19. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

447E/2021 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz berrikusten baita hodi zentrifugatuak fabrikatzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratua. Instalazioa Murietako udal mugartean dago, eta titularra SCHMIDT-CLEMENS SPAIN SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren uztailaren 31ko 403/2007 Foru Aginduaren bidez emana, ondoren Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 192E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua; geroago, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 24ko 46E/2020 Ebazpenaren bidez berrikusia, eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 23ko 171E/2020 Ebazpenaren bidez aldatua.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak egiaztatu zuenez, titularrak aurkeztutako isurketa aitorpenetan adierazitako hondakin ur isurien bolumena baimendutakoa baino handiagoa zen. Horregatik, 2015eko ekainaren 16an, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak, arroko erakundeak eskatuta, titularrari eskatu zion dokumentazio osagarria aurkez zezala, argitzeko bolumena zergatik zen handiagoa, eta, hala bazegokion, baimena berrikusteko behar zen dokumentazioa igor zezala.

Hala egiaztatu ahal izan zen isurketaren zati handiena euri urak zirela eta kutsatuta egon zitezkeela; horrenbestez, titularrari isurketaren benetako ezaugarriak emateko eskatu zitzaion. 2018ko apirilaren 17an, lurrean iragazita zeharka isurtzen diren euri uretan eta hozte uretan egindako kontrolen emaitzekin, txostena eskatu zitzaion Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Lur azpiko Uren Kalitate Zerbitzuari, bere eskumenekoak diren gaien inguruan informa zezan, bereziki lehendik baden huste sistemaren (lurrean iragaztea) egokitasunari buruz eta isurketa lur azpiko ur masaren ingurumen helburuekin bateragarria izateari buruz.

2018ko ekainaren 10ean titularrari errekerimendua egin zitzaion behar ziren jarduketak has zitzan, hain zuzen ere hozte urak eta euri urak lursailetan, iparraldean, infiltratzea eragozteko jarduketak eta kolektorearen bitartez zuzenean emariaren korronte etengabearekin azaleko ibilgu batera husteko jarduketak. Horrez gain, honako hauek ere eskatu zitzaizkion: isurketaren aitorpen orokorra, existitzen diren isurketa fluxuen datuak bertan jasotzeko; instalatu beharreko arazketa sistemaren proiektu teknikoa eta instalazioetako euri uretara kutsatzaileak isurtzea saihesteko eta/edo mugatzeko hartu beharreko neurriak; ipar zonako euri uretan egin beharreko lagin hartzeen entsegu txostena eta hozteko urenak; eta isuria ateratzeko estaziotik iritsitako uren entsegu txostenak.

2019ko ekainaren 20an Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eskaera egin zion Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, titularrari dokumentazio osagarria eska ziezaion, instalazioko ingurumen baimen integratua berrikusteari ekiteko. Hain zuzen ere, honako hau eskatu zen: isurketaren aitorpen orokorra aurkeztea, jarduerako hozte ur eta euri ur guztietarako azaleko ibilgura iristeko kolektore zuzenaren eraikuntza proiektua prestatzea, eta instalazioko euri urak arazteko proiektua, burdinaren eta altzairuaren sektoreko BREF dokumentuan ezarritako mugak lortzea ahalbidetuko lukeena, Batzordearen Betearazpen Erabakiz argitaratutakoa 2012ko otsailaren 28an.

2019ko azaroaren 21ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak Ebroko Konfederazio Hidrografikoari igorri zion instalazioaren titularrak aurkeztutako dokumentazioa, isurketaren baimenaren berrikuspenari hasiera emateko.

2020ko maiatzaren 27an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak isurketaren onargarritasunari buruzko aginduzko txosten loteslea egin zuen, hondakin urak Ega ibaiaren ibilgura isurtzeko baldintzak ezarriz.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 23ko 171E/2020 Ebazpenaren bidez, instalazio horren ingurumen baimen integratuaren aldaketa esanguratsua baimendu zen, beharbada kutsatuta dauden hozte urak zein euri urak ibilgura zuzenean isurtzeko kolektorearen proiektua gauzatzeko, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2020ko maiatzaren 27ko txostenean ezarritako baldintzen arabera.

2020ko irailaren 22an, Murietako Udalak aurretiazko errekerimendua aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean, eta alegazioak aurkeztu zizkion aipatutako uztailaren 23ko 171E/2020 Ebazpenari, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariarenari, eta, 2020/09/23an, Juan José Iriberri Hita jaunak, Salvemos el Egaren izenean, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren aipatutako uztailaren 23ko 171E/2020 Ebazpenaren aurka.

2021eko uztailaren 13an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak eskatuta, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 23ko 171E/2020 Ebazpenaren aurka aurkeztutako errekurtsoak baloratzeko xedez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak aldeko beste txosten tekniko bat eman zuen, agian kutsatuta dauden iparraldeko euri uretatik eta indukzio labeen zirkuituko sei hozte dorreen purgetatik datozen hondakin urak isurtzeari buruz; horrekin, 2020ko maiatzaren 27an egindako txostena indarrik gabe utzi zenu, eta instalazioaren ingurumen baimen integratua berrikusteko eskatu zuen.

Kasu honetan, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.4 artikuluaren e) letran adierazten diren inguruabarrak gertatzen dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen lege hori), eta horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzeko eta industriako isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan xedatutako administrazio prozedurarekin bat.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ofizioz berrikustea Murietako udal mugartean hodi zentrifugatuak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua eman, eguneratu eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra SCHMIDT-CLEMENS SPAIN SA da.

Bigarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena eguneratzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bateginak, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen.

Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezartzen badu, ez da eragozpen teknikorik izanen hasierako epea, besterik gabe, arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko.

Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ukatzea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, horiek ere baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketenean.

Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isuriaren baldintzak aldatzen ahalko ditu kalitate helburuak, ingurumen kalitateko arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko.

Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen IV. kapituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Laugarrena.–Instalazioaren titularrari errekerimendua egitea ebazpen honen datatik aurrera honako jarduketa hauek egin ditzan:

–Gehienez bi hilabeteko epean:

a) Instalazioetako hondakin urak Ega ibaiaren ibilgura bideratzeko proiektuaren aldaketa, P1 kutxatilaren eta Ega ibaira irteera duen kutxatilaren arteko hondeatze kota 462,5 m-tik beherakoa izan ez dadin.

b) Justifikatzea hozte uren fluxua banandu dela beharbada kutsatuta dauden euri uren fluxutik, tratamendu sistemara sartu aurretik. Era berean, kontrol puntuen UTM koordenatuak adierazi behar dira, non hozte uren eta kutsatutako iparraldeko euri uren laginak hartuko baitira eta horien emaria neurtuko baita.

c) Ega ibaira arteko hondakin uren arazte eta kolektore sistemaren obrak hasteko ezarritako data eta obra horiek egiteko ezarritako epea ezarri.

d) Lurpeko ur kutsatuen erremediazio tratamendutik datorren efluenterako, aldiuneko emaria eta emari metatua neurtzeko ekipamendu bat instalatu beharko da, salbu eta isuritako eguneroko emaria zeharkako metodoen bidez ematen ahal dela behar bezala justifikatzen bada.

–Sei hilabeteko epean, Ega ibaiko isurketaren sakabanaketa lumaren azterketa helaraziko da, eta, azterlan hori bukatzeko, ingurune hartzailearen karakterizazio puntu egokiena edo egokienak zehaztuko dira, isurketa egiten denetik eta ibaian beheiti.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea SCHMIDT-CLEMENS SPAIN SAri, Murietako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 23an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2118092