honela:

–2023ko ekitaldi ekonomikoa: 61.913,67 euro.

–2024ko ekitaldi ekonomikoa: 100.000,00 euro.

3.2. Ematen diren beka berriekin eta luzapenekin aurrekontu erabilgarria gainditzen bada, kopuru hori banatuko da hainbanaketa proportzionala eginez kreditua egonez gero eman zatekeen zenbatekoarekin .

3.3. 1.3 oinarrian zehaztutako espezialitateren batean bekaren bat eman gabe geratzen bada, beka hori erabiliko da beste espezialitate artistiko bateko beka kopurua handitzeko. Eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditu arren dirulaguntzarik jaso ez duten eskatzaileen artean emanen da dirulaguntza, lortutako puntuazioaren arabera. Eskatzaileen artean berdinketarik bada, emanen zaio irizpide ekonomikoen apartatuan puntuaziorik altuena duenari.

3.4. Onuradunen batek 2023ko azaroaren 1a baino lehenago uko egiten badio laguntzari, espezialitate berean puntuazio ordenan dagoen hurrengo eskatzaileari emanen zaio, baldin eta eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu badu. Horrelakorik posible ez bada, ematen ahalko zaio beste espezialitate bateko (espezialitate hori izanen da bekarik lortu ez duten eta gutxieneko puntuazioa duten eskatzaile gehien dituena) hurrengo eskatzaileari. Espezialitateen arteko berdinketarik bada, emanen zaio irizpide ekonomikoen apartatuan puntuaziorik altuena duenari.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Beka eskaerak oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskaeraren ereduaren arabera aurkeztuko dira, jarraian adierazitako dokumentazioa nahitaez erantsita, eta dokumentu bereizietan eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira.

Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkezten ahalko du, ikasketa-plan bakar batekin eta ikastetxe bakar batean.

Beka berriak, paperean zein euskarri digitalean:

a) NANaren fotokopia.

b) Nafarroan jaioa izan ezean, Nafarroan 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenago erroldaturik dagoela dioen ziurtagiria.

c) Merezimendu akademikoei buruzko agiriak: beka zer ikasketatan sakontzeko eskatzen den, haien titulu akademiko ofizialaren fotokopia, eta Nafarroako Dantza Eskolaren kasuan, ikasketa osoak gainditu izanaren ziurtagiriaren fotokopia (edo horiek eskatu izanaren ziurtagiria), eta lortutako kalifikazioak eta haien data jasotzen dituen ziurtagiri akademikoa. Bertan, lortutako batez besteko nota agertu beharko da, eta idazkaritzak sinatu beharko du, ikastegiko zuzendaritzaren oniritziarekin. Aurkeztutako titulazioa 2.3 oinarrian jasotako kategoriaren batekoa izan beharko da.

Izangaiak, eskola-itxieraren egutegia dela eta, ezin badu aurkeztu dokumentazioa, 2023ko uztailaren 10era arteko epea izanen du, egun hori barne, betiere eskaera aurkeztean ezintasun hori justifikatzen badu.

d) Aukeratutako ikastetxean onartu dutela ziurtatzen duen agiria: eskatzailea ikasketa-programan onartu izanaren fotokopia. Kasuan kasuko zentroan onarpenaren egutegi ofiziala dela kausa, beka nahiz luzapen baten onuradunari ezinezkoa gertatzen bazaio, eskaerak formalizatzeko epearen barruan, programan onartua izan dela frogatzeko dokumentazioa aurkeztea, baldintzapean emanen zaio beka, eta urte horretako urriaren 1a baino lehen aurkeztu beharko du dokumentazio hori. Azken kasu horretan, hasierako eskaeran informazioa aurkeztu beharko da onarpenaren berrespenerako aurreikusitako datari buruz, ikasketa zentroaren arabera.

e) Curriculum vitaea.

f) Garatu beharreko proiektu pertsonala. Dokumentu horrek xehetasun hauek jaso behar ditu nahitaez:

–Helburua: proiektuaren deskribapena, aukeratutako espezialitatea eta lortu nahi duen titulazio akademikoa.

–Garrantzia: proiektuak berez duen garrantziaren azalpena, dela bere garapen akademiko eta profesionalerako, dela Nafarroarako.

–Arrazoia: aukeratutako zentroan ikastera bultzatzen duen arrazoia.

(Dokumentu honen luzera, gehienez, A4ko 10 orrialdekoa izanen da).

–Material grafikoa edo ikus-entzunezkoa, PCrako formatu estandarrean edo eduki plataformetarako esteken bidez, non aukera emanen baita eskaeraren xede diren ikasketen diziplina artistikoarekin zerikusia duten lanak, antzezpenak edo jardunak ikusteko. Esparru musikal eta eszenikoetan, zuzeneko ikuskizunak izanen dira, kualifikazioa baloratzeko behar adinako iraupenarekin.

g) Joan-etorriko bidaiaren eta matrikularen gastuen aurrekontu xehatua eta aseguru konpainia batek egindako aseguru-polizarako proposamena, oinarrien 11. puntuan ezarritakoaren arabera. Matrikula-gastuari dagokionez, ordainketa bakarra onartuko da, eta 12.1.a) oinarrian aurreikusitako epean eta moduan justifikatu beharko da. Ez dira onartuko ordainketa zatikatuak.

h) Deialdi honen xedearekin eta helburuarekin loturik eskatu edo emandako laguntzei buruzko aitorpena, edo bestelako laguntza edo dirulaguntzarik jaso edo eskatu ez duela dioen aitorpena.

i) Balorazioaren irizpide ekonomikoen apartatuari dagokion dokumentazioaren frogagiriak, 7.1 c oinarriarekin bat.

Luzapenak: paperean zein euskarri digitalean.

a) Ikastaroan landuriko ikasketen eta jarduera artistikoen memoria. Bertan, ikasleak ikasturtean izan duen bilakaerari eta ikasturteko espediente akademikoari buruzko ebaluazioa jasoko da, ikastetxeak edo irakasleak egina. Halaber, balorazio pertsona bat egin beharko du ikasturte berriko asmo eta helburuei buruz. Izangaiak, eskola-itxieraren egutegia dela eta, ezin badu aurkeztu dokumentazioa, 2023ko uztailaren 10era arteko epea izanen du, egun hori barne, betiere eskaera aurkeztean ezintasun hori justifikatzen badu.

b) Joan-etorriko bidaiaren eta matrikularen gastuen aurrekontu xehatua eta aseguru konpainia batek egindako aseguru-polizarako proposamena, oinarrien 11. puntuan ezarritakoaren arabera. Matrikula-gastuari dagokionez, ordainketa bakarra onartuko da, eta 12.1.a) oinarrian aurreikusitako epean eta moduan justifikatu beharko da. Ez dira onartuko ordainketa zatikatuak.

c) Deialdi honen xedearekin eta helburuarekin loturik eskatu edo emandako laguntzei buruzko aitorpena, edo bestelako laguntza edo dirulaguntzarik jaso edo eskatu ez duela dioen aitorpena.

d) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria (2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa). Nafarroan jaio ez diren eskatzaileek bakarrik.

4.2. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan aurkezten ahalko dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Eskabideak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, sinadura elektronikoa beharko da.

Postetxean aurkezten diren eskabideak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan adieraz daitezen bulegoaren izena, data eta tokia. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

Aurkezpena Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egiten denean izan ezik, eskabidearekin batera aurkezten den dokumentazioa paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko da, tramitazioa eta balorazioa errazte aldera.

4.3. Eskaera ereduak Nafarroakko Gobernuaren web orriko deialdiaren fitxaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/arte-ikasketetan-sakontzeko-bekak-agorart-2023).

4.4. Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.5. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

5. Gastu diruz lagungarriak.

Bekaren zenbateko osoa kontzeptu hauen batuketa izanen da: matrikula gastuak, joan eta etortzeko bidaietakoak, ostatukoak eta aseguru polizakoak.

a) Matrikula kontzeptuaren barnean kostuaren %100 emanen da, baina gehienez 2.000 euro.

b) Onuradunak, joan-etorrien kontzeptuagatik, ohiko bizilekutik bekaren xedeko ikasketak egiteko zentrora joan eta etortzeko bidaia baten gastuaren %100 jasoko du, justifikatu ondoren. Txartela ematen duten garraiobideetan egin beharko dira joan-etorriak, hura gastuaren frogagiria izan dadin. Joan-etorriak turista klasean eginen dira beti, eta, aireko garraioa erabiliz gero, 500 km-tik gorako bidaiak sortzen duen gastuak bakarrik izanen du dirulaguntza. 500 km-tik beherako bidaien kasuan, trenean eta autobusean turista klasean egindako gastuak bakarrik izanen du dirulaguntza. Gehieneko gastua 500 eurokoa izanen da.

c) Egonaldiagatik, eta ikasturteak dirauen bitartean, bekadunak gehienez 500 euro jasoko ditu hilean ikasketak Espainian egiten baditu, eta gehienez 800 euro, aldiz, atzerrian egiten baditu.

d) Onuradunak aseguru polizaren gastuen diru kopurua haiek justifikatu ondoren jasoko du. Gehienez ere 100 euro jasoko ditu oinarri hauen 11.1 puntuan aurreikusitako egoeran baldin badago, eta gehienez 600 euro 11.2 puntuan aurreikusitakoa aplikatu behar bazaio.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean. Bekak arlo bakoitzean puntuaziorik altuena lortzen duten eskatzaileei emanen zaizkie, oinarri hauen 7. puntuan ezarritako balorazio irizpideak aplikatu ondoren.

Kreditu erabilgarria aski ez bada onuradun diren izangaien eskaerei erantzuteko, eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hainbanaketa eginen da haien artean, beka berrien nahiz luzapenen artean, esleipena dagoen kreditura doitzeko.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta elkarrizketak zer ordutan eta non eginen diren adieraziko da.

Elkarrizketak ebaluazio batzordearen aurrean eginen dira, gehienez 30 minutu iraunen duen azalpen batean.

Elkarrizketa horiek, ziurrenik, uztailaren 26 eta 28 artean eginen dira. Elkarrizketen data eta prozedura zehatzak finkatzeko, aurkeztutako eskaeren kopurua hartuko da kontuan. Ebazpen horretan ezartzen diren egunak eta orduak behin betikoak izanen dira, eta izangaiek eskatuta ezin izanen da inolako aldaketarik egin.

Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da.

6.3. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan (www.nafarroa.eus). Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura ezean, Kultura Zuzendaritza Nagusian pareko kargua duen beste bat.

b) Batzordeko kideak: bi aditu, arte eszenikoetako, ikus-entzunezko arteetako, arte plastikoetako eta musikako espezialitate bakoitzeko; Hizkuntza eta Arte Ikasketen Zerbitzuko teknikari bat, eta Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua edo, hura ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuan pareko kargua duen beste pertsona bat.

c) Idazkaria: Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat, hizpidearekin baina botorik gabe.

Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusi ondoren, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Beka berriak emateko balorazio irizpideak.

7.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko, Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Prestakuntza eta merezimendu akademikoak: 30 puntu gehienez, baremazio-sistema honen arabera:

Ikus taula osoa:

ESKALA: 0-10 ERREALA

0-10 ESKALA PONDERATUA

0-4 ESKALA

ESKALA LITERALA

BALORAZIOA

5,00 - 6.99

5,50 - 7,49

1 - 1,99

Gainditua

10 puntu

7,00 - 8,99

7,50 - 8,99

2 - 2,99

Oso ongi

20 puntu

9,00 - 10

9 - 10,00

3 - 4

Bikain/Ohorezko matrikula

30 puntu

Aplikatu beharreko zuzenketa faktorea, egiaztatutako ikasketa mailaren arabera:

–Unibertsitateko ikasketak edo goi mailako arte ikasketak: 1,00.

–Goi mailako heziketa zikloak: 0,90.

–Erdi mailako heziketa zikloak eta lanbide ikasketak: 0,80.

–Nafarroako Dantza Eskolan ikasketa osoak gaindituak: 0,75.

–Arte Batxilergoa: 0,50.

b) Elkarrizketa eta proiektua: 30 puntu arte gehienez.

Atal honetan honako hauek baloratuko dira: eskatzaileak nola defendatzen duen aurkeztutako proiektua, heldutasuna eta osoko prestakuntza, komunikatzeko gaitasuna, motibazioa eta jarrera, egokitzeko gaitasuna eta ekimena, sormenerako gaitasuna eta, bidezkoa bada, lanbide esperientzia, bai eta erantsi duen material grafikoan edo ikus-entzunezko materialean hautematen den kualifikazioa ere.

Atal honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituztenak ezin dira laguntzaren onuradun izan. Puntuazio hori lortu ezean, ez dira gainerako irizpideak baloratuko, eta zuzenean ezetsiko da eskaera. Eskatzailea aurrez aurreko elkarrizketara agertzen ez bada, deialditik baztertuko da.

c) Irizpide ekonomikoak (gehienez ere 40 puntu).

Atal honetako puntuazioa beka eskatzen duenaren familia unitateak duen errentaren arabera emanen da.

c.1) Deialdi honen ondorioetarako, honako hau hartuko da familia unitatetzat:

1. Familia egoerak.

a) Ezkontideek/bikote egonkorrak eta 30 urtez beherako seme-alabek osatua, non ez diren beregain bizi.

b) Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik edo bizikidetzarik ez dagoenean, amak edo aitak eta harekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatu baldintzak betetzen badituzte. Berriz osatutako familien kasuan, eskatzaileak frogatu beharko du laguntzarako eskubidea ematen dion semearen edo alabaren aurreko seme-alaben zaintza eskatzaileak berak edo bere ezkontideak edo bikotekideak duela, eta denak elkarrekin bizi direla.

2. Eskatzailea aurreko atalean (f.1.1) sartuta ez badago eta alegatzen badu beregaintasun familiarra eta ekonomikoa duela, zein den ere bere egoera zibila; modu fede-emailean frogatu beharko du aski baliabide ekonomiko dituela beregain izateko. Udalak emandako erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria, 2021. urteari dagokiona, aurkeztu beharko du.

c.2) Familia unitatearen errenta kalkulatzeko, laguntzaren ondorioetarako kontuan hartu beharreko familia unitateko kide guztien 2021eko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenetako likidazio-oinarrien batura hartuko da.

c.3) Irizpide ekonomikoen apartaturako puntuazioa errenta horren arabera finkatuko da, zein den familia unitateko pertsona kopurua eta 2021eko Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa, taula honi jarraituz:

Ikus taula osoa:

FAMILIA UNITATEKO KIDE KOPURUA

1

2 (k. 0,9

(eurotan)

3 (k. 0,85

(eurotan)

4 (k. 0,85

(eurotan)

5 (k. 0,8

(eurotan)

6 (k. 0,8

(eurotan)

7 (k. 0,8

(eurotan)

Tartea

1. OAEAP x 1

40 puntu

7.908,60

15.026,34

21.748,65

28.470,96

34.797,84

41.124,72

47.451,60

Tartea

2. OAEAP x 1,5

30 puntu

11.862,90

22.539,51

32.622,98

42.706,44

52.196,76

61.687,08

71.177,40

Tartea

3. OAEAP x 2

15 puntu

15.817,20

30.052,68

43.497,30

56.941,92

69.595,68

82.249,44

94.903,20

Tartea

4. OAEAP x 2,5

5 puntu

19.771,50

37.565,85

54.371,63

71.177,40

86.994,60

102.811,80

118.629,00

7,2. Ez dute inola ere laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %40 lortzen ez dutenek.

8. Bekak luzatzeko baldintza espezifikoak eta balorazio-irizpideak.

8.1. Interesdunek eskatuta, Kultura eta Kirol Departamentuak beka luza diezaieke beka 2022an hasi zutenei edo lehenbiziko luzapena 2022an lortu zutenei, baldintza hauek betez gero:

a) 2022-2023ko ikasturtea gainditu izana elkarrizketak egiten direnean.

b) Luzapen bat edo bi zituen ikasketa plan bat aurkeztu izana hasieran.

8.2. Aurreko deialdietan emandako beken luzapenetarako, oinarri arautzaile hauek aginduko dute.

8.3. Eskaerak 6.3 puntuan aipatutako ebaluazio batzordeak baloratuko ditu. Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak emandako irizpen loteslea ikusi ondoren, luzapenak emateko proposamena eginen du.

8.4. Batzordeak aurreko ikasturtea gainditu izanaren gaineko memoria aztertuko du, bai eta ikuspegi pertsonala ikasturte berriari buruz ere. Horretarako, aurkeztutako agiriak aztertuko ditu, eta elkarrizketa pertsonala eginen dio izangaiari.

8.5. Balorazio irizpideak, beka luzatzeko eskaeretarako:

a) Egindako ikasturtearen memoria, ikasleak ikasturtean izan duen bilakaeraren gainean zentroak edo irakasleak egindako ebaluazioa eta ikasturteko espediente akademikoa barne: 75 puntu.

b) Elkarrizketa: 25 puntu arte gehienez.

Atal honetan honako hauek baloratuko dira: aurkeztutako ikasketa planaren edo proiektuaren defentsa, heldutasuna eta osoko prestakuntza, komunikatzeko gaitasuna, motibazioa eta jarrera, egokitzeko gaitasuna eta ekimena, sormenerako gaitasuna eta lanbide esperientzia, bidezkoa bada.

8.6. Ez du inola ere luzapenik izanen guztizkoaren %50eko puntuazioa lortzen ez duenak.

9. Emakidaren ebazpena.

9.1. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak, elkarrizketak egiten direnetik hasita bi hilabeteko epean gehienez, bekak eman eta luzatzeari buruzko ebazpena emanen du.

Deialdiaren ebazpena Nafarroako Gobernuaren web orriko tramiteen katalogoan argitaratuko da, dagokion fitxan.

9.2. Bekak eta luzapenak eman direla jakinarazi ondoren, onuradunek gehienez ere 15 egun naturaleko epea izanen dute laguntzarekin ados daudela edo uko egiten dutela adierazteko Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

9.3. Deialdi honi buruzko dokumentazio guztia Kultura eta Kirol Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko da (Navarrería kalea 39, 31001 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan ere.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, helbide elektroniko honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztea aldi horretan egindako ikasketen aprobetxamendua frogatzen duen dokumentazioa, zentroak emana, 12. oinarrian ezarritako epeen barnean.

10.2. Egindako ikasketak eta izandako gastuak frogatzea Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

10.3. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

10.4. Ikastaroa bukatutakoan, egindako ikasketei dagokien frogagiriak eta ikasketen memoria bidaltzea Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalera.

10.5. Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea hezkuntza programaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Programan edozein aldaketa egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako programa funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.6. Beka hartzean Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren zabalkunde artistikorako programetan parte hartzeko konpromisoa hartuko du onuradunak, bi aldeek hala adostuta, eta parte-hartze horrek ikasketen bilakaera egokian oztoporik sortzen ez badu.

10.7. Ikasketetan sakontzeko aldia bukatzen denean, bekadunek, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatuta, kontzertu batean, erakusketa batean edo antzezpen batean parte hartuko dute, aipatu zuzendaritza nagusiak horrelakorik antolatuz gero.

10.8. Prozedura guztian aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, gaztelania edo euskara ez den hizkuntza batean idatzita egonez gero, itzulpena ere aurkeztu beharko da.

11. Osasun laguntza.

11.1. Ikasketak Espainian egiten dituzten laguntza hauen onuradun guztiek babestuta egon beharko dute istripuetarako aseguru poliza baten bitartez.

11.2. Atzerrian ikasten dutenek bidaiako laguntzarako aseguru poliza bat sinatuko dute. Aseguru horrek gastu medikoak eta ospitalekoak estaliko ditu ikasketa garaian gaixotu, istripua izan, sorterriratu edo hilez gero.

12. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Emandako beken zenbatekoa honela ordainduko da, oro har:

a) Lehenengo ordainketan matrikularen zenbatekoa, joaneko bidaia eta aseguru-poliza jasoko dira, bai eta 2023ko ikasturteko hilabeteen hileko diru-kopurua ere.

Aldi horri dagokion hileko diru kopurua 2032ko abenduan ordainduko da (aurrerakina eskatu eta lortu bada izan ezik).

Lehenengo zatia ordaintzeko ezinbestekoa izanen da ondoko frogagiriak aurkeztea 2023ko abenduaren 9a baino lehen:

–Matrikulari dagokion gastuaren eta horren ordainketaren frogagiriak. Onuradunak benetan ordaindutako zatia ordainduko da, aurreikusitako mugaraino (2.000 euro).

–Ikasketa zentroak emandako ziurtagiria, onuraduna kurtsoa egiten ari dela jasoko duena. Ziurtagiria horretan agertu beharko dira benetako hasiera- eta amaiera-datak.

–Joaneko bidaiaren faktura eta hori ordaindu izanaren frogagiria.

–Kasuan kasuko aseguru polizaren fotokopia, eta horren ordainketarena.

Ikasketak Nafarroan luzatzen badira, bekaren hileko diru-kopurua ordaintzeko, etxebizitzaren alokairu kontratua aurkeztu beharko da, dagokion bekadunaren izenean.

b) Bigarren ordainketa ikasturtea bukatutakoan, barne hartuko duena itzulerako bidaiaren prezioa, 2024rako hileko kopuruez gain.

Bigarren zatia ordaintzeko ezinbestekoa izanen da honako agiri hauek aurkeztea 2024ko uztailaren 15a baino lehen:

–Ikasketak egin, aprobetxatu eta gainditu direla egiaztatzen duen agiria.

–Honako datu hauek jasotzen dituen memoria:

a) Ikasketa zentroaren txosten zehatza, ikaslearen bilakaerari buruzkoa, tutoreak edo zuzendariak egina.

b) Norberaren balorazioa, kurtsoari eta egindako jarduerei buruzkoa.

c) Etorriko bidaiaren faktura eta hori ordaindu izanaren frogagiria.

–Ikasturtea bukatzeko eguna oro har ezarritakoaz beste bat bada, ikasturtea bukatu eta hilabetean aurkeztuko da frogagiria, kontuan hartuta 2024ko irailaren 30a dela hura aurkezteko azken eguna.

12.2. Salbuespen gisa, matrikularen zenbatekoa eta hileko zenbatekoa aurreratzen ahalko dira, frogatzen bada funtsak behar dituela dirulaguntzaren helburuak betetzeko. Urte bakoitzean, kasuan kasuko urteko hileko sari guztiak aurreratzen ahalko dira. Aurrerakina eskatzeko gehieneko epea hilabetekoa izanen da, emakidaren ebazpena jakinarazten denetik hasita, eta 2024ko otsailaren 15etik aurrera, bigarren ordainketaren kasuan.

12.3. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea. Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

13. Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna eta konkurrentzia.

Beka hau bateraezina da xede edo helburu bera duen beste edozein dirulaguntzarekin. Salbuespen gisa, matrikula 2.000 eurotik gorakoa baldin bada, hori baita deialdi honen bidez eman daitekeen laguntzarik handiena, dirulaguntza honen zenbatekoa osatzen ahalko da, matrikularen kostu osoa berdindu arte. Kasu horietan, Kultura Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari aditzera emanen diote zenbatekoa eta zein den organo emailea.

14. Dirua itzultzea.

Onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osoki edo partzialki.

Onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan.

16. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren, haren oinarri arautzaileen eta haren ebazpenaren aurkako errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Beka edo luzapenaren berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

18. Eranskinak.

Eskaera aurkezteko, dagokion eranskin espezifikoa erabiliko da (beka berriarena edo luzapenarena).

Iragarkiaren kodea: F2306308