114. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

327/2023 EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 5ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, beka bat emateko deialdia onesten duena, Nekazaritzako Ingeniaritzako edo Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoko lizentzia edo gradua duten gradu ondokoentzat, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalerako. DDBN identifikazioa: 693154.

Abeltzaintza Zerbitzuak proposatu du beka bat emateko deialdia egitea, Nekazaritza Ingeniaritzako edo Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoko lizentzia edo gradua duten gradu ondokoentzat, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko, animalien eta landareen osasunarekin lotutako lanetan, bai eta UNE/ISO 17025 Arauaren araberako teknika analitikoen egiaztapenaren arlokoetan ere.

Beka honen xedea da ezagutzak eskuratzea zehaztapen analitikoak martxan jartzeari buruz eta teknika analitikoak UNE/ISO 17025 arauaren arabera egiaztatzeari buruz.

Bekadunen esku utziko diren azterketek eta lanek lanbide-esperientzia baliotsua ekarriko diete, eta, aldi berean, oso baliagarriak izanen dira departamentu honentzat.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

Adierazitakoarekin bat, eta nire eskudantziak erabiliz, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidatenak,

EBAZTEN DUT:

1. Beka bat emateko deialdia onestea, Nekazaritzako Ingeniaritzako edo Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoko lizentzia edo gradua duten gradu ondokoentzat, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko, animalien eta landareen osasunarekin lotutako lanetan, bai eta UNE/ISO 17025 Arauaren araberako teknika analitikoen egiaztapenaren arlokoetan ere. Ebazpen honen eranskinean jaso dira deialdia arautuko duten oinarriak. Bekak 12 hilabete arteko iraupena izanen du, 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitartean, eta, Animalien Osasunaren Atalak eskatuta, luzatzen ahalko da, aldi berdinetarako, gehienez ere hiru urtez, hasierako aldia eta luzapenak batuta. Luzapen hori emanen da aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

2. 11.497,08 euroko gastua baimentzea, "Bekak" izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren kargura, honela banatuta diru kopuruaren eta denboraren arabera:

a) 2023ko ekitaldi ekonomikoa: 5.748,54 euro, 2023ko gastu aurrekontuko "Bekak" izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren kargura; 900 euroko 6 hilekori dagozkien laguntzak dira, gehi 58,09 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

b) 2024ko ekitaldi ekonomikoa: 5.748,54 euro, 2024an horretarako gaitzen den partidaren kargura; hots, 2023ko gastu aurrekontuko "Bekak" izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren baliokide izateko sortzen denaren kargura (horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea 2024. urtean). 900 euroko 6 hilekori dagozkien laguntzak dira, gehi 58,09 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalera, Ekonomia Aferetarako Bulegora eta Langileria Bulegora.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 5ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

NEKAZARITZA INGENIARITZAKO EDO NEKAZARITZAKO INGENIARITZA TEKNIKOKO LIZENTZIA EDO GRADUA DUTEN GRADU ONDOKOENTZAKO BEKA BAT EMATEKO DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK. BEKADUNA LANDA GARAPEN ETA INGURUMEN DEPARTAMENTUKO NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN LABORATEGIKO ATALEAN ARITUKO DA

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Nekazaritzako Ingeniaritzako edo Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoko lizentzia edo gradua duten graduatu ondokoentzako beka bat ematea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko, animalien eta landareen osasunarekin lotutako lanetan, bai eta UNE/ISO 17025 Arauaren araberako teknika analitikoen egiaztapenaren arlokoetan ere.

Bigarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabete arte iraunen du, 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitarte. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalak eskatuz gero, beka luza daiteke, aldi berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako aldia eta luzapenak kontuan izanda. Luzapen hori emanen da aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

Bekak 11.497,08 euroko zuzkidura izanen du urtean. Diru hori hilero ordainduko da, 900 euro aldiro, gehi 58,09 euro hilero Gizarte Segurantza ordaintzeko. Urteko kotizazioa egiteko, Enpleguari eta Gizarte Segurantzari buruzko indarreko aginduari jarraikiko zaio, horren bidez garatzen baitira Gizarte Segurantzaren kotizazioaren legezko arauak. Gastu hori 2023ko gastuen aurrekontuan "700000-70110-4809-411103 Bekak" izenarekin gaituko den partidaren kargura eginen da.

Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak izaten ahal dira prestakuntza bekaren onuradun:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Espainiako agintariek emandako edo homologatutako Nekazaritza Ingeniaritzako edo Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoko lizentzia edo gradua izatea.

e) Eskatutako titulua deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

f) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horrekin batera, adierazpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, aditzera emateko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko, bekarekin bateraezina dena.

g) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira eskaerak.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko dagokion fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa, https://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoena.

b) Curriculum vitae-a, non adieraziko baitira egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, espresuki aipatuta zein deialditan gainditu zituen.

d) Seigarren oinarriko 2. puntuan adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak. II.

e) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.

f) Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiriaren kopia.

g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskaeran atzera egiten duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Eskatzaileek beren helbide elektronikoa emanen dute, behar diren komunikazioak edo jakinarazpenak egiteko.

6. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako pertsona hauek osatuko dute batzordea:

–Batzordeburua: Elena San Miguel Ibáñez, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Manuel Barrón Perea, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiko Animalien Osasunaren Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Susana Andrés Curial. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Ataleko Landare Biologiaren Bulegoko nekazaritzako ingeniari teknikoa.

–Idazkaria: Pablo Fraile Jiménez de Maquirriain. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Ataleko Animalien Osasunaren Bulegoko kimikaria.

Batzordeko kideak kanpoan edo gaixorik badaude, horien ordez Abeltzaintza Zerbitzuko langileak arituko dira, horri atxikita baitago Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atala, baldin eta deialdi honetan eskatzen den maila bereko edo altuagoko titulazioa badute.

Beka hau norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta emanen da beka, baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.

2. Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

2.I.–Ikasketa espedientea:

Ikasketa-espedientearen batez besteko nota hartuko da kontuan. Batez besteko nota 10 bada, 5 puntu emanen dira; gainerako notekin, horren araberako hainbanaketa eginen da.

2.II.–Bekaren jardueraren esparruari lotutako arloetako prestakuntza:

Ikastaroak: bekaren xedearekin lotura duten ikastaroak baloratuko dira, honela:

–40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,05 puntu ikastaroko.

–40tik 199 ordura bitarteko ikastaroak: 0,1 puntu ikastaroko.

–200 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,2 puntu ikastaroko.

Tituluak:

–Beste titulu batzuk: 0,6 puntu titulu osoko. Tituluan baldin badaude bekarekin lotura duten edukiak eta loturarik ez dutenak, hainbanatzen ahalko dira, orduen eta kredituen arabera.

2.III.–Bekaren xedearekin lotura duten jardueretan lan egindako urte bakoitzeko 0,6 puntu emanen dira, edo dagokion hainbanaketa eginen da.

2.IV.–Hizkuntzak:

Ingelesa baloratuko da, interes zientifikoko hizkuntza den aldetik; hizkuntza eskola ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aitortutako erakundeetakoak. Ebazpen horrek baliozkotzeak ezarri zituen euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila frogatzen duten titulu eta ziurtagirien artean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

–A2 maila: 0,2 puntu.

–B1 maila: 0,3 puntu.

–B2 maila: 0,5 puntu.

–C1 maila: 0,75 puntu.

–C2 maila: puntu bat.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko 2.I atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraituz gero, prestakuntzaren eta beste titulu batzuen atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa; Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan ere argitaratuko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio beka emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak beka emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira interesdunei jakinarazteko nori esleitu zaion beka eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla. Hori guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du izanen haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardunean, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epearen barruan.

Hori egin ezean, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea bete beharko dute.

2. Prestakuntza beka bateraezina izanen da Administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

3. Jarduerak hasten diren unean, onuradunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.

4. Onuradunak, gainera, betebehar hauek izanen ditu:

a) Beka emateak dakarren prestakuntza teoriko-praktikoko jarduera betetzea, eta bekaren xedearekin eta haren jarduketa-eremuekin lotutako jardueretan eta lanetan laguntzea. Beka jasotzen dutenek beren kabuz joan beharko dute departamentuaren instalazioetara (González Tablas kalea 9, 31003 Iruña, Nafarroa).

b) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

c) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

d) Onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Onuradunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunaren betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Onuradunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Onuradunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea du bekadunak.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Bekadunak bere prestakuntza jarduerak irauten duen bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalteen erantzulea Administrazio Publikoa izanen da, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak dolu, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Hamalaugarrena.–Bekaren bukaera.

Honako hauek dira beka bukatzeko arrazoiak:

a) Bekaren epea bukatzea, luzapenik izan gabe.

b) Luzapenaren gehieneko epea bukatzea.

c) Bekari probetxurik ez ateratzea.

d) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.

Hamabosgarrena.–Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Hamaseigarrena.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2307222