245. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEGARDA

Suteen prebentzioari buruzko udal ordenantzaren behin betiko onespena

Legardako Udalak, 2023ko irailaren 8an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen suteen prebentzioari buruzko Legardako Udal Ordenantza.

Onespenaren erabakia 2023ko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 26an, eta jendaurrean egoteko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, Ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraiki.

Legardan, 2023ko azaroaren 10a.–Alkate udalburua, Silvestre Belzunegui Otano.

SUTEEN PREBENTZIOARI BURUZKO LEGARDAKO UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Basoko suteak, gaur egun, baso ondarea eta herri mendiak ez ezik, natura baliabideak ere, eta orobat, landa eremuko giza jardueraren iraupena eta garapena ere jotzen dituen mehatxua dira.

Azken urteotan, suteak ugaritu egin dira, eta gero eta bortitzagoak, arriskutsuagoak eta kontrolatzen zailagoak izaten ari dira.

Egoera horrek agerian uzten du ikuspegi orokor berri bat behar dela Nafarroako eta, zehazki, Legardako baso suteen aurkako prebentzioan eta borrokan, fenomeno horretan eragiten duten faktoreak kontuan hartuko dituen tratamendu batetik abiatuta.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta oinarri juridikoak.

Ordenantza honen xedea da hiri inguruneetan eta hiri/baso interfazean suteak prebenitzea, eta, horretarako, dagozkion administrazio publikoekin koordinatutako prebentzio politika aktiboa sustatzea, hiriguneetan eta inguruko eremuetan jardutean oinarritua.

2. artikulua. Eremu subjektiboa.

Ordenantza hau nahitaez bete beharrekoa da Legardako udal mugartean dauden finka, lur eta orubeen jabe edo erabiltzaile diren pertsona fisiko eta juridiko guztientzat.

Horrez gain, Ordenantza honetan jasotako xedapen zehatzaileak aplikatuko zaizkie, orobat, ondasun higiezinen jabe izan gabe ere, beren egintzez sute arriskua eragiten duten edo larrialdi taldeen etorrera eta lana zailtzen duten pertsonei.

II. KAPITULUA.–PREBENTZIO NEURRIAK

3. artikulua. Erantzukizunen araubidea.

Ondasun higiezinen jabeak beren ondasun higiezinen garbitasun eta kontserbazio eta segurtasun egoera egokiaren erantzule izanen dira, bai eta ondasun horiek segurtasun, osasungarritasun eta apaindura publikoko egoeran mantentzearen erantzule ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1.b) artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak ukatu gabe.

Ondasun higiezin baten zuzeneko jabaria duten pertsonak eta jabari erabilgarria dutenak desberdinak badira, edo gozamen edo errentamenduko eskubideak badaude, ondasun horiek sasitzarik, zaborrik, eta obra hondakinik edo hondarrik gabe mantentzeko erantzukizuna azken horien gain egon daiteke, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeak eta Landa Errentamenduei buruzko azaroaren 26ko 49/2003 Legeak horretarako xedatzen dutena ukatu gabe.

Oraindik zatitu eta esleitu gabeko jaraunspenak dituzten ondasun higiezinen kasuan, aski izanen da jaraunsle ezagunetako bati jakinaraztea, jaraunspen komunitatearen ordezkaritzat hartuko baita pertsona hori, ondorio horietarako.

4. artikulua. Hirigunea.

4.1. Hirigunea Udalaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean halakotzat definitutakoa izanen da.

4.2. Eremu horretan, debeku eta betebeharren araubide hau bete beharko da:

1. Eraiki gabeko lurzatiei dagokienez: lurzati horiek landaretzarik, obra hondakinik eta material erregairik gabe egon beharko dute udaberri bukaeratik, uda eta udazken amaiera bitarteko sasoi lehorrean. Ez da biltzen ahalko material sukoirik edo su hartzeagatik arriskua sortzen ahal duenik.

2. Lurzati urbanizatu eta eraikiei dagokienez: lurzati horietan ez da erretxina ugariko espezierik landatzen ahalko, suak aise hartzen baititu, hala nola, altzifrea, pinua, etab., ez lurzatiaren itxiturako heskaietan, ez lurzatiaren barneko zuhaiztietan ere. Lurzatiaren mantentze lan egokia eginen da, sasiak agertzea galaraziko da, eta kanpoan ez da metatzen ahalko sua edo sugar azkarrak sor ditzakeen materialik edo objekturik.

3. Egurtegiei dagokienez, kanpoan badaude, ez dira etxeetako teilatu hegalpeetan jarri behar; eraikinetatik aparte dauden partzeletan aldenduta jarri behar dira, eta sukoiak ez diren gauzez estali.

4. Mantentze lan egokia egin behar da teilatu, erreten eta zorrotenetan, eta garbitu beharko dira, material begetal, hosto, adaxka eta abarren metaketak kenduz.

5. Herriko kaleetan pasabidea libre utziko da eta debeku da irtenbiderik gabeko karrika estuetan aparkatzea, larrialdiko ekipoek eta ibilgailuek sarbidea izan dezaten.

6. Debekatuta dago seinaleztatutako ur hartuneak eta ureztatze ahoak oztopatzea, nolanahi dela ere, (ibilgailuak aparkatuz, gauzak eta materialak pilatuz, etab.), eta horien erabilera eragoztea.

5. artikulua. Hirigunearen perimetroaren mugako hiri-ingurumariak.

5.1. Hiri antolamenduko planak zehazten duen hirigunearen perimetroan mugakide diren lurzatiak sartzen dira eremu horretan, eta mugakideak izan gabe, mugatik 50 metrora baino hurbilago daudenak ere bai.

5.2. Eremu horretan, debeku, betebehar eta gomendio hauek bete beharko dira:

1. Nekazaritzako finketan 2 ekintza nagusi ezarri dira:

a. Gomendatzen da zerrenda bat uztea lugorri, belar labore edo antzekoak jarrita, betiere bilketa goiztiarrekoak, NPBren barruan sartzen direnak.

b. Nahitaez betebeharrekoa da lursail osoa luberritzea, uzta biltzeko lanak egin ondoren.

2. Laborerako erabiltzen ez diren lursailak 2 urtez behin garbituko dira, landare gai lehorren metaketa saihesteko.

3. Ez da bidexka eta bide publikoetan aparkatzen ahalko, ezta pasabidea galaraziko duten elementu edo materialak bertan uzten ahalko ere.

6. artikulua. Nekazaritza-basogintza eremua.

6.1. Eremu horretan sartzen dira hirigunetik eta hiri-ingurumaritik kanpo geratzen diren udal mugarteko landa lurrak.

6.2. Eremu horretan, debeku eta betebeharren araubide hau bete beharko da:

1. Araudia zehaztuta dago Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 16an eman zuen 222/2016 Foru Aginduan, hartan ezarri baitzen sua lurzoru urbanizaezinean erabiltzeko arautegia, baso suteen prebentzioa helburu.

http://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=37630

2. Espresuki debekaturik dago baimenik gabeko ibilgailuak ibiltzea bidetik kanpo, zirkulazio librerako itxita dagoen eremuan, "Legardako bide publikoen eta finken sarbideen erabilera arautzen duen Ordenantzaren" 10. artikuluan zehazten dena aintzat hartuta.

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2009/118/18/

7. artikulua. Udal mugarte osoa.

7.1. Udal mugarte osoan, inork sute edo su-foku baten berri badu, nahitaezko betebeharra du horren berri ematea berehala. Halakoren baten berri duen pertsonak kontaktua eginen du, lehenik eta behin, larrialdi zerbitzuekin, 112 zenbakian, eta Legardako Babes Zibileko Batzordearekin (Legardako 2023/02/10eko Akordioa), Legardako suteen aurkako jarduketa protokoloan (Legardako 2022/10/26ko Akordioa) eta Legardako bizilagunei banatutako zirkularrean ezarritakoa aintzat hartuz.

Udal mugarteko lurzoru urbanizaezineko eremuetan, gainera, nahitaez bete beharko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 16an emandako 222/2016 Foru Aginduan ezarritako neurriak, hartan ezarri baitzen sua lurzoru urbanizaezinean erabiltzeko arautegia, baso suteen prebentzioa helburu, edo hura garatzeko ematen direnak.

7.2. Ondoko jarduketa hauek debeku dira Legardako udal mugarte osoan:

1. Sua duten edo sua eragin dezaketen kohete edo artefaktuak botatzea (jaietako suziria edo Udalak baimendutako bestelako ekintzak izan ezik).

2. Piztuta dauden pospoloak, zigarrokinak edo bestelako objektuak botatzea.

3. Sua sortzea errazten ahal duten zaborrak, hondakinak edo bestelako hondakinak nonahi uztea.

4. Txinpartak sortzen ahal dituzten erremintak edo makinak baimenik gabe erabiltzea.

5. Obrako elementuak (materialak, makineria, aldamioak, edukiontziak edo antzekoak) baimendutako lekuetatik kanpo jartzea, edo eremu publikoa okupatzeko baimenik ez dutenak, eta suteak itzaltzeko edo larrialdietako ibilgailuen pasabidea galarazten ahal dutenak.

6. Bideetan uztea traba eragiten ahal duten gauzak, modu iraunkorrean nahiz behin-behinean, basogintzako lanetako edo suteak itzaltzeko ibilgailuen joan-etorriak edo maniobrak eragozten edo zailtzen ahal dutenak, trafikoari buruzko arauen beste arau-hauste batzuk alde batera utzita.

7. Beirak, botilak edo hondakin sukoiak edo sua eragin dezaketenak nonahi uztea.

8. Partzelan uztea inausketaren eta bestelako baso tratamenduen hondarrak.

9. Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, ingurumena larri kaltetu edo hondatu gabe, edo jendearen osasuna arrisku larrian jarri gabe.

10. Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, ingurumenari edo pertsonen osasunari kalte larria eraginez.

11. Sastraka, belarra edo baso hondakinak erretzea horretarako berariazko baimenik gabe edo, berariazko baimena izanda ere, erreketa modu kontrolatuan egiteko aurreikusitako eskakizunak bete gabe (behar den lagun taldea, palak eta motxila itzalgailuak, motoponpa duen ibilgailua, haizearen gehienezko abiadura eta abar).

III. KAPITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA

8. artikulua. Ikuskaritzaren eskumena.

Legardako Udalak, Alkatetzaren edo hark eskuordetutako zinegotziaren bidez, Ordenantza honetan arautu eta ezarritako jarduerak eta betebeharrak betetzen diren kudeatuko du, eta kapitulu honetan aurreikusitako zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea izapidetu ondoren.

Alkatetzak, ofizioz edo pertsona partikular batek eskaturik, eta udalaren zerbitzu teknikoen txostena eskuratu ondoren, edo, behar bada, Nafarroako Gobernuak, dagozkion nahitaezko laguntzako eginkizunak betez, eskaintzen ahal dizkion zerbitzu teknikoen txostena hartuta, ebazpena emanen du, partzeletan dauden akatsak adieraziz eta horiek zuzentzeko behar diren neurriak aginduz.

Emandako epea neurri egokiak hartu gabe iraganez gero, Alkatetzak zehapen espedientea irekitzeko aginduko du, eta indarra duen Administrazio Prozedurari buruzko Legearen arabera tramitatuko da. Ebazpenean, gainera, jabeari edo administratzaileari eskatuko zaio emandako agindua betetzeko, eta hark betetzen ez badu, Udalak eginen du lan hori, behartuaren kontura, betearazpen subsidiarioko prozedura baliatuz.

9. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak hauek dira:

a) Ordenantza honetan aurreikusitako betebeharrak ez betetzea, eta, oro har, aurreikusitako prebentzio neurrien kontrako jarduketa oro.

b) Sua erabiltzea Nafarroako Gobernuak ezarritako araudia aintzat hartu gabe.

c) Partzeletan belar-sastrakak edo baso landaredia garbitzea edo moztea baimenik gabe.

d) Suteen prebentzio eta konponketa lanak oztopatzea.

e) Udal mugarteko hiri/baso interfazearen barruan sutea eragiten ahal duen edozein ekintza.

9.1. Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

9.2. Arau-hauste arinak hauek izanen dira:

Arau-hauste arintzat hartuko dira betebehar hauei dagozkienak: 4.2 artikuluko 1. eta 2. puntuak; 5.2 artikuluko 1., 2. eta 3. puntuak; 6.2 artikuluko 1. eta 2. Puntuak; eta 7.2 artikuluko 8. eta 9. puntuak.

9.3. Arau-hauste astunak hauek izanen dira:

Ondoko betebehar hauei dagozkienak: 4.2 artikuluko 5. eta 6. puntuak; eta 7.2 artikuluko 3. eta 7. puntuak.

Halaber, arau-hauste astuntzat joko da hamabi hilabeteko epean arau-hauste arinak behin eta berriz egitea, edo arau-hauste horiek egitea ingurumenean kalte edo narriadura larria eraginez edo pertsonen osasuna arrisku larrian jarri denean.

9.4. Arau-hauste oso astunak hauek izanen dira:

Arau-hauste oso larritzat joko da 7.2 artikuluko 1., 2., 4., 5., 6., 10. eta 11. puntuetan adierazitako betebeharrak ez betetzea. Halaber, arau-hauste oso astuntzat joko da arau-hauste astunak behin eta berriz egitea edo arau-hauste astunak egitea, ingurumenari kalte edo narriadura larria egin zaionean edo pertsonen osasuna arrisku larrian jarri denean.

10. artikulua. Zehapenak.

1. Titulu honetan agertzen diren arau-hausteei isun hauek ezarriko zaizkie:

a) Arau-hauste arinak: zehapenaren idatzizko ohartarazpena.

b) Arau-hauste astunak: 100 eurotik 1.000 eurora bitarte.

c) Arau-hauste oso astunak: 1.000 eurotik 5.000 eurora bitarte.

2. Zehapenen zenbatekoa zehaztean, irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Arau-haustearen larritasuna.

b) Eragindako kaltea: pertsonen osasunean edo segurtasunean, ingurumenean edo legez babestutako bestelako ondasun edo interesetan duen eragina edo garrantzia.

c) Erruduntasun, intentzio eta/edo partaidetza maila.

d) Lortutako onura: zehapenak ezartzean kontuan hartuko da, betiere, arau-haustea egitea ez dadin izan onuragarriagoa arau-hauslearentzat hautsitako arauak betetzea baino.

e) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratu ondoren.

f) Arau-haustea errepikatzea, arau-haustea egin edo egiten hasi baino bi urte lehenago, arau bereko eta izaera desberdineko arau-hauste bat egin zelako, ebazpen irmo baten bidez halakotzat zehatu ondoren.

g) Aringarritzat hartuko dira arau-haustearen erantzuleak zehapen espedientea ireki aurretik neurri zuzentzaileak bere ekimenez hartzea, eta orobat, araua hausten duen jarduera bertan behera uzten badu arau-hausleak, bere borondatez.

3. Zehapenaren zenbatekoa % 50 murrizten ahalko da, kasu bakoitza baloratuz, arduradunak errekerimenduak betetzeko behar diren jarduketak hamar eguneko epean egiten dituenean.

11. artikulua. Zehapen prozedura.

10.1. Eskumena:

Ordenantza honetan jasotzen diren betebeharrak urratzeari dagozkion zehapenak ezartzea alkate udalburuaren eskumena izanen da, edo hark eskuordetzen duen zinegotziaren eskumena.

10.2. Izapidetzea:

Nafarroako Foru Komunitatean dauden agintaritza agenteen salaketek, zaintza eta kontrol eginkizunetan ari direnean, frogaren balioa izanen dute, ukatu gabe haien betebeharra dela salaketaren egitateen gainean izan litezkeen froga guztiak aurkeztea, eta ukatu gabe, orobat, salatutako pertsonek beren defentsarako aurkezten ahal dituzten frogak erakusteko eskubidea.

10.3. Zehapen prozedura tramitatu eta ebaztean, gaiari buruzko oinarrizko legerian horretarako ezarritako arau guztiak beteko dira.

12. artikulua. Betearazte subsidiarioa.

Hemen aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, Udalak ordenantza betetzeko eskatzen ahalko die jabeei. Horretarako, 1 eta 15 egun arteko epea izanen dute, egoera zuzentzeko. Epe hori unean-unean dagoen sute arriskuaren arabera zehaztuko da.

Larritasuna agerikoa den kasuetan, Legardako Udalak beharrezkotzat jotzen dituen ekintzak burutzen ahalko ditu, egoera luzatzeagatik pertsonen osasunerako edo ingurumenerako berehalako arriskua sortzen ahal dela atzematen badu. Ekintza horien justifikazioa interesdunak eskaturik eginen da, eta ekintzak abiarazi ondoren.

Errekerimendua jaso duen pertsonak agindua ez badu betetzen, agindutako lanak Legardako Udalak eginen ditu modu subsidiarioan, eta, horretarako, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen 35/2015 Legearen 102. artikuluan ezarritakoa hartuko du aintzat. Kasu horietan, betearazpenaren ondoriozko gastuak pertsona behartuaren kontura izanen dira, Legardako Udalaren ordezko betearazpenen tasak eta betearazpen aginduak arautzen dituen ordenantza fiskalean ezarritakoaren arabera (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 133. zk., 2022ko uztailaren 5ekoa).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek ezartzen duen araubidea Administrazioko beste erakunde batzuei dagozkien eskumenen esparruan egin beharreko esku-hartzeak ukatu gabe ulertu behar da; esku-hartze horiek zehazten dira 222/2016 Foru Aginduan, eta 237/2017 Foru Aginduan aldatu ziren, non hobetu beharreko alderdi batzuk zuzendu, epeak egokitu, akatsak zuzendu eta administrazioa sinplifikatu baitzen. Eta orobat, 152E/2022 Foru Aginduaren bidez egindako azken aldaketan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egunen buruan jarriko da indarrean, eta bertako manuen kontra egiten duten udal xedapen oro indargabeturik geratuko dira.

Iragarkiaren kodea: L2315992