104. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Udal ordenantza, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Faltzesko Udalak, 2023ko otsailaren 22an eginiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen erabilera arautzen duen udal ordenantza berria.

Iragarkiak Udalaren iragarki oholean eta 2023ko martxoaren 7ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, espedientea jendaurrean egon zen legez ezarritako epean, eta inork ez zuen erreklamaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, behin betiko onetsi ondoren, udal ordenantza berriaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzen da, indarrean sartu eta aplikatzeko.

Faltzesen, 2023ko apirilaren 26an.–Alkate udalburua, Sara Fernández Allo.

FALTZESKO UDALAREN ORDENANTZA, IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO PUNTUEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Zerbitzuaren izaera eta xedea. Helburua eta instalazioak.

1. Faltzesko Udalaren jabetzako ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzu publikora bideratutako jabari publikoko ondasuna dira.

2. Ordenantza honen xedea da aldi baterako erabilera pribatiboa arautzea, antolatzea eta kontrolatzea.

2. artikulua. Zerbitzuaren prestazioaren titulartasuna eta kudeaketa.

1. Kargatzeko puntuen titulartasuna Faltzesko Udalarena da.

2. Ordenantza honetan aipatzen den zerbitzua kudeaketa zuzenaren bidez emanen da, zuzenbidean onartutako moduetako edozeinetan, kasuan kasuko legezko izapideak bete ondoren.

3. artikulua. Erreserbatzeko eta kargatzeko prozedura.

1. Ordenantza honek arautuko du kargatzeko puntuen erabilera, eta RFID txartelaren bidez, mugikorrerako, tabletarako eta gainerako gailu adimendunetarako aplikazioen bidez eta kargatzeko puntuaren erabilera arautzen duten aplikazio programen interfazeen bidez eginen da.

2. Ibilgailuaren karga erreserbatzea. Erabiltzaileak kargatzeko puntuaren instalazioa erabiltzeko erreserba egin beharko du, aldez aurretik. Ibilgailuan gutxienez bateriaren %20 dagoenean kargatzea gomendatzen da.

Erreserba egindakoan, seinalatutako perimetroaren barruan jarri beharko du erabiltzaileak ibilgailua. Halaber, ekipo eta gailuen erabilera egokia eta arduratsua eginen du. Karga erreserban baimendutako denboran eginen da soilik.

Kargatzeko puntuak erabilgarri egonen dira etenik gabe, betiere ibilgailuen trafikoari irekita badaude, Udalak matxurarik, mantentze lanik edo itxierarik ez badu.

3. Gehieneko karga denbora. Puntu bakoitzaren gehieneko karga denbora kargatzeko puntuen eranskinean adieraziko da. Denbora hori mugatzen ahalko da, hala behar bada edo eskariaren intentsitateak hala eskatzen badu.

4. Karga aldiaren muga. Eskariaren beharrarekin edo intentsitatearekin lotutako arrazoien ondorioz karga denbora mugatzen ahalko da, denbora gehiagorako baimena lortu arren. Erabiltzailearen ardura izanen da ibilgailua erretiratzea, karga puntuko kontrol langileek eskatuta, karga osatu ez bada ere.

5. Karga amaitu eta ibilgailua erretiratzea. Karga amaitutakoan, erabiltzaileak berehala erretiratu beharko du ibilgailua.

6. Ibilgailua erretiratzea. Ibilgailuak erreserbatutako gehieneko karga aldia gainditzen badu, hogeita hamar minututik gorako aldeaz, zilegi izanen da Udal Gordailura erretiratzea, mekanikoki ibilgetzea edo udaltzainek edo langile baimendunak salatzea. Ibilgailuaren titularrak edo hark legez baimendutako pertsonak ordaindu beharko ditu ibilgailua Udal Gordailura eraman eta han edukitzearen gastuak edo ibilgetzeak eragindako gastuak, gaia arautzen duen ordenantzan azaldutako baldintzetan.

4. artikulua. Erabilera arauak.

1. Kargatzeko aparkatzea. Kargatu beharreko ibilgailua espazio mugatuaren barruan aparkatu beharko da, kargaren norabidean, eta balazta edo antzekoa aktibatu.

Ibilgailuak kargatzeko mugatutako espazioan ezin da aparkatu. Espazio hori oztoporik gabe eta erabiltzaileen esku egon behar da, bere xederako erabiltzen ez den bitartean.

2. Segurtasun arauak. Kargaren erabiltzaileak kargatu beharreko ibilgailuaren fabrikatzaileak xedatutako segurtasun arau guztiak beteko ditu, bai eta Udalaren kargatzeko puntuko ekipo edo instalazioen fabrikatzailearenak ere.

3. Erabilera arduratsua. Udalaren kargatzeko puntuaren erabiltzaileak arduraz erabili beharko du, behar bezala zainduz, zerbitzu publikoa egokia izan dadin. Ekipoari edo azpiegitura osatzen duten elementuei dagokienez, ez dira aldatzen edo manipulatzen ahalko. Halaber, kableak ez dira behartzen, tolesten edo zimikatzen ahalko, ez eta horiek aldatu edo kaltetzeko ekintzarik egiten ahalko ere. Halaber, ekipo edo azpiegitura horiek ez dira erabiltzen ahalko ibilgailu elektrikoak kargatzeaz bestelako helburuetarako.

4. Zehaztapenak. Kargatzeko puntuaren erabiltzaileek bete egin beharko dituzte Udalak instalazioen zaintza eta errespetuaren gainean ematen dituen adierazpenak, betiere Udalaren kargatzeko puntua egoera onean zaintzeko.

5. Udalak ez du bere gain hartuko kalte eta galeren gaineko erantzukizunik (ondasun edo pertsonei, ibilgailua kargatzeko ezintasuna, etab.), baldin eta Udalarenak ez diren arrazoiengatik sortu badira.

5. artikulua. Prezioa.

Hornitutako energia kantitatearen eta haren unitateko neurketaren arabera finkatzen da prezioa. Hau da, kargatutako kWh kopuruaren arabera. Unitate horiek kudeaketa aplikazioan adierazten dira, eta kargatzeko gailuaren barne kontagailuak digitalki neurtzen ditu. Azken hori MID araudiaren arabera probatu eta homologatu da.

Honako hau da finkatutako tarifa: 0,30 euro/kWh.

6. artikulua. Ikuskatzeko ahalmena.

Udalak ordenantza honetan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoa betetzen dela ikuskatzeko ahalmena dauka.

Udaltzainek ordenantza hau betetzen dela zaintzeko eskumena izanen dute.

Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak, debekuak edo mugak urratzen badira, bai eta Alkatetzak ordenantza garatuz ezarritako xedapenak ere, arau haustea dagoela ulertuko da. Kasu horretan, udaltzainen ardura izanen da ikuskaritza lanak egin eta arau hausteak salatzea.

7. artikulua. Eskumena eta zehapen prozedura.

1. Zehapen prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna Faltzesko Udaleko alkate-udalburua edo eskumen hori eskuordetuta duen Zinegotzigoa izanen da, betiere dagokion espedientea zabaldu ondoren.

2. Zehapen prozedura bideratuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

8. artikulua. Arau hausteak.

1. Ordenantza honen arau hausteak dira honako jarrera hauek:

2. Falta arinak.

–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza okupatzea, erreserba eduki gabe.

–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza bat baino gehiago okupatuz aparkatzea.

–Ez erretiratzea ibilgailua, ibilgailua kargatzeko denbora amaitu eta hogeita hamar minutu igarotakoan.

–Kablea ez batzea edo konektorea behar bezala ez jasotzea.

–Kargatzeko puntuko arduradunek aparkatzeari, ibilgailua erretiratzeari edo karga puntuko ekipoa edo azpiegitura erabiltzeari buruz eman dituen jarraibideak ez betetzea, baldin eta beste erabiltzaile batzuen eskubideak kaltetzen ez badira edo kargatzeko puntuko ekipoa edo azpiegitura kaltetzen edo hondatzen ez bada.

–Ordenantza honetan ezarritako arauak eta hura garatuz ezartzen diren xedapenak urratzearen ziozko egintza, baldin eta berariaz astuntzat jotzen ez bada.

3. Falta astunak.

–Hurrengo erabiltzailearen karga atzeratzea, ibilgailua puntualtasunez ez erretiratzeagatik karga amaitutakoan.

–Ibilgailua ez erretiratzea karga amaitu eta hiru ordu baino gehiago igarotakoan, erreserbatutako plaza okupatuz, erreserba duen beste erabiltzaile bat ez badago ere.

–Zabarkeriaz kaltetzea kargatzeko puntuko ekipo edo instalazioen elementuetako edozein.

–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren kargatzeko puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek zerbitzu publikoen gaineko kalteak, Udalaren jabetzako ondasunen gaineko kalteak edo hirugarren erabiltzaileen eskubideen gainerako urraketak badakartza.

–Urtebetean bi arau hauste arin egiteagatik zehapena jaso izana.

4. Falta oso astunak.

–Hurrengo erabiltzaileari karga osoa eragoztea, erreserbaren denbora guztia bidegabeki okupatzeagatik.

–Kargatzeko puntu, ekipo, instalazio edo seinaleetako elementuak lapurtzea.

–Nahita kaltetzea kargatzeko puntuetako ekipo edo instalazioen elementuetako edozein.

–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren karga puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek istripua eragiten badu.

–Udalak ingurua zaintzeko eta bizilagunekiko errespetu eta bizikidetza egokirako ezartzen dituen jarraibideak ez betetzea. Kargatzeko puntuaren zerbitzuari iruzurrezko erabilera ematea.

–Ez identifikatzea arau haustearen ustezko arduraduna, nahiz eta horretarako errekerimendua egin udaltzainek, Foruzaingoak, Guardia Zibilak edo gainerako agintaritza agenteek.

–Urtebetean bi arau hauste astun egiteagatik zehapena jaso izana.

9. artikulua. Zehapenak.

1. Ordenantza honen arau hausteek zehapen hauek ezartzea ekarriko dute:

–Arau hauste arinek 100 euroko isuna izanen dute zehapen.

–Arau hauste astunek 200 euroko isuna izanen dute zehapen.

–Arau hauste oso astunek 500 euroko isuna izanen dute zehapen, bai eta kargatzeko puntua hiru hilabetez erabiltzeko debekuaren zehapen osagarria ere.

2. Ordenantza honen arau hausteen ziozko diruzko zehapenek indarreko legedian aurreikusitako murrizketak lor ditzakete.

10. artikulua. Kautelazko neurriak.

1. Arau haustea egin duen ibilgailua bide publikotik kendu edo ibilgetu eginen da, ordenantza honetan eta indarreko legedian aurreikusitako kasuetan. Udalaren garabi zerbitzuari edo gordailuari eskatzen ahalko zaio ibilgailua erretiratu eta horretarako baimendutako lekura eramateko, arau hausleari dagozkion xedapenak aplikatuta, garabi zerbitzua arautzen duen udal ordenantzaren arabera.

2. Arau hauste bat gertatzen denean, arau hausleak ez badu frogatzen ohiko bizilekua Espainiako lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak behin-behinean ezarriko du isunaren zenbatekoa, eta zenbateko hori ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua ibilgetu eginen du.

11. artikulua. Erantzuleak.

Arau haustea eragin duen jarreraren egilea izanen da horren gaineko arduraduna, eta, hala badagokio, ibilgailuaren titularra edo alokatzailea, eta, beraz, arau haustearen arduraduna behar bezala identifikatu beharko dute.

Arau haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean egiten direnean, eta ezinezkoa denean zehaztea bakoitzak noraino hartu duen parte, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan, prozedura erkideari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz.

Era berean, kalteen erantzule solidarioak izanen dira pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau hausteei aurre hartzeko.

12. artikulua. Lehengoratzea eta kalte ordaina.

Ordenantza honetan ezarritako jarrerengatik ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, arau hauslea behartuta egonen da, hala dagokionean, ondasunak lehen zuten egoerara itzultzera eta berritzera, eragindako kalte eta galeren ordaina emanez. Horretarako, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunen tasazioaren ondotik, konponketaren zenbatekoa erabakiko du, eta horren berri emanen dio arau hausleari edo haren ordezkoari, ezarritako epean ordainketa egin dezan.

AZKEN XEDAPENAK.

Lehenengoa.- Garatzeko eta egokitzeko gaikuntza. Alkate-udalburuari berariaz ahalmena ematen zaio ordenantza hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan, bai eta ordenantza argitzeko, interpretatzeko eta hobeki aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan ere; hala ere, ahalmen horrek ez dakar ordenantza aldatzea.

Bigarrena.–Arau hierarkia. Ordenantza honen indarraldia hasi ondoren goragoko mailako arauren bat aldarrikatzen bada eta indarrean jarri, eta ordenantza honetan arautzen diren gaietan eragina badu, arau horiek zuzenean aplikatuko dira, ondoren ordenantza hau egokitu ahalko den arren.

INDARREAN JARTZEA

Indarraldia.–Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

ERANSKINA

Kargatzeko puntuak

Hauek dira Udalaren kargatzeko puntuen kokalekua eta gehieneko karga denborak:

KOPURUA

KOKALEKUA

GEHIENEKO KARGA DENBORA

1

Cruz plaza 2 (ospitale zaharraren parean)

6 ordu

2

Foruen plaza 11 (udaletxearen parean)

4 ordu

Iragarkiaren kodea: L2306584