118. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEGARDA

Udal ordenantza, Legardako bide publikoen eta finketako sarbideen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Legardako Udalak, 2009ko urtarrilaren 16an egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Legardako bide publikoen eta finketako sarbideen erabilera arautzen duen ordenantza. 2009ko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Legardan, 2009ko irailaren 2an.-Alkatea, Silvestre Belzunegui Otano.

ORDENANTZA, BIDE PUBLIKOEN ETA FINKETAKO SARBIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua.-Xedea.

Legardako mugapean, bide publikoetarako, mendi pistetarako eta finketako sarbideetarako arauak ezartzea du xede ordenantza honek. Xedea du landa eremuko bide publikoak eta haien funtzio elementuak babestea, eta horretarako Legardako Udalak begiratuko du bide publikoak beti erabiltzeko maneran egon daitezen.

2. artikulua.-Aplikazio esparrua.

Legardako udal mugapeko bide publiko guztiei aplikatuko zaie ordenantza hau.

3. artikulua.-Definizioak eta bide motak.

Bide publikoa da jabari eta erabilera publikoa dutenak, jendeak, ibilgailuak eta animaliak ibiltzeko direnak, baita zerbitzu egiteko edo eginkizunen bat betetzeko haien atal diren espazio eta elementuak.

Ordenantza honi dagokionez, honela sailkatzen dira bide publikoak:

a) Lurzatien berrantolamenduko bideak: lurzatiak berrantolatzeko prozesuen ondorioz sortzen direnak; dagokien planimetrian agertzen dira.

b) Gainerako bideak: mugapeko bertze bideak, katastroko planimetrian agertzen baitira, baita bi metro zabal baino gutiago direnak ere, erabilera desberdinetako bidezidor zaharrak ere, lasterbideak eta turismorako bidezidorrak barne.

c) Mendi pista nagusiak: arboladietara edo larreetara iristeko sarbideak, normalean hermendiaren gainean mugarrien lerrotik kanpora egoten direnak, eta erabiltzen direnak mendialde handietara ailegatzeko nahiz inguruko herriekin komunikatzeko. Gauza bat baino gehiagotarako erabiltzen dira: oihangintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza.

d) Bigarren mailako mendi pistak: hermendian izaten dira eta sare nagusiaren osagarri dira, eta mendi, oihan berri, belai eta bertze zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dute.

e) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Anitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ez dira ibilgailuak sartzekoak.

4. artikulua.-Erabilera arrunt eta orokorra.

Orokorrean, bideak erabil daitezke udalerrian dauden nekazaritza, abeltzaintza, oihangintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako; betiere, ordenantza honetan ezarritako mugekin.

Erabilera arrunt eta orokor hori muga daiteke 3'5 Tm baino gehiagoko pisua duten ibilgailuendako, zoruaren egoerari, ur ibilguen gaineko pasabide goratuei eta drainatzeko diren azpiegurei begiraturik, eta kasu bakoitzeko gehieneko tona kopurua ezarriz.

Halaber, halako urtaro batzuetan erabilera mugatzen ahalko da, hezetasuna eta zoruen egoera direla-eta, zoruan kalte egiteko arriskua dagoenean.

5. artikulua.-Bigarren mailako pistetan, egurra ateratzeko bideetan eta bide-adarretan ibiltzeko debekua.

Espresuki debeku da ibilgailu motordunak ibiltzea baimenik gabe, bai erabilera partikularrekoetan bai nekazaritzako, abeltzaintzako, oihangintzako edo bertzelako jarduera baimenduekin ikusteko dutenetan.

Salbuespenez, baimenak ematen ahalko dira bide hauek erabil daitezen mendiak ustiatu eta zaintzeko eta barnean diren nekazaritzako ustiategietarako.

Hura emateko eskumena alkate udalburuarena da, interesdunak aitzinetik eskaera eginda, ibilgailuak erabilitzeko premia arrazoiturik.

Baimenak puntualak izaten ahal dira edo bertzenaz epe eta tarte jakin batzuetan ibiltzeko.

6. artikulua.-Pisu mugapenak. 12 tona baino gehiagoko edukiera duten ibilgailuendako baimena.

Legardako barruti honetako bideetan barna ibiltzeko pisu muga gehienekoa 12 Tm da.

Muga horretatik goiti, ibilgailuek Legardako Udalaren baimena beharko dute.

Ibilgailu horiei lizentzia emateko, fidantza baten gordailua egin beharko da betiere; zainketak zer arrisku duen, horrenbertzekoa izanen da haren zenbatekoa. Fidantzaren gordailua egiteko hamabortz eguneko epea egonen da onartzen denetik; hala egiten ez bada, bertan behera geldituko da.

Fidantza eratzeak ez du lizentziaren titularra libre utziko bere gain hartzetik bideetan eragin ditzakeen kalteak, konponketaren kostua haren zenbatekoa baino gehiago bada.

Alkate udalburuak emanen du baimen hori.

7. artikulua.-Zur aprobetxamenduen ustiapena eta garraioa.

Zur aprobetxamendu publikoen kasuan, erabili beharreko ibilgailu bakoitzari emanen zaio, aitzineko artikuluetan adierazitako baldintzetan, haien tona kopuruaren arabera eta ustiapena egiteko behar den denboran.

Mendi pribatuetako zur aprobetxamenduak izanez gero, baimena emanen da aprobetxamendu publikoetarako erran denari jarraikiz eta, gainera, jabea beharturik egonen da sari bat ordaintzera ateratzen den zur tona bakoitzeko, pistetako mantentze lanetarako. Sari horren ordainketak ez ditu berdinduko zura ateratzeagatik sor litezkeen gehiegizko kalteak.

8. artikulua.-Zerbitzu publikoak.

Ordenantza honen debekuetatik salbuesten dira erakunde eta ente publikoen ibilgailuen ibilia beren egitekoan ari direnean, hala nola polizia, suhiltzaile, mendizain eta abarrena.

Inguruabar berezietan, eskaera arrazoitua aitzinetik eginda eta kasu zehatzetarako, aitzineko lerrokadan aipatu ez bezalako egoerak ere hartzen ahalko dira kontuan.

9. artikulua.-Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Oro har, bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 20 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuendako, eta 30 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako.

Nolanahi ere, abiadura behar adina mantsotu beharko da tarte maldatsu eta arriskutsuetan, ibilgailu bereziak, ibilgailu motelak eta animalia taldeak hurbiltzen direnean, eta aske dabilen aziendaren eta oinezkoen ondoan, istripurik eta trabarik izan ez dadin, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita, bideetako goiko geruza desagertu ez dadin. Bide horietan ezartzen diren trafiko seinaleak errespetatuko dira beti.

Legardako mendiko pista, bi metro baino gutiagoko bide eta egurra ateratzeko guztietan abiadura handiena 15 kilometro/ordua izanen da.

10. artikulua.-Sute arriskuagatik, ibilgailuak libreki ibiltzeko eremu itxia.

Nafarroako Gobernuaren 36/1994 Foru Dekretuaren 12. artikuluak Udal honi ematen dion ahalmena erabiliz, ibilgailu motordunen ibiliak oihanean sutea eragiteko duten arrisku larriak hartaratuta, debeku da ondotik mugatzen den eremuan ibilgailu motordunik libreki ibiltzea:

-Iparra: Undioko mugapea.

-Ekialdea: A-12 autobia eta Na 1110 errepidea.

-Hegoa: Garesko eta Obanosko mugapea.

-Mendebaldea: Garesko mugapea.

Aipatu eremuan debeku da ibilgailuak ibiltzea, salbu eta bizikletak eta nekazaritzako ibilgailuak, eremu honetako lurzatietan nekazaritza eta abeltzaintza lanak egiteko bada eta Udalaren baimena badute ustiapen lan eta jarduerak egiteko.

Debeku hau ezagutzera emateko, seinaleak paratuko dira inguruko bideetan, eta haietan arriskua, debekua eta ibiltzeko baimena duten ibilgailuak adieraziko dira.

11. artikulua.-Arau-hausteak.

a) Baimendu baino gehiagoko pisua duela ibiltzea edo dagokion baimenik gabe, hala behar den eremuetan.

b) Areka eta bideetan kalte egitea.

c) Nekazaritza lanetan aritzean, bideak itzulia egiteko erabiltzea.

d) Ezpondak hondaturik, lubetaren lurra erauztea.

e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan xedatuarekin bat.

f) Lasto metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideetatik 8 metro baino gutiagora. Haiek egiteko, Udalaren baimena beharko da. Fardelak bide hurbilenetik perperdikularrean jarriko dira, nahitaez.

g) Bide, areka eta erretenetan harriak edo nekazaritzako hondarrak utzirik, azpiegiturak berezko dituen eginkizunak trabatzea.

h) Nekazaritzako lanak hurbil egitean edo finkan sartzean bideetako areka eta hustubideetara lurra botata, azpiegiturak berezko dituen eginkizunak trabatzea.

i) Debeku da nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak beste bide edo lurzatien sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

k) Nekazaritzako hondakinak bide, areka edo erretenetan erretzea.

l) Lanabesak edo bertze edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

m) Udal mugapeko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

ñ) Lehiaketak eta lasterketak, bai eta pasealarientzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du taldean antolatzen diren ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.

o) Sarbideak egitea finketara, udalerriaren baimenik gabe.

p) Ondoko artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

9. artikulua.-Erabiltzaileen betebeharrak.

Hauek dira finken erabiltzaile eta/edo jabeen betebeharrak:

a) Finken sarbideetan, areka gaineko pasabideak paratu, aldatu eta zabaltzeko baimena eskatzea. Eragiketa horiek partikularraren kontura eginen dira; hormigoizko hodiak jarriko dira, 50 cm-ko diametrokoak, gutienez; ahoak hormigoiz hartu beharko dira. Lurzatietako sarbideak zenbateko zama jasoko duten kontuan izanda eginen dira, eta 6 metro zabal izanen dira, gutienez. Jabeak, sarbidea egindakoan, Udalari jakinaraziko dio, ikuskatu eta oniritzia eman diezaion.

Udalaren baimenik gabe eta arau honen aurka areka gaineko pasabidea eginez gero, ohartaraziko da 15 eguneko epean legeztatu dadin. Ez bada epe horretan legeztatzen, Udalak desegiteko aginduko du eta gastuak partikularrari egotziko zaizkio.

Finketan sartzeko areka gaineko pasabideak erabiltzeko maneran edukitzea.

10. artikulua.-Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa urratzea, Udalak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

11. artikulua.-Organo eskuduna.

Ordenantza honetako aginduak urratzeagatik, zehapenak ezartzea Alkatetza Udalburutzaren eskumena izanen da, eta bertze baten eskutan utziz gero, eskumena bere eskutan hartzen duen zinegotziarena.

12. artikulua.-Salaketak.

Polizia agenteen salaketek, bide zirkulazioaren zaintza eta kontrol lanetan eri direnean, frogaren balioa dute, izan litezkeen froga guztiak ekarri beharko badituzte ere salaketaren egitateen gainean ,eta salatuek beren defentsan ekartzen eta izendatzen ahal badituzte ere.

13. artikulua.-Preskripzioa.

Arau-hausteen preskripzio epea hiru hilabete da arau-hauste arinetarako eta sei hilabete arau-hauste larrietarako.

Preskripzio epea egitateak gertatzen diren egunetik hasten da kontatzen. Preskripzioa etenen da administrazioaren edozein jarduketagatik, salatuak horren berri badu edo salatua nor den edo non bizi den jakitea helburua badu eta, zein dependentziatan sortzen den, hortik kanpoko proiekzioarekin egiten bada. Preskripzioak jarraipena izanen du prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

Zehapenen preskripzio epea urtebete izanen da, dagokion zehapena ezartzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik hasita.

Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

14. artikulua.-Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke.

Arau-hauste arina izanen da: Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako ekintza edo omisioak, baita Udalak edo alkateak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoaren kontrakoak ere, eta ordenantza honetan aurreikusitako baimenak ez eskatzea.

Arau-hauste larria izanen da:

-Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako ekintza edo omisioa, gainera, udal ondasunei 300 euro baino gehiagoko kaltea egiten diena.

-Bide baten ezaugarriak bertzelakotzea, planimetria berariazkoan islaturik gelditzen den bezala.

-Berrerortzea.

15. artikulua.-Zehapenak.

Arau-hauste arinek 200 euroko zehapena ekarriko dute.

Arau-hauste larriek 300,00 euroko zehapena ekarriko dute.

Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarriari jarraituz.

Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, premiamendu bideari ekinen zaio borondatez ordaintzen ez bada.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L0921864