19. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

142/2022 Foru Agindua, abenduaren 23koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak abenduaren 17an emandako 146/2021 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez onetsi zen 194 eredua: "Urteko laburpena, kapital higigarriaren etekinen eta errenten gaineko atxikipenena eta konturako sarrerena, etekin eta errenta horiek besteren kapitalak eskuratu eta erabiltzetik datorren edozein aktibo eskualdatu, amortizatu, itzuli, trukatu edo bihurtzearen ondoriozkoak direnean, eta urteko laburpen informatiboa, kooperatibei egindako ekarpenen itzulketei eta eskualdaketei buruzkoa" izenekoa.

Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 87.1 artikuluak behartzen duenez, atxikipenak edo konturako sarrerak egitera behartuta dauden subjektuek atxikipenen eta konturako sarreren urteko aitorpena aurkezteko betebehar formala dute, erregelamendu bidez zehaztuko den edukiarekin.

Bestalde, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 79.5 artikuluak ezartzen duenez, atxikipena egitera behartuta dagoen subjektuak atxikipenen urteko laburpena aurkeztu behar du, erregelamendu bidez zehaztuko den edukiarekin.

Ez-egoiliarren gaineko zergari dagokionez, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginak, martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zenak, 23. artikuluan ezartzen du establezimendu iraunkorrak, jasotzen dituzten errentengatik, sozietateen gaineko zergaren atxikipenen araubidearen menpe egonen direla eta, hala, atxikipenak eta konturako sarrerak egin beharko dituztela Espainiako lurraldean kokatuta dauden entitate egoiliarrek bezalaxe.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 90.5 artikuluan eta abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 48.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, atxikipenen urteko laburpenaren aitorpen informatiboa zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrak zehaztuko duen ereduan, moduan eta tokian egin behar da.

Horrez gain, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Legearen testu bateginaren 87.2 artikuluaren arabera, kooperatibak behartuta daude kooperatibari egindako ekarpen sozialak eskualdatzetik edo itzultzetik eratorritako errenten gaineko informazioa ematera. Horretarako, gaikuntza ematen zaio tributu arloan eskuduna den departamentuko titularrari zehatz ditzan zer informazio eman behar den eta informazio betebehar hori betetzeko modua eta epeak.

Aurreko gaikuntzei jarraikiz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 17ko 146/2021 Foru Aginduak onetsi zuen 194 eredua, hau da, "Urteko laburpena, kapital higigarriaren etekinen eta errenten gaineko atxikipenena eta konturako sarrerena, etekin eta errenta horiek besteren kapitalak eskuratu eta erabiltzetik datorren edozein aktibo eskualdatu, amortizatu, itzuli, trukatu edo bihurtzearen ondoriozkoak direnean, eta urteko laburpen informatiboa, kooperatibei egindako ekarpenen itzulketei eta eskualdaketei buruzkoa" izenekoa.

Foru agindu hori onetsi ondoren, eredua modu elektronikoan –web formularioaren bidez– aurkezteko behar diren garapen informatikoetan aurrerapausoak eman dira. Hortaz, araudia eguneratu behar da, aurkezteko modu hori jasotzeko.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 17ko 146/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baita 194 eredua, hau da, "Urteko laburpena, kapital higigarriaren etekinen eta errenten gaineko atxikipenena eta konturako sarrerena, etekin eta errenta horiek besteren kapitalak eskuratu eta erabiltzetik datorren edozein aktibo eskualdatu, amortizatu, itzuli, trukatu edo bihurtzearen ondoriozkoak direnean, eta urteko laburpen informatiboa, kooperatibei egindako ekarpenen itzulketei eta eskualdaketei buruzkoa" izenekoa.

Abenduaren 17ko 146/2021 Foru Aginduaren manu hauek honela idatzita geldituko dira:

Bat.–5. artikulua.

"5. artikulua. 194 eredua aurkezteko modua.

Aipatutako eredua soilik formatu elektronikoan izanen da eskuragarri eta modu elektronikoz aurkeztu beharko da, Internet bidez, 7. eta 8. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen elektroniko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean argitaratuta daudenak".

Bi.–6. artikulua.

"6. artikulua. 194 eredua aurkezteko gaikuntza.

Honako hauek aurkezten ahalko dute 194 eredua modu elektronikoz, Internet bidez:

1. Zergapekoek edo, hala dagokionean, haien legezko ordezkariek.

2. Tributuen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen foru agindua, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa)".

Hiru.–7. artikulua.

"7. artikulua. 194 eredua aurkezteko baldintza orokorrak.

194 eredua modu elektronikoan aurkezteko, bete beharko dira Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait tributu aitorpen bide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak".

Lau.–8. artikulua.

"8. artikulua. 194 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

Aitorpenak Internet bidez aurkezteko, prozedura hau erabiliko da:

a) Web formulariotik:

1. 194 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren webgunean, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Aitorpena aurkezteko beharrekoak diren datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili.

Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotuko du. Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena behar bezala bete ondoren, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

b) Aurkeztu beharreko adierazpenak 12.000 erregistro baino gehiago baditu, eredu informatiboen formulario osagarritik:

1. Eredu informatiboen formulario osagarrian (994) sartu Ogasunarekiko tramiteen zerbitzuaren bitartez, Nafarroako Atarian.

2. Egin beharreko aitorpenaren eredua hautatu: M194

3. Transmititu beharreko aitorpenaren fitxategia erantsi.

Fitxategi horren edukia II. eranskinean ezartzen diren erregistro diseinuen araberakoa izan beharko da.

Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena behar bezala bete ondoren, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko".

Bost.–I. eranskina.

Foru agindu honen eranskina I. eranskin gisa gehitzen da. Ondorioz, 146/2021 Foru Aginduaren I. eranskinari II. eranskina deituko zaio aurrerantzean.

Sei.–II. eranskina.

II. eranskina honela aldatzen da:

a) 1. erregistro-mota (Aitortzailearen erregistroa), 136-144 posizioak. "Hartzaileak, guztira":

"HARTZAILEAK, GUZTIRA. Zenbakizko eremua, 9 posiziokoa. Aitortzaile honentzako euskarrian aitortutako hartzaile guztien kopurua (erregistroak) adieraziko da, hots, haien atxikipenen eta konturako sarreren oinarrian ikur positiboa agertzen dutenak. Hartzaile bera erregistro batean baino gehiagotan agertzen bada, agertzen den adina aldiz kontatuko da (2. motako erregistroen kopurua)".

b) 1. erregistro-mota (Aitortzailearen erregistroa), 145-159 posizioak. "Atxikipenen eta konturako sarreren oinarria":

"ATXIKIPENEN ETA KONTURAKO SARREREN OINARRIA. Zenbakizko eremua, 15 posiziokoa. Hartzailearen erregistroetan "ATXIKIPENEN ETA KONTURAKO SARREREN OINARRIA" eremuan (157-169 posizioak) adierazten diren ikur positiboa duten diru kopuru guztien batura idatziko da, ikurrik eta koma dezimalik gabe. Eremu hau bitan banatzen da:

  • 145-157 Osoko zatia, atxikipenen eta konturako sarreren oinarriaren zenbateko osoarena.
  • 158-159 Zati dezimala, atxikipenen eta konturako sarreren oinarriaren zenbateko osoarena".

c) 1. erregistro-mota (Aitortzailearen erregistroa), 184-198 posizioak. "Atxikipenen eta konturako sarreren oinarria":

"ATXIKIPENEN ETA KONTURAKO SARREREN OINARRIA. Zenbakizko eremua, 15 posiziokoa. Hartzailearen erregistroetan "ATXIKIPENEN ETA KONTURAKO SARREREN OINARRIA" eremuan (157-169 posizioak) adierazten diren ikur negatiboa duten diru kopuru guztien batura idatziko da, ikurrik eta koma dezimalik gabe. Eremu hau bitan banatzen da:

  • 184-196 Osoko zatia, atxikipenen eta konturako sarreren oinarriaren zenbateko osoarena.
  • 197-198 Zati dezimala, atxikipenen eta konturako sarreren oinarriaren zenbateko osoarena".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpenei aplikatuko zaie lehenbizikoz, 2022ko informazioari dagokionez.

Iruñean, 2022ko abenduaren 23an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2217550