60. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48/2022 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, hitzarmen eredu bat onesten duena Nafarroako toki-erakundeek sortu dituzten balio historikoko agiriak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordailutzeko eta hari erabilera lagatzeko, hondamendirik gertatuz gero babestuta egonen direla bermatze aldera.

Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak kasuan kasuko administrazio titularrei egozten die dokumentu publikoak gordetzeko zuzeneko erantzukizuna (4.2 artikulua), eta zenbait betebehar ezartzen dizkie.

Toki-erakundeek modu desberdinetan erantzun beharko diete betebehar horiei, udalerrien biztanle kopuruaren arabera, baina udalek beren dokumentu ondarea kontserbatzeko duten berariazko betebeharra argia da. Izan ere, 15.000 biztanletik gorako udalerriak, zeinek goi mailako tituluduna den udal artxibozain bat eduki behar baitute, udal artxiboa behar bezala kontserbatzeko baldintza egokiak zaintzeaz arduratu behar dira, hala azpimarratzen baitu foru legeak (29. artikulua); bestalde, 15.000 biztanle baino gutxiagoko toki-erakundeek instalazio eta baldintza tekniko egokiak eduki behar dituzte dokumentuak kontserbatuko direla bermatzeko (30.3 artikulua).

Araudi teknikoa erraztea jomugan jarrita, toki-erakundeei foru lege horretan zehaztutako betebeharrei erantzuten laguntzeko, Kultura eta Kirol Departamentuak, hura baita artxibo arloan eskuduna, ekainaren 10eko 50/2016 Foru Aginduaren bidez onetsi zituen Nafarroako 15.000 biztanletik beherako toki-erakundeen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak; halaber, foru agindu hartan ezarri zen, kontserbazioa dela-eta, udalen dokumentu ondarea arrisku bereziko egoeretatik –bereziki suak edo urak eragindakoetatik– babestu beharko dela, arrisku horiekiko esposizioa saihestuta.

Uholderik gertatuz gero bete beharreko kontserbazio-baldintzei dagokienez, toki-erakundeek men eginen diote Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuari aurre egiteko larrialdietako plan bereziari, bai eta uholde arriskuen mapei ere.

Hondamendiek Nafarroako toki-erakundeen dokumentu ondarean eragindako galera edo narriadura konponezinek epe luzean izan ditzaketen ondorioak prebenitzeko funtsezko neurri gisa, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak hitzarmen eredu bat proposatu dio Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiari, toki-erakunde titularrei eskaintzeko balio historikoko dokumentuak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordailutzeko aukera, bat etorriz 12/2007 Foru Legeak hitzarmen bidezko gordailutzeei buruz dioenarekin (27. artikulua), baldin eta behar bezala identifikatu eta antolaturik badaude, eta hirurogeita hamar urtetik gora badituzte, antzinatasun-irizpide hori ezarri baita. Dokumentua gordailutu ostean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak sortzailea identifikatuta eginen du dokumentu sarreraren erregistroa, eta kontserbazio-egoerari buruzko txostena emanen. Dokumentuei artxibogintzako tratamenduak aplikatzen ahalko zaizkie kontserbazioa bermatzeko, eta, ahal dela, digitalizatu eginen dira, errazagoa izan dadin erabiltzaile zein ikerlarien eskura jartzea, artxiboan oro har zehaztutako bideetan eta irisgarritasun baldintzetan, betiere. Bestetik, erakunde titularrari baimena eskatuko zaio dokumentuak artxibotik aterako badira, eta dokumentuak erreproduzitzeko jasotako eskariak jakinaraziko zaizkio.

Hitzarmen orokorraren testua Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta Kulturako Koordinazio Foroari eman zaie, haren berri eduki eta oharrak egin ditzaten, nahi izanez gero. Halaber, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Batzordeari informazioa eman zaio hitzarmen orokorra onesteko proposamenari buruz.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki-erakundeek sortu dituzten balio historikoko dokumentuak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordailutzeko eta hari erabilera lagatzeko hitzarmen eredua onestea, hondamendirik gertatuz gero babestuta egonen direla bermatze aldera. Hitzarmenaren testua ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusira, Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzura.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea.

Iruñean, 2022ko otsailaren 24an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

ERANSKINA

Hitzarmen eredua, Nafarroako toki-erakundeek sortu dituzten balio historikoko dokumentuak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordailutzeko eta hari erabilera lagatzeko (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2202817