115. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

68E/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 16koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, departamentuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala eduki behar duten funtzionarioetako baten izendapena eguneratu, eta beste batena errebokatzen duena.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak indarra hartzeak egoera berria ekarri du administrazio publiko guztien funtzionamenduan; izan ere, funtzionamendu erabat elektronikoa izanen duen administrazio baten alde egin da.

39/2015 Legeak azpimarratzen duen alderdietako bat da jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea, nahitaezko baita pertsona juridikoei egiten zaizkien jakinarazpenetarako. Egia da 40/2015 Legean jasotako bide eta aplikazio telematikoen bitartez komunikatu behar dutela administrazio publikoek, eta gainerako pertsona juridikoen aldean tratamendu berezia izan behar dutela, kontuan hartuta izaera juridiko desberdina dutela. Nolanahi ere, praktikotasunaren aldetik, komeni da departamentu bakoitzaren eta haien menpeko erakunde autonomoen ordezkariek sinadura elektronikoa izatea.

Nafarroako Gobernuak 2017ko martxoaren 29an hartutako Erabakiaren bidez kontseilariei baimena eman zitzaien izenda ditzaten, foru agindu baten bidez, beren departamentu eta erakunde autonomoen ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak. Orobat, xedatu zen ezen hala egindako izendapenak noiznahi ere errebokatu daitezkeela.

Herritarrekiko Harremanetako kontseilariaren irailaren 27ko 63E/2019 Foru Aginduaren bidez, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala eduki behar zuten pertsonak izendatu ziren; horien artean, José Miguel Gorricho Ochoa jauna, departamentuko idazkari tekniko nagusia, jadanik erretiroa hartu duena. Beraz, bidezkoa da haren izendapena errebokatzea eta, horrekin batera, Cristina Arcaya Sánchez andrearen izendapena eguneratzea eta Graciela Cuevas Remón andrearen izendapena mantentzea.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Errebokatzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala edukitzeko egindako izendapen bat, José Miguel Gorricho Ochoa jaunaren aldekoa, hain zuzen.

2. Eguneratzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala edukitzeko egindako izendapen bat, Cristina Arcaya Sánchez andrearen aldekoa, hain zuzen, zeina departamentuko idazkari tekniko nagusia baita.

3. Betiere, egindako izendapenak noiznahi erreboka daitezke.

4. Foru agindu hau igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiari eta interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 16an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F2307647