229. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

70E/2022 FORU AGINDUA, urriaren 17koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki erakundeei eta haien menpeko zuzenbide publikoko entitateei dirulaguntzak emateko deialdia, banakako ebaluazioaren araubidean, 2022ko urritik 2023ko ekainera bitarte eginen den GARDENA (Nafarroako Kirolaren Kudeaketa Aurreratua) kudeaketa aurreratuko prestakuntza programan izena emateko gastuak diruz laguntzeko. DDBN identifikazioa: 654206.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera, kirola herritarren eskubidea da, eta interes publikoko gizarte jarduera, laguntzen duena pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi-kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta barne-lotura errazten ditu, osasun publikoa hobetzen du, eta garapen ekonomikoa sustatzen.

Kirol sektoreak kudeaketa zuzena eta modernoa behar du, ematen den zerbitzua kalitatezkoa eta jasangarria izan dadin, bai ekonomia aldetik bai beste arlo batzuetan. Horretarako, Nafarroako Kirol Institutuak, EUSKALIT Fundazioarekin eta Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioarekin elkarlanean, kirolaren sektoreko entitateei zuzendutako kudeaketa aurreratuko prestakuntza diseinatzen lan egin du. Prestakuntza hori abian jarri zen Nafarroako kirol federazioekin; kirol entitateetarako eta kirol-kudeaketako enpresetarako egokitu zen, publikoak zein pribatuak izan, eta orain udaletako kirol zerbitzuen beharrei erantzuten saiatzen da. Deialdi honen bidez bideratzen diren laguntzek entitate horiek ematen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzen dute, eta inplikazio garrantzitsuak dituzte eskaintza jasotzen duten praktikatzaile guztien osasunean, bai eta entitateen beraien jasangarritasunean eta funtzionamenduan ere.

2022rako deialdi honek laguntza-bide bat ezartzen du Nafarroako toki erakundeek eta haien mendeko zuzenbide publikoko entitateek Kudeaketa Aurreratuko prestakuntza horretan parte hartzeagatik sortzen diren gastuak hein batean ordaintzeko. Prestakuntza hori 2022ko urritik 2023ko ekainera bitarte garatuko da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera, eta erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako toki erakundeei eta haien menpeko zuzenbide publikoko entitateei dirulaguntzak emateko deialdia, 2022koa, banakako ebaluazioaren araubidean, 2022-2023 ikasturtean GARDENA (Nafarroako Kirolaren Kudeaketa Aurreratua) kudeaketa aurreratuko prestakuntza programan izena emateko gastuak diruz laguntzeko.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen 1. eranskinean jasotzen direnak, bai eta gainerako eranskinak ere.

3. 10.000,00 euroko gastua baimentzea deialdi honetarako; 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honi egotziko zaio:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-4609-336102: udaletako kirol zerbitzuei prestakuntza emateko dirulaguntzak

2022

10.000,00 euro

4. Foru agindu hau eta 1. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak entitate interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webgunean eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirol Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora.

Iruñean, 2022ko urriaren 17an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

1.1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako toki erakundeei eta haien mendeko zuzenbide publikoko entitateei, eranskin honetako baldintzak betetzen dituztenei, dirulaguntzak emateko prozedura ezartzea, banakako ebaluazioaren araubidean, GARDENA (Nafarroako Kirolaren Kudeaketa Aurreratua) programan izena emateagatik, betiere aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. GARDENA programa 2022ko urritik 2023ko ekainera bitarte garatuko da.

1.2. Dirulaguntza horien bidez, aipatutako entitateei kudeaketa aurreratuko prestakuntzan laguntzea lortu nahi da. Laguntzak onura publikokoak dira, Nafarroako bizilagunen kirol jarduera sustatzen, zabaltzen eta kudeatzen laguntzen dutelako.

2. Onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Nafarroako toki erakundeek eta haien mendeko zuzenbide publikoko entitateek heltzen ahalko diote deialdi honi, GARDENA kudeaketa aurreratuko prestakuntza programan izena eman badute 2022ko irailaren 1etik urriaren 3ra bitarte.

2.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13.2 artikuluan aipatzen diren egoeretako batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdiaren xede diren laguntzen onuradun izan.

2.3. Horrez gain, ez dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak jasoko sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten entitateek, zigor edo zehapen horiek administrazio ebazpen irmoz edo epai irmoz ezarri badira.

2.4. Zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

3. Kontzeptu diruz lagungarriak.

Deialdi honen ondorioetarako, entitateak GARDENA (Nafarroako Kirolaren Kudeaketa Aurreratua) programan parte hartzeko izena emateko gastuak baino ez dira diruz lagungarriak izanen; guztizkoaren %80, hain zuzen.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1. Deialdi honetarako onesten den gastua Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorren partida ekonomiko honen kargura ordainduko da:

A50002

A5100

4609

336102

"Udaletako kirol zerbitzuei prestakuntza emateko dirulaguntzak" izenekoa, 10.000,00 euroko zuzkidura duena.

4.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa, azkenik, kreditu egoki eta nahikoa egotearen arabera zehaztuko da.

5. Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.

5.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuaren web-orria ere baliatu daiteke horretarako:

https://www.deportenavarra.es/eu

Eskaera Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da (2. eranskina), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat. Ez-aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen ereduarekin bat ez datozen eskaerak, bai eta fitxa horren bidez telematikoki aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Izena eman ondoan baino ezin izanen da egin eskaera. Ez dago lehenago eskatzerik.

5.2. Entitate bakoitzaren eskaera bakarra onartuko da.

5.3. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidearen inprimakia.

Inprimakian, kasuan kasuko laukitxoak hautatu beharko dira eskaera beteta egoteko, baimen eta adierazpen hauekin:

–Baimena, eskatzaileak Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria kontsultatzeko. Baimenik eman ezean, Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, gehienez ere hiru hilabeteko antzinatasuna duena, egunean dagoela egiaztatzen duena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko eskatzaileak ez duela urratzen, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko entitate eskatzailea ez dela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

–Adierazpena, entitateak NKIri baimena ematen diola dioena, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eskatu ahal izan dezan. Baimenik eman ezean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak emandako ziurtagiria, gehienez ere hiru hilabete lehenago emana, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duena.

–Adierazpena, dioena, hala badagokio, diruz lagunduko den jarduera finantzatu dela edo finantzatzea aurreikusten dela deialdiaren xede bera duen beste dirulaguntza, laguntza edo baliabide batzuekin.

–Adierazpena, adierazten duena apustu enpresek (apustu makinen operadore diren enpresak barne) ez dutela entitatea guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten. Era berean, ez da izaten ahalko enpresa mota horien publizitaterik, ez instalazioetan, ez janzkeretan eta jarduerak egiteko erabilitako materialean.

b) Laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskabidea (laguntza lehenbiziko aldiz eskatzen bada edo aldaketaren bat izan bada bakarrik).

c) Prestakuntza antolatzen duen entitateak egindako fakturak, izen-ematearenak.

d) Ordainketaren egiaztagiria.

6. Antolamendua eta instrukzioa.

6.1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako organo eskuduna Nafarroako Kirolaren Institutuko (NKI) Kirol Zuzendariordetza izanen da.

Eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditu nahikoa dagoen bitartean.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez baditu, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan hamar egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

6.2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitzeko eskatzen ahalko die organo horrek entitate eskatzaileei.

6.3. Gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

7. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

7.1. NKIko zuzendari kudeatzaileak gehienez bi hilabeteko epean emanen du eskaerei buruzko ebazpena, eskaera bakoitza aurkezten denetik aurrera. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onetsiko da, halaber, laguntzak ordaintzea, baldin eta 11. oinarrian ezartzen diren gardentasun-betebeharrak bete badira.

7.2. Dirulaguntza emateko ebazpena entitate interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio telematika bidez. Ebazpenak dirulaguntzaren onuradunen zerrenda eta ukatutako eskaeren zerrenda jasoko ditu, ukatzeko arrazoia barne. Orobat, ebazpena www.navarra.es/home_eu/ web-orrian egonen da ikusgai.

7.3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

8. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordaintzeko erabakia dirulaguntza emateko ebazpenean jasota egonen da, eta ordainketa transferentzia bidez eginen da, gehienez ere bi hilabeteko epean, dagokion ebazpena jakinarazten denetik aurrera, betiere 2022ko abenduaren 31 baino lehen.

9. Frogagiriak eta aurkezteko epea.

Oinarri hauetako 5. puntuan zehaztutako frogagiriak baino ez dira aurkeztu beharko, horiek eskabidean sartzen baitira.

10. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzak eman diren xedeetarako erabiltzea, xedeak bete dituztela dokumentu bidez frogatu, eta NKIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.

b) Jaso duen edo jasotzeko duen beste edozein diru-sarrera, zuzena nahiz zeharkakoa, jakinaraztea eskabide ereduko inprimakia betez. Jakinarazpen hori ahal bezain laster eginen da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da Administrazioak berak, beste Administrazio Publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru-sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen dute behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

d) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren gaineko edonolako publizitatean, entitatearen webgunean eta instalazioetan, NKIk adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.

e) Berdintasuna errespetatzen duen hizkuntza erabiltzea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestea eta berdintasunari, aniztasunari, eginkizunen pluraltasunari eta erantzunkidetasunari lotutako balioak sustatzea.

f) Pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, entitateek euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatuko dute komunikazio guztietan: paperak, izena emateko orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

g) Erraztasunak ematea NKIri diruz lagundutako jardueraren gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko.

h) Egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak behar bezala auditatuak eduki eta kontserbatu beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala. NKIk edozein agiri eska dezake bidezkotzat jotzen badu entitate eskatzaileak emandako datuak berresteko.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

11. Ez-betetzeak.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea NKIren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntzaren eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

12. Datu pertsonalak babestea.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

NKIko web-orrian informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz. (https://www.deporteyjuventudnavarra.es/es/individualizada).

13. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, egintzak jakinarazi eta biharamunetik hasita.

14. Legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2213844