261. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

79/2023 FORU AGINDUA, azaroaren 21ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 600 eta 605 ereduak onesten dituena, kostu bidezko ondare-eskualdaketen eta sozietate-eragiketen eta egintza juridiko dokumentatuen modalitateetakoak.

Apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren xedapenen Testu Bateginaren 39.2 artikuluak xedatzen duenaren arabera, subjektu pasiboek, zerga aitorpena aurkezten dutenean, dagokien zerga-zorra zehaztu beharko dute autolikidazioa eginez eta araudiak ezarritako toki, modu eta epeetan haren diru-sarrera egin.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 24ko 2/2011 Foru Aginduaren bidez, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 600 eta 605 ereduak onetsi ziren, kostu bidezko ondare-eskualdaketen eta sozietate-eragiketen eta egintza juridiko dokumentatuen modalitateetakoak.

Foru agindu horrek ezartzen du bi autolikidazioko ereduak paperean edo elektronikoki aurkezten ahalko direla, laguntza-programaren bidez.

Foru agindu honen xedea da bi ereduen aurkezpen elektronikoa web-formularioaren bidez arautzea eta laguntza-programaren bidezko aurkezpena bertan behera uztea, bai eta 2/2011 Foru Aginduan jasotako araudia eguneratzea ere.

600 eta 605 ereduak aldez aurretik ordaintzekoak direla kontuan hartuta, autolikidazioaren emaitza dela-eta diru-sarrera egin behar, ezin izanen dira aitorpenak aurkeztu ordainketa hori aurretik izapidetu eta egiaztatu ez bada.

Ordainketa egiaztatzeko, kode bat erabiltzen da (erreferentzia zenbaki osoa-EZO); kode hori Nafarroako Foru Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza-entitateen sistema informatikoek automatikoki sortzen dute, diru-sarrera egin ondoren. Sistema hau, azpiegitura kriptografiko batean oinarritua, fidagarria, segurua eta bizkorra da, eta haren erabilera oso zabaldua dago finantza-entitateen artean. Sistema aspalditik dago martxan Nafarroako Foru Ogasunaren aplikazio telematikoetan, eta haren asmoa da diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duten finantza-entitate guztiak ordainketa telematikoen sistema horrekin bat egitea. Hala, zergapekoak edo bere ordezkariak, ez zerga bulegoetara ez bankukoetara joan beharrik gabe, tramite guztiak egin ditzake Nafarroako Foru Ogasunak bere eskura jartzen dituen web-zerbitzuen bidez.

Hala ere, gaur egun finantza-entitate guztiak ez dutenez bat egin Nafarroako Foru Ogasunaren ordainketa-sistema telematiko honekin, eta ordainketaren izapidea eta egiaztatzea errazte aldera, bigarren modalitate bat gaitzen da erreferentzia zenbaki osoa lortzeko. Horren bidez, honako hauek egiten ahal dira: aitorpenaren zirriborro bat gorde Nafarroako Foru Ogasunaren web-zerbitzuetan, egin beharreko ordainketaren datuak lortu eta izapidetu finantza-entitateak bezeroen eskura jartzen duen sistemaren bidez (aurrez aurre edo entitatearen beraren web-zerbitzuen bidez), zergaren ordainketa egin eta erreferentzia zenbaki osoa lortu. Zenbaki hori lortu ondoren, Nafarroako Foru Ogasunaren aplikazio informatikoaren bidez zirriborroa berreskuratu, erreferentzia zenbaki osorako eremua bete eta aitorpena aurkezten ahal da.

Maiatzaren 17ko 165/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ondare-Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 94.3 artikuluaren arabera, subjektu pasiboek zergaren autolikidazioa aurkeztu beharko diete zerga-administrazioko organo eskudunei, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak berariaz onetsitako aitorpen-likidazio inprimakiaren ereduan.

Aldi berean, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Onestea 600 eredua.

Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 600 eredua onesten da. Kostu bidezko ondare-eskualdaketen eta sozietate-eragiketen modalitateari dagokio, eta foru agindu honen I. eranskinean jaso da.

2. artikulua. Onestea 605 eredua.

Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 605 eredua onesten da. Egintza juridiko dokumentatuen modalitateari dagokio, eta foru agindu honen II. eranskinean jaso da.

3. artikulua. 600 eta 605 ereduak aurkeztera behartutakoak.

600 eta 605 ereduak aurkeztera behartuta daude, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 38. artikuluan xedatutakoaren arabera, autolikidatzera eta, hala badagokio, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren diru-sarrera Nafarroako Foru Ogasunean egitera behartuta dauden subjektu pasiboek.

Eredu horiek erabiliko dira kostu bidezko ondare-eskualdaketa, sozietate-eragiketa eta egintza juridiko dokumentatuen kontzeptuengatik egiten diren autolikidazio guztietarako, salbu 601, 610, 620 eta 630 ereduak erabiltzea bidezkoa denean.

4. artikulua. 600 eta 605 ereduak aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea.

600 eta 605 ereduak aurkeztu eta, hala badagokio, ordainduko dira maiatzaren 17ko 165/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ondare-Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 91. eta 98. artikuluetan ezarritako epeetan.

Epe horien barruan, ereduak aurkeztu aurretik ordainketak egin beharko dira, foru agindu honetan azaldu bezala.

5. artikulua. 600 eta 605 ereduak aurkezteko moduak.

1. 600 eta 605 ereduak aurkezteko, subjektu pasiboek bide hauetako edozein erabiltzea erabakitzen ahal dute:

a) Paperean, Nafarroako Foru Ogasunak inprimakiak sortzeko garatu duen zerbitzuaren bidez lortutakoa bakarrik; zerbitzu hori Nafarroako Foru Ogasunaren Interneteko atarian eskura dago.

b) Modu elektronikoan, Internet bidez, 6. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

2. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 1. artikuluak aipatzen dituen zergapeko guztiek Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egin beharko dute. Foru agindu horren bidez arautzen dira aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio-aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk baliabide telematikoen bidez eta ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

6. artikulua. 600 eta 605 ereduak modu elektronikoan aurkezteko ahalmena eta baldintza orokorrak.

1. Honako hauek aurkezten ahalko dituzte 600 eta 605 ereduak modu elektronikoan, Internet bidez:

a) Aurkezteko betebeharra dutenek edo, kasua bada, haien ordezkariek.

b) Tributuen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, foru agindu horretan onesten baita kanpo lankidetzarako akordioa, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu-zorren ordainketa.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen telematiko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

2. 600 eta 605 ereduen aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Eredua aurkezten duenak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Eredua elektronikoki aurkezteko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dira, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait tributu aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

7. artikulua. 600 eta 605 ereduak modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

1. Autolikidazioen aurkezpen elektronikoa Internet bidez egiteko, web-formularioa erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1. Sartu Ogasunarekin izapideak egiteko zerbitzura, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orritik.

2. Zer autolikidazio eredu egin nahi den adierazi, eta hura aurkeztu ahal izateko beharrezkoak diren datu guztiak bete.

Web-formularioak 9.2 artikuluan aipatutako dokumentazioa eransteko aukera emanen du.

Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotuko du. Akatsak hautematen direnean, formularioaren bidez jakinaraziko dira.

3. Zerga-zorra ordaindu, hala badagokio. Aitorpena aurkeztu aurretik, ordainketa izapidetu behar da. Hori 8.2 artikuluan adierazitako moduan eginen da.

Ordainketa egin izana egiaztatzeko, ordainketa horri dagokion erreferentzia zenbaki osoa komunikatu beharko zaio Nafarroako Foru Ogasunari. Honako aukera hauek daude:

a) Ordainketa Nafarroako Foru Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemaren bidez izapidetzen bada, aitorpena aurkezteko web-zerbitzuak berak erraztuko du izapide hori, formularioan beharrezko datuak bete ondoren erreferentzia zenbaki osoa emanen baitu.

Sistema horren bidez erreferentzia zenbaki osoa lortu eta sartutakoan, aurkezleak aitorpena bidaliko du, eta ez da bestelako izapiderik egin beharko.

b) Ordainketa ordainketa-gutun bidez izapidetzen bada, zerga aurkezteko web-zerbitzuak aukera emanen du datuak behar bezala beteta dituen zirriborro bat gordetzeko eta zirriborroan agertzen den zenbatekoa duen ordainketa-gutuna lortzeko. Ordainketa-gutunaren ordainketa diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen finantza-entitate batean eginen da, aurrez aurre edo entitate horrek bezeroen eskura jartzen duen bitartekoaren bidez, eta hark erreferentzia zenbaki osoa emanen dio. Ondoren, zirriborro hori berreskuratuko da, eta, erreferentzia zenbaki osoa sartu ondoren, aitorpen gisa izapidetuko da.

4. Aitorpena bidali. Bete eta gero, eta hala badagokio, autolikidazioa ordaindu ondoren, bidalketa baimenduko da.

Autolikidazioa aurkeztu ondoren, jasotako autolikidazioari esleitutako zenbakia jakinaraziko du sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, egiaztagiri gisa erabiltzeko.

600 eta 605 ereduen bidalketan autolikidazio bat baino gehiago sartzen ahal da. Hori egiten bada, Administrazioak egindako bidalketak baliozkoak direla egiaztatuko du, eta autolikidazio aurkezpenen lote-zenbaki bat sortuko du, baita aurkeztutako autolikidazio bakoitzari esleitutako zenbakia ere, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, egiaztagiri gisa erabiltzeko.

8. artikulua. 600 eta 605 ereduak aurkezteko eta ordaintzeko tokia.

1. Ereduak paperean aurkezteko tokia.

Eredu horiek Nafarroako Foru Ogasunak jendeari arreta emateko dituen bulegoetan aurkeztuko dira.

2. Sartu beharreko autolikidazioen ordainketa.

Subjektu pasiboek autolikidazioaren ondoriozko zerga-zorra ordaindu beharko dute Nafarroako Foru Ogasunaren edozein finantza-entitate laguntzailetan, horretarako III. eta IV. eranskinetan ageri diren 770 eta 771 ordainketa-gutunak erabiliz.

Ordainketa-gutun horiek honela lortzen ahal dira:

a) Nafarroako Foru Ogasunak horretarako garatu duen eta Interneteko atarian eskuragarri dagoen inprimakiak sortzeko zerbitzuaren bidez.

b) Zerga aurkezteko web-zerbitzuaren bidez; datuak behar bezala bete ondoren, zirriborro bat gordetzeko aukera emanen du, bai eta zirriborroan agertzen den zenbatekoarekin ordainketa-gutuna eskuratzekoa ere.

Modu elektronikoan Internet bidez aurkeztutako autolikidazioetan, gainera, aurreikusirik dago ordainketa telematikoa egiteko aukera, web-formularioa bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketarako oharrei jarraikiz. Aukera hori erabiltzeko, finantza-entitateak Nafarroako Foru Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistema erabili beharko du. Zerga hau aurkezteko web-zerbitzuan sistema hori duten finantza-entitateen zerrenda kontsultatzen ahal da.

3. 600 eta 605 ereduen aurkezpena Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian egiaztatzen ahalko da, egindako aitorpenen eta jakinarazpenen kontsulten izapidetik.

Izapide horretatik, ondorio guztietarako zergaren aurkezpenaren eta ordainketaren egiaztagiri gisa balioko duen dokumentu bat lortzen ahalko da.

9. artikulua. 600 eta 605 ereduei erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Ereduak paperean aurkezten dituzten subjektu pasiboek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Dokumentu publikoen kasuan, eskritura publikoaren lehen kopia edo kopia soila, edo aitorpenaren xedeko egintza edo negozio juridikoa jasotzen duen dokumentu judizial edo administratiboaren kopia autentikoa eta kopia soila.

Agiri hori notario-agiri publiko bat bada eta notario eskuesleak agiri horren kopia Nafarroako Foru Ogasunera bide elektronikoz bidaltzen badu, ez da agiri hori erantsi beharko, 1862ko maiatzaren 28ko Notariotzari buruzko Legearen 17 bis artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Dokumentu pribatuen kasuan, aitorpenaren xedeko egintza edo negozio juridikoa jasotzen duen dokumentuaren jatorrizkoa eta kopia.

c) Horrez gain, onura fiskalen bat aplikatu bada, hura aplikatzeko eskubidearen egiaztagiriak ere aurkeztu behar dira.

Nafarroako Foru Ogasunak subjektu pasiboari itzuliko dizkio eskrituraren lehen kopia, dokumentu judizial edo administratiboaren kopia autentikoa edo dokumentu pribatuaren jatorrizko kopia, zigilatu ondoren.

2. Ereduak bide elektronikoz aurkezten dituzten subjektu pasiboek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Dokumentu publikoen kasuan, aitorpenaren xedeko egintza edo negozio juridikoa jasotzen duen dokumentu judizial edo administratiboaren kopia edo eskritura publikoaren kopia soila.

Agiri hori notario-agiri publiko bat bada eta hori baimendu duen notarioak agiri horren kopia Nafarroako Foru Ogasunera bide elektronikoz bidaltzen badu, ez da agiri hori erantsi beharko, 1862ko maiatzaren 28ko Notariotzari buruzko Legearen 17 bis artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Dokumentu pribatuen kasuan, aitorpenaren xedeko egintza edo negozio juridikoa jasotzen duen dokumentuaren kopia.

c) Horrez gain, onura fiskalen bat aplikatu bada, hura aplikatzeko eskubidearen egiaztagiriak ere aurkezten ahal dira.

3. Dokumentazio hori guztia ereduak paperean edo bide elektronikoz aurkeztearekin batera aurkeztuko da.

10. artikulua. Erregistro publikoek eta herritarrek aurkeztu eta ordaindu izanaren egiaztagiria egiaztatzea.

1. Aitortzaileak berariaz baimena eman ondoren, jabetza- eta merkataritza-erregistratzaileek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian eskuragarri dagoen zerbitzu baten bidez kontsultatzen ahalko dute paperean edo bide elektronikoz aurkeztutako autolikidazioen edukia, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren mende dagoen egintza edo kontratua jasotzen duten dokumentuak onartuak izateko eta ondorioak izan ditzaten erregistro publiko horietan.

2. Era berean, sarbide publikoko zerbitzu bat gaituko da Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian, aurkeztu edo ordaindu izanaren egiaztagirian eta Nafarroako Foru Ogasunean dauden datuak bat datozela egiaztatzeko.

11. artikulua. Notarioek aurkeztu eta ordaindu izanaren egiaztagiria egiaztatzea.

Aitortzaileak berariaz baimena eman ondoren, autolikidazioa eta zergaren ordainketa aurkeztu izanaren egiaztagiria bidaliko zaio deklarazioaren xede den eskritura publikoa baimendu duen notariotzari.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 24ko 2/2011 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioko 600 eta 605 ereduak onetsi ziren, kostu bidezko ondare-eskualdaketen eta sozietate-eragiketen eta egintza juridiko dokumentatuen modalitateetakoak, hurrenez hurren.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera aurkezten diren autolikidazioei aplikatuko zaie, zein den ere zerga sorrarazteko data.

Iruñean, 2023ko azaroaren 21ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

I. ERANSKINA.–600 eredua.

II. ERANSKINA.–605 eredua.

III. ERANSKINA.–770 zenbakiko ordainketa-gutuna.

IV. ERANSKINA.–771 zenbakiko ordainketa-gutuna.

Deskargatzeko dauden eranskinak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2316487