112. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

10/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 3koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita 427/2013 Foru Agindua, abenduaren 30ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariarena, "Aukera eta ukoak. Zentsu bereziak (BEZa). Jarduera hasi aurreko jakinarazpena" izeneko F-65 eredua onesten duena.

Abenduaren 30eko 427/2013 Foru Aginduak F-65 eredu berria onetsi zuen, "Aukera eta ukoak. Zentsu bereziak (BEZa). Jarduera hasi aurreko jakinarazpena" izenekoa.

Eredu horren bidez balia daitezkeen aukeren artean daude BEZaren Informazioa Berehala Emateko Sisteman (IBE) borondatez sartzea eta uko egitea. Sistema horri esker, balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro-liburuak Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez eraman daitezke, fakturazio-erregistroak elektronikoki hornituz.

Hala ere, egiaztatu da aukera horiek ez direla behar bezala erabiltzen F-65 ereduaren bidez kasu gehienetan, eta, gainera, nahasmena sortzen dela zergaren subjektu pasiboetan. Horregatik, komenigarritzat jotzen da eredutik kentzea eta Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztutako eskabide orokorraren bidez gauzatzea.

Bestalde, abenduaren 28ko 38/2022 Foru Legeak zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga onetsi zuen. Foru lege horren 13. artikuluaren arabera, zergadunak behartuta daude zerga administrazioaren aurrean aitortzera zerga ordaindu beharra dakarten jardueren hasiera, aldaketa edo amaiera. Aitorpen horiek F-65 ereduaren bidez egiteko, beharrezko aldaketak onetsi dira.

Azkenik, 427/2013 Foru Aginduak ezartzen zuen aitorpena aurkez zitekeela bide elektronikoz transmititu beharreko fitxategi baten bidez, zeina foru agindu horren I. eranskinean argitaratutako erregistro-diseinuetara egokitu behar baitzen. Ikusita aurkezteko modu hori ez dela eraginkorra edo egokia aitorpenaren xedeko edukirako, erabaki da hura eta erregistro-diseinuak kentzea.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu ahalaren erabilera bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenak ezartzen du zergen arloan eskumena duen departamentuko titularrak behar diren xedapen guztiak ematen ahalko dituela foru lege hori garatzeko eta aplikatzeko.

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak abenduaren 30ean emandako 427/2013 Foru Agindua aldatzea. Haren bidez, "Aukera eta ukoak. Zentsu bereziak (BEZa). Jarduera hasi aurreko jakinarazpena" izeneko F-65 eredua eta aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura onesten dituena eta irailaren 15eko 280/2006 Foru Agindua aldatzen duena. Horren bidez, balio erantsiaren gaineko zergaren hiruhilekoko aitorpen-likidazioa egiteko F-69 eredua onetsi zen eta Internet bidezko haren aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri ziren, baita balio erantsiaren gaineko zergaren hileko aitorpen-likidazioa egiteko F-66 ereduaren Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura ere; orobat, uztailaren 3ko 132/2009 Foru Agindua aldatzen du, zeinak arautzen baitu zer kasutan den nahitaezkoa aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk baliabide telematikoen bidez eta ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztea.

Abenduaren 30eko 427/2013 Foru Aginduaren manu hauek aldatu eta honako testu hau izanen dute:

Bat.–1. artikulua.

"1. artikulua. F-65 eredua onestea.

F-65 eredua onesten da, "Aukera eta ukoak. Zentsu bereziak (BEZa). Jarduera hasi aurreko jakinarazpena" izenekoa, formatu elektronikokoa. Haren edukia I. eranskinean agertzen da."

Bi.–2. artikulua, j) letra.

"j) Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergari ordaintzea dakarten jardueren hasiera, aldaketa eta amaieraren aitorpenak egin behar dituzten pertsona juridikoak edo entitateak, abenduaren 28ko 38/2022 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoarekin bat."

Hiru.–4. artikulua.

"4. artikulua. F-65 eredua aurkezteko gaikuntza eta baldintza orokorrak.

1. Honako hauek aurkezten ahalko dute F-65 eredua modu elektronikoz, Internet bidez:

a) Aurkezteko betebeharra dutenek edo, kasua bada, haien ordezkariek.

b) Tributuen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, foru agindu horretan onesten baita kanpo lankidetzarako akordioa, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu-zorren ordainketa.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen telematiko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

2. F-65 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki beharko du.

b) Eredua elektronikoki aurkezteko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dira, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait tributu aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak."

Lau.–5.b) artikulua, 3. zenbakia.

"3. Aitorpena balidatu ondoren, Interneten bidez igortzen ahalko da."

Bost.–I. eranskina.

Foru agindu honen I. eranskinak abenduaren 30eko 427/2013 Foru Aginduaren I. eranskina ordezten du.

Azken xedapenetako lehena. Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak abenduaren 30ean eman 150/2022 Foru Agindua, "Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga. Autolikidazioa" 369 eredua onesten duena. Autolikidazioa, subjektu pasibo ez diren pertsonei zerbitzuak ematen dizkieten, ondasunen urruneko salmentak egiten dituzten eta barneko ondasun-entrega jakin batzuk egiten dituzten subjektu pasiboei aplika dakizkiekeen araubide bereziena".

150/2022 Foru Aginduaren 7.1.b) artikulua aldatzen da. Hona hemen idazketa berria:

"b) Hautatu dagokion 369 eredua, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko behar diren datu guztiak bete. Zehazki:

–369 U eredua: BEZaren aitorpena. Batasunaren araubidea.

–369 I eredua: BEZaren aitorpena. Inportazio araubidea.

Autolikidazioaren xede den aldian araubide bereziari lotutako ondasun-entregarik egin edo zerbitzurik eman ez bada, eta aurreko aldietako autolikidazioen zenbatekoak aldatu ez badira, aurkezleak inprimakian jasoko du jarduerarik gabeko aitorpena dela".

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera aurkeztu beharreko aitorpenei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 3an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

F-65 eredua, "Aukera eta ukoak. Zentsu bereziak (BEZa). Jarduera hasi aurreko jakinarazpena" izenekoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2307097