112. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

61E/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 10ekoa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita toki-erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariak finantzatzeko, 2023rako.

Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariaren azaroaren 18ko 86E/2022 Foru Aginduaren bidez, toki-erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat onetsi zen, tramitazio aurreratuaren bidez, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariak finantzatzeko, 2023rako. 290.000 euroko kreditu erreserba egin eta gastu hori baimendu zen, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren 2023ko ekitaldiko Gastu Aurrekontuko F10002 F1200 4609 231902 partidaren kargura ("Toki-erakundeendako dirulaguntzak, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren aurkako borrokarako teknikarietarako" izeneko partida).

Deialdia ebatzirik, 120.353,77 euro gelditu ziren eman gabe, eta hortaz gerakina sortu da.

Nafarroako biztanleen aniztasun soziokulturalean izandako hazkunde prozesu biziak errealitate berri bat ekarri du Nafarroako gizartera. Hori horrela, askotariko aldaketak egin beharra dago, Foru Komunitate osoari zeharka eragiteko. Dirulaguntzen deialdi hau egiturazko errealitate berri horri erantzutera dator, xede baitu kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariak finantzatzen laguntzea, figura horien bidez kulturen arteko bizikidetza hobetzeko Nafarroako Foru Komunitateko eskualde guztietan.

Esku-hartze komunitariorako figura honen sorrera, beraz, plangintza estrategiko bati dagokio, zehazki honi: Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategia (2021-2026). Estrategia hori partaidetza-prozesu zabal bati esker garatu zen, eta Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2021eko abenduaren 22an hartutako Erabakiaren bidez. Horrela, bada, estrategia horren esparruaren barnean egonen dira Nafarroako Gobernuak, hurrengo bost urteetan, kulturen arteko bizikidetzaren arloan garatuko dituen politika publikoak.

Bi helburu nagusi ditu Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategiak:

1) Baldintza egokiak sortzea Nafarroan bizi diren guztien parte-hartzea eta elkarreragina hobetzen laguntzeko, alde batera utzita norberaren jatorri kulturala, pertsona orori aukera emanda guztion onerako ekarpenak egiteko, eta abiapuntutzat hartuta ezen aniztasun kulturalak ondare soziala, ekonomikoa eta kulturala aberasten laguntzen duela, alderdi horiek ezinbestekoak baitira Nafarroako Foru Komunitatean oparotasuna eta gizarte kohesioa lortzeko.

2) Bertako biztanleak, etorkinak eta gutxiengo etnikoak gizartean bete-betean sartzeko prozesuak sustatzea, eskubide, eginbehar eta aukera berdintasuna sortuz, Nafarroan bizi direnen arteko harremanak eta baterako lana indartuta, norberaren jatorria eta kultura izaera edozein direlarik ere. Hori guztia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzen duten egoera espezifikoak jorratuz.

Hori horrela, honako hau erdietsi nahi da kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariak finantzatuz: kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borroka sustatzea Nafarroako udalerri eta eremu guztietan, Nafarroako herritar guztien inklusioa erabatekoa izan dadin, alde batera utzita norberaren jatorria. Horretarako, esku-hartze komunitarioa sustatuko da, bai eta tokian tokiko bestelako eragile eta erakundeei prestakuntza, aholkularitza eta laguntza ematea ere.

Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren proposamen txostena jaso da espedientean, baita txosten juridikoa eta kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere.

Erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu zaizkidan eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Toki-erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariak finantzatzeko, 2023rako. Deialdiarekin batera, haren oinarri arautzaileak eta balorazio irizpideak onesten dira (foru agindu honen I. eta II. eranskinetan jaso dira).

2. Horretarako, 120.353,77 euroko gastua baimentzea, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren 2023ko ekitaldirako Gastu Aurrekontuko F10002 F1200 4609 231902 partidaren kargura ("Toki-erakundeendako dirulaguntzak, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren aurkako borrokarako teknikarietarako" izeneko partida).

Baimendutako kreditua gehienez 170.000 euro handitzen ahalko da 2023ko Gastu Aurrekontuko partida F10001 F1100 4819 231903 partidatik ("Migratzaileei harrera egiten eta laguntza ematen dieten erakundeetarako dirulaguntzak"), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluaren a) letran ezarritako baldintzei jarraikiz, baldin aurrekontuan krediturik badago.

Halaber, baimendutako kreditua 200.000 euro handitzen ahalko da gehienez ere, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren 2023ko ekitaldirako Gastu Aurrekontuko "Toki-erakundeendako dirulaguntzak, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren aurkako borrokarako teknikarietarako" izeneko F10002 F1200 4609 231902 partidaren kargura, baldin eta kreditua sortzen bada administrazio publikoen edo pertsona fisiko edo juridikoen ekarpenengatik, hala aurreikusita baitago Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 46.2 artikuluaren a) letran eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluaren a) letraren 2. apartatuan.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura, Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN).

Iruñean, 2023ko maiatzaren 10ean.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, TOKI-ERAKUNDEEI KULTUREN ARTEKO BIZIKIDETZARAKO ETA ARRAZISMOAREN ETA XENOFOBIAREN AURKAKO BORROKARAKO TEKNIKARIAK FINANTZATZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2023RAKO DEIALDIRAKO

1.–Xedea.

1.1. Oinarri hauen xedea da toki-erakundeei dirulaguntza batzuk emateko araubidea zehaztea, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariak finantzatzeko, 2023rako.

1.2. Teknikari horien bidez, kulturen arteko bizikidetza eta biztanle guztien erabateko inklusioa lortu nahi dira Foru Komunitateko udalerri guztietan. Horretarako, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikarien sare bat eratuko da, zeinak esku-hartze komunitarioaren printzipioetan oinarrituta jardunen duen.

2.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.1. Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendutako kreditua 120.353,77 eurokoa da gehienez, eta 2023ko Gastu Aurrekontuko "Toki-erakundeendako dirulaguntzak, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren aurkako borrokarako teknikarietarako" izeneko F10002 F1200 4609 231902 partidaren kargura egotziko da, ezertan galarazi gabe oinarri arautzaile hauek onesten dituen foru aginduan aurreikusitako gehikuntza egiteko aukera.

2.2. 20.000 euroko dirulaguntza egonen da gehienez eskaera bakoitzerako.

2.3. Laguntzen zenbatekoa, oro har, onartutako aurrekontuaren %100ekoa izanen da, zehaztutako mugarekin.

2.4. Hasiera batean emandako diru kopuruak askatzen badira, dirulaguntzarik jaso ez duten erakundeei ematen ahalko zaie, edo, eskaera bakoitzeko baimendutako gehieneko zenbatekora iritsi gabe, eskatutakoa baino zenbateko txikiagoa jaso dutenei, betiere lortutako puntuazio hurrenkerari jarraikiz eta beharrezko eta behar adinako puntuazioa lortu bada.

3.–Erakunde onuradunak.

3.1. Dirulaguntzen deialdi honen onuradun izaten ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako toki-erakundeak:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betetzea.

b) Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuagatiko edo generoagatiko diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

c) Udalerrian, eskaera egiten den unean, kulturen arteko bizikidetzaren diagnostiko bat edo kulturen arteko bizikidetzarako plan bat izatea, edo hura prestatzeko prozesuan egotea, edo hura 2023an egiten hasteko konpromisoa hartzea.

d) Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariaren azaroaren 18ko 86E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsi zen deialdiaren onuraduna ez izatea. Deialdi haren xedea toki-erakundeei dirulaguntzak ematea zen, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariak finantzatzeko, 2023rako (2022ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 20koa).

3.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak. Orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira, justifikazio epea bukatu arte.

4.–Kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikarien lan plana eta eginkizunak.

4.1. Toki-erakundeek lan plan bat aurkeztu beharko dute inprimaki ofizial baten bidez, eta bertan zehaztuko dituzte teknikariek egin beharreko jarduketak.

Lan plan horrek barne hartuko ditu kulturen arteko bizikidetzaren ikuspegia eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borroka, eta emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren alde egin beharko du.

Ez dira diruz lagunduko irizpide sexistak, arrazistak, xenofoboak edo bestelako irizpide diskriminatzaileak aplikatzen dituzten jarduketak.

4.2. Kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariek honako eginkizun hauek beteko dituzte, zati batean edo osorik:

a) Lurralde bakoitzean jarduketa espezifikoak abiaraztea kulturen arteko bizikidetzaren eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren esparruan, barnean dela tokian tokiko diagnostikoak garatzeko eta bizikidetza-planak ezartzeko laguntza ematea.

b) Sarean lan egitea eta koordinatuta aritzea bai toki-erakundeetako langileekin bai eta, bereziki, esku-hartze komunitarioko beste figura batzuekin ere (eskola sustatzaileak, partaidetza-teknikariak, gizarte-hezitzaileak, gizarte-langileak, kultur teknikariak, kirol teknikariak, etab.).

c) Beren lurralde-eremuko administrazioaren ordezkariei, beste profesional batzuei eta herritarrei laguntza, prestakuntza eta trebakuntza ematea kulturen arteko bizikidetzaren aldeko lanean eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokan, eta aholkularitza ere ematea, barnean sartuta dirulaguntzei buruzko informazioa eta kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren aurkako borroka ahalbidetzen duten jarduerak finantzatzeko eskaeren aurkezpena.

d) Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak kontratatutako zerbitzuekin koordinatzea, bereziki Kultura arteko Bitartekaritza eta Esku-hartze Komunitarioaren Zerbitzuarekin, bai eta Arrazakeriari eta Xenofobiari Aurre Egiteko Arreta Zerbitzuarekin eta Foru Komunitateko beste baliabide eta erakunde batzuekin ere.

e) Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak jarduteko ematen dituen gida metodologikoak aplikatzea.

f) Parte-hartzea hobetzea eta espazioak sortzea jatorri kultural ezberdina dutenen sozializazioa eta elkarreragina hobetzeko, haiekin eta haien artean, eta lurralde-eremu zabalagoetan eta Foru Komunitate osoan espazioak sortzen laguntzea.

g) Sentsibilizazio ekintzak egitea aniztasun kulturalak eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeak duten garrantzia azpimarratzeko, genero-ikuspegia kontuan hartuta.

h) Kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borroka lantzeko material espezifikoak prestatzea.

i) Ematen den zerbitzua eta egiten diren jarduketak tokian-tokian zabaltzea.

j) Egindako lana sistematizatzea eta dokumentatzea.

k) Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak, deialdi honek aintzat hartzen duen aldian, egiten dituen bileretan parte hartzea, zertarako eta kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikarien sare bat eratzeko, sare hori elkarlanean eta modu koordinatuan aritu dadin.

5.–Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzaren xedea da kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariak kontratatzearen ondoriozko gastuak finantzatzea. Gastu horiek 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra sortu eta beranduenez 2024ko otsailaren 10ean ordaindu behar dira.

Jarduera eginen duen pertsona toki-erakundeko plantillakoa bada, inguruabar hori egiaztatu edo ziurtatu beharko da, 11. oinarrian ezartzen den bezala.

Kontratazio berrien kasuan, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez ere 2 hilabeteko epean egin beharko dira.

Lanbide-profila honako hau izanen da: gizarte arloko goi mailako heziketa zikloko edo II. mailako Lanbide Heziketako titulua edo gizarte zientzien eta zientzia juridikoen arloko unibertsitateko titulua.

Diruz lagundutako kontratuek gutxienez lanaldi erdiko iraupena izanen dute, eta kontratatutako pertsonak zerbitzu profesionalak eman beharko ditu kulturen arteko bizikidetzarekin eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarekin lotutako lan teknikoetarako.

Hona hemen gastu diruz lagungarriak:

a) Langileria gastuak: erreferentzia gisa hartzen dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei aplikatzen zaien hasierako soldata (2022ko abenduaren 31n dagokien mailari egokitutakoa) eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota.

b) Bidaiak. Kontratatutako pertsonaren mugikortasunetik eratorriko gastuak dira, hau da, lan planean sartutako jarduerak egiteko joan-etorrien ondoriozkoak, kontuan hartuta Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakia. Horren bidez, jarraibideak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuen arloan (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

6.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

6.2. Eskaerak aurkezteko modua.

Eskabideak eta dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, edo deialdiaren fitxako "Tramitatu" aukeraren bidez, zeina Nafarroako Atariaren tramiteen atalean argitaratu baita:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala.

Eskaera Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuari zuzenduko zaio.

Erakunde bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du.

Lan plana hainbat erakunderen artean garatzen denean, kontratazioa egiten duenak aurkeztuko du eskaera. Erakunde horrek egin beharko ditu kasuan kasuko ekintzaren gastu eta ordainketa guztiak.

6.3. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrean aurkeztuko da. Helbide honetan dago eskuragai:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/instantzia-orokorra-deskargatu

Behar bezala betetako eskabide ofizialarekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztuko da, eskaneatuta eta agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Eskaera, euskarri informatikoan eta inprimaki ofizialaren arabera aurkeztua. Interesdunen eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren webguneko Zerbitzuen Katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

Eskaerek ezin izanen dute 20 orrialde baino gehiago eduki (edo 10 orri bi aldeetatik), Arial 11 letran eginda. Eskaera tekniko luzeagoak atxikiz gero, baloraziorako lehen 20 orrialdeak baizik ez dira aintzat hartuko.

Eskaera aurkezteko unean hasi gabe dagoen kontratazio berri baten kasuan, kontratazioa hasteko aurreikusitako eguna adierazi beharko da; data hori erabiliko da kalkulatzeko zenbateko dirulaguntza eman behar den.

b) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, deialdiaren betekizunei buruzkoa, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

c) Sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazio ezari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

d) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (V. eranskina).

e) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez ere aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egina, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean daudela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko (V. eranskina).

f) Beste dirulaguntza batzuk eskatu eta/edo emateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, VI. eranskineko ereduari egokitua.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada; Nafarroako Gobernuaren webguneko Diruzaintza Inprimakien atalean egonen da eskuragarri (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm).

7.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

7.1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin bat.

7.2. Prozeduraren instrukzioa Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuari dagokio. Zerbitzu horrek egiaztatuko du, hain zuzen, dirulaguntzak jasotzeko derrigorrezko baldintzak betetzen direla, eta ofizioz baloratuko ditu eskabideak, II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

7.3. Eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, gehienez 10 egun balioduneko epean zuzentzeko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, zeina Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera emanen baita.

Baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk badaude, organo kudeatzaileak horri buruzko argibideak eskatzen ahalko dizkio erakunde interesdunari.

7.4. Eskaerak banan-banan eta zein bere aldetik baloratuko dira, 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien ponderazioa kontuan hartuta.

7.5. Dirulaguntza jaso ahal izateko, eskaerek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

7.6. Balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen kreditua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira.

Gerakinik izanez gero, eta gerakina txikiagoa baldin bada puntuazioaren arabera hurrengo den eskaerarako eskatutako aurrekontua baino, dirulaguntza proposatuko da baldin eta efizientea bada hura ematea. Horrelakoetan, onuradunari eskabidea berridazteko eskatzen ahalko zaio, konpromisoak eta baldintzak egokitu ditzan ematen ahal den dirulaguntzara, haren xedea eta ezaugarriak bere horretan utzita betiere.

7.7. Eskaera batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute eta aurrekontuan denentzako kreditu aski ez badago, II. eranskineko b atalean ("Lan planaren koherentziaren azterketa") puntuazio handiena lortzen duena izanen da erakunde onuraduna. Berdinketak bere horretan badirau, eskaera baloratzeko irizpideen b.8 atalean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.

7.8. Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak, balorazioa egin ondoren, ebazpen proposamena eginen dio Migrazio Politiketako zuzendari nagusiari, dirulaguntza jasotzeko derrigorrezko gisa ezarritako baldintzak betetzen dituzten erakunde onuradunak adierazita, eta, hala badagokio, adieraziko du gainerako eskaerak zergatik baztertu diren.

8.–Prozeduraren ebazpena.

8.1. Instrukzio-organoak egindako ebazpen proposamenean oinarrituta, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du. Ebazpen horretan dirulaguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta berariaz adieraziko da gainerako eskabideak ezetsi direla; ezetsitako eskabide horien artean zehaztu egin beharko da zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsi direnak.

8.2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro baina berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

8.3. Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

9.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Emandako dirulaguntza ordainketa bakarrean pagatuko da. 2023ko abenduan emanen da dirulaguntza osorik ordaintzeko agintzen duen ebazpena, 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

Ordainketa egiteko 2023ko abenduko ebazpen horretan sartzen ahalko da, erakunde onuradunak aurkeztutako txosten ekonomikoan eskaera egin ondoren, emandako dirulaguntzaren zati bat kontura ordaintzea, zehazki, justifikatzeke dauden gastuen zerrendari dagokiona, betiere 4. oinarrian aurreikusitako baldintzetan gauzatutako jardueraren zatiari badagozkio.

Konturako ordainketa eskatzeko ez da beharrezkoa izanen dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts-horniduraren beharra justifikatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

10.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako kontratazioa egitea, deialdiaren helburua bete dadin.

b) Zerbitzua aurkeztutako lan planaren arabera gauzatzea, plan horrek oinarritzen baitu dirulaguntza ematea, eta funtsak ezin izanen dira erabili dirulaguntza ematea eragin zuten helburuez bestelakoetarako.

c) Erakunde eskatzailearen organo eskudunak baimena ematea kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikari gisa kontratatutako pertsonak parte har dezan Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak ezartzen dituen koordinazio-deialdietan, bai eta deialdi honek aintzat hartzen duen aldian teknikarien sarerako antolatzen diren prestakuntza saio berezietan ere.

d) Organo kudeatzaileari jakinaraztea lan planari esleitutako langile taldean egiten diren aldaketa guztiak, eta, bereziki, laneko bajak. Baja kasuetan, langileak gehienez ere hilabeteko epean ordeztu beharko dira, dirulaguntza ematean aintzat hartutako langile gastuak osatzeko behar den lanaldi portzentajerako kontratatuz.

e) Halakorik ezean, eskualdeko diagnostiko batean oinarritutako kulturen arteko bizikidetzarako plan bat egiteko konpromisoa betetzea.

f) Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

g) Dirulaguntzaren jatorria jakitera ematea, diruz lagundutako jardueren zabalkunde eta publizitate orotan, baita zerbitzua ematen den lokalean ere. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen erakundearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroaren Sinboloei buruzko otsailaren 27ko 4/2020 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Era berean, "Navarra de Colores-Nafarroa Koloretan" markaren logotipoa agertuko da.

h) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

i) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

j) Justifikazio kontuak aurkeztea ezarritako ereduaren arabera.

k) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

l) Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako lan planean funtsezko aldaketak egiteko, baldin hura gauzatzea nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira. Aldaketak egiteko eskaerek behar bezala oinarritu beharko dute aldaketa hori. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da. Lan plana gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko dira justifikazioko txosten partzialean edo amaierako txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernuarenak ez diren finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

m) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezarritako gainerako eginbeharrak.

11.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

11.1. Dirulaguntza ordaintzeko, erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2023ko urriaren 30a baino lehen:

a) Sinatutako kontratuaren kopia.

b) Kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikaria eskatzailearen plantillakoa bada, pertsona horrek toki-erakundearekin duen funtzionario- edo kontratu-harremanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, titulazioa jasotzen duena.

c) Dirulaguntzaren bidez finantzatutako langileen hileko nominen zerrenda, transferentzia bidezko ordainketen ziurtagiriekin batera.

d) Gizarte Segurantzako kotizazioen likidazio ordainagiria eta transferentzia bidezko ordainketaren ziurtagiria, dirulaguntzaren bidez finantzatutako langileei dagokiena.

e) "Zenbait jarduera enpresarial eta profesionalen lan atxikipenak eta sarienak" aitortzeko eredua, eta Nafarroako Ogasun Publikorako transferentzia bidezko ordainketaren ziurtagiria, dirulaguntzaren bidez finantzatutako langileei dagokienez.

f) Justifikazio memoria, Nafarroako Gobernuaren webguneko Zerbitzuen Katalogoan eskura egonen den ereduaren araberakoa (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Memoria horretan jasoko da zer zeregin eta jarduketatan parte hartu duen kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariak justifikatutako aldian.

Txosten horretan kronograma batean adieraziko da nola gauzatu diren lan planeko jarduerak, ezarritako helburuen arabera, baita ordaindutako gastu guztien zerrenda ordenatua, zenbakitua eta xehatua ere.

5. oinarrian adierazitako aldian jaulkitako ordainagiriak eta fakturak baino ez dira onartuko egiaztagiri gisa. Agiri horietan honako hauek jaso beharko dira: agiri-zenbakia, jaulkipen data eta ordainketa data efektiboa, jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaintzeko formula, bat etorriz fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.

Kanpoan geratzen dira berariaz albaranak, aurrekontuak eta hartze-agiriak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

Tartean txosten hori aurkezturik ere, programaren amaierako txostena aurkeztu beharko da hura bukatutakoan. Ondorio horietarako, amaierako txostentzat hartuko da lan plan osoa gauzatu dela justifikatzen duena, beste finantzatzaile batzuei dagokien zatia barne, halakorik balego. Bestela, tarteko txostentzat hartuko da.

g) Hala badagokio, lan planeko jarduerak egiteko ardura duen pertsonak egin behar izan dituen bidaien ordainagiriak.

h) Hala badagokio, kulturen arteko bizikidetzarako plana egin dela edo egiten ari direla justifikatzea.

i) Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak diruz lagundutako kontratazioan parte hartu duela agerrarazteko betebeharra. Horretarako, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta diruz lagundutako kontratazioarekin loturik egiten den dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu behar da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoen arabera (4/2016 Foru Dekretua partzialki aldatu zuen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak). Era berean, "Navarra de Colores-Nafarroa Koloretan" logotipoa ere sartuko da.

j) Deialdi hau eragin duen lan plana gauzatu dela bermatzeko egokitzat jotzen den beste edozein agiri.

11.2. Beranduenez 2024ko otsailaren 10ean, erakunde onuradunek aurreko puntuko b), c) eta d) letretan zerrendatutako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte, 2023ko urritik lan plana amaitu arteko aldiari dagozkionak, bai eta lan planari buruzko amaierako txostena ere.

11.3. Prozeduraren instrukzio-organoak edozein unetan eskatzen ahalko du lan planaren gauzatzeari buruzko txosten bat aurkezteko. Era berean, lan planeko jardueren jarraipen presentziala egiten ahalko du.

11.4. Lan plana funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin finantzatu bada, justifikazioan egiaztatu beharko da funts horien zenbatekoa, jatorria eta erabilera.

11.5. Instrukzio-organoak zehazten duenean zuzendu daitezkeen akatsak daudela erakunde onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan.

11.6. Diruz lagundutako zenbatekoa oker justifikatuta badago, justifikatu gabeko zatia jasotzeko eskubidea galduko da, eta justifikatu gabeko gastuen eta ordainketen zenbatekoa itzultzeko prozedura abiaraziko da hortik aurrera.

12.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

12.1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera bererako jasotzen diren beste dirulaguntza batzuekin, salbu eta Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariaren azaroaren 18ko 86E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsi zen deialdikoekin. Deialdi haren xedea toki-erakundeei dirulaguntzak ematea zen, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikariak finantzatzeko, 2023rako (2022ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 20koa).

12.2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko diruz lagundutako jardueraren kostua, ez bakarrik ez beste administrazioek edo ente publiko zein pribatuek emandako edozein motatako laguntzak edo dirulaguntzak metatuta. Horretarako, erakunde onuradunak VI. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du.

13.–Baldintzak ez betetzea.

13.1. Oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera.

13.2. Ez-betetzeak mailakatzeko irizpide hauek hartuko dira kontuan bereziki, eman beharreko dirulaguntza edo, hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko:

–Kontratazioa aurreikusitako epean ez hastea.

–Dirulaguntza emateko oinarri den lan plana ez betetzea.

–Teknikariak 4. oinarrian adierazitakoez bestelako eginkizunak betetzea.

–Kulturen arteko bizikidetzaren diagnostikoa edo plana egiten ez hastea, aldez aurretik egin ez bada.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Amaierako justifikazioan ez-betetze formal hutsak eginez gero, epemugatik zenbat egun pasa diren kasuan kasuko dokumentuak aurkeztu arte.

13.3. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean bildutako aurreikuspenei.

13.4. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak eta betekizunak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritako zenbatekoan, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

14.–Administrazio-errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Oinarri arautzaile hauek aplikatuz Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak ematen dituen ebazpenen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

15.–Datuen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin ekarriko du Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak erakunde parte-hartzaileen datuen tratamendua egitea, eta tratamenduaren arduraduna Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia izanen da.

Datuen tratamendua justifikatuta dago deialdiaren parte-hartzea kudeatu behar delako, eta dirulaguntza ematen denean, alderdien artean sortzen den harreman juridikoa kontrolatu eta gauzatu behar delako. Helburu hori interes publikoko edo ahal publikoko legitimazioa da, Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluan zehazten den moduan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da oinarri juridikoa.

Dirulaguntzen erakunde onuradunen datuak, tratamenduaren helburukoak, mota honetakoak dira: identifikaziokoak, harremanetarakoak, bankukoak, profesionalak eta ekonomiko-finantzarioak, edo helburu horretarako behar den beste edozein.

Erakunde parte-hartzaileen datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta xede horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Zehazki, kontserbaziorako aurreikusitako epea izanen da Nafarroako Gobernuaren agiri kontserbazioaren indarreko egutegiak adierazten duena.

dpd@navarra.es helbidera joaz erabil dezakete interesdunek datu pertsonaletan sartzeko eskubidea, bai eta haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramatekoak ere. Konforme ez egonez gero, jo dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegora: https://www.aepd.es/.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusirik ez dagoen orotan, bete beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoa.

II. ERANSKINA.–BALORAZIO-IRIZPIDEAK

BALORAZIO IRIZPIDEAK

100 PUNTU BITARTE

a. Irizpide sozialak

(22 puntu gehienez)

a.1.

Generoa

(5 puntu gehienez)

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plana izatea

2,50 puntu

Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzio protokolo bat izatea

2,50 puntu

a.2.

Arreta berezia behar duten kolektiboak (emakumeak, haurrak, nerabeak eta familiak)

(2 puntu)

Lan planak kolektibo horietakoren bati arreta berezia eskaintzen dion

2 puntu

a.3.

Esku hartzen den udalerriko edo udalerrietako biztanle migratzaileen proportzioa

(10 puntu gehienez)

%15etik gora

10 puntu

%10 eta %15 artean

5 puntu

a.4.

Esperientzia izatea migratzaileekin lan egiten, kulturen arteko bizikidetzaren eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren arloko proiektu edo jardueretan

(5 puntu gehienez)

Azkeneko 5 urteotan kulturen arteko bizikidetzaren eta arrazismoaren aurkako borrokaren arloan egindako jardueren/proiektuen kopurua. (1 puntu, proiektu bakoitzeko)

5 puntu gehienez

b. Lan planaren koherentziaren azterketa

(43 puntu gehienez)

b.1.

Oinarriak

(5 puntu gehienez)

Guztiz koherentea

5 puntu gehienez

Oso koherentea

3 puntu gehienez

Nahiko koherentea

2 puntu gehienez

Ez oso koherentea

1 puntu gehienez

b.2.

Parte-hartzaileen profila egokia ote den aurkeztutako lan planerako

(3 puntu gehienez)

Oso egokia

3 puntu gehienez

Egokia

2 puntu gehienez

b.3.

Lan plana gauzatzeko lurralde-eremua

(3 puntu)

Iruñetik eta Iruñerritik kanpoko udalerri batean edo gehiagotan egiten bada

3 puntu

b.4.

Toki-erakundeen elkartea

(5 puntu gehienez)

3 toki-erakunde edo gehiago elkartzea

5 puntu

2 toki-erakunde edo gehiago elkartzea

3 puntu

b.5.

Helburuak: koherentzia, zehaztapen eta xehetasun maila

(5 puntu gehienez)

Oso egokia

5 puntu gehienez

Nahiko egokia

3 puntu gehienez

b.6.

Lan planaren deskribapena

(10 puntu gehienez)

Teknikariaren eginkizunen egokitasuna

5 puntu gehienez

Lan planaren deskribapena eta eremurako egokitasuna

5 puntu gehienez

b.7.

Zabalkunderako plana eta erabiliko diren euskarriak

(5 puntu gehienez)

Oso egokia

5 puntu gehienez

Nahiko egokia

3 puntu gehienez

b.8.

Lan plan osoan genero ikuspegi intersekzionala noraino txertatu den

(3 puntu gehienez)

Oso egokia

3 puntu gehienez

Nahiko egokia

2 puntu gehienez

b.9.

Lan plan osoan kulturen arteko ikuspegia noraino txertatu den

(3 puntu gehienez)

Oso egokia

3 puntu gehienez

Nahiko egokia

2 puntu gehienez

b.10.

Lan plan osoan 2030 Agendako GJHak noraino txertatu eta aipatu diren

(1 puntu gehienez)

Txertatu dira

1 puntu gehienez

Aipatu dira, besterik ez

0,5 puntu gehienez

c. Ebaluazio sistemaren kalitate maila: adierazleak, egiaztatzeko iturriak, ebaluazio eta jarraipen prozesua

(10 puntu gehienez)

c.1.

Adierazleak

(3 puntu gehienez)

Egokitasuna eta hartarakotasuna

1,50 puntu gehienez

Zehaztasun maila

1,50 puntu gehienez

c.2.

Egiaztapen iturriak

(3 puntu gehienez)

Egokitasuna

1,50 puntu gehienez

Zehaztasun maila

1,50 puntu gehienez

c.3.

Ebaluazio eta jarraipen prozesua

(4 puntu gehienez)

Egokitasuna

2 puntu gehienez

Zehaztasun maila

2 puntu gehienez

d. Sareko lana eta beste erakunde eta baliabide batzuekiko koordinazioa

(15 puntu gehienez)

d.1.

Sarean lan egitea

9 puntu gehienez

d.2.

Koordinazioa

6 puntu gehienez

e. Pertsonen parte-hartzea

(10 puntu gehienez)

Onuradunek lan planean parte hartzeko dituzten mekanismoak (parte hartzeko metodologiaren deskribapena, aurreikusitako talde eragileak, aurreikusitako partaidetza-taldeak, boluntariotza, mentoretza, idatzizko akordioak, gogobetetasun inkestak edo bestelakoak)

(10 puntu gehienez)

Baditu eta egokiak dira

10 puntu gehienez

Baditu

5 puntu gehienez

ESKAERAREKIN BATERA AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

III. eranskina.–Deialdiaren betekizunei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

IV. eranskina.–Sexuagatiko edo generoagatiko diskriminaziorik ezari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

V. eranskina.–Baimena.

VI. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuk eskatu eta/edo jaso izanari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu III. eranskinetik VI.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2307594