19. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

148/2022 FORU AGINDUA, abenduaren 30ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, "Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga. Autolikidazioa" 490 eredua onesten duena.

Abenduaren 28ko 38/2022 Foru Legeak zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga ezartzen du Nafarroako Foru Komunitatean. Zerga horrek erabiltzaileen parte-hartzea duten zerbitzu digitalen prestazioak zergapetzen ditu, baldin eta parte-hartze horrek zerbitzuak ematen dituen enpresaren balioa sortzeko prozesuari ekarpena egiten badio eta enpresak hori monetizatzen badu.

38/2022 Foru Legea onetsi aurretik, Estatuak eta Nafarroako Foru Komunitateak aplikatzekoa den araudiaren gaineko eta zerga ordainarazteko harmonizazio irizpideak adostu zituzten. Irizpide horiek Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 40 ter artikuluan jaso zituzten.

Aplikatzeko den araudiari dagokionez, Foru Komunitateak Estatuak ezarritako arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu, 40 ter artikulu horri jarraikiz. Hori hala izanik ere, Foru Komunitateak aitorpena eta ordainketak egiteko ereduak onesten ahal ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak eduki behar dituztenak, eta likidazio-aldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahal ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik asko aldendu gabe.

Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergaren ordainarazpenari buruz xedatzen da ordainarazpen hori Nafarroako Foru Komunitateari dagokiola, likidazio-aldian bere lurraldean egindako eragiketa bolumenaren proportzioan. Proportzio hori zehazten da zergari atxikita dauden eta nafar lurraldean egindako zerbitzuen prestazioengatik lortutako sarrerek Espainian osotara lortutako sarrerekiko egiten duten ehunekoaren arabera.

Zerbitzu digitalen prestazioak lurralde erkidean edo foru lurraldean eginak direla ulertuko da erabiltzaileak dauden tokiaren arabera, 38/2022 Foru Legearen 7. artikuluan jasotako lokalizazio-arauei jarraikiz zehaztuta.

Aurrekoarekin bat, Nafarroako Foru Ogasunak ordainaraziko du zerga, dagokion proportzioan, zergadunek egin beharreko zergaren autolikidazioaren bidez. Gainera, autolikidazio horretan zergadunek aitortuko dituzte Espainiako tributu administrazio bakoitzean dagozkien kuotak eta aplikatzekoak diren proportzioak.

Foru agindu honen xedea da zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergaren autolikidazio eredua onestea. Zergadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan aurkeztu behar dute eredu hori, administrazio horrek ordainarazteko eskumena duenean.

38/2022 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak eta 17. artikuluak, hurrenez hurren, tributu arloko departamentu eskuduneko titularra gaitzen dute legea garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan, bai eta ezar ditzan ere tokia, modua eta epeak zergadunek zergaren autolikidazioak aurkez ditzaten eta Nafarroako Foru Ogasunari dagokien zerga-zorra ordain diezaioten. Era berean, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarriak pertsona hori bera gaitzen du arau dezan lege horren 90. artikuluak aipatzen dituen zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan erabiltzen ahalko dituzte baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak araubideak eskatzen dituen aitorpenak, komunikazioak, aitorpenak-likidazioak, autolikidazioak edo beste edozein dokumentu aurkezteko.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. 490 eredua onestea.

"Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga. Autolikidazioa" 490 eredua onestea. Formatu elektronikoa izanen du eta eranskinean jasotzen da haren edukia.

2. artikulua. 490 eredua aurkeztera behartuak daudenak.

Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 38/2022 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen zergadunak behartuta daude 490 eredua aurkeztera eta, kasua bada, kuotak ordaintzera, baldin eta Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 40 ter artikuluan xedatutakoarekin bat Nafarroako Foru Komunitateari badagokio zerga ordainaraztea.

3. artikulua. 490 eredua aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea.

1. Likidazio-aldia hiruhileko naturala da.

2. 490 eredua aurkeztuko eta ordainduko da autolikidazioari dagokion aldia amaitu eta hurrengo hilabeteko lehenengo hogeita hamar egun naturalen barruan, salbu eta bigarren hiruhilekoaren autolikidazioaren kasuan, horren epea abuztuaren 5ean amaituko baita.

3. Nahiz eta ordaindu beharreko kuotarik ez izan, 490 eredua aurkeztuko da.

4. artikulua. 490 eredua aurkezteko moduak.

490 eredua soilik formatu elektronikoan izanen da eskuragarri eta modu elektronikoz aurkeztu beharko da, Internet bidez, 6. eta 7. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Eredua aurkezten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen telematiko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

5. artikulua. 490 eredua aurkezteko gaikuntza.

Honako hauek aurkezten ahalko dute 490 eredua modu elektronikoz, Internet bidez:

1. Zergadunek edo, hala dagokionean, haien legezko ordezkariek.

2. Tributuen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (kanpo lankidetzarako akordioa onesten duen foru agindua, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu-zorren ordainketa).

6. artikulua. 490 eredua aurkezteko baldintza orokorrak.

490 eredua elektronikoki aurkezteko, honako baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki beharko du.

b) Eredua elektronikoki aurkezteko, beteko dira Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait tributu-aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

7. artikulua. 490 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

490 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, web formularioa erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1. 490 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Web formularioko beharrezko datu guztiak bete.

3. Autolikidazioa bete ondoren, "igorri" aukera erabili.

Autolikidazioa zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da autolikidazioa aurkeztu.

Autolikidazioa zuzen egina denean, aurkeztutako autolikidazioari esleitutako zenbakia jakinaraziko du sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko. Zergadunak onartutako autolikidazioa gorde beharko du.

8. artikulua. 490 ereduaren diru-sarrera egiteko prozedura.

1. Autolikidazioa aurkeztean, autolikidazioaren ondoriozko zerga-zorra ordaindu beharko dute zergadunek.

Eredua aurkezteko web zerbitzuak aukera emanen du autolikidazioaren ondoriozko zorra ordaintzeko, eta horretarako ordaintzeko aukera hauek emanen ditu:

a) Ordainketa telematikoaren bidez, web formularioa bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketa jarraibideak segituz.

Diru-sarrera egin ondoren, sistemak aukera emanen du ordainagiria inprimatzeko, eta bertan ordainketa data agertuko da.

b) Banku-helbideratzearen bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduari jarraikiz. Foru agindu horren bidez hein batean garatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

c) Banku-transferentziaren bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren 145/2022 abenduaren 30eko Foru Aginduan xedatutako baldintzetan. Foru agindu horrek zorrak transferentzia bidez ordaintzeko prozedura eta baldintzak arautzen ditu.

d) Ordainketa-gutun bat lortuz (505 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen edozein gordailu-erakundetan ordaintzeko.

2. Egindako autolikidazioan itzultzeko eskubidea ematen duen kopurua ateratzen bada, entitatea eta abonu-kontua adierazi beharko dira, autolikidazioan horretarako dagoen apartatuan.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 38/2022 Foru Legearen 10.3 artikuluaren autolikidazioen erregularizaziorako prozedura.

Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 38/2022 Foru Legearen 10.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, zerga-oinarriaren behin-behineko zenbatekoekin aurkeztutako autolikidazioen erregularizazioa zerga-oinarri horren zenbatekoa ezagutzen den aldiari dagokion autolikidazioan egin beharko da, autolikidazio ereduaren erregularizazioen apartatu espezifikoan jasotako banakatze eta edukiaren arabera.

Erregularizazioa gehienez ere 4 urteko epean egin beharko da, eragiketari dagokion zergaren sortzapen datatik aurrera.

Aurrekoa gorabehera, autolikidazio hori aurkeztean betebeharpekoa jada zerga horren zergaduna ez bada, zerga-oinarriaren behin-behineko zenbatekoekin aurkeztutako autolikidazioa edo autolikidazioak erregularizatu beharko ditu; horretarako, dagozkion autolikidazio osagarriak eta/edo horiek zuzentzeko eskaerak aurkeztu beharko ditu, autolikidazio ereduaren erregularizazioen apartatu espezifikoan jasotako banakatze eta edukiaren arabera.

Bigarren xedapen gehigarria.–Datu pertsonalen tratamendua.

Betebeharpekoak bere tributu eskubide eta betebeharrak betetzean emandako datu pertsonalak tributu sistema aplikatzeko erabiliko dira, eta Nafarroako Foru Ogasuna izanen da datu horien tratamenduaren arduraduna. Tratamendua bat etorriko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin. Nafarroako Gobernuaren web-orrian emanen da Erregelamenduaren 13. artikuluak exijitzen duen informazioa, balizko tratamenduei eta horien gaineko eskubideen erabilerari buruzkoa.

Azken xedapenetako lehena.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Agindua, zeinaren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

"Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga. Autolikidazioa" 490 eredua gehitzen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduaren eranskinari; foru agindu horren bidez, hein batean garatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta lehen aldiz aplikatuko zaie 2023ko lehen hiruhilekoari dagozkion autolikidazioei, 2023ko apirilaren 1etik aurrera aurkeztu beharrekoei.

Iruñean, 2022ko abenduaren 30ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2300023