72. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23E/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 21ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, "Mugaz gaindiko kultura proiektuetarako dirulaguntzak. Euroeskualdea 2023" deritzon deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 683187.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak 70.000 euroko partida bat sartu du 2023rako aurrekontuetan, mugaz gaindiko kultura proiektuak diruz laguntzeko; lankidetzarako proiektu horiek Nafarroako Foru Komunitatearen eta Frantziako Akitania Berria eskualdearen arteko mugaz gaindiko harremanak garatzen eta sendotzen lagundu behar dute 2023ko ekitaldian.

Aurreikusiriko laguntzak toki entitateek eta toki entitateen elkarteek eginiko mugaz gaindiko kultura proiektuen garapena finantzatzeko emanen dira.

Deialdi hori arautzeko oinarriak onesteko izapideak hasi behar dira; deialdia norgehiagoka-araubidean garatuko da.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "Mugaz gaindiko kultura proiektuetarako dirulaguntzak. Euroeskualdea 2023" deritzon deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4609-334104: mugaz gaindiko kultura proiektuetarako dirulaguntzak. Euroeskualdea

2023

70.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko martxoaren 21ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

TOKI ENTITATEEI KULTURAREN ARLOAN MUGAZ GAINDIKO LANKIDETZARAKO JARDUERAK BULTZATZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2023KO DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta helburua.

Oinarri hauen xedea da arautzea dirulaguntzak nola eman toki entitateei eta toki entitateen elkarteei, kulturaren arloan lankidetza jarduerak egiten badituzte mugaz gaindiko harremanak garatu eta sendotzearren Nafarroako Foru Komunitatearen eta Frantziako Akitania Berria eskualdearen artean 2023ko ekitaldian.

Aurreikusiriko laguntzak mugaz gaindikoak izan beharko dira, eta toki entitateek eta toki entitateen elkarteek eginiko kultura-proiektuak garatzeko erabiliko dira, helburu hauekin:

–Mugaren bi aldeetako udaletako kultura zerbitzuak lankidetzan aritzea, harremanak ezartzeko, mugikortasuna sustatzeko, jardunbide egokiak transmititzeko, kudeaketa laneko metodoak bateratzeko, proiektu komunetan eta antzeko ekintzetan lan egiteko taldeak osatzeko.

–Kulturaren esparruan publikoak sortzen, prestatzen eta fidelizatzen laguntzea.

–Hainbat alderdi jorratzen dituzten gaitasun berriak eskuratzea, hala nola hezkuntzaren eta kulturaren arteko harremanak, kulturen arteko elkarrizketa eta Garapen Jasangarrirako Helburuak kulturan txertatzea.

–Kultura eragile publiko eta pribatuen sormena bultzatzea, zirkuituak, programazioak, guneak, egoitzak eta abar koordinatuta.

Deialdi honen xedetik kanpo gelditzen dira merkataritza edo irabaziak helburu dituzten jarduerak, edo erabilera pribatu profesionalekoak, bai eta beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten proiektuak eta jarduerak ere.

2.–Entitate onuradunak.

Nafarroako toki entitateek eta toki entitateen elkarteek jasotzen ahal dituzte deialdi honen dirulaguntzak. Halaber, entitate edo erakundeak onuradun izaten ahalko dira baldin eta horien bidez toki entitateek kultura jarduerak zuzenean kudeatzen badituzte.

Ezin dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako inguruabarren batean dauden entitateak, edo administrazio zehapen edo kondena-epai irmo bat betetzen ari direnak, edo, hala bada, zehapen eta kondena-epai bat betetzeko zain daudenak, kondena jarri denean sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

3.–Finantzaketa.

Laguntza hauek finantzatzeko, 70.000 euro bideratuko dira, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2023rako aurrekontuen kargura, "Mugaz gaindiko kultura proiektuetarako dirulaguntzak - Euroeskualdea" deritzon aurrekontuko partidatik.

4.–Denbora tarte diruz lagungarria eta laguntzaren zenbatekoa.

Proiektu diruz lagungarriak 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean garatu behar dira.

Deialdi honetan aurreikusiriko dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, mugaz gaindiko kultura jarduerak egiteko (Nafarroako lurralde eremuari eta Akitania Berriko –Frantzia– eskualdeari loturikoak).

Laguntza onartutako aurrekontuaren %100 izanen da gehienez, eta gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izanen da proiektu bakoitzeko.

Senidetzeei lotutako kultura jardueren kasuan (Europar Batasuneko araudiarekin bat) dirulaguntzaren zenbatekoa 3.000 euro izanen da gehienez.

Ez dira diruz lagunduko 2022ko deialdian laguntza lortu zuten proiektuen baliokideak direnak.

Balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako ezarritako kreditua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira.

Gerakinik izanez gero, eta gerakina txikiagoa baldin bada puntuazioaren arabera hurrengo den proiekturako eskatutako aurrekontua baino, dirulaguntza proposatuko da baldin eta efizientea bada hura ematea. Horrelakoetan, onuradunari eskabidea berridazteko eskatzen ahalko zaio, konpromisoak eta baldintzak egokitu ditzan ematen ahal den dirulaguntzara, haren xedea eta ezaugarriak bere horretan utzita betiere.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza honen ondorioetarako, bidaia gastuak diruz lagungarriak izanen dira (joan-etorriak, ostatua eta mantenua), beharrezkoak badira aurreikusiriko mugaz gaindiko jarduerak egiteko, baita proposamenean aurreikusiriko jarduerak egiteko behar diren gastuak ere, betiere merkatuko prezioen araberakoak badira.

Jarduerak 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean egin beharko dira, biak barne.

Gastuen eta ordainketen frogagiriek epe berekoak izan beharko dute.

5.1. Bidaia gastuak:

Garraio publikoaren gastuak (hegazkina, trena edo autobusa), auto edo furgoneta bidezko garraio gastuak, ostatu hartzea (hotela) eta mantenua, aurreko apartatuan adierazitako lurralde-eremuan lagunduko dira diruz.

–Proposatutako jarduerak egiteko behar-beharrezkoak diren gastuak baino ez dira onartuko.

–Hegazkinez egindako joan-etorriak turista klasean eginen dira, eta gainerako garraiobideetan turista klasean edo horren baliokideetan.

–Turismo edo furgoneta bat erabiltzen bada, kilometro bakoitzeko 0,34 euro ordainduko da tarifa gisa.

–Hotelean igarotako gau bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa inoiz ez da izanen 150 euro baino altuagoa (BEZa kenduta).

–Joan-etorri horietako bazkari eta afarietarako 20 euroko dirulaguntza emanen da gehienez otordu bakoitzeko.

–Gastu horiek berariaz justifikatu beharko dira aurkezturiko jarduera memorian, zein jarduerari dagozkion adierazita.

5.2. Proiektua egiteko zuzeneko gastuak:

Beharrezko gastuak dira ekitaldiak antolatzeko (hala nola profesionalak kontratatzea ikuskizunak, egonaldiak, laborategiak, bitartekaritza jarduerak eta parekoak gauzatzeko), topaketetan parte hartzeko eta mugaz haraindiko azterlanak edo jarduerak egiteko jomuga dutenak, baldin eta artikulu honetan ekintza diruz lagungarri gisa zehazten badira eta oinarri hauetako 1. artikuluan adieraziriko kategorizazioa eta helburua betetzen badituzte, bai eta proiektuaren komunikazio gastuak ere.

–Proposatutako jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko, ez badira entitate horren ohiko gastuak.

–Gastu horiek berariaz zehaztu beharko dira entitate onuradunei igorririko fakturetan, eta zer jarduerari dagozkion adieraziko da.

5.3. Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

–Toki entitatearen berezko langileen gastuak.

–Entitatearen ohiko funtzionamenduari lotutako gastuak (zeharkako gastuak, hala nola alokairuak, garbiketa, fotokopiak, posta, telefonoa eta abar), ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

–Ikuskizunen eta antzekoen kasuan, ez dira diruz lagunduko ez gauzatze gastuak ez egile eskubideengatiko gastuak.

–Senidetze otorduetako gastuak eta diruz lagungarriak ez diren jarduerei lotutako otorduetako gastuak.

–Autobide gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak.

–Argitalpenak editatzeko gastuak.

–Protokoloari lotutako gastuak eta luxuzkoak.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeari jarraikiz, zeharkako zergen (adibidez, BEZa) zenbatekoa kenduko da, baldin eta zerga horiek berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badira.

6.–Ekintza diruz lagungarriak.

–Kulturako udal-zerbitzuen mugaz gaindiko topaketak. Kultura lankidetzari buruzko bestelako jardunaldi, topaketa, tailer eta mintzaldiak.

–Udaletako kultura zerbitzuek kudeaturiko kultura egoitzetarako programak bi lurraldeetako gazte sortzaileentzat.

–Kulturaren esparruan publikoak sortzen, prestatzen eta fidelizatzen laguntzen duten mugaz gaindiko proiektuak.

–Publikoen gaineko informazio sistema komunei buruzko mugaz gaindiko azterlanak.

–Hezkuntzaren eta kulturaren arteko loturari, kulturaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) arteko loturari edo kulturartekotasun alderdiari buruzko mugaz gaindiko proiektuak.

–Mugaz gaindiko lankidetza profesionala eta kultura eragile publiko eta pribatuen prestakuntza: jardunbideak aztertzea, erreferentziazko protokoloak identifikatzea, jardunbideak eta protokoloak perfekzionatzea, hizkuntzetako prestakuntza gauzatzea, etab.

–Mugaz gaindiko kultura lankidetzako programazioak arte eszenikoen eta musikalen, ikusizko arteen, ikus-entzunezkoen eta arte plastikoen esparruan.

7.–Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

a) Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Tramiteen katalogoko fitxa erabiliz. Bertan, eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainerako dokumentuak ere badaude, eta entitate eskatzaileak horietara egokitu beharko du.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta Tramiteen Katalogoko fitxan egonen dira eskuragarri (https://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/17400/BASES-reguladoras-de-la-convocatoria-de-subveniciones-a-entidades-locales-para-el-impulso-de-actividades-de-cooperacion-transfronteriza-en-el-ambito-cultural-2023).

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, entitateari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide elektronikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da zuzenketaren eguna dela aurkezpen eguna.

c) Eskaerak aurkeztuko dira laguntza fitxako berariazko inprimakia erabiliz (I. eranskina). Orri hori behar bezala bete eta sinatu beharko da. Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.

d) Nafarroako entitate batek baino gehiagok lankidetzan egiten dutenean ekintza bat, 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, ekintza gauzatzea bere gain hartzen duenak aurkeztuko du eskabidea; halakoetan, ekintza gauzatzea bere gain hartzen duen entitateak ordainduko ditu sortzen diren gastuak. Eskabidean, orobat, alderdien arteko lankidetza nola artikulatuko den azalduko da, baita horien legezko ordezkarien sinadura ere (II. eranskina).

e) Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak eta jakinarazpenak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

7.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntza fitxan eskuratzen ahal den formulario espezifikoaren araberako eskaerarekin batera (I. eranskina), dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Proiektuaren azalpen memoria, non honako datu hauek jaso behar baitira:

a) Proiektuaren datuak (izenburua, deskribapena eta helburu nagusiak) eta entitate parte-hartzaileen identifikazioa, kontuan hartuz, hala behar duenean, 7.1.d) puntuan jasotakoa. Orobat, ekintza senidetze baten ondorio den edo senidetze bati lotua dagoen zehaztu behar da (4. oinarrian jasotakoaren arabera).

b) Proiektuaren berariazko helburuak eta mugaz gaindiko dimentsioaren justifikazioa.

c) Akitania Berriko erakunde frantsesarekiko lankidetzaren deskribapena (haren artikulazioaren eskema eta bere gain hartzen dituzten rolak/erantzukizunak). Mugaz gaindiko lankidetzarekin loturiko proiektuetan parte hartzen duten entitateen ibilbidea adierazteko apartatu bat sartu behar da.

d) Ekintzen programa orientagarria, horien deskribapenarenarekin eta gauzatze egutegiarekin.

e) Proiektuaren publizitaterako, hedapenerako eta iraunkortasunerako jarduerak.

–Proiektua elkarlanean eta ordezkari gisa gauzatuko delako adierazpena, hala badagokio (II. eranskina).

–Gastuen aurrekontu xehatua eta proiektua gauzatzearekin lotutako diru-sarreren edo baliabide propioen aurreikuspena (III. eranskina). Eskaera onartzeko, ezinbestekoa da aurrekontua orekatuta egotea.

Dokumentazioa euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da.

Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzen onarpen formala eta berariazkoa.

Laguntza kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, deialdi honen 5. apartatuan eskatzen diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte.

Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste edozein jarduketari dagokionez, lege hauetan ezarririkoa beteko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa; gaiari buruz gainerako legerian xedaturikoa ere bete beharko da.

Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste edozein jarduketari dagokionez, xedapen hauetan ezarririkoa beteko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa, eta hura garatzen duen araudia.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei.

8.–Ebaluazioa eta ebazpena.

8.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat. Prozedura horrek, funtsean, honakoan datza: aurkezturiko eskaeren konparaketa egitea, proiektuak baloratzea haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko, eta balorazio onena lortu dutenei dirulaguntzak esleitzea, deialdian ezarritako mugak eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

8.2. Prozedura honen organo kudeatzailea Kultur Ekintza Zerbitzua izanen da. Organo horrek eginen ditu prozedura sustatzeko eta espedientea tramitatzeko beharrezko jardunak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako legezkotasun, publikotasun, objektibotasun, gardentasun, berdintasun eta bereizkeria ezaren printzipioen arabera.

8.3. Batzorde bat sortuko da berariaz, eta aurkezturiko proiektuak ebaluatuko ditu batzorde horrek, deialdi honen 9. oinarrian zehazten diren irizpideei jarraikiz.

Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–Burua: Lorenzo García Echegoyen, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

  • Ordezkoa: Joaquín Llansó Sanjuan, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

–1. batzordekidea: Estefanía Munárriz Nuin, Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.

  • Ordezkoa: Marisol Martínez Caspe, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua.

–2. batzordekidea: Marina Roncal Delgado, Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Ataleko burua.

  • Ordezkoa: Pello Pellejero Goñi jauna, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendaria.

–Pätrick Ullate García, Kultur Ekintza Zerbitzuko goi mailako tituluduna, zeinak idazkari gisa jardunen baitu, hitz egiteko eskubidearekin baina ez bozkatzekoa.

  • Ordezkoa: Rufina Tres Gambarte, Kultur Ekintza Zerbitzuko goi mailako tituluduna.

Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da.

Ebaluazioaren arabera, organo kudeatzaileak Kulturako zuzendari nagusiari helaraziko dio ebazpen proposamen bat. Proposamen horrek dirulaguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda jasoko du, esleituriko zenbatekoarekin.

9.–Proiektuen balorazioa.

9.1. Gehienez ere 100 puntu emanen dira proposamenak baloratzeko. Honako hauek dira balorazio irizpideak, ondotik zehazten den puntuazioarekin:

–Mugaz gaindiko izaera. Lankidetzaren intentsitatea (20 puntu gehienez).

  • Mugaz gaindiko lankidetzaren balioa identifikatutako helburuak lortzeko (10 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

Mugaz gaindiko lankidetzaren premia proiektua gauzatzeko

5 puntu gehienez

Lankidetzaren eragina kuantitatiboki eta kualitatiboki

5 puntu gehienez

  • Lankidetzan parte hartzen dutenak (10 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

Entitate parte-hartzaileen eskarmentua mugaz gaindiko lankidetzan

5 puntu gehienez

Entitateen eskumena proposaturiko jardueretan

5 puntu gehienez

–Aurkeztutako jardueren programaren kalitatea (55 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

Proiektua deialdiaren xedearekin bat etortzea

15 puntu gehienez

Proiektuaren helburuen argitasuna eta egokitasuna

10 puntu gehienez

Aurreikusiriko jardueren egokitasuna proiektuko helburuak lortzeko

20 puntu gehienez

Proiektuaren zabalkunderako eta publizitaterako neurriak

5 puntu gehienez

Proiektua iraunarazteko neurriak

5 puntu gehienez

–Proiektuaren jasangarritasun soziala (5 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

Proiektuan genero-berdintasunaren ikuspegia sartzea, bai eta eginkizun, gai eta eduki guztietan eta publikoekiko harremanean emakumeen eta gizonen presentzia orekatzea ere

2 puntu gehienez

Bazterkeria arriskuan dauden edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen irisgarritasuna errazteko neurriak sartzea

2 puntu gehienez

Prestakuntza jarduerak euskaraz / euskararen presentzia

1 puntu gehienez

–Proiektuaren aurrekontua (20 puntu gehienez).

Baloratuko da aurrekontuak dituen egokitasuna eta koherentzia jarduerak egiteko eta aurreikusitako emaitzak lortzeko.

9.2. Ebaluazioaren ondoren guztira 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ezin izanen dira diruz lagundu.

10.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

10.1. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du deialdi honen xedeko dirulaguntzak eman eta adjudikatzeko, diruz lagunduko den eskaera-kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz; halaber, prozedurak iraun artean gertatu diren gorabehera guztiak ebatziko ditu.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta emandako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta esanbidez adieraziko da zein eskabidea ezetsi diren, halakorik baldin bada.

10.2. Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetara eskabideak aurkezteko azken egunetik hasi eta gehienez hiru hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik espresuki jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek.

10.3. Dirulaguntza hau emateko prozeduran ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Tramiteen Katalogoko fitxan argitaratuz eginen dira (https://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/17400/BASES-reguladoras-de-la-convocatoria-de-subveniciones-a-entidades-locales-para-el-impulso-de-actividades-de-cooperacion-transfronteriza-en-el-ambito-cultural-2023).

10.4. Halaber, eskatzaileari horren berri emanen zaio entitateak eskabidean emaniko eta gaituriko helbide elektronikoaren (GEH) bitartez. Halaber, eskatzaileak harpidetua egon beharko du Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikoetarako gaiturik duen prozeduran.

Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

10.5. Entitate onuradunen batek eman zaion laguntzari uko egiten badio, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak beste ebazpen bat ematen ahalko du deialdi honetan aurrekonturik ez izateagatik dirulaguntza jaso gabe geratu den hurrengo entitate eskatzailearen alde.

11.–Kultur mezenasgoa: diruz lagundutako jardueren interes soziala.

11.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira. Horretarako, entitate eskatzaileek IV. eranskina bete beharko dute, dirulaguntza eman ondoren.

11.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, entitate onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekoak deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

11.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

12.1. Kultur jardueren kudeaketa toki entitateak berak zuzenean egiten ez badu, kudeaketa egiten duten erakunde autonomoek, patronatuek, fundazioek, enpresa entitate publikoek edo merkataritza sozietateek, dirulaguntza eman dela posta elektronikoaz jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

12.2. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

12.3. Kultur Ekintza Zerbitzuari jakinaraztea, gehienez ere 5 egun balioduneko epean dirulaguntzak emateko ebazpena jasotzen denetik aurrera, dirulaguntzaren xedeko ekintzaren baterako dirulaguntzari uko egiten zaiola, proiektua ez bada eginen edo ezin badira deialdian ezarririko epeak bete.

12.4. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

12.5. Diruz lagunduriko ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Kultur Ekintza Zerbitzuari, ekintza horiek gauzatu aurretik.

Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen diren ekintzen helburuak.

12.6. Dirulaguntzaren xedeko gastuak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.

12.7. Dirulaguntzaren xede den ekintzaren gaineko informazio eta publizitate guztietan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela adierazi beharko da.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (diruz laguntzen du... honako honek diruz laguntzen du...).

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsultatzen ahal dira:

https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak).

Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo dirua itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

12.8. Jasotako funtsak justifikatzen dituzten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren artean.

12.9. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

13.–Diru-laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

13.1. Dirulaguntza bukaeran ordainduko da; hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean. Justifikazioa egiteko, entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du, 2023ko azaroaren 6an beranduenez: diruz lagunduriko proiektuaren memoria ekonomikoa eta jardueretakoa, deialdi honen oinarrietan ezarririko moduan, onartu eta ziurtatu ondoren aurkezturiko dokumentazioa gauzatu den jarduerari dagokiola.

Jarduerak 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean egin beharko dira, biak barne. Gastuen eta ordainketen frogagiriek epe berekoak izan beharko dute.

13.2. Justifikatzeko modua.

Justifikazioa telematikoki aurkeztuko da derrigorrean.

a) Diruz lagundutako jarduerak eginik, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2023ko azaroaren 6an beranduenez:

–Dirulaguntza jasoko duen proiektua justifikatzeko gauzatze memoria xehatua, aurreikusiriko helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne hartuta, honako gidoi honi jarraikiz:

  • Proiektuaren identifikazioa eta entitate parte-hartzaileen kopurua.
  • Proiektuaren helburu orokorren eta espezifikoen betetzearen ebaluazioa.
  • Ekintzen araberako ebaluazioa: gauzatze maila, gorabehera nabarmenak eta emaitzak.
  • Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak (halakorik egonez gero), norberaren diru-sarrerak ez ezik, nola erakunde publikoetatik hala pribatuetatik datozenak xehatuta eta kontzeptuen arabera banaturiko gastuen zerrenda batekin.
  • Sortutako dokumentazio guztia pdf formatuan erakustea, zabalkunde euskarriak barne.

Memoria horrek dokumentu base bat izanen du, honako honekin: aurkezturikoak, informazio euskarriak, argazkiak, laburpen bideoak, ekitaldietan parte hartu izana frogatzen duten zerrendak, eta proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duten beste edozein.

–Behin betiko gastuak eta dagozkien ordainketak justifikatzeko taula. Laguntzen onuradunek Excel formatuko taula bat egin beharko dute, non jasoko baita gastuen eta ordainketen zerrenda, deialdi honen 5. oinarrian adieraziriko tipologiaren araberakoa, bai eta proiektuarekin loturiko diru-sarrerak ere (halakorik balego), behar bezala egiaztatuak. Taula hori laguntzaren fitxan dago eskuragarri, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan (VI. eranskina). Taula horretan honako hauek adieraziko dira: gastuarekin loturiko jarduerei dagozkien xehetasunak; tipologia; entitate hartzekodunaren identifikazioa; gastuei eta ordainketei dagozkien kontabilitate agirien identifikazioa; fakturaren zenbakia; zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta; diruz lagundutako jarduerari egotzitako funtsa; eta dagozkion ordainketen datak.

Taula horretan zerrendaturiko gastuak modu korrelatiboan zenbakituta eta dagozkien jardueren arabera multzokatuta eta ordenatuta egonen dira.

–BEZa aitortzeko betebeharra izatearen edo betebehar horretatik salbuetsita egotearen ziurtagiria.

b) Kontu-hartzailearen edo idazkari-kontu-hartzailearen ziurtagiria, alkateak ontzat emana (V. eranskina) edo, bestela, entitateko idazkariarena, kudeatzaileak edo buruak ontzat emana; ziurtatu behar du entitateak emandako informazioan ageri diren datuak egiazkoak direla.

Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuei.

14.–Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

Dirulaguntza ordaindu baino lehen, egiaztatutako da ezarritako epeetan aurkeztutako justifikazio agiriak bat datozela diruz lagundutako ekintzekin, dokumentazioa zuzena dela alde guztietatik eta dirulaguntzaren xedea bete dela.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osoki edo partzialki.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honen xedeko dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu berarekin jarduera berak garatzeko ematen diren beste dirulaguntza batzuekin, administrazio honek edo eskualdeko, tokiko, Espainiako edo Europako beste administrazio publiko batzuek edo entitate publiko zein pribatuek eman.

Jasotako laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

16.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan.

17.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

18.–Deialdiaren, bere oinarri arautzaileen eta bere ebazpenaren aurkako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dirulaguntza eskaeren berariazko ezespenen aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

19.–Eredu edo txantiloien zerrenda.

Honako dokumentu hauek eskuragarri egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-atarian, Tramiteen Katalogoan:

–Eskaera-fasea.

  • I. eranskina.–Eskaera.
  • II. eranskina.–Entitateen elkartearen adierazpena.
  • III. eranskina.–Datu ekonomikoak.

–Laguntzak emateko fasea.

  • IV. eranskina.–Mezenasgoa.

–Justifikatzeko eta ordaintzeko fasea.

  • V. eranskina.–Gastuak justifikatzeko ziurtagiria.
  • VI. eranskina.–Gastuak justifikatzeko taula.

Iragarkiaren kodea: F2304852