49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERRIOZAR

Deialdia, Giza Baliabideetako kudeatzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Berriozarko Udalaren Gobernu Batzarrak, 2023ko otsailaren 22ko bilkuran, deialdi bat onetsi zuen Berriozarko Udalean Giza Baliabideetako kudeatzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Deialdiak ondotik ematen diren oinarriak izanen ditu.

Berriozarren, 2023ko otsailaren 23an.–Alkatea, Raúl Maiza González.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Berriozarko Udalaren Giza Baliabideetako kudeatzaile izateko lanpostu bat betetzea, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak betez eta oposizio-lehiaketa prozeduraren bidez. Lanpostu hori 117 zenbakiarekin identifikatuta dago plantilla organikoan.

1.2. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.3. Lanpostuak A mailako lansariak izanen ditu, baita plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak ere, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Berriozarko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.4. Oposizio-lehiaketa bidez eginen da hautapena, izan ere, deitutako lanpostuarengatik eta bete beharreko eginkizunengatik horixe da sistemarik egokiena, zeren, kudeatzaile lanpostua izanik, hobeki aplikatzen dira izangaien merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak, ez baitira soilik kontuan hartuko haien ezagutza teorikoak, honako hauek ere baloratuko dira: lan esperientzia, bete beharreko eginkizunekin lotutako prestakuntza espezifikoa eta giza baliabideen arloko ezagutza espezifikoak.

1.5. Lanpostuari dagozkion eginkizunak, oro har, honako hauek dira:

Giza Baliabideetako kudeatzaile lanpostuaren eginkizunak:

–Proposatzea eta garatzea giza baliabideen arloko politika berekiak honako gai hauetan: langile beharren plangintza eta aurreikuspena, hautaketa, harrera, prestakuntza planak, komunikazioa, arrazoiak, etab. Langile arloko aurrekontu proposamena egitea.

–Honako hauen prestaketaren ardura bere gain hartzea: langileen plantilla, lanpostuen zerrenda, eta hura eguneraturik mantentzea.

–Langileen zuzendaritza lanak egitea: oporren kudeaketa, absentziak, baimenak, lizentziak, lanaren berrantolaketa, diziplina espedienteen kudeaketa, etab.

–Langileen sarbiderako jarduerak planifikatzea, prestatzea eta horien ardura hartzea, hots, honako hauena: lan eskaintzak, hautapen prozesuak arautzeko oinarriak prestatzea, deialdien kudeaketa, hautapen epaimahaietan parte hartzea, eta behar den espedientea ebaztea.

–Aholku ematea arduradun politikoei negoziazio kolektiboaren arloan eta parte hartzea sindikatu-ordezkaritzarekin lan baldintzei buruz egiten diren negoziazioetan, bai eta bilerak egitea kideekin ere, haien eskaera eta kontsultei erantzuteko.

–Antolaketa egitura aztertzea eta hobekuntzak proposatu eta ezartzea antolaketan.

–Langileen eginkizunen liburuxka prestatu eta eguneraturik edukitzea.

–Hileroko Langileria Batzordean aztertu behar diren gaiak prestatzea, eta Batzordeari laguntzea gaian aditua den aldetik eta akta egitea.

–Sindikatuen ordezkariekin egiten diren bileretan landu behar diren langileei buruzko gaiak prestatzea eta bileran parte hartzea gaian aditua den aldetik.

–Arloekin koordinatzea udalaren langile guztien lan egutegiak prestatzeko.

–Udalaren langile guztien lan egutegiak berrikustea.

–Nominak eta gizarte aseguruak egitea, bai udalarenak berarenak, bai sozietate publikoenak (Berrikalan eta Usalanda).

–Langileen fitxaketa, lizentzia, eszedentzia eta oporrak kudeatzea, esparru bakoitzeko arduradunek koordinatuta.

–Langileei aholku ematea lan kontuei buruz.

–Udalaren arloko arduradunei aholku ematea beren arloko langileen kudeaketari buruz.

–Langileek egindako prestakuntza ikastaroen eskaerak kudeatzea eta administrazio publikoetako langileendako prestakuntza eskaintzen berri ematea.

–Koordinazio bilerak udal langileekin lana antolatzeko eta optimizatzeko, antolaketari buruzko gatazkak konpontzea arlo guztietan (bajak, baimenak, eszedentziak, etab.)

–Txostenak prestatzea alkatetzak edo osoko bilkurak eskatuta, eta legeak nahitaezkotzat ezartzen dituenak, langileen arloan.

–Udalaren gai judizialez arduratzen diren lan arloko abokatuekin koordinatzea.

–Alkatearekin biltzea (aholkuak ematea, erabakitzen dena izapidetzea eta kudeatzea, etab.) beharrezkoa denean.

–Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza deialdiak prestatzea, langileak kontratatzea dakartenak berekin.

–Deialdiak prestatzea, langileak hautatzeko udal arlo guztietako aldi baterako kontratazio zerrendetarako.

–Deialdiaren testua idaztea, sindikatuen ordezkariei berri ematea, epaimahaikideak aukeratzea, azterketak egitea, bertan egotea azterketak egin bitartean, azterketak zuzentzea, epaimahaiak egiten duen bilera bakoitzaren aktak idaztea eta dokumentuak prestatzea. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar diren testuak prestatzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera bidaltzea, epeak kontrolatzea (behin-behineko zerrenda/behin betikoa), izangaiek jarritako erreklamazioak ebaztea, izendapenak eta kontratazioak.

–Udal langileen hitzarmena/akordioa negoziatzea eta proposamenak egitea beste akordio eta hitzarmen batzuk sinatzeko.

–Funtzionarioendako eta lan kontratudunendako hauteskunde sindikalei buruzko espedienteak kudeatzea.

–Berrikilan SL sozietate publikoari eta Usalanda SL sozietateari laguntza juridiko eta teknikoa ematea langile gaietan.

–Udaleko, Berrikilaneko eta Usalandako langileen nominak, gizarte aseguruak eta kontratuak ikuskatzea.

–Zerbitzu kontratuen, kontratazio pleguen eta abarren jarraipenaz arduratzea, haren arlokoak direnean.

–Arriskuen prebentzioaren arloan:

–Lan arriskuen prebentzioko koordinatzaile lanetan aritzen da.

–Laneko Arriskuen Prebentzio Plana, horren ondoriozko dokumentazioa eta prozedurak egitea eta horien jarraipena egitea, baita Kanpoko Prebentzio Zerbitzuarekin sinatutako kontratuarenak ere, Kanpoko Prebentzio Zerbitzuaren eta Udalaren arteko bitartekotza-lanak egitea eta udal arloko arduradunekin koordinatzea

–Segurtasun eta Osasuneko Batzordera deitzea, hura kudeatzea eta haren bileretan parte hartzea.

–Jarduteko protokoloak, txosten teknikoak eta prebentzioari buruzko araudiaren azterketak egitea, Udalean aplika daitezen. Problema zehatzen konponketak bilatzea, enpresen edo instituzio publikoen bitartez.

–Lanpostuak prestakuntza aldetik dituen beharrak aztertzea, eta horrek dakar prestakuntza planifikatzea, lehentasunak ezartzea arriskuen arabera eta egutegiak adostea kanpoko prebentzio zerbitzuarekin.

–Planifikatu, aztertu eta datuak biltzea Kanpoko Prebentzio Zerbitzuak larrialdietako planak egin ditzan.

–Istripuen kasuak sistematikoki aztertzea arrazoiak ezagutzeko, neurriak proposatzeko, zuzendaritzei jakinarazteko eta jarraibide zehatzak emateko etorkizuneko jarduketetan.

–Langile berrien egoera eta baldintzak kontrolatzea eta azterketen emaitzak kontrolatzea, beharrezko txostenak eginez.

–Prebentzio jarduna planifikatzea, prozedurak prestatuz eta egokituz (harrera egiteko, erosteko, enpresa jarduerak koordinatzeko eta abar).

–Enpresa jarduerak koordinatzeko prozedura egitea eta betetzen dela bermatzea, aldian behingo kontrolaren eta zaintzaren ondorioz zuzendu gabe dauden gorabeherak konponduz.

–Agintzen zaion beste eginkizun edo lan oro, lanpostuarekin lotura badu eta haren mailaren eta kategoriaren barnean badago.

2.–Betekizunak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko lizentziaren edo graduatu titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

f) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskarazko C1 maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea. Titulu edo ziurtagiri hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den tituluen zerrendan agertu beharko da, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko da.

Orobat egiaztatzen ahalko da eskatutako ezagutza mailaren proba espezifikoa eginda, jarraikiz ezarritakoari 103/2017 Foru Dekretuan (foru dekretu horrek arautzen du euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko erakundeetan).

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte ere.

3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, Berriozarko Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.berriozar.es/eu/carpeta-ciudadana/), eta badago aukera NAN elektronikoaren/ Ziurtagiri elektronikoaren bidez, edo Cl@veren bidez ere aurkezteko.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".

Halaber, 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak) hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".

Eskabideek deialdiaren I. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izan beharko dute, eta ondoren datorren oinarrian zehazten den dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dira.

3.3. Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

Eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, behar bezala bete ondotik:

a) Indarrean dagoen Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

Europar Batasuneko beste estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarra duena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.

Espainiarren eta Europako Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontide direnek, ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela, betiere ez badira Europar Batasuneko kide den estatu bateko herritarrak; bestela, aurreko atalean deskribatutako dokumentazioa aurkeztuko dute.

b) 2.1. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 40,00 euro ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: La Caixako ES84 2100 5184 5422 0009 8217). Sartzerakoan, "Giza Baliabideetako kudeatzailearen deialdia" kontzeptua adierazi beharko da, eta, ondoren, izangaiaren nortasun-agiri nazionala. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa eskubideetarako tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (23. ordenantza) ezarritakoarekin bat, honako hauek tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

–%33ko edo handik gorako desgaitasun maila aitortua dutenak.

–Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Behar den tasa ez ordaintzea nahikoa arrazoi izanen da izangaia hautapen prozeduratik baztertzeko.

Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, esaterako beharkizunak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

d) Euskarazko C1 mailaren ziurtagiri ofiziala edo euskara maila horren proba egiteko eskabidea.

e) 6. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiterakoan, hala behar izanez gero. Kasu horietan, eskaeran, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

f) Lehiaketa-fasean baloratu behar diren alegatutako merezimenduen ziurtagiriak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.4. Izangairik baztertzen bada, beraiei egotzitako arrazoiengatik, ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

1.–Mahaiburua: Raúl Maiza González, Berriozarko Udaleko alkatea, edo haren ordezkoa karguan.

2.–Epaimahaikidea: Jon Ander Mendinueta Ochotorena, Oltza Zendeako Udaleko idazkaria.

3.–Epaimahaikidea: Eduardo Moler Mancho, Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.

4.–Epaimahaikidea: Amaia Zalba Martínez, Berriozarko Udaleko berdintasun-teknikaria, Berriozarko Udaleko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen batzordeak proposatuta.

5.–Mahaikide-idazkaria: Natalia Rodríguez Aguado, Berriozarko Udaleko idazkaria.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduari buruz sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Kalifikazio epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Hautapen prozesuaren garapena.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.1. Lehiaketaldian, 20 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

6.1.1. Merezimenduak baremo honen arabera puntuatuko dira:

A.–Esperientzia: gehienez ere 10 puntu.

–Edozein administrazio publikotan Giza Baliabideetako teknikari-lanetan eta/edo Langileen arloko teknikari-lanetan egindako zerbitzuengatik, maila, talde eta titulazio berekoak badira eta deialdian eskatzen badira: 3 puntu urte oso bakoitzeko; urtea baino txikiagoko denbora-tarteak hainbanatu eginen dira.

–Edozein administrazio publikotan Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikari-lanetan egindako zerbitzuengatik, maila, talde eta titulazio berekoak badira eta deialdian eskatzen badira: 0,5 puntu urte oso bakoitzeko; urtea baino txikiagoko denbora-tarteak hainbanatu eginen dira.

Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.

a) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

b) Lanaldi partzialean emandako zerbitzuak lanaldiarekiko proportzionalki baloratuko dira.

c) Beste zerbitzu batzuekin aldi berean emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.

d) Lan egindako denbora baloratzeko, honako hau aurkeztu beharko da: zerbitzuak eman dituen administrazioaren ziurtagiria, egindako eginkizunak eta lanposturako eskatzen den titulazioa egiaztatzen dituena.

B.–Prestakuntza: deialdiko lanpostuaren edukiarekin lotutako prestakuntza jarduerak edo titulazioak baloratuko dira, eta 10 puntu emanen dira gehienez.

–Erakunde ofizialek edo/eta elkargo profesionalek, zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kredituko (10 eskola-ordu); gehienez ere, 5 puntu.

–Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako lizentzia edo gradua. 6 puntu.

–Zuzenbideko lizentzia edo gradua: 4 puntu.

–Langileen arloko edo lan arriskuen prebentzioko master, graduondoko eta espezializazioa: 0,05 puntu, kredituko (10 eskola-ordu); gehienez ere, 5 puntu.

–Goi mailako prestakuntza, lan agintaritza eskudunak frogatua, gutxienez 600 ordukoa prebentzioko hiru espezialitate edo diziplinetako batean: Laneko Segurtasuna, Industria Higienea eta Ergonomia eta Psikologia Aplikatua. Gehienez ere 3 puntu.

Ez dira baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak, ezta zer iraupen izan duten zehazten ez dutenak ere.

Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak.

6.1.2. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko.

6.1.3. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

6.1.4. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.1.5. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

6.1.6. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan.

6.2. Oposizioaldia.

Euskara proba, eskabidean eskatu dutenentzat.

Oposizioaldia hasi baino lehen, euskara proba eginen dute deialdi honen 2.1.f oinarrian eskatutako euskara maila agirien bidez egiaztatu ez dutenek.

Proba horretan bi ariketa eginen dira, idatzizkoa eta ahozkoa, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den ala ez, C1 hizkuntza mailari dagokionez. Proba horiek Euskarabideko langileek eginen dituzte. Ondotik etorriko dira oposizioko proba berariazkoak. Garaiz jakinaraziko da probak egiteko eguna. Probaren emaitza gai edo ez gai izanen da; gai kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak baztertuak izanen dira hautapen prozesutik.

Aurreikuspenen arabera, oposizioaldia 2023ko maiatzean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko da lehen ariketa egiteko tokia eta eguna, eta hasteko ordua.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orriko egoitza elektronikoan, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orriko egoitza elektronikoan argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Hautapen-prozesua hiru proben bidez eginen da. Bat teorikoa izanen da, beste bat praktikoa, eta beste bat psikoteknikoa. Denak izanen dira baztergarriak. Proba hauen puntuazioa, gehienez, 80 puntukoa izanen da.

6.2.1. Proba teorikoa: test motakoa izanen da eta aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Gaiak deialdiko II. eranskinean ageri direnak izanen dira. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren laurdena.

Probaren balorazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere, eta gehieneko puntuazioaren erdia (15 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak kanpoan geldituko dira.

6.2.2. Proba praktikoa: idatziz garatzea, eta epaimahaiak zehaztutako gehieneko denboran, II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiari buruzko kasu praktiko bat edo batzuk.

Probaren balorazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere, eta gehieneko puntuazioaren erdia (20 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak kanpoan geldituko dira.

6.2.3. Proba psikoteknikoa: proba batzuk eginen dira, zehazteko izangaia zer neurritan egokitzen den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo horrek izendatzen dituen langileek eginen dituzte proba horiek. Balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako. Proba psikoteknikoa 0tik 10 puntura bitarte kalifikatuko da, eta gutxienez ere 5 puntu lortzen dituztenek gaindituko dute.

Bi probetarako, dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Berriozarko Udalaren web-orriko egoitza elektronikoan, lortutako guztizko puntuazioaren arabera antolatua, izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak batuta.

7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioko bigarren ariketan (proba praktikoa) puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da.

Berdinketak jarraitzen badu, oposizioko lehen ariketan (proba teorikoa) puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da.

8.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (atal hori dagokio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari), edo, hala badagokio, Berriozarko Udalak izendatuta eta behar bezala kreditatuta dagoen kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik, eragotziko liokeenik lanpostuaren eginkizunak betetzea.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko edo zinezko deklarazio bat, adierazteko pertsona ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko Funtzio Publikoan.

c) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

8.2. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbestekoetan izan ezik, ezin izango dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu egingo dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

8.3. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da baja, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren bidez, Giza Baliabideetako kudeatzaile izendatuko da oposizioa gainditzen duen izangaia, lortutako azken puntuazioaren ordenaren arabera.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Jabetza hartzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Berriozarko Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Hala bada, deialdiko 8.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratu dezake edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.3 apartatuak agintzen duen moduan beteko da.

10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

10.1. Jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

10.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Berriozarko Udalean kontratatua izateko izangaien zerrenda.

Hautapen probako epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Berriozarko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du eta bertan onetsiko lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda eta lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

Izangaiei aldi baterako kontrataziorako deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b artikulua eta hurrengoak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), eta Berriozarko Udalak onetsitako kudeaketarako arau indardunak.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, kontratatuak izateko eskatzen zaizkien agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

11.–Datuen babesa.

Bat etorriz ezarritakoarekin 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan, izangaiei honako honen berri ematen zaie:

–Deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Berriozarko Udala da.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: Datuen babeserako erregelamendu orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko), eta Datuen babeserako erregelamendu orokorraren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez dpd@berriozar.es helbidean edo webgunearen bidez (www.berriozar.es).

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12.–Errekurtsoak.

12.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

12.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren jar daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Hori guztia, bat etorriz ezarritakoarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

I. ERANSKINA

Eskabidea

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/DownloadFile.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/013_Local_solicitud_concurso_con_euskera_E.pdf

II. ERANSKINA

1. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Egintza administratiboak. Administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

2. gaia.–Administrazio-prozedurari buruzko xedapenak: Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena. Administrazio prozeduretako interesdunak. Gauzatzeko prozedurak. Prozeduraren amaiera. Administrazio Publikoak ebazteko duen betebeharra: Aipamen berezia presuntziozko egintzei. Itundutako amaiera.

3. gaia.–Errekurtso administratiboak: Kontzeptua eta motak. Administrazio-errekurtsoen betekizun orokorrak. Errekurritzen ahal diren gaiak, legitimazioa eta organo eskuduna. Errekurtsoen azterketa berezia (berraztertzeko errekurtsoa, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa).

4. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: xedapen orokorrak. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Ondare erantzukizuna.

5. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua: udalerria, antolaketa eta eskumenak.

6. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: xedapen orokorrak. Udalen funtzionamendua. Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileak. Prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki entitateen jarduketak aurkaratzea eta kontrolatzea.

7. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak eta hura gauzatzeko prozedura.

8. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Aplikazio-eremu objektiboa. Tratamenduari buruzko printzipioak. Datu pertsonalak tratatzeko zilegitasuna. Datu pertsonalen kategoria berezien tratamendua. Interesdunen eskubideak. Tratamenduaren arduraduna eta tratamendu-eragilea. Eskubide digitalen bermea lan-eremuan. Intimitaterako eskubidea eta gailu digitalen erabilera, deskonexio digitalerako eskubidea. Intimitaterako eskubidea, bideozaintzako eta soinuak grabatzeko gailuen erabileraren aurrean. Intimitaterako eskubidea geolokalizazio-sistemen aurrean. Eskubide digitalak negoziazio kolektiboan.

9. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu publikoei buruzkoa: legearen xedea eta printzipioak. Kontratu motak eta adjudikazio prozedurak.

10.–Antsoaingo Udalaren Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Ordenantza.

11. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Administrazio karrera.

12. gaia.–Funtzio publikoan sartzea. Funtzio publikoan sartzeko oinarrizko printzipioak. Baldintzak. Langile motak. Funtzionarioak, langile lan-kontratudunak, behin-behineko langileak eta zuzendaritzako langile profesionalak.

13. gaia.–Administrazio publikoetako enplegatu publikoen eta gainontzeko langileen bateraezintasunen araubidea.

14. gaia.–Hautaketa prozesua. Hautaketa organoak. Hautaketa sistemak. Deialdiak eta oinarriak.

15. gaia.–Lanpostuak betetzea Funtzio Publikoan. Lekualdatze-lehiaketa, igoera lehiaketa. Bitarteko atxikipena. Izendapen askea.

16. gaia.– Aldi baterako kontrataziorako hautaketa prozedurak. Igoera txanda. Desgaitasuna duten pertsonen txanda.

17. gaia.–Administrazio egoerak. Kasuak. Ondorioak. Eszedentziak. Etetea. Jardunean berriz hastea.

18. gaia.–Oporrak. Baimenak eta lizentziak. Kontzeptua. Baimen motak.

19. gaia.–Lanpostuen balorazioa. Lanpostuen katalogoa. Plantilla organikoa. Kontzeptua. Plantilla eta aurrekontua.

20. gaia.–Lan publikoaren eskaintza. Lan publikoaren eskaintza kudeatzea. Aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuak.

21. gaia.–Funtzio Publikoaren egitura subjektiboa. Lanpostuen sailkapena. Lanpostua. Azterketa. Deskribapena. Lanpostuen balorazioa.

22. gaia.–Funtzionarioen ordainsariak. Ordainsariak. Praktiketako funtzionarioen ordainsariak. Bitarteko funtzionarioen ordainsariak.

23. gaia.–Nomina. Kontzeptua, ordainsari kontzeptuak analizatzea: ordainsari oinarrizkoak eta osagarriak. Aparteko ordainsariak, destinoko osagarria, osagarri berariazkoa, produktibitatea, haborokina eta beste batzuk. Hartzekoak, kotizatu beharrekoak eta kotizatu behar ez direnak. Kenkariak. Langilearen ekarpena Gizarte Segurantzaren kuotetarako. PFEZaren atxikipena. Kalkulua eta aplikazioa. Beste kenkari batzuk.

24. gaia.–Lan denbora. Lanaldia. Asteko atsedenaldia eta jaiegunak. Lanaldiaren murrizketa administrazio publikoetan. Lan-kontratudunak. Aparteko orduak: kontzeptua, motak eta araubide juridikoa; ordainsaria edo konpentsazioa.

25. gaia–Funtzionario publikoen eskubide eta betebeharrak. Eskubide kolektiboak.

26. gaia.–Diziplina-espedientearen kudeaketa. Diziplina-prozedura. Diziplina-espedienteak tramitatzea. Espedientea falta arinengatik.

27. gaia.–Toki Administrazioko langile lan-kontratudunak. Araubide juridikoa. 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena: Garatzeko arautegia.

28. gaia.–Langile lan-kontratudunen ordainsariak. Araudia. Soldaten egitura. Osagarriak. Soldataz kanpoko ordainsariak. Kalte-ordainak eta ordejarriak. Zerbitzuarengatiko kalte-ordainak. Kontzeptua. Kasuak. Justifikazioa.

29. gaia.–Administrazio publikoetako lan kontratuak iraungitzeko araubidearen berezitasunak.

30. gaia.–Lan kontratua. Kontzeptua, izaera juridikoa, adostasuna, objektua eta kausa. Lan-kontratuaren subjektuak: langilea eta enpresaburua. Lan kontratuaren eskubideak eta betebeharrak. Lan-kontratua hastea. Probaldia. Lan kontratua aldatzea, etetea eta azkentzea.

31. gaia.–Lan kontratu motak eta horien ezaugarriak. Lanaldi partzialeko kontratua. Aldizkako kontratu finkoa, errelebokoa eta erretiro partzialekoa.

32. gaia.–Gizarte Segurantzaren sistema. Araubide orokorra. Enpresak Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak. Langileen afiliazioak, bajak eta datuen aldaketa. Kotizazioa. Zuzeneko likidazioaren sistema (Cret@ proiektua).

33. gaia.–Tokiko enplegatu publikoen gizarte segurantza. Babestutako kontingentziak: Aldi baterako ezintasuna. Osasun laguntza.

34. gaia.–Tokiko enplegatu publikoen gizarte segurantza. Babestutako kontingentziak: Erretiroa. Ezintasun iraunkorra. Ezintasunik ez dakarten lesio iraunkorrak. Heriotza eta bizirik irautea: Kasuak.

35. gaia.–Soldata eta nomina. Kontzeptua eta elementuak. Soldata sorrarazpenak. Soldatakoak ez diren sorrarazpenak. Kenkariak. Kotizazio oinarrien kalkulua.

36. gaia.–Enplegatu publikoek negoziazio kolektiborako duten eskubidea. Funtzionarioen eta langile lan-kontratudunen ordezkaritza-organoak. Negoziatu beharreko gaiak. Negoziazio mahaiak. Itunak eta akordioak: edukia eta mugak.

37. gaia.–Araubide juridiko sindikala. Sindikatuen ordezkaritza. Ekintza sindikala. Enplegatu publikoen ordezkaritza organoak. Sailkapena, eskumenak eta bermeak. Hauteskunde-prozesua.

38. gaia.–Administrazio publikoetako hitzarmen kolektiboa. Funtzionario eta lan-kontratudunen negoziazio kolektiboa. Akordio eta itunen arteko lotura. Negoziazio kolektiboko prozedura.

39. gaia–Hitzarmen kolektiboa. Gatazka kolektiboak. Greba eskubidea eta gutxieneko zerbitzuak.

40. gaia.–Lan prozesu arrunta eta prozesu modalitateak. Lan prozesua. Printzipioak eta espezialitateak. Demanda. Adiskidetze judiziala eta epaiketa. Kaleratzea.

41. gaia.–Giza baliabideak planifikatzeko tresnak: Lan eskaintza, enplegu planak eta arrazionalizatzeko beste sistema batzuk. Langileen erregistroak.

42. gaia.–Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: Xedea eta aplikazio eremua. Langileen eta enpresen eskubide eta betebeharrak, legean jasotakoak. Lantokietako prebentzio zerbitzuak eta segurtasun eta osasuneko batzordea.

43. gaia.–486/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, lantokietako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenei buruzkoa. Enpresaburuaren betebeharrak. Laneko ekipamenduak egiaztatzea.

44. gaia.–Larrialdietarako neurriak. Larrialdietarako planak. Autobabeserako planak. Larrialdi egoerak sor ditzaketen jarduerak egiten dituzten zentro, establezimendu eta bulegoen autobabesari buruzko oinarrizko arauak.

45. gaia.–1215/1997 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, langileek laneko ekipamenduak erabiltzeari buruzkoa. Enpresaburuaren betebeharrak. Laneko ekipamenduak egiaztatzea.

46. gaia.–Martxoaren 10eko 286/2006 Errege Dekretua, langileen osasuna eta segurtasuna zaratarekin lotutako arriskuen kontra babesteari buruzkoa. Esposizioa saihesteko edo murrizteko xedapenak. Arriskuen ebaluazioa. Banakako babesak. Langileei informazioa eta prestakuntza ematea.

47. gaia.–374/2001 Errege Dekretua, apirilaren 6koa, langileen osasuna eta segurtasuna babesteko, lanean agente kimikoekin jarduteari lotutako arriskuei dagokienez. Arriskuen ebaluazioa. Prebentzio neurri espezifikoak. Osasuna zaintzea. Istripu, gorabehera eta larrialdien aurrean hartu beharreko neurriak. Langileei informazioa eta prestakuntza ematea.

48. gaia.–664/1997 Errege Dekretua, maiatzaren 12koa, langileak agente biologikoekin lan egiteak dituen arriskuen kontra babesteari buruzkoa. Xedea eta esparrua. Agente biologikoen sailkapena. Arriskuen identifikazioa eta ebaluazioa. Arriskuen murrizketa. Higiene neurriak. Langileentzako informazioa eta prestakuntza.

49. gaia.–488/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, segurtasun eta osasun xedapen gutxienekoak ezartzen dituena bistaratze-pantailak dituzten ekipamenduekin egin beharreko lanetarako. Legearen xedea. Enpresaburuaren betebeharrak. Osasuna zaintzea. Informazioaren eta parte-hartzearen arloko betebeharrak.

50. gaia.–Alderdi psikosozialen arriskuak identifikatu, ebaluatu eta prebenitzeko neurriak lantokian. Arrisku psikosozialak. Sailkapena, ebidentzia zientifikoa duten arrisku ereduak, lanaren antolaketarekin lotutakoak. Antolamenduzko arrisku psikosozialen kudeaketa.

Iragarkiaren kodea: L2303273