72. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

238E/2023 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "2023ko Hondakinen Funtsa. Etxeko hondakinen urte anitzeko fluxua" izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 680869.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien ondorio kaltegarriak arintzea. Halaber, zehazten du Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez ezarriko dituela Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak. Tramite hori betetzat jo da Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretua argitaratzearekin batera.

2023ko Hondakinen Funtsak 5.230.512 euro ditu, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergatik heldu direnak, baita 62.579 euroko diru-sarrerak ere, zeinek jatorria baitute hondakinen arloko arau-hausteengatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen isunetan. Hortaz, guztirako zenbatekoa 5.293.091 eurokoa da. Diru-sarrera horiek kalkulatzeko, kontuan hartu da 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitarteko aldia, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.

2023ko Hondakinen Funtsa banatzeko, 2022ko urriaren 19an aginduzko kontsulta egin zaie Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin bat. Bi erakundeek iruzkinak egin dituzte ezarritako epealdiaren barruan.

49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak egin ondoren, abenduaren 16an Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 298E/2022 Foru Agindua onetsi zen; haren bidez 2023ko Hondakinen Funtsa banatzen da, eta ezartzen da 2.660.000 euro erabiliko direla etxeko hondakinen fluxurako. Diru-kopuru hori hainbat jarduketaren artean banatzen da. Zehazki, 1.660.000 euro erabiliko dira 2023an inbertsioak egin daitezen etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin lotuta.

Halaber, Gobernuak 2023ko urtarrilaren 11n hartutako Erabakiaren bidez oniritzia eman da 500.000 euro bideratzeko 2024an inbertsioak egin daitezen etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin lotuta, eta 200.000 euro bideratzeko 2025ean inbertsioak egin daitezen etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin lotuta.

Deialdi honen ondoriozko betebeharrei erantzuteko, honako gastu hauek baimentzea proposatzen da:

  • 1.660.000,00 euro, 2023ko gastu aurrekontuan "Hondakinen funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak" izeneko 740001 74100 7609 456204 partidaren kargura, kreditu nahikoa eta egokia badago.
  • 500.000,00 euro, 2024. urteko gastu aurrekontuan 2023ko gastu aurrekontuaren "Hondakinen funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak" izeneko 740001 74100 7609 456204 partidarako ezartzen denaren kargura, kreditu nahikoa eta egokia badago.
  • 200.000,00 euro, 2023ko gastu aurrekontuaren "Hondakinen funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak" izeneko 740001 74100 7609 456204 partidarako 2025. urteko gastu aurrekontuan ezartzen denaren kargura, kreditu nahikoa eta egokia badago.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea "2023ko Hondakinen Funtsa. Etxeko hondakinen urte anitzeko fluxua" izeneko dirulaguntzaren deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

2023. urtea

2024. urtea

2025. urtea

ZENBATEKOA

740001 74100 7609 456204: hondakinen funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak (1)

1.660.000,00

500.000,00

200.000,00

2.360.000,00

(1) edo 2024ko eta 2025eko gastu aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida baliokidea, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago 2024an eta 2025ean.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da 2023an toki entitateei eman beharreko dirulaguntzak arautzea, baldin eta entitate horiek esleituta badute etxeko hondakinen bilketa, garraio edo kudeaketarako eskumena, eta etxeko hondakinen fluxuaren Hondakinen Funtsa eratzeko ekarpena egin badute Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza honen helburua da laguntzea hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenesten eta hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat eta Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 2.360.000 eurokoa da, eta hurrengo atalean zehazten diren jarduketa lerroen artean banatuko da.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak izanen dira etxeko hondakinen prebentzioarekin, gaikako bilketarekin eta horien kudeaketarekin zerikusia duten jarduerekin lotutako kapital inbertsioak. Deialdi honetarako, diruz lagungarriak izanen dira honako proiektu mota hauek:

1. Eraikitzea, hobetzea edo ekipatzea etxeko eta merkataritzako hondakin organikoak in situ tratatzeko espazioak, bai herritarrek etxeko konpostajerako proiektuetan parte har dezaten sustatuz, bai toki entitateek hondakin organikoak batera tratatzeko eskura jartzen dituzten gune komunetan.

2. Eraikitzea, hobetzea edo ekipatzea gaika bildutako etxeko edo/eta merkataritzako hondakinak tratatzeko instalazioak, biogasa ekoizteko edo merkaturatzeko moduko kalitatezko konposta ekoizteko, baldin eta gaikako bilketatik datozen etxeko eta merkataritzako hondakinak soilik tratatzen badituzte (200108 EHZ kodea, "Sukalde eta jatetxeetako hondakin biodegradagarriak"; 200201 EHZ kodea, "Parke eta lorategietako hondakin biodegradagarriak"; eta 200302 EHZ kodea, "Merkatuetako hondakin biodegradagarriak").

Tratamendu esklusiboko instalaziotzat hartzen dira gaika bildutako hondakin organikoak bereiz tratatzen ahal dituztenak, nahiz eta industria eremuaren barruan beste etxeko hondakin batzuk tratatu.

3. Biohondakinak gaika biltzeko zerbitzua ezartzeko edo hobetzeko elementuak, materialak eta baliabideak erostea edo egokitzea, lurraldeari hobekien moldatzen zaio modalitatean.

4. Biohondakinak biltzeko edo gaikako bilketarako kamioiak erosteko (ez gainerakoetarako).

Ez dira diruz lagungarriak izanen gaikako bilketaren zerbitzuaren kostuak eta hondakinen tratamendua, ezta mantentze lanen kostuak eta alokairuak ere.

5. Eraikitzea, hobetzea edo ekipatzea askotariko objektu eta tresnen berrerabilpena prestatzeko eta horiek trukatzeko espazioak, materialen bizitza erabilgarria luzatu eta etxeko hondakinak murriztu ahal izateko.

6. Ontzi arinak biltzeko edukiontziak eta papera eta kartoia biltzeko edukiontziak erostea edo egokitzea (giltzak, estalki txikia, etab).

7. Errefuserako edukiontzi egokituak (edo aho egokitua dutenak) erostea.

8. Diruz lagungarria den xedeari aplikaturiko aplikazio informatikoak garatzea edo informazioaren teknologiak erabiltzea. Adibidez, aukera ematen dutenak trazabilitatea, kontrola eta jarraipena hobetzeko edo hondakinak sortzeagatiko ordainketaranzko aurrerapausoak emateko.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.

2. Justifikatzen diren gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren gainean, entitate onuradun bakoitzarentzako gehieneko laguntza 200.000 eurokoa izanen da. Soberako kreditua egonez gero, puntuazioaren araberako hurrenkeran banatuko da, onuradun bakoitzak gehienez jasotzen ahal duen zenbatekora iritsi arte, harik eta erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

3. Onartutako proiektu bakoitzaren gehieneko zenbateko finantzagarritik, diruz lagungarriak diren inbertsio inbentariagarrien zenbatekoa %70 izanen da gehienez.

4. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko nahitaezko arau indardunetara egokitzeko jarduketak.

c) Ingurumen kalitatea hobetzen ez duten produktu edo zerbitzuen aldizkako aldaketa arruntak.

d) BEZa eta zeharkako beste zerga batzuk, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoak badira.

e) Finantza-gastuak.

f) Zehaztu gabeko gastuak edo dirulaguntzaren xedea ez dutenak, ez eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

g) Lurrak erosteko gastuak.

h) Industria nabeak eraikitzeko gastuak, proiektuaren ingurumen helburuak garatzeko behar-beharrezkoak ez direnean.

i) Azpiegituren alokairua.

j) Beharrezkoak ez diren sariak.

k) Hondakinak kudeatzeko ekintza arruntek eragindako gastu guztiak –hala nola hondakinak biltzeko tasak, edo baimendutako kudeatzaileei arrazoi beragatik egindako ordainketak– edo kasuan kasuko jarduera ekonomikoa garatzeko aplikatu beharreko araudia betez egindako beste edozein gastu.

l) Obra zuzendaritzak, jarraipen eta koordinazio txostenak eta antzekoak, baita obra bukaerako ziurtagiria edo antzekoak ere.

m) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.

n) Langileen eta dieten gastuak eta mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak.

o) Ez dira diruz lagunduko gastu arrunten %15 baino gehiago, gastu diruz lagungarri osoaren gainean kalkulatuta.

5. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo atzerriko beste entitate publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.

4. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira etxeko hondakinak bildu, garraiatu edo kudeatzeko eskumena duten eta hondakinak Nafarroako tratamendu instalazio batera eramaten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak. Eta eskumen hori toki entitate batzuen elkarte bati eskuordetuta badago, azken hori izanen da funtsen onuradun potentziala.

Halaber, Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak ere jasotzen ahal ditu laguntza hauek, gaur egun toki entitatea baita.

Halaber, lehen paragrafoan aipatutako entitateek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluaren babesean sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo atalean (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da, hurrengo hilabetean.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntza-eskera modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, tramiteen katalogoko fitxan behar bezala iragarriko direnak. Gune horietan aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko nahitaezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskabide orria (I. eranskina).

b) Memoria, proiektuaren azalpen zehatza eta norainokoa adierazten dituena.

c) Proiektuaren aurrekontu xehakatua eta kronograma.

d) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten hedapen neurriak.

e) 2. oinarriaren laugarren ataleko inbertsioak dauzkaten eskaeretan honako hauek ziurtatu beharko dira:

–Kamioia biohondakinak biltzeko erabiliko dela. Erabilera beste hondakin mota batzuekin partekatuko bada, ziurtagiri horretan zehaztuko da urtean batez beste zer ibilbide eginen diren eta zer edukiontzi mota jasoko den. Informazio horrekin zehaztuko da zer dedikazio portzentaje emanen zaion biohondakinak biltzeari, eta hori izanen da diruz laguntzen ahal den zatia.

–Entitateak badituela, edo erosketa-egunean edukiko dituela, eskaeraren xede den objektuaren erosketa-balioaren %100 osatzeko behar diren funtsak.

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren bidez. Jasotako eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu atal horrek.

2. Eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta besterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskaerak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten administrazio espedienteak eta beharrezko dokumentazioa baloratu eginen dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badira edo behar den dokumentazioa ez badago, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak emateko proposamen-txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio.

2. Proposamen-txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du toki entitate onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza emateko espedientean jaso beharko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Hauek dira dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Proiektuaren memoriaren koherentzia, kalitatea eta argitasuna (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 10 puntu, honela banatuta:

1. Proiektuaren kalitatea memoriaren xehetasun tekniko eta deskriptiboaren arabera baloratuko da (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 4 puntu.

2. Proiektuaren koherentzia baloratzeko, kontuan hartuko dira ekonomia- eta ingurumen-bideragarritasuna, norainokoa eta jarraipena, eta helburuen planifikazioa, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean ezarritako helburuen ildotik: gehienez ere 3 puntu.

3. Proiektuaren argitasuna baloratzeko, kontuan hartuko da espero diren ingurumen onurak lortzeko proiektatutako jarduketen ezagutza, azalpena eta justifikazioa: gehienez ere 3 puntu.

b) Jarduketaren eraginkortasuna, artatutako biztanle/euro ratioan: gehienez ere 20 puntu.

c) Jarduketa lerro bakoitzean egiten diren jardueren arabera (2. oinarriko lehen jarduketa lerrorako bakarrik aplikatu beharreko puntuazioa):

1. Lehen mailako jarduketak: 15 puntu.

2. Bigarren mailako jarduketak: 10 puntu.

3. Hirugarren mailako jarduketak: 5 puntu.

4. Laugarren mailatik zortzigarrenera bitarteko jarduketak: 0 puntu.

d) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehaztutako prebentzio adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. Murriztapen portzentajerik aurkeztu ez badute, 0 puntu.

2. Murriztapen portzentajea 0 baino handiagoa eta %1 baino txikiagoa bada, 5 puntu.

3. Murriztapen portzentajea %1 edo handiagoa eta %2,5 baino txikiagoa bada, 10 puntu.

4. Murriztapen portzentajea %2,5 edo handiagoa eta %5 baino txikiagoa bada, 15 puntu.

5. Murriztapen portzentajea %5 edo handiagoa bada, 20 puntu.

e) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehazten den errefusen murriztapenaren adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. Murriztapen portzentajerik aurkeztu ez badute, 0 puntu.

2. Murriztapen portzentajea 0 baino handiagoa eta %2 baino txikiagoa bada, 5 puntu.

3. Murriztapen portzentajea %2,5 edo handiagoa eta %5 baino txikiagoa bada, 10 puntu.

4. Murriztapen portzentajea %5 edo handiagoa eta %8 baino txikiagoa bada, 15 puntu.

5. Murriztapen portzentajea %8 edo handiagoa bada, 20 puntu.

f) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehazten den gai organikoen bilketa garbiaren adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. %5etik beherako portzentajea lortu badute, puntu 1.

2. %5 edo handiagoa eta %10 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 5 puntu.

3. %10 edo handiagoa eta %20 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 10 puntu.

4. %10 edo handiagoa eta %50 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 15 puntu.

5. %50 edo handiagoa den portzentajea lortu badute, 20 puntu.

g) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehaztutako gai organikoaren bilketa kalitatearen adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. %10etik beherako portzentajea lortu badute, puntu 1.

2. %10 edo handiagoa eta %50 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 5 puntu.

3. %50 edo handiagoa eta %75 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 10 puntu.

4. %75 edo handiagoa eta %90 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 15 puntu.

5. %90 edo handiagoa den portzentajea lortu badute, 20 puntu.

h) Oinarri arautzaileen II. eranskinean zehazten den gaikako guztirako bilketaren adierazleak lortutako balioen arabera (2. oinarriko jarduketa lerro guztiei aplikatu beharreko puntuazioa):

1. %20tik beherako portzentajea lortu badute, punturik ez.

2. %20 edo handiagoa eta %30 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 5 puntu.

3. %30 edo handiagoa eta %40 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 10 puntu.

4. %40 edo handiagoa eta %50 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 15 puntu.

5. %50 edo handiagoa den portzentajea lortu badute, 20 puntu.

Proiektuaren onuraduna Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoa bada, d) eta h) bitarteko atalak baloratzeko, kide guztien puntuazioen batez besteko haztatua kalkulatuko da.

Puntu-berdinketarik gertatuz gero, proiektu-motaren arabera ebatziko da. Beraz, eskaerak proiektu-moten arabera multzokatuko dira, eta 2. oinarrian (1 eta 7 bitarteko atalak) ezartzen denaren araberako hurrenkeran jarriko dira.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

2. Dirulaguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, dirulaguntza ematen ahalko zaie aurrekontu-kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskaera batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzatzen diren proiektuak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira, eta gauzatzeko epea 2025eko abenduaren 31n bukatuko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

11. oinarria.–Egindako gastu eta ordainketen justifikazioa.

Dirulaguntza jasotzen duten jarduketak amaitu ondoren, eta 2026ko martxoaren 31 baino lehen, entitate onuradunek honako justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Memoria, egindako jarduerak frogatzen dituzten agiriak biltzen dituena; gainera, egindako jarduerak azaldu beharko dira, eta lortutako emaitzak baloratu, dirulaguntza jaso duten jardueren bidez lortu nahi izan diren helburuak kontuan hartuz.

Eskaeran adierazitako hedapen neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarriko 2. ataleko d letra). Neurri horien ordez, eskaeran proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.

b) Proiektuaren azken aurrekontua. Bertan, diruz lagundutako ekintza bakoitzerako, datu hauek bilduko dira:

b.1. Hornitzailearen izena.

b.2. Fakturen zenbakiak.

b.3. Zenbatekoa.

b.4. Ordainketaren data.

c) Aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen fakturak eta transferentzia.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa atal honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, onuradunak frogatuko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 2 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

d) Onuradunak balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzeko eskatzen badu, honako hauek aurkeztu beharko ditu:

d.1. Nafarroako Foru Ogasunaren ziurtagiria, zehazten duena eskatzen diren gastuen BEZa ezin dela berreskuratu ez konpentsatu.

d.2. Behar adinako ahalordea daukan pertsonak sinatutako ziurtagiria, honako hauek zehazten dituena:

–Fakturak (zenbakia, hornitzailea, zerga-oinarria eta BEZa).

–Faktura horiek Nafarroako Ogasunak ziurtatutako jardueretan egin diren ala ez.

d.2.1. Balio erantsiaren gaineko zergaren kuotetan kenkaririk sortzen ez dutenen portzentajea

e) Ziurtatzea egin diren ekintzek betetzen dutela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ezartzen duena.

f) Gardentasun Legea betetzeko III. eranskina betetzea.

Dirulaguntza justifikatzen ez bada ezarritako baldintza guztiak betez, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak ezartzen duen moduan.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainduko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero. Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Oinarri arautzaileen 11. oinarriko a) atalean jasotako hedapen neurriak betetzeko (dirulaguntzaren publizitate aktiboa egitea), onuradunek Hondakinen Funtsaren logoa jarri beharko dute oinarri arautzaile hauen bidez finantzatuko diren material guztietan. Azpimarratu behar da betebehar hori eskaera-orrian adierazi dituzten hedapen neurri guztien osagarria dela.

Logoa helbide honetan dago eskuragarri: https://oprec-navarra.com/fondo-de-residuos/.

a) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga onartzea.

b) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

c) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

d) Ekipamendu-ondasunak edo higiezinak diruz lagunduz gero, horiek onuradunaren ondarean egon beharko dute gutxienez 5 urtez, salbu eta onuradunari egotzi ezin zaion suntsipena edo galera gertatzen bada. Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

e) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa egitea.

2. Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzen bada eta ondorioz diru kopuru horiek askatzen badira, jarduketa lerro bereko beste entitate onuradun batzuei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuentzako zenbatekoa oso-osorik jaso ezin izan badute.

4. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, nazionalek nahiz nazioartekoek.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

I. ERANSKINA

Dirulaguntza-eskaera

Izen-deiturak:

IFZ:

Helbidea:

Herria:

PK:

Probintzia:

Telefonoa:

Helbide elek.:

Entitate hau ordezkatuz:

Entitatearen izena:

IFZ:

Sozietatearen helbidea:

Herria:

PK:

Probintzia:

Telefonoa:

Helbide elek.:

1.–Ziurtatzen dut:

Eskaera honekin batera doan proiektuak Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluko xedeak betetzen dituela. Hona hemen:

XEDE MOTA

PROIEKTUAREN %
GUZTIRA

a) Hondakinen prebentziorako ekintzen sustapena

b) Hondakinen kudeaketaren arloko ikerketa eta garapena, ekodiseinua barne.

c) Sentsibilizazioa, komunikazioa, lagun egitea, heziketa eta prestakuntza.

d) Berrerabilerarako prestatzeko jarduketak.

e) Ekonomia zirkularra sustatzeko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko jarduketak, hondakinei dagokienez.

f) Gaikako bilketa sistemen hobekuntza.

g) Birziklatzeko eta balorizazio materialerako sistemen optimizazioa edo hobekuntza.

h) Hondakinen arloko boluntario lanak.

i) Hondakinen ondorioz andeatutako eremuen berreskurapena.

j) Hondakinak kudeatzeko instalazioen trazabilitate, kontrol eta estandarizazio sistemen hobekuntza.

k) Sortzeagatiko ordainketaren ezarpena.

2.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharren gaineko adierazpena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrei dagokienez, aitortzen dut ez dudala artikulu horretan onuradun izateko ezarri diren debekuetako bakarrik ere.

3.–Proiektua hasi EZ izanaren deklarazioa.

Honako honez bidez ziurtatzen dut eskaera hau sinatzen den egunean lanak oraindik ez direla hasi. Era berean, lanak ez dira hasiko dirulaguntza ematen duen ebazpena jaso arte.

4.–Lortutako beste dirulaguntza batzuei buruzko aitorpena.

Eskatutako dirulaguntzaren xedeari buruz, honako hau aitortzen dut:

Ez dut eskuratu Estatuko edo atzerriko beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren dirulaguntzarik.

Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko, erakunde publiko zein pribatu edo partikularren dirulaguntza hauek lortu ditudala edo dirulaguntza emateko ebazpenaren zain nagoela:

ENTITATEA

KONTZEPTUA

EMANDAKO KOPURUA

5.–Baimena.

Baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dirulaguntzen ebazpen proposamena onartzen denean egiazta dezan zerga guztiak ordainduta eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuta dauzkadala.

.............................................................(e)n, ..................(e)ko...............................aren ...............(e)(a)n.

Eskatzailea,....................................................................................................................................

Sinatua:

II. ERANSKINA

Adierazleen kalkulua

Adierazle hauen kalkulua banaka eginen da eskatzaile bakoitzarentzat, etxeko hondakinei buruzko txostenaren 2021eko datuekin ("Hondakinen fluxuen araberako txostenak" atalean), zeinak web-orri honetan argitaratuta baitaude: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Residuos/Inventarios+de+residuos.htm

Proiektuaren onuraduna Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoa bada, d) eta h) bitarteko atalak baloratzeko, kide guztien puntuazioen batez besteko haztatua kalkulatuko da.

1.–Prebentzio adierazlea.

Adierazle honen bidez, hondakinen sorrera murrizten ari denari puntuak ematen zaizkio.

Honela kalkulatzen da: per capita sorkuntzak (kilogramoak biztanleko eta urteko) izandako murriztapen portzentajea kalkulatzen da, inbentario baliozkotuak dauden aurreko bi urteak erreferentzia hartuta.

2.–Errefusen murriztapenaren adierazlea.

Honen arabera puntuak ematen zaizkie errefusen kopurua murrizten dutenei. Per capita sortutako errefusen (kilogramoak biztanleko eta urteko) murriztapen portzentajea kalkulatzen da, inbentario baliozkotuak dauden aurreko bi urteak erreferentzia hartuta.

3.–Bilketa adierazleak.

3.1. Gai organikoen bilketa garbia:

Adierazle honen bidez, puntuazio bat ematen zaio mankomunitate bakoitzaren bilketa portzentajeari.

Kalkulua honela egiten da:

a) Bilketaren guztizko pisu garbi baliokidea, kalkulatzen da, autokonpostajearen eta gaika bildutako gai organikoen (GBGO) pisu garbi baliokideen batuketa eginez.

Pisu garbi baliokidea kalkulatzeko, desegokien faktorea aplikatzen zaie bilketa gordinaren tonei, kontuan harturik autokonpostajeak ustez ez duela desegokirik.

b) Benetako GBGO kalkulatzeko, %38,53ko portzentajea aplikatzen da, sorkuntza balio global gisa.

c) Aurreko bi balioen zatiketaren bidez lortzen da mankomunitate bakoitzaren bilketa portzentajea.

3.2. Gai organikoaren kalitatea:

Adierazle honen bidez, puntuazio bat ematen da, gai organikoen kalitate faktorearen balio normalizatua auzokideen arteko hedapenaren portzentajeaz biderkatuta kalkulatzen dena.

Kalkulua honela egiten da:

a) Desegoki baliokideen zenbatekoa honela kalkulatzen da: gaika bildutako gai organikoen portzentajea, gai organikoen bilketa gordin (autokonpostajea eta GBGO) guztiarekin konparatuta.

b) Kalitate faktorea desegoki baliokideen balio-tarteen normalizazioa da, %25 zero delarik (txarrena baita, 25etik aurrera ulertzen delako gai nagusiak jada ez direla organikoak, eta beraz, ez dira zenbatzen), eta %0, berriz, bata (onena baita, ez daukalako desegokirik).

c) Kalitate faktore baliokidea, portzentajean, honela kalkulatzen da: aurreko kalitate faktorea bider mankomunitateko biztanleen artean gai organikoen bilketak duen hedapena.

3.3. Guztira gaika bildutakoa:

Adierazle honen bidez puntuazio jakin bat ematen da guztirako gaika bildutakoaren portzentajearen arabera, etxeko hondakin guztiak erreferentzia gisa harturik.

Kalkulua honela egiten da:

Guztirako gaika bildutako tonen portzentajea kalkulatzen da, erreferentziatzat hartuta etxeetan guztira sortutako hondakin guztiak.

III. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2304235