124. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Deialdia, administrari-ofizial izateko bost lanpostu betetzeko, oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan

Tafallako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2022ko maiatzaren 17an egin ohiko bilkuran, erabaki zuen onestea honako deialdi honen oinarriak: deialdia, administrari-ofizial izateko bost lanpostu betetzeko, oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan.

Tafallako Udaleko Gobernu Batzarrak 2021eko urriaren 13an hartutako erabakiaren bitartez, Tafallako Udalaren 2021eko lan publikoaren eskaintza onetsi zen. Eskaintza horretan, besteak beste, administrari-ofizialaren bost lanpostu sartu ziren, oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzekoak; soilik parte hartu ahal izanen dute administrari laguntzaileen lanpostuen titular diren D mailako funtzionarioek eta lan-kontratudun langile finkoek.

Deialdi hau egiten da jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoari (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina). Artikulu horrek xedatzen duenez, eraginkortasuneko eta ekonomiako arrazoiak direla-eta lanpostuen antolaketa eta eginkizunak aldatzea komeni bada, eta aldaketa horiek lanpostuak goragoko maila batean kokatzea eskatzen badute, Nafarroako Administrazio Publikoek, salbuespenez, beren funtzionarioendako hautaprobetarako deialdi murriztu bat egiten ahalko dute, betiere lanpostu hutsek plantilla handitzen ez badute.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdia honen helburua da Tafallako Udaleko administrari-ofizialaren bost lanpostu betetzea oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan, plantillan lanposturik gehitu gabe.

1.2. Oposizio-lehiaketa honetarako deia egin da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

1.3. Deialdi honen karietara izendatua den izangaiak, dagozkion hautaprobak gainditu ostean betiere, administrari-ofizial izanen da, C mailakoa, jabetza hartzen duenetik. Aurretik okupatzen zuen lanpostua automatikoki amortizatuko da, eta ondorioz, plantilla organikoko lanpostu kopurua ez da handituko.

1.4. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak mailaz igo aurretik zuen araubide juridikoa, funtzionarioa izan edo lan-kontratuduna izan. Eskubide pasiboen araubide berari ere eutsiko dio.

2. oinarria.–Izangaien betekizunak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Tafallako Udaleko langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, administrari laguntzailearen lanpostuan.

b) D maila edo taldekoa izatea.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

Aurreko baldintzez gain, izangaiek honako baldintza hauetariko bat bete beharko dute, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea eta administrazio publikoetan 5 urteko antzinatasun onartua duela frogatzea.

b) Administrazio publikoetan 8 urteko antzinatasun onartua duela frogatzea.

2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta haiei eutsiko zaie hautapen prozedurak iraun bitartean, izendapenaren unera arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Tafallako Udaleko Erregistroan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aitzin, data eta zigilua jar ditzaten, eta Tafallako Udalaren Erregistro Orokorrera bidaliko da.

3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan, eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.3. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko dute:

a) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia.

b) Honako alderdi hauek frogatzen dituen ziurtagiria: administrari laguntzailearen izendapena, lanpostu horretan duen antzinatasuna eta administrazio-egoera. Udalak ofizioz gehituko du.

c) Lehiaketaldian baloratzeko alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak, emanen dituztenak alegatutako merezimendu bakoitzari dagokionez eskumena duten agintari publikoek edo erakunde pribatuetako arduradunek.

3.4. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak ebazpen bat emanen du deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzeko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

5.1. Oinarri hauetan adierazitakoaren arabera eginen da deialdia.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.2. Lehiaketaldiaren nondik norakoa.

Oposizioaldiko probak egin aurretik eginen da lehiaketaldia, eta bertan 10 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere.

Bertan, kalifikazio epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako eta agiri bidez frogatutako merezimenduak, bat etorriz III. eranskinean zehazten den puntuazio-baremoarekin.

Epaimahaiak agiri bidezko argibideak eskatzen ahalko dizkie merezimenduen ziurtagiriak eman dituzten erakunde publiko edo pribatuei, beharrezkotzat jotzen badu. Izangai bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuazioa gehituko zaio oposizioaldian lortutako puntuazioari, eta, horrela, izangai bakoitzaren azken puntuazioa lortuko da.

5.3. Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira:

5.3.1. Proba teoriko-praktikoa.

Proba teoriko-praktikoa: bertan galdera teoriko-praktiko batzuk idatziz erantzun beharko dira; II. eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira.

Galdera guztiendako hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten gehieneko denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

Ariketaren balorazioak 50 puntu egin ditzake, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta bestelako materialik erabiltzen ahalko ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.

5.4. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala, AIZa edo pasaportea aldean dutela azalduko dira. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

5.5. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

5.6. Proba bakoitzaren ondoren, Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko dira izangaiek lortutako emaitzak.

6. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute.

Epaimahaiburua: Jesús Arrizubieta Astíz, Tafallako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Uxua Olcoz Velaz, Tafallako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Nekane Agreda Arróniz, Tafallako Udaleko idazkari orokorra.

Ordezkoa: epaimahaikideak izendatzen duena.

Epaimahaikidea: Marta Pernaut Ojer, Tafallako Udaleko aholkulari juridikoa.

Ordezkoa: Olga Esquiroz Escobés, Tafallako Udaleko administrari-ofiziala.

Epaimahaikidea: Tafallako Udaleko langileen enpresa batzordeak izendatzen duena.

Ordezkoa: Tafallako Udaleko langileen enpresa batzordeak izendatzen duena.

Epaimahaikide idazkaria: Lourdes Galdeano Lander, Tafallako Udaleko lan-harremanetako graduduna.

Ordezkoa: M.ª Jesús Pejenaute Fernandez, Tafallako Udaleko administrari-ofiziala.

6.2. Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

6.4. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Prozesua amaituta, epaimahaiak alkatetzari aurkeztuko dio gainditu duten izangaien aldeko izendapen proposamena.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkatetzak administrari-ofizial (C maila) izendatuko ditu aurreko apartatuan aipatu proposamenean adierazitako izangaiak, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Izangai izendatuek hamar egun naturaleko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epearen barruan izangairen batek ez badu lanpostuaren jabetza hartzen, administrari-ofizial izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Administrazioarekiko Auzien Tafallako Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tafallan, 2022ko ekainaren 6an.–Alkate udalburua, Jesús M.ª Arrizubieta Astiz.

I. ERANSKINA

Eskabidea, administrari-ofizialaren lanpostua barne igoera murriztuan betetzeko deialdian parte hartzeko (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: interesdunak. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, moduak eta epeak. Administrazio-egintzen baldintzak, eraginkortasuna eta baliaezintasuna. Administrazio prozedura erkidea: prozeduraren bermeak, hasiera, antolaketa, instrukzioa, bukaera, izapidetze erraztua eta betearazpena. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: udal errolda, antolaketa eta eskumenak. V. titulua: toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea.

3.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

4.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: III. titulua: II. kapitulua. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. VI. titulua. Kontratazioa. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: I. kapitulua: Prozedura eta araubide juridikoa. II. kapitulua, 2. atala, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

5.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: IV. titulua: lurralde mailako toki-erakundeen antolaketa osagarria. Informazio batzordeak, I. kapitulua, 3. eta 4. atalak, eta II. kapitulua, 1. atala.

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: II. titulua: udal zergak.

Oharra: zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean den araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

III. ERANSKINA

Merezimenduen balorazioa

Epaimahaiak izangaiek alegatu eta behar bezala egiaztatutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik ematen den baremoari jarraikiz. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agirien kopiak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

–Merezimenduen baremoa.

Lehiaketaldian, 10 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

5.2 apartatuan ezarritakoari jarraikiz alegatu eta frogatutako merezimenduak honako baremo honen arabera puntuatuko dira:

a) Administrazio publikoetan administrazio lanetan benetan egindako zerbitzuengatik: 0,75 puntu urte bakoitzeko. Esperientziagatik, gehienez: 6 puntu.

Zerbitzu urtea osoa ez bada, zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, horren arabera banatuko zaie puntuazioa izangaiei.

Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horiek kontatuko dira egoera horietan sartu aurretik zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala.

b) Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroengatik, hala zentro ofizial publikoek, funtzionarioendako prestakuntza zentroek eta titulu ofizial aitortua duten unibertsitateek emandako ikastaroengatik, nola etengabeko prestakuntzarako planetan sartuta dauden eta plan horietako entitate, sindikatu edo prestakuntza zentroek ematen dituzten ikastaroengatik, betiere beteko den lanpostuari dagozkion gaien inguruko ikastaroak izanik, gehienez ere 4 puntu.

Ikastaro bakoitzaren balorazioa eginen da prozedura honi jarraituz:

a) 100 ordu edo gehiago: 1’00 puntu.

b) 75 ordu edo gehiago: 0’75 puntu.

c) 50 ordu edo gehiago: 0’50 puntu.

d) 25 ordu edo gehiago: 0’30 puntu.

e) 5 ordu edo gehiago: 0’10 puntu.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa, bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehazturik.

Iragarkiaren kodea: L2208475