51. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

105E/2022 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen diona Tafallako udal-mugartean dagoen pentsu-fabrikaren instalazio bati. Instalazioaren titularra Navarpienso SL da.

Instalazioa Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren I. eranskineko 9.1.b) iii) kategorian sartzen da (abenduaren 16ko1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina), eta, horrenbestez, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Instalazioa, orobat, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.4.b) iii) epigrafean sartzen da (testu bategina).

Instalazioaren proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. multzoan sartuta daudenetakoa da eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar zuen.

Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 28ko 796E/2021 Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektuak ez zuela ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozedura arrunta bete behar, eta ingurumen-inpaktuaren txostena eman zen, ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik ez duela adierazita.

Ebazpen honen eranskinean, ingurumen-inpaktuaren txostenean jasotako informazioa ageri da, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 48. artikuluan xedatutakoarekin.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoela, eta ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenaren egoerari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honek lurgaineko uretan zeharka isurtzeko baimena dakar, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Egiaztatu da ezen, aurkeztutako dokumentazioak justifikatzen duenez, betetzen dela azaroaren 12ko 2031/2019 (EB) Betearazpen Erabakiak ezartzen duena, zeinaren bidez ezartzen baitira dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak elikaduraren, edarien eta esnearen industriari buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Espedientea tramitatua izan da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen) eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean xedatutakoarekin, eta prozeduran sartuta daude Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusitako ingurumen ebaluazioaren arloko jarduerak.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar eguneko epean, eta inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Tafallako udal-mugartean dagoen pentsu-fabrikaren instalazio baterako. Titularra Navarpienso SL da. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, 15P02227091782022 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Hondakin urak udal kolektoreen sarera isurtzeko baimena sartzea, eskatzen dena Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, automatikoki berrituko da bost urtetik bost urtera.

Laugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, aurreikusita dagoena Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori).

Seigarrena.–Ingurumen baimen integratua emandakoan, titularrak bost urteko epea izanen du jarduerari ekiteko, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen Industriako Isurpenen Erregelamenduaren 12. artikuluan xedatutakoarekin.

Zazpigarrena.–Jarduera ezin da abian jarri titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu gabe, hala xedatua baitago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta industriako emisioei buruzko Erregelamenduaren 12. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta neurri zuzentzaileak eta proiektuan gauzatutako zatiari dagozkion gainerako baldintzak betetzen baditu. Horretarako, zati bat abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

Zortzigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Titularraren adierazpen bat, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

–Instalazioan ingurumena kudeatzeko ezarrita dagoen sistema.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusia. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aplikatzen jarraitu beharko baita.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Navarpienso SLri, Tafallako Udalari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Iruñean, 2022ko otsailaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2202694