86. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

688/2021 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, deialdi bat onesten da Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 4.0 Industria Katedrak Gradu Amaierako Lan Hoberenari Saria emateko.

Nafarroako Unibertsitatea Publikoak eta Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoak (CITI Navarra), zeinek 4.0 Industria Katedra osatzen baitute, beharrezkotzat jotzen dute jakintza sortzea honako esparruetan: Fabrikazio Aurreratua, Industria Diseinua, Big Data, Automatizazioa eta Robotika eta Efizientzia Energetikoa. Alde horretatik, Gradu Amaierako Lan Hoberenari Saria emateko deialdia egiten da, 2020-2021 ikasturtean beren Gradu Amaierako Lana esparru horiekin lotuta egin duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) graduko edozein titulaziotako unibertsitateko ikasleei zuzendurik.

Ikusirik Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 4.0 Industria Katedraren akta eta proposamena.

Ikusirik Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak uztailaren 3an emandako 1420/2019 Ebazpenaren bidez ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Gradu Amaierako Lan Hoberenari Saria emateko deialdia onestea, beren gradu amaierako lana 2020-2021 ikasturtean egin duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko graduko edozein titulaziotako ikasleei zuzendurik, ebazpen honen eranskineko oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Deialdi honek Gradu Amaierako Lan hoberena saritzeko sortzen duen gastua baimentzea, 2.000,00 euroko kopurua egiten duena.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2021eko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partidaren kargura ordainduko da.

30.31.20.76.69 0380 480.25 Katedren sarietarako 2.000,00 euro.

Hirugarrena.–PFEZ zergari dagokionez, sari hau jarduera profesionalaren errendimendua da. Beraz, aplikatuko zaion atxikipena % 15ekoa izanen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 78. artikuluaren arabera.

Laugarrena.–Ebazpen honen berri ematea Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 4.0 Industria Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontuhartzailetzari.

Bosgarrena.–Agindua ematea ebazpen hau eta bere eranskinak argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 4.0 Industria Katedraren webgunean (https://www.unavarra.es/catedra-industria40) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2021eko martxoaren 23an.–Francisco Javier Arregui San Martín, Ikerketako errektoreordea.

I. ERANSKINA

OINARRIAK

Gradu amaierako lan hoberenaren sariaren IV. edizioa, Nafarroako Industria Ingeniaritzako graduatuen eta ingeniari teknikoen elkargoaren eta nafarroako unibertsitate publikoaren 4.0 industria katedrak emana
Eranskina, martxoaren 23ko 688/2021 Ebazpenarena

Nafarroako Unibertsitatea Publikoak eta Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoak (CITI Navarra), zeinek 4.0 Industria Katedra osatzen baitute, beharrezkotzat jotzen dute jakintza sortzea honako esparruetan: Fabrikazio Aurreratua, Industria Diseinua, Big Data, Automatizazioa eta Robotika eta Efizientzia Energetikoa. Alde horretatik, Gradu Amaierako Lan Hoberenari Saria emateko deialdia egiten da, 2020-2021 ikasturtean beren Gradu Amaierako Lana esparru horiekin lotuta egin duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) graduko edozein titulaziotako unibertsitateko ikasleei zuzendurik.

Horiek horrela, 4.0 Industria Katedrako Segimendu Batzorde Mistoak deialdi hau egiten du.

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honek hauxe du helburua: Gradu Amaierako Lanik hoberenari sari bat emateko prozedura arautzea, publikotasun, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera. Lanak Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2020-2021 ikasturtean aurkeztutakoak izanen dira (“gainditua” kalifikazioa lortutakoak), NUPeko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleek eginak, esparru hauetan: Fabrikazio Aurreratua, Industria Diseinua, Big Data, Automatizazioa eta Robotika eta Efizientzia Energetikoa.

2.–Finantzaketa.

Deialdi honek 2.000,00 euroko aurrekontua du guztira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2021eko gastuen aurrekontuko 30.31.20.76.69 0380 480.25 Katedren sarietarako izeneko partidaren kargura ordainduko dira.

4.0 Industria Katedrak jarriko du zenbateko hori.

3.–Deialdiko saria.

2.000 euroko sari bat. Epaimahaiak zilegi du kategoria honetan bi sari ex aequo ematea. Kasu horretan, erdi bana banatuko da saria bi irabazleen artean.

4.–Baldintzak.

Sari honen deialdian Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) edozein titulaziotako ikasleek hartzen ahalko dute parte, baldin eta 2020-2021 ikasturtean beren Gradu Amaierako Lana honako esparruetako batean aurkeztu badute, eta gainditu: Fabrikazio Aurreratua, Industria Diseinua, Big Data, Automatizazioa eta Robotika edo Efizientzia Energetikoa. Ikasketa amaierako lanaren defentsa 2021eko irailaren 30era arteko epean egina izan behar dute.

COVID-19ak sortutako osasun krisia dela-eta, 2019-2020 ikasturtean aldatu egin zen GALak matrikulatzeko eta defendatzeko egutegia, eta, ondorioz, pertsona batzuk 4.0 Industria Katedrak 2020an antolatutako Gradu Amaierako Lan Hoberenaren Sarien III. ediziotik kanpo gelditu ziren. Horregatik, eta salbuespenez, 2019-2020 ikasturtean beren GALa 2020ko irailaren 30aren ondoren defendatu zuten ikasleek ere deialdi honetan parte hartzen ahalko dute.

Sarira aurkeztu nahi duten hautagaiek Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoko kide izan behar dute (CITI Navarra) ikasle akreditatu gisara.

5.–Hautagaitzak aurkezteko epea.

Sarietara aurkeztu nahi dutenek inprimaki normalizatua bete behar dute; esteka honetan dago eskuragarri: https://bit.ly/2wazXjD. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan edo Iruñeko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Tuteran duen Erregistroan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietako batean aurkeztu behar da.

Horretaz gainera, mezu elektroniko bat bidali behar dute catedra.industria40@unavarra.es helbide elektronikora, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu baino lehen, eta gaian “GAL sariak-4.0 Industria Katedra” jarri behar dute, hautagaiaren izen-deiturekin, eta dokumentazio hau erantsirik:

–Azalpen laburra (orrialde bat gehienez ere) Gradu Amaierako Lana saritzeko merezimenduei eta proposatutako esparruetan egiten dituen ekarpenei buruz (Fabrikazio Aurreratua, Industria Diseinua, Big Data, Automatizazio eta Robotika eta Efizientzia Energetikoa).

–Gradu Amaierako Lanaren ildo nagusien laburpena (300 hitz gehienez).

–Gradu Amaierako Lanaren memoria.

Hautagaitzak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2021eko irailaren 30ean bukatuko da.

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

6.–Saritutako ikasleen betebeharrak.

1. Saridunak nahi duen moduan erabiliko du irabazi duen diru kopurua. Ordainketa 4.0 Industria Katedrak eta Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoak (CITI Navarra) antolatuko duten ekitaldi publiko batean eginen da.

2. PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat hartuko dira, eta, beraz, Unibertsitateak % 15eko atxikipena eginen du.

3. Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.

7.–Epaimahaia.

Honako hiru kide hauek osatutako epaimahaiak erabakiko du saria nori eman:

–Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoaren zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina epaimahaiburu lanetan arituko baita.

–4.0 Industria Katedraren zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–4.0 Industria Katedraren Segimendu Batzorde Mistoaren zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

4.0 Industria Katedraren zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, epaimahaikideei dei eginen die. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

8.–Sariaren esleipena.

1. Epaimahaiak hautagaitzei buruzko lehen ebaluazio bat eginen du, kalitatearen eta inpaktuaren arabera, txosten arrazoituarekin batera, eta haien artetik 6 hoberenak proposatuko ditu Gradu Amaierako Lanak jendaurrean azal eta defenda ditzaten. Hamargarren oinarrian ageri den bezala, “Argitalpena” izenekoan, bide bakarra erabiliko da ekitaldiaren berri emateko: 4.0 Industria Katedraren webgunea (http://www.unavarra.es/catedra-industria40).

2. Jendaurrean azaldu eta defendatzeko ekitaldian, alderdi hauek baloratuko ditu epaimahaiak:

–Aztertutako gaiak zenbateko interesa duen eta zein neurritan egokitzen den deialdiaren edukietara.

–Nolakoa den lanaren kalitate zientifikoa eta teknikoa. Zenbateko zehaztasunez erabiltzen diren iturriak eta nolakoa den lanaren barne sendotasuna.

–Estiloa zuzena ote den, eta lana adierazteko eta aurkezteko modua argia ote den.

3. Jendaurrean azaldu eta defendatzeko ekitaldiaren ondoren, epaimahaiak saria emateko proposamena eginen du, txosten arrazoituan oinarrituta.

4. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio saria emateko proposamena. Errektoreordeak, ondoren, ebazpen bat emanen du, eta, hartan, saritutako hautagaiaren izena baino ez da agertuko; gainerako hautagaitzak atzera bota direla ulertuko da.

5. Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera, edo hautagairik ez dagoelako.

6. Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7. Ekitaldi publikoa eginen da sariak banatzeko.

8. Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 4.0 Industria Katedrak emanen du sariaren berri, irabazleari saria emateko ekitaldi publikoa izan baino lehenago betiere.

9.–Datuen babesa.

Parte-hartzaileek deialdi honetan ematen dituzten datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua, apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduaren gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Datuen tratamenduaren xedea teknologia aurreratuaren sektorean ezagutza sortzea da, eta, horretarako, IITIGMETeko Gradu Amaierako Lan Hoberenari Saria emateko deialdia egiten da. Hortaz, tratamenduaren oinarri juridikoa botere publikoa baliatzea eta interes publikoaren misioa betetzea da, DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera.

Datuen tratamenduaren arduradunak Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoa dira. Interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk erabiltzeko ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es edo info@citinavarra.es helbideetara idatziz, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Lege Organikoko 11. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera.

NUPek eta aipatu elkargoak datu hauek tratatuko dituzte: hautagaien identifikazio-datuak, harremanetan jartzekoak, sinadura eta Gradu Amaierako Lana. Horretaz gainera, zer hautagaitza proposatu diren eta saria nork irabazi duen argitaratuko da. Azkenik, bankuko datuak ere tratatuko dira saridunari ordainketak egiteko.

10.–Argitalpena.

Ebazpen honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 4.0 Industria Katedraren webgunean (https://www.unavarra.es/catedra-industria40) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira.

Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak 4.0 Industria Katedraren webgunean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira.

4.0 Industria Katedraren webgunean eta egoitza elektronikoan argitaratzea izanen da deialdi honetako epeak eta tramiteak betetzeari begira kontuan hartuko den publizitate ofizialeko tresna bakarra. Dena dela, modu osagarri eta ez ofizialean, interesdunei posta elektronikoaren bidez edo beren ikasle, irakasle eta ikertzaileen artean ahalik eta zabalpen handiena lortzearren Nafarroako Unibertsitate Publikoak egokien jotzen duen tokian edo bitartekoaren bidez ere egin litezke jakinarazpenak.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute berraztertzeko errekurtsoa jartzea, hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2105192