261. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

74/2023 FORU AGINDUA, azaroaren 14koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 18ko 231/2013 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 210 eta 211 ereduak onetsi eta horiek aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri ziren. Eredu horiek erabili behar dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak aitortzeko eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena aitortzeko.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluak ezartzen duenez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga ordainarazteko orduan, Estatuak unean-unean ezarrita dituen arauekin alderatuta, funtsez eta formaz eduki bera duten arauak aplikatuko ditu Foru Komunitateak. Era berean, artikulu horrek Foru Komunitateari esleitzen dio zergaren aitorpen eta diru-sarrera egiteko ereduak onesteko eta diru-sarrera egiteko epeak ezartzeko eskumena; adierazten du, halaber, eredu horietan ageri behar direla, gutxienik ere, lurralde erkidekoan dauden datu berak, eta Foru Komunitateko epeak eta Estatuko Administrazioak ezarritakoak funtsean ezin daitezkeela desberdinak izan.

Zergaren erregulazioa jasota dago Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginean (martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) eta hura garatzen duen Erregelamenduan (uztailaren 30eko 1776/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsia).

Ekainaren 18ko 231/2013 Foru Aginduak 210 eta 211 aitorpen ereduak onetsi zituen, hau da, establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errenten autolikidazioa eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik egindako atxikipenaren autolikidazioa egiteko erabili behar direnak.

231/2013 Foru Agindua argitaratu zenetik, 210 eredua beste modu batzuetan aurkezteko aukera ematen duten garapen informatikoak egin dira, helburua izanik, funtsean, ziurtatzea zergadunak autolikidazioa zerga administrazioak eskatzen duen informazio guztia adierazita betetzen duela. Zehazki, ezartzen den modalitate berria "aurreaitorpena" izenekoa da, autolikidazioa online betetzean datzana, ondoren inprimatu eta aurrez aurre aurkezteko. Horren ondorioz, aurrerantzean ezin izanen da eredua bete gabe inprimatu, ondoren eskuz betetzeko.

Foru agindu honen helburua da, hortaz, "aurreaitorpena" gehitzea 210 eredua aurkezteko moduetara, eta kentzea eredua bete gabe inprimatzeko aukera, orain arte erabili ahal izan dena.

Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginaren azken xedapenetako bigarrenak 2. atalean ezartzen duenez, zerga honen aitorpena eta haren konturako ordainketak egiteko ereduak Ogasuneko ministroak onetsiko ditu, eta hark ezarriko ditu, halaber, aurkezteko modua, tokia eta epeak, bai eta modu telematikoan aurkezteko kasuak eta baldintzak ere. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluari jarraikiz, ulertu behar da gaikuntza hori ematen zaiola Nafarroako Gobernuan zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrari.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan aurreikusitako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako printzipio hauek ere betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 18ko 231/2013 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 210 eta 211 ereduak onetsi ziren, eta haiek aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri. Eredu horiek erabili behar dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak aitortzeko eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena aitortzeko. Ekainaren 18ko 231/2013 Foru Aginduaren manu hauek aldatu eta honako testu hau izanen dute:

Bat.–1. artikulua.

"1. artikulua. Onestea 210 eredua.

"Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Autolikidazioa" izeneko 210 eredua onesten da. Haren edukia I. eranskinean dago."

Bi.–6. artikulua.

"6. artikulua. 210 eta 211 ereduak aurkezteko moduak.

1. 210 eredua honela aurkezten ahalko da:

a) Paperean (aurreaitorpena), bakar-bakarrik Nafarroako Foru Ogasunak horretarako garatu duen inprimaketa zerbitzua erabiliz sortzen dena.

Horretarako, Nafarroako Foru Ogasunak Interneteko atariaren bidez ematen duen formularioa bete beharko da, eta ondoren inprimatu. Inprimakia (PDF formatuan) "aurreaitorpena" da eta ez du legezko baliorik aktibatzen ez den bitartean. Aktibatzeko, Nafarroako Foru Ogasuneko bulegoetan aurkeztu beharko da, behar bezala sinatuta eta 11. artikuluaren arabera bidezkoa den dokumentazioa erantsita.

"Aurreaitorpenean" inprimatutako datuek lehentasuna izanen dute eskuz eginiko aldaketa edo zuzenketen gainetik; aldaketa edo zuzenketa horiek ez dute ondoriorik izanen zerga administrazioarentzat.

b) Modu elektronikoan, Internet bidez, 7. eta 8. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

2. 211 eredua paperean aurkeztu beharko da nahitaez, eta bakar-bakarrik Nafarroako Foru Ogasunak inprimakiak sortzeko garatu duen zerbitzuaren bidez eskuratutakoa izan beharko da; zerbitzu hori Nafarroako Foru Ogasunaren Interneteko atarian eskura dago."

Hiru.–7. artikulua.

"7. artikulua. 210 eredua modu elektronikoan aurkezteko gaikuntza eta baldintza orokorrak.

1. Honako hauek aurkezten ahalko dute 210 eredua modu elektronikoan, Internet bidez:

a) Aurkezteko betebeharra dutenek edo, kasua bada, haien ordezkariek.

b) Tributuen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, foru agindu horretan onesten baita kanpo lankidetzarako akordioa, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu-zorren ordainketa.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen telematiko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

2. 210 eredua Internet bidez elektronikoki aurkezteko, honako baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Eredua aurkezten duenak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Eredua elektronikoki aurkezteko, beteko dira Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait tributu aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak."

Lau.–8. artikulua.

"8. artikulua. 210 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

Autolikidazioen aurkezpen elektronikoa Internet bidez egiteko, web inprimakia erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1. 210 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Web formularioko beharrezko datu guztiak bete.

3. Autolikidazioa bete ondoren, "igorri" aukera erabili.

Autolikidazioa zuzen egina bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

Autolikidazioa zuzen egina denean, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia jakinaraziko du sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko. Zergadunak onartutako autolikidazioa gorde beharko du."

Bost.–9. artikulua.

"9. artikulua. 210 eta 211 ereduak aurkezteko eta diru-sarrera egiteko tokia.

1. Ereduak paperean aurkezteko tokia.

210 eta 211 ereduak paperean aurkezten ahalko dira Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoak jendeari arreta emateko dauzkan bulegoetan.

2. Diru-sarrera edo itzultzeko eskaera.

a) 210 eredua aurkezteko garaian, zerga zorraren diru-sarrera eginen da edo autolikidazioaren ondoriozko itzulketa eskatuko da.

Diru-sarrera egin beharreko autolikidazioen kasuan, Nafarroako Foru Ogasunaren edozein finantza entitate laguntzaileren bidez eginen da diru-sarrera, 773 ereduko ordainketa gutuna erabilita. Modu elektronikoan Internet bidez aurkeztutako autolikidazioetan, gainera, aurreikusirik dago ordainketa telematikoa egiteko aukera, web formularioa bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketarako oharrei jarraikiz.

Autolikidazioaren emaitza itzuli beharreko kopuru bat denean, itzulketa eskatzeko aitorpena erabiliko da, transferentzia egiteko banku-kontua identifikatzen duten datuak adierazita. Banku entitateak kontuaren eta titularraren datuak ziurtatu beharko ditu. Aitorpena aurkezten duen zergadunak edo erantzule solidarioak edo atxikitzaileak edo ordezkariak izan beharko du banku-kontuaren titularra.

Eskatzen bada itzulketa egitea zergadunaren ordezkaria titular duen kontu batean, eta ordezkari hori ez bada aldi berean erantzule solidarioa edo atxikitzailea, Ekonomia eta Ogasun Departamentuan egiaztatuta egon beharko du ordezkaritzak, eta hori egiaztatzen duen dokumentuan klausula bat beharko da, ahalmena ematen diona zergadunaren aldeko itzulketa jasotzeko.

Autolikidazioa ordezkari batek, atxikitzaile batek edo erantzule solidario batek aurkezten duenean, zergadunaren banku-kontu bat ere adierazten ahalko da itzulketa egiteko.

b) 211 ereduko aitorpenen kasuan diru-sarrera egin behar denean, Nafarroako Foru Ogasunaren edozein finantza entitate laguntzaileren bidez eginen da diru-sarrera, 774 ereduko ordainketa gutuna erabilita."

Sei.–I. eranskina.

Ekainaren 18ko 231/2013 Foru Aginduaren I. eranskina foru agindu honen I. eranskinak ordeztuko du.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu beharreko aitorpenei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2023ko azaroaren 14an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Autolikidazioa jaitsi (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2316239