56. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko otsailaren 24an hartua, Iruzurraren eta Ezkutuko Ekonomiaren kontra Borrokatzeko Batzordearen osaketa aldatzen duena.

Iruzur fiskalaren eta ezkutuko ekonomiaren kontrako borroka Nafarroako Gobernuaren lehentasunezko helburuetako bat da, orokortasunaren, berdintasunaren eta justiziaren zerga printzipioak bete behar baitira.

Iruzur Fiskalaren aurkako Neurriei buruzko apirilaren 17ko 14/2013 Foru Legea betez, Nafarroako Gobernuak 2016ko maiatzaren 11n hartutako Erabakiaren bidez eratu zen Iruzurraren eta Ezkutuko Ekonomiaren kontra Borrokatzeko Batzordea, baita haren funtzionamendurako arauak onetsi ere.

Eratu zenetik 4 urte baino gehiago iragan direlarik, komeni da haren osaketa eguneratzea, Lan Zerbitzuaren ordezkari bat gehitzeko, eta, horrekin batera, Nafarroako Parlamentuak onetsitako mozioa betetzea, zeinak premiatzen baitzuen Nafarroako Gobernua langile autonomoen lanbide elkarteetako ordezkariak ere batzordean sartzera.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Aldatzea Iruzurraren eta Ezkutuko Ekonomiaren kontra Borrokatzeko Batzordearen osaketa eta onestea funtzionamenduko arauak, eranskinean jasota daudenak.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2021eko otsailaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

IRUZURRAREN ETA EZKUTUKO EKONOMIAREN KONTRA BORROKATZEKO BATZORDEAREN FUNTZIONAMENDU ARAUAK

1.–Kideak

Hauek dira batzordeko kideak:

a) Parlamentu-talde bakoitzeko ordezkari bat.

b) Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza, honako hauek osatua:

–Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularra.

–Nafarroako Foru Ogasuneko Kudeaketako Zuzendaritzaren titularra.

–Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuko zuzendaria.

–Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko titularra.

–Lan Zerbitzuko titularra.

c) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten 4 sindikatuen ordezkari bana.

d) Entitate sozioekonomiko hauetako bakoitzaren ordezkari bat:

–Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa.

–Nafarroako Lan-enpresen Elkartea.

–Iruñeko Abokatuen Elkargoa.

–Espainiako Aholkulari Fiskalen Elkartea.

–ATTAC elkartea.

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

–Langile autonomoen lanbide elkarteak.

2.–Izendapena, kargu-uztea eta agintaldia.

Nafarroako Gobernuak izendatuko eta kargutik kenduko ditu kideak. Agintaldia lau urtekoa izanen da.

3.–Batzordearen eginkizunak.

Batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Nafarroako Gobernuak iruzurraren eta ezkutuko ekonomiaren kontrako borrokan egindako jarduketak aztertzea.

b) Iruzurraren eta ezkutuko ekonomiaren kontrako borrokan egiten diren planen eta programen berri izatea.

c) Jarduketa planei eta hartutako neurriei segimendua egitea.

d) Lotesleak ez diren proposamenak egitea bere eskumenen esparruan.

4.–Batzordeko lehendakaria eta haren eginkizunak.

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularra izanen da batzordeko lehendakaria.

2. Lehendakariak eginkizun hauek ditu:

a) Bilkuretarako dei egitea eta eguneko gaien zerrenda zehaztea.

b) Bilkuretan buru aritzea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, haiek bertan behera uztea.

c) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

d) Erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

e) Erabakiak bete daitezela xedatzea.

f) Batzordeko lehendakaria den aldetik dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

5.–Batzordeko idazkaria.

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Administratiboaren Ataleko burutzaren titularra izanen da batzordeko idazkaria, hizpidea duela baina botorik gabe.

2. Hona hemen idazkariaren eginkizunak:

a) Batzordeko bilkuretarako dei egitea, batzordeko lehendakariak aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

b) Batzordeko kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo ezagutu behar duen beste edozein idazki.

c) Bilkuren akta egitea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, batzordearen dokumentuak zaintzea eta deialdiak egitea.

d) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.

6.–Bilkurak.

Batzordeak hiru hilean behin eginen du bilkura arrunta nahitaez. Bilkura bereziak egin daitezke batzordeko lehendakariak deialdia egiten badu.

7.–Antolamenduaren eta funtzionamenduaren araubidea.

Erabaki honetan aurreikusten ez den orotan, batzordeak zilegi du bere funtzionamendu arauak ezartzea.

Horren osagarri, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean kide anitzeko organoentzat oro har ezarritakoa izanen da antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea.

8.–Aholkularitza.

Batzordeak edozein unetan eskatzen ahalko du zenbait pertsonaren aholkua, dituzten ezagupen, prestakuntza, entzute edo bestelako inguruabarrak direla medio haien esku-hartzea egokitzat jotzen baldin badu. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.

Iragarkiaren kodea: F2103083