56. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

15/2021 FORU DEKRETUA, otsailaren 17koa, zeinaren bidez aldatzen baita abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra, Tributuei buruzkoa, garatzen duen Erregelamendua. Aldaketa egintzak administrazio-bidean berrikusteari buruzkoa da (erregelamendua urriaren 17ko 85/2018 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Tributuen arloko errekurtsoaren administrazio-bidea erregulatzen duen araudia abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean, Tributuei buruzkoan, ezartzen da batez ere, eta hori garatzen duen Erregelamenduan (urriaren 17ko 85/2018 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoan).

Nolanahi ere, ikusten da beharrezkoa dela erregelamendu hori eguneratzea, zenbait alderditan, batez ere Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren barne-antolamenduari buruzkoetan, atzemandako beharretara egokitzeko, hala erakutsi baitute, batetik, garapen-erregelamenduaren zenbait arlo aplikatzean izandako esperientziak, eta bestetik, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ezezkoa eman izanak auzitegi ekonomiko-administratiboek haren aurrean arazo prejudizialak jartzeko aukerari; izan ere, ez dira “organo jurisdikzionaltzat” hartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan xedatutakoaren ondorioetarako (ikus 2020ko urtarrilaren 21ean emandako epaia, C-274/14 auzigaia), ez direlako independentetzat jotzen.

Horrela, bada, zalantzaren bat argitzen da errekurtso-idatzizko akatsak zuzentzeari dagokionez, zehazten baita zein kasutan den hori beharrezkoa eta argitzen baita zer ondorio dituen akats horiek ez zuzentzeak.

Aurkaratutako egintzak eteteari dagokionez, honela arautzen du Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak: bete beharrekoa dela ezartzen duen printzipioaren salbuespen gisa. Praktikak erakutsi duenez, batzuetan, aurkaratutako egintzak eteteko eskaerak aurkezten dira bermerik gabe edo hori justifikatzen duen oinarririk gabe. Ez dagoenez gaiari buruzko berariazko araudirik, prozedurak denboran luzatzen dira etendura-eskaera aurkezte hutsagatik, eta horrek urratzen du administrazio publikoen adierazpeneko autotutoretza, zeina Konstituzioak aitortzen dien eskubidea baita, beharrezkoa den eraginkortasuna izan dezaten interes orokorrak betetzeko. Hori horrela, foru dekretu honen bidez baldintza tasatu batzuk ezartzen dira, etendura-eskaerak ondorioak izan ditzan, eta, aldi berean, araubide berezi bat ezartzen da baldintza jakin batzuk betetzen ez dituzten etendura-eskaerak ez aurkeztutzat har daitezen, eta, beraz, prozedura eten ez dezaten aurkezte hutsagatik bakarrik.

Bestalde, xehetasun handiagoz zehazten dira Auzitegiko lehendakariaren, kideen eta idazkariaren eginkizunetako batzuk. Halaber, ebazpenak izapidetu eta hartzeko berezitasun batzuk ezartzen dira, ohiz kanpoko egoeretan aplikatu beharrekoak, baldin eta egoera horien ondorioz eragotzi edo larriki zailtzen ahal bada Auzitegiak ebazpenak hartzea eta jakinaraztea, errekurtsogileen eskubideak murriztu gabe. Egoera horien artean daude “ezinbestekotzat” jotzen diren guztiak edo antzekoak, ebazpenak hartzea eragotzi edo oztopa dezaketenak, prozeduren amaiera beharrik eta nahi gabe geldiaraz ez dezaten. Aurreikusten den prozedura bereziaren helburua da prozeduraren izapidetzeak eta ebazpenak jarraitu ahal izatea erregulazio arruntean eragin nabarmenik izan gabe, baina sor daitezkeen zailtasunak saihestuz.

Tramitatzeari dagokionez, berariaz zehazten da ebazpen bereizia emateko aukera erreklamazio kolektiboak aurkeztuz gero; erreklamazioak ez onartzeko kasuak argitzen dira, eta bereizi egiten dira izapidetzeko onartzen ez diren horietatik; prozeduraren izapidetzea eteteko aukera ere sartzen da, bai eta aurkeztutako errekurtsoa edo erreklamazioa ebazteko epea luzatzeko aukera ere, baldin eta ebazteke badago Arbitraje Batzordean aurkeztutako antzeko arazoren bat –betiere batzordearen eskumeneko arlokoa–, haien gainean eragina izan dezakeena; bestalde, kentzen da arazo prejudizialak Europar Batasuneko Justizia Auzitegian aurkezteko aukera.

Era berean, xedapen gehigarri bakarra gehitu zaio erregelamenduari, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak aplikatzen ahal duen araudian sartzeko Foru Komunitateko tributuen arloko antolamendu juridikoan dauden xedapenak, hots, baliabide elektronikoen, informatikoen eta telematikoen erabilerari buruzkoak, halaxe egin baitzen partzialki jakinarazpen elektronikoarekin abenduaren 31ko 99/2019 Foru Aginduaren bidez.

Xedapen indargabetzaile bakarrean indarrik gabe uzten dira egiten diren aldaketetan ezarritakoaren aurkako manuak.

Azken xedapenetako lehenak erregelamenduan xedatutakoa garatzeko aukera aurreikusten du, eta horretarako ahalmena ematen dio tributuen arloan eskumena duen departamentuko titularrari; azken xedapenetako bigarrenak ezartzen du foru dekretuak indarra hartuko duela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean. Gainera, adierazten duenaren arabera, aldaketak aplikatuko zaizkie foru dekretua indarrean sartzen denetik aurrera hasten diren administrazio-bideko berrikuspen prozedurei, berariazko arazo jakin batzuk izan ezik; horiek aplikatuko zaizkie foru dekretuak indarra hartzen duen unean ebazteke dauden prozedurei.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, aintzat hartuta Nafarroako Kontseiluaren txostena, eta bat etorriz Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko otsailaren 17ko bilkuran hartutako erabakiarekin,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra garatzen duen Erregelamendua, egintzak administrazio-bidean berrikusteari dagokionez.

Honela idatzita geratuko dira jarraian zerrendatzen diren manuak, hots, urriaren 17ko 85/2018 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduarenak (erregelamendu horren bidez garatu zen Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra egintzak administrazio-bidean berrikusteari dagokionez):

Bat–3.5 artikulua.

“5. 4.1 artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, prozedura jakin batean interesdun bat baino gehiago dagoenean, horiek berariaz izendatu duten ordezkariarekin edo interesdunarekin eginen dira sortzen diren jarduketak, eta, halakorik ez badago, errekurtso-idazkian lehen-lehena aipatzen denarekin.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera egindako jarduketek ondorioak izanen dituzte prozeduran interesa duten guztiengan”.

Bi.–3. artikuluari 6. apartatua gehitzea.

“6. Prozedura batean interesa dutenek, edo horien ordezkariek, edozein unetan eskatzen ahalko dute tramitearen egoerari buruzko informazioa. Informazio hori organo eskudunak emanen du, eta ukatu ahal izanen da baldintza hori behar bezala egiaztatzen ez bada eskaera egiten den unean”.

Hiru.–5. artikulua.

“5. artikulua. Errekurtsoa jartzeko eskaeraren edo idazkiaren edukia.

1. Erregelamendu honetan arautzen diren prozedurak interesdunak eskatuta abiarazten direnean, abiarazteko eskaerak edo idazkiak honako datu hauek izan beharko ditu gutxienez:

a) Interesdunaren izen-deiturak, sozietate-izena edo izen osoa, eta identifikazio fiskaleko zenbakia. Ordezkari baten bidez jardunez gero, Erregelamendu honetan azaldutako moduan frogatu beharko da ordezkaritza.

b) Abiarazten den errekurtso, erreklamazio edo prozedura mota edo horren izaera zehaztea.

c) Errekurtsoa edo erreklamazioa zer organotan aurkezten den edo zer organori eskatzen zaion prozedura abiarazteko.

d) Aurkaratzen den edo espedientearen xede den administrazio egintza edo jarduketa zehaztea edo haren kopia, baita hori eman zen eguna eta horren inguruan komenigarritzat jotzen diren gainerako datuak ere.

e) Interesdunek aurkeztutako asmoak.

f) Jakinarazpenetarako helbidea; bakarra izan beharko da. Helbiderik aipatu ezean, jakinarazpenak igortzen ahalko dira interesdunen egoitza fiskalera, edo kasua bada, haien ordezkarienetara. Ez da beharrezkoa izanen hori adieraztea borondatezko edo nahitaezko jakinarazpen elektronikoak egiten direnean. Kasu horretan, jakinarazpena haren arauei jarraikiz eginen da.

g) Idazkiaren edo eskaeraren sinadura (eskuz egindakoa edo digitala). Interesdun bat baino gehiago direnean, denen sinadura beharko da, berek edo beren ordezkariek eginda.

h) Sartutako diru kopuruak ordaintzeko edo horiek itzultzeko eskatzen bada, kontuaren IBAN zenbakia, bidezkoa bada, sarrera hor egiteko. Hori idazkian adierazten ez denean, tributuen arloan eskumena duen departamentuaren datu-baseetan eskatzaileari lotuta agertzen den edozein banku-kontutan ordaintzen ahalko da itzulketa.

i) Aplikatu beharreko araudian ezarrita dagoen beste edozein.

2. b), c), f) eta h) letretan xedatutakoa salbu, abiarazteko eskaerak edo idazkiak ez baditu betetzen aurreko apartatuan aipatzen diren baldintzak, eta galarazi gabe erregelamendu honetan akats zuzenketetarako jasotako arau bereziak, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo derrigorrezko dokumentuak aurkezteko, eta berariaz ohartaraziko zaio ezen errekerimendu hori aintzat hartu ezean, ez dela izapidetzea onartuko eta jarduketak artxibatuko direla.

3. Errekurtsogileak errekurtsoaren edo erreklamazioaren kalifikazioan akatsa egiten badu edo hori jasotzen ez badu, berdin-berdin izapidetuko da, baldin eta aurkeztutako idazkitik eta gainerako inguruabarretatik modu arrazoizkoan ondoriozta badaiteke haren benetako izaera.

Bestela, ulertuko da erreklamazio ekonomiko-administratiboa dela.

4. Errekurtsoa edo erreklamazioa eskuduna ez den administrazio organo batean aurkezten bada, idazkia jasotzen duen organoak ofizioz igorri beharko dio eskuduntzat jotzen den administrazio organoari, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

5. Dokumentua –errekurtsoa edo erreklamazioa– aurkeztutzat jotzen den unearen ondorioetarako, aurkezten den eguna, ordua eta minutua hartuko dira kontuan, ahal den guztietan. Aurkezpenaren minutu zehatza adieraziko ez balitz, baina bai eguna edo ordua, hura bukatzean aurkeztu dela ulertuko da.

6. Tributuen arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez, nahitaez erabili beharreko ereduak eta inprimakiak ezartzen ahalko dira erregelamendu honetan araututako errekurtsoak edo erreklamazioak aurkezteko, bai eta atzemandako akatsak zuzentzeko ere.”

Lau.–5 bis artikulua; beste artikulu bat gehitzea.

“5 bis artikulua. Aurkaratutako egintzaren betearazpena etetea.

1. Berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkezteak ez dakar aurkaratutako egintzaren betearazpena etetea, legezko ondorio guztiekin, barne direla kuota edo eskubide likidatuen, interesen eta aplikatu beharreko errekarguen bilketa. Hala ere, berraztertzeko bidean erabakitako etenak indarrean egoten jarraituko du, baldin eta hori bide ekonomiko-administratibo osora hedatzea eskatu eta onartu bada eta emandako bermeak legez ezarritako zenbatekoa adinakoak badira.

Hala ere, aurkaratzeak zerga arloko zehapen bati eraginez gero, betearazpena automatikoki etenda geldituko da bermerik aurkeztu beharrik gabe, zehapena irmo bihurtzen den arte administrazio bidean. Errekurtsoa jurisdikzio bidean aurkezten den kasuetan, eta betearazpena etetea eskatzen bada, agintari judizialak ezartzen duenari men eginen zaio.

Ez dira etenen, apartatu honen arabera, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 30.4 artikuluan aurreikusitako zerga-zehapenak ordaintzeko erantzukizunak.

2. Errekurtsogileak eskatzen ahalko du aurkaratutako egintzaren betearazpena eteteko. Eskaera hori aurkeztuko zaio eman zuen organoari berari berraztertzeko errekurtsoa jartzen denean, eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboan, berriz, erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzen denean. Organo horiek eskumena izanen dute errekurtsoak izapidetu eta ebazteko.

Hala ere, aurkaratutako administrazio-egintzaren organo tributu-biltzaileari dagokio etendura automatikoaren eskaera ebaztea, aurkezten denean 13/2000 Foru Legearen 143.3 artikuluan aurreikusitako bermeren bat, artikulu honetan aurreikusitako moduan.

3. Etendura-eskaera lotuta egonen da aurretik edo aldi berean aurkeztu den berraztertzeko errekurtso edo erreklamazio ekonomiko-administratibo bati; idatziz egin beharko da, errekurtsoa edo erreklamazioa ebatzi aurreko edozein unetan. Halaber, argi eta garbi adierazi behar du zer egintzaren betearazpena eten nahi den; eta, hala denean, emandako bermearen baliozkotasuna, eraginkortasun juridikoa eta gaitasun ekonomikoa justifikatu eta frogatzen dituzten dokumentuekin batera aurkeztuko da.

Etendura-eskaera izapidetzeko onartu ondoren, hura izapidetzeko eta ebazteko eskumena duen organoak irizpen edo txosten bat eskatzen ahalko die organo tributu-biltzaileei eskainitako bermeen baliozkotasunari, eraginkortasun juridikoari eta gaitasun ekonomikoari buruz, baita berme gisa eman litezkeen beste ondasun eta eskubide batzuei buruz ere. Organoak hilabeteko epean prestatu eta jakinarazi beharko dio eskatzaileari, eskatzen zaion egunetik aurrera.

13/2000 Foru Legearen 143.3 artikuluarekin bat bermatzen diren zorretarako xedatutakoa alde batera utzita, zorrak eteteko eskaerek, epe exekutiboan badaude, ez dute eragotziko Administrazioaren jarduketek jarraitzea. Hala ere, azkenean etendura ematen bada, eskaera egiten den egunaren ondotik egindakoak deuseztatzen ahalko dira.

4. Erreklamatutako egintzaren bilketa egiteko eskumena duen organoak ebatziko du etendura automatikoaren eskaera, 13/2020 Foru Legearen 143.2 artikuluan aurreikusitakoa. Eskaera ez da onartuko aurkezten ez bada bermea Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan gordailutu izanaren frogagiria.

Eskaera aztertu ondoren, hala badagokio, 5.2 artikuluan aurreikusitako akats zuzenketa eginen da. Interesdunak epe barruan erantzuten badio akatsak zuzentzeko errekerimenduari, baina ez badira zuzendutzat jotzen atzemandako akatsak, ez da onartuko etendura-eskaera.

Ez onartzeak berekin dakar etendura-eskaera ez aurkeztutzat jotzea ondorio guztietarako. Erabaki hori interesdunari jakinarazi beharko zaio.

5. Etendura eskatzen denean 13/2020 Foru Legearen 143.3 artikuluan aurreikusitako bermeak ez direnak aurkeztuta, soilik adosten ahalko da interesdunak frogatzen duenean ezinezkoa zaiola aipatu artikuluan aurreikusitako bermeak aurkeztea, eta eskainitako bermeari buruzko dokumentazioa ematen duenean.

Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira etendura-eskaerarekin batera:

a) Egiaztagiria, ezintasuna frogatzen duena fidantza edo abal solidarioa lortzeko, eskaera aurkeztu aurreko hilabetean, zergaduna aritzen den kreditu entitateak emandakoa.

b) Egiaztagiria, zergadunak dituen finantza-erakunde guztiek emandakoa, eskudiruzko gordailu bat eratzeko saldo erabilgarriei buruzkoa, eta saldo horietan izandako mugimenduen kopia bat, hain zuzen etendura-eskaera aurkeztu aurreko hogeita hamar egunetan egindakoena.

c) Eratu nahi diren bermeen izaera eta ezaugarriak.

d) Zer ondasun edo eskubiderekin eratu nahi den bermea, berariaz adierazita titulartasuna, erregistroko erreferentzia (halakorik baldin bada), bai eta haren balioari eragiten dioten zama, karga, errentamendu edo bestelako inguruabarrak ere, eskaera aurkezten den egunean indarrean daudenak, data horretan daukaten zenbatekoa adierazita.

e) Bermea onartuz gero lotuta geratuko diren ondasun edo eskubideen balorazioa, adierazita zer enpresak edo perituk egin duen eta noiz egin zen tasazioa; data hori ez da sei hilabete baino lehenagokoa izanen, etenaldia eskatzen denetik hasita. Ondasun mota jakin baten balorazioan espezializatutako enpresa edo profesionalen erregistro bat dagoenean, balorazioa, ahal dela, erregistro horretan inskribatutako enpresa edo profesional batek egin beharko du.

Eskaera ez da onartuko ez bazaio eransten aurreko letretan ezarritako dokumentazioa.

Eskaera aztertu ondoren, hala badagokio, 5.2 artikuluan aurreikusitako akats zuzenketa eginen da. Interesdunak epe barruan erantzuten badio akatsak zuzentzeko errekerimenduari, baina ez badira zuzendutzat jotzen atzemandako akatsak, ez da onartuko etendura-eskaera.

Ez onartzeak berekin dakar etendura-eskaera ez aurkeztutzat jotzea ondorio guztietarako. Erabaki hori interesdunari jakinarazi beharko zaio.

Kasu horretan betearazpena eteteko, organo tributu-biltzaileek aurretik emandako aldeko txostena ere izan beharko da.

6. Egintzaren betearazpena bermerik gabe (guztiak edo batzuk kenduta) eteteko eskaeran, dokumentu bidez justifikatu beharko da nolakoak eta norainokoak diren aurkaratutako egintzaren betearazpenak eragin ditzakeen kalte konponezinak edo konpontzen zailak. Horretarako, etendura-eskaerarekin batera, perituen txostena aurkeztu beharko da, zergadunaren kaudimenari eta likideziari buruzkoa, bai eta aurkaratutako egintzaren exekuzioak ekarriko lizkiokeen kalte-galerei buruzkoa ere. Kontabilitate-analisian espezializatutako enpresa edo profesionalen erregistro bat dagoenean, balorazioa, ahal dela, erregistro horretan inskribatutako enpresa edo profesional batek egin beharko du.

Etendura-eskaera bermerik gabe egiten denean errekurritutako egintzak akats aritmetiko, material edo egitatezko bat duelako, akats hori gertatu dela justifikatu beharko da.

Eskaera ez da onartuko baldin eta eskatutako dokumentazioarekin batera aurkezten ez bada edo nabarmena bada ez dagoela kalte konponezinik edo konpontzen zailak direnik edo akats aritmetiko, material edo egitatezkorik, ezin delako ondorioztatu kalte edo akats horien zantzurik espedienteari erantsitako dokumentaziotik.

Eskaera aztertu ondoren, hala badagokio, 5.2 artikuluan aurreikusitako akats zuzenketa eginen da. Interesdunak epe barruan erantzuten badio akatsak zuzentzeko errekerimenduari, baina ez badira zuzendutzat jotzen atzemandako akatsak, ez da onartuko etendura-eskaera.

Ez onartzeak berekin dakar etendura-eskaera ez aurkeztutzat jotzea ondorio guztietarako. Erabaki hori interesdunari jakinarazi beharko zaio.

7. Eten nahi den zorra borondatez ordaintzeko epean baldin badago eskaera egiten den unean, aurkeztutako bermeak nahikoa izan beharko du tributu-zorra ordaintzeko, zorraren %20 ordaintzeko, bai eta erabakitako etenduraren ondorioz sor litezkeen berandutze-interesak ere.

Eten nahi den zorra ordainketa egiteko epe exekutiboan baldin badago eskaera egiten den unean, aurkeztutako bermeak nahikoa izan beharko du tributu-zorra ordaintzeko, barne direla epe exekutiboko errekargu eta interesak, zorraren %5 ordaintzeko, bai eta erabakitako etenduraren ondorioz sor litezkeen berandutze-interesak ere.

Bermea denean dirua edo balore publikoak gordailutzea, eta galarazi gabe bidezkoa den behin betiko likidazioa, interesengatik bermatu beharreko zenbatekoa izanen da bi hilabeteri dagokiona, berraztertzeko errekurtsoa bada, edo beste urte batekoa, bermeak bide ekonomiko-administratiboan eragina izan behar badu.

Kaudimen ezaguneko beste pertsona fisiko edo juridiko batzuen fidantzak edo abal solidarioak 1.500 eurotik beherako zorrak bakarrik berma ditzake. Bi pertsona fisiko edo juridiko izan beharko dira fidatzaile, eteteko eskatzen den zerga-bilketako prozeduran interesdun ez direnak, eta bat etorriz etetea ebazteko eskumena duen organoak eskura dituen datuekin, haien zerga-betebeharrak egunean dituztenak eta behar den egoera ekonomikoa dutenak etendako zorraren ordainketa beren gain hartu ahal izateko. Gainera, aurkezten den agiriak adieraziko du fidatzaileen izaera solidarioa, berariaz uko eginez ordena-, zatiketa- eta eskusio-onurei.

8. Eskatutako etendura onartu edo ukatzeko ebazpena bi hilabeteko epean jakinarazi beharko da, berraztertzeko errekurtsoa aurkezten denetik hasita, edo hiru hilabeteko epean, erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkezten denean. Epe horiek iragan eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunak ezetsitzat jotzen ahalko du hori.

Bermea partzialki eteten bada, erabakiak zehaztuko du zer berme eratu behar diren.

9. Aurkaratutako egintzaren betearazpena etetea onartzeko, baldin eta 13/2000 Foru Legearen 143.3 artikulukoa ez den bermea emateko eskatu bada, berme hori hilabeteko epean eratu beharko da, horretarako baimena eman dela jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Epe hori igarotzen bada etendura onartu duen organoari bermea eratu izana modu fede-emailean jakinarazi gabe interesdunari egotz dakiokeen arrazoi batengatik, automatikoki ukatutzat joko da inolako jakinarazpen osagarririk egin behar izan gabe.

Etendura onetsitakoan, ulertuko da indarrean dagoela eskaera aurkeztu den egunetik beretik.

Errekurtsoa edo erreklamazioa ezetsita egoteagatik tributu-zorra ordaintzen denean, 13/2000 Foru Legearen 50. artikuluan ezarritako berandutze-interesak ordainduko dira etendurak iraun duen bitartean.

Berraztertzeko errekurtsoan dekretatutako etendurak prozedura horri baino ez dio eraginen, bide ekonomiko-administratibo osoan horri eustea berariaz eskatu ezean. Etendura hori bermea eman ondoren erabakitzen bada, hori mantentzen ahalko da bakarrik organo tributu-biltzaileek emandako irizpenaren edo txostenaren bidez frogatzen badira baliozkotasuna, eraginkortasun juridikoa eta gaitasun ekonomikoa.

Berraztertzeko errekurtsoan emandako etendurak bere indarraldiari eusten badio erreklamazio ekonomiko-administratiboan, ez da haren ondoriozko interesen likidaziorik eginen administrazio-bidea bukatu arte.

10. Ukatzeko ebazpena ematen bada, edo 8. apartatuan aipatutako epeak jakinarazpenik egin gabe igarotzen badira, interesduna legitimatuta egonen da erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkezteko, edo kasua bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

Zorra eteteko eskaera aurkezten den unean borondatez ordaintzeko epean baldin badago, hura ukatuz gero, epe hori berriro hasiko da kontatzen, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11. Berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa partzialki baietsita likidazio berri bat eman behar bada, aurkeztutako bermea zor berriaren ordainketari lotuta geratuko da, barne direla aplikatu beharreko berandutze-interesak.

12. Bermea askatu edo itzuli eginen da zorra eta errekarguak, interesak eta kostuak eta etenaldian sortu interesak ere pagatu direnean.

Egintza deuseztatzea erabakitzen bada, orduan ere itzuliko da bermea.

Likidazio batean errekarguak, interesak edo kuotaz besteko osagaiak baliogabetzen direnean, oraindik ere geratzen den zorraren ordainketari atxikita geldituko da bermea, baina zilegi izanen da haren ordez azken hori soilik estaltzeko moduko beste bat jartzea”.

Bost.-7. artikulua; 6. eta 7. apartatuak ezabatzea.

Sei.–13. artikulua indargabetzea.

Zazpi.–15. artikulua.

“15. artikulua. Osagarritasuna.

Titulu honetan aurreikusten ez den orotan, osagarriak izanen dira erreklamazio ekonomiko-administratiboen prozedura arautzen duten xedapenak.”

Zortzi.–21.2 artikulua.

“2. Bereziki, lehendakariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Oinarrizko irizpideak ezartzea espedienteak aztertzeko, eta horiek kideen artean banatzea.

b) Auzigaiak aztertzeko modua ikuskatzea, eta tributuen arloan eskumena duen departamentuko titularrari espediente horien bilakaera frogatzen duten egoeren berri ematea, hori egiteko eskatzen zaionean.

c) Kideen eskumenen egitura ezartzea, eta haiei espedienteak esleitzea horiek izapidetzea dagokienean. Noiznahi aldatzen ahalko du esleipena, Auzitegiaren funtzionamendua hobea izateko beharrezkotzat joz gero.

d) Irizpideak bateratzea sustatzea Auzitegiaren eskumeneko auzigaietan.

e) Hala denean, erregelamendu honetan aurreikusitako arrazoietako baten bat duten Auzitegiko kideen abstentzioa ebaztea.

f) Kideen errekusazio kasuak ebaztea.

g) Ebazpena ematea interesdunek edo horien ordezkariek espedientean dauden agirien kopia izateko eskaera ukatzeko.

h) Erakunde, korporazio edo bulego ofizialen txostenak eta irizpenak eskatzea, prozedurak tramitatzeko beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen badira.

i) Prozedura bat ebazteko eta hori jakinaraztea agintzeko legezko gehieneko epearen etendurari buruzko ebazpena hartzea.

j) Esleituak dituen ebazpen proposamenak idaztea, horiek ebaztea osoko bilkuraren eskumena bada, eta horien kopia helaraztea kideei.

k) Bileren deialdia erabakitzea, gai-zerrenda ezartzea eta buru aritzen den bileretan ordena egokia gordetzen dela zaintzea ere. Horiek bertan behera utz ditzake arrazoi justifikatua egonez gero. Gai-zerrendatik kanpo uzten ahalko du, halaber, aldez aurretik sarturik dagoen edozein gai, funtzionamendua hobea izateko beharrezkotzat joz gero.

l) Bere botoaren bidez berdinketak ebaztea.

m) Aurkeztutako idazki eta eskaeren izapidetzea ez onartzea deklaratzea eta ebaztea.

n) Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera aplikatu beharreko banakako gaitasuna duten espedienteak ebaztea.

ñ) Behar diren neurriak hartzea organo eskudunek Auzitegiaren ebazpenak behar bezala betearazteko.

o) Auzitegiko osoko bilkurak hartutako erabakiak sinatzea, bai eta bere eskumenekoak diren horiek ere, erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera.

p) Auzitegiko bilkuren akta onestea eta sinatzea.

q) Auzitegiak behar bezala funtzionatzeko behar diren eta ez kideei ez idazkariari esleitu ez zaizkien eginkizun guztiak gauzatzea, baita berariazko manu baten bidez esleitzen zaizkionak ere”.

Bederatzi.–22. artikulua, izenburua.

“22. artikulua. Auzitegiko kideen eginkizunak”.

Hamar.–22 artikulua, lehen paragrafoa eta g) letra.

“Hauek dira Auzitegiko kideen eginkizunak:”

“g) Auzitegiko osoko bilkuretako eztabaidetan parte hartzea, bozkatzeko eskubidea erabiltzea, boto partikularra ematea, hala uste badute, eta hartutako ebazpenak sinatzea”.

Hamaika.–26. artikulua.

“26. artikulua. Funtzionamendua.

1. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak modu kolegiatuan hartzen ditu ebazpenak, hurrengo apartatuan adierazten diren kasuetan izan ezik; izan ere, horietan dena delako auzigaiaz arduratzen den kideari dagokio erabakia banaka hartzea.

2. Auzitegiak banaka jarduten du bere kideetako baten bidez, honako kasu hauetan:

a) 46.1 artikuluan aurreikusitako arrazoietako bat gertatzen denean aurkeztutako erreklamazioa ez onartzeko; izapidetzea ez onartzeko arrazoiak ez dira halakotzat hartuko horiek ebazteko eskumena Auzitegiko lehendakariari badagokio.

b) Ebatzi beharreko kontua denean aurkaratzen den egintzaren betearazpena etetea erreklamazio ekonomiko-administratiboetan, baldin eta Auzitegiko lehendakariak esleitu badie horien izapidea egitea eta dagokien ebazpen proposamena idaztea.

c) Errekurtsogileak uko edo atzera egitearen ondorioz jarduketak artxibatzea erabaki behar denean.

d) Bidezkoa denean jarduketak artxibatzea eskatzen diren uziak aldez aurretik betetzeagatik.

e) Eskaera iraungitzat jotzea bidezko denean, erregelamendu honetan aurreikusitako kasuetan.

3. Aurreko apartatuan aipatutako kasuetan, ebazpena emateko eskumena duen kidea izanen da espedientea esleituta duena.

4. Auzitegiak banaka jarduten badu, ez dira aplikatuko deialdiari, gai-zerrendari eta bozketen baldintzei buruzko arauak, Auzitegiak osoko bilkuran jarduten duenean baino ez baitira aplikatuko.

5. Auzitegiko lehendakariak, behar den ebazpena hartu aurretik edozein unetan, bereganatu ahal izanen ditu kideen banakako eskumenari esleitu ohi zaizkion auzigai edo espedienteak, osoko bilkurak jakin eta ebatz ditzan, betiere arrazoi tekniko, praktiko edo juridikoek hala eskatzen badute.

Halaber, indarrik gabe utz dezake aldez aurretik ebatzitako eskumenak bereganatzea, erabakia hartzeko arrazoiak desagertzen badira.

6. Kideak eta idazkaria parte hartzera behartuta daude deitzen diren bilkuretan eta ebazpenak hartzeko behar diren eztabaidetan. Hala ere, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren osoko bilkura modu baliozkoan eratzeko, bilerak eta eztabaidak egiteko eta ebazpenak hartzeko ondorioetarako, beharrezkoa izanen da jarduneko kideen erdiak bertaratzea, gutxienez ere, eta horietako batek lehendakaria edo haren eginkizunetan ordezten duena izan beharko du. Halaber, Auzitegiko idazkariak bertaratu beharko du edo haren eginkizunetan ordezten duenak.

7. Ohiz kanpoko egoeretan, ezinbesteko arrazoiengatik edo antzeko arrazoiren batengatik ezinezkoa denean edo bereziki zaila denean osoko bilkurak presentzialki eta bertako kideek ebazpenak espresuki sinatzea, eskura jarritako baliabide elektroniko, informatiko edo telematikoak erabiliz egiten ahalko dira, eta ebazpenak onartu, jhalako moduz non jasota geratzen den kide bakoitzak zer boto eman duen iritzia emateko aurkeztu zaizkion ebazpen proposamenei buruz; hori jaulkitzaileak jakinaraziko die bai lehendakariari, bai gainerako kideei eta idazkariari.

Lehendakariari boto guztiak jakinarazi ondoren, horrek bozketaren emaitza jakinaraziko die kideei.

Kideek emandako boto guztiak zenbatuta, Auzitegiko lehendakariak edo bere eginkizunak betetzen dituenak sinatuko ditu prozedura hau erabiliz hartutako ebazpenak, eta erregelamendu honetan aurreikusitako prozedura arruntaren bidez hartutakoen balio eta eraginkortasun bera izanen dute.

Auzitegiko lehendakariari dagokio egoera jakin bat salbuespenekoa dela baloratzea, eta hura izanen da apartatu honetan aurreikusitako prozeduraren aplikazioa ebazteko organo eskuduna.

Era berean, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratibokoak aho batez erabaki ahal izanen du prozedura hau aplikatzea Auzitegiko osoko bilkurari dagozkion ebazpenak hartzeko, funtzionamenduaren onerako dela irizten dion kasuetan”.

Hamabi.–29. artikuluari 4. apartatua gehitzea.

“4. Osoko bilkuraren ebazpenak osoko bilkura horretan parte hartu duten Auzitegiko kide guztiek sinatuko dituzte, baita boto partikularra eman dutenek ere.

Auzitegiko lehendakariak erabakitzen ahalko du edozein kideren sinaduraren ordez –hura eskuzkoa izan nahiz elektronikoa– haren oniritzia ematea, jakinaren gainean dagoela frogatzeko, hala erabakitzen duen ebazpenean zehazten den moduan”.

Hamahiru.–32. artikulua, 1.b) eta 2. apartatuak.

“b) Hainbat interesdun daudenean, eta haien erreklamazioetan 34. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak betetzen direnean.

2. Hala ere, erreklamazioa modu kolektiboan aurkeztu bada ere, Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak erabaki ahal izanen du planteatutako auzigaiak interesdun bakoitzarentzat modu bereizian izapidetu eta ebaztea, egokitzat jotzen duenean edo indarrean dagoen araudiak hala eskatzen duenean. Bereiz izapidetzeko eta/edo ebazteko erabakia jakinaraziko da auzigaiaren funtsari buruz ematen den ebazpenean berean, eta ezin izanen da errekurtsorik aurkeztu haren aurka”.

Hamalau.–33. artikulua.

“33. artikulua. Berrikuspena zabaltzea.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak espedienteak jasotzen dituen gai guztiak jakinarazten dizkio Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboari, gai horiek interesdunek planteatuta egon nahiz ez.

2. Komenigarritzat jotzen bada interesdunek planteatzen ez dituzten gaiak aztertzea eta ebaztea, prozeduran pertsonatuta daudenei azalduko zaizkie, eta hamar eguneko epea emanen zaie egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten.

3. Aurkeztutako erreklamazio ekonomiko-administratiboan sartutako aurkaratzeko arrazoien artean alegatzen bada ere legez ezarritako erabateko deuseztasuneko arrazoietako bat, hura izapidetu eta ebatziko da aurkeztutako erreklamazioari aplikagarri zaizkion arau eta epeen arabera.

4. Ez dira kontu berritzat hartuko ebazpena oinarritzen duten arrazoi juridikoak”.

Hamabost.–34 artikulua.

“34. artikulua. Espedienteak metatzea batera ebazteko.

Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko kideek, interesdunek eskaturik edo ofizioz, erabaki ahal izanen dute bi erreklamazio ekonomiko-administratibori edo gehiagori dagozkien jarduketak metatzea, baldin eta haiei badagokie horiek izapidetzea, eta egokitzat jotzen badute beren funtzioak hobeki betetzeko, edo beharrezkoa bada hartu beharreko ebazpena hobeki ulertzeko.

Kide desberdinei esleitu bazaie metatu beharreko espedienteak tramitatzea, Auzitegiko lehendakariaren oniritzia beharko da metatzeko erabakia hartu ahal izateko, eta hark espedienteen esleipena aldatuko du horretarako”.

Hamasei.–35. artikulua, indargabetzea.

Hamazazpi.–III. tituluko III. kapituluko 3. atala indargabetzea.

Hamazortzi.–39. artikuluari 5. apartatua gehitzea.

“5. Auzitegiaren egoitzan emanen da espedientearen berri; hamabost eguneko epea izanen da horretarako, epe hori ireki dela jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epea amaitzen bada interesdunak edo haien ordezkariak agertu gabe, prozedura izapidetzen jarraituko da.

Hala ere, horren berri ematen ahalko da bide elektronikoz, baldin eta baliabide teknikoek horretarako aukera ematen badute eta izapidetze mota honi aplikagarri zaion araudiarekin bat”.

Hemeretzi.–40.5 artikulua.

“5. Interesdunek edo horien ordezkariek parte hartzen duten espedienteko agirien kopia eskatzen ahalko dute, baina eskaera horrek ez du prozedura izapidetzea etenen. Auzitegiak onartu eginen du eskaera, izapide gehigarririk egin beharrik gabe, baldin eta betetzen badira datu pertsonalak babesteko arauetan legez ezarritako baldintzak. Eskaerari uko egiten ahalko zaio baldintza horiek betetzen ez badira edo, indarrean dagoen araudiaren arabera, gorde beharreko informazioa bada.

Nolanahi ere, Auzitegiko lehendakariari dagokio kopiak ematea ukatzeko eskumena.

Auzitegiko idazkariak eginen ditu kopiak, eta emandakoa jaso beharko da espedientean”.

Hogei.–40.7. artikulua, indargabetzea.

Hogeita bat.–43. artikulua, indargabetzea.

Hogeita bi.–45 artikulua.

“45. artikulua. Ebazpena.

1. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak, osoko bilkuran zein edozein kideren bidez jardunda, erreklamazio-egileak adierazitako asmoei eta aurkeztutako erreklamazioa oinarritzen duten oinarriei buruzko ebazpena emanen du epearen barnean, ez badu uste erabakia eman behar duenik berariaz planteatu gabeko konturen baten gainean; kasu horretan, erregelamendu honen 33.2 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa, zeina gehienez ere urtebetekoa izanen baita jartzen den egunetik edo, hala badagokio, hura aurkeztean atzemandako akatsak zuzentzen direnetik, ebazpen baten bidez bukatuko da. Ebazpen horrek erabaki hauetakoren bat jasoko du:

a) Erreklamazioa ez onartzea, 46. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

b) Erreklamazioa osorik edo partzialki baiestea, erreklamazioa jaso duen egintza osorik edo partzialki deuseztatuta. Hala denean, erreklamazioaren xede den egintza zuzenbidearen araberakoa izateko hartu beharreko neurriak zehaztuko ditu.

c) Erreklamazioa ezestea.

d) Jarduketen artxiboa deklaratzea, erreklamaziogilearen uziak betetzeagatik ebazpena eman aurretik, erreklamazioaren oinarri den eskubideari uko egiteagatik, atzera egiteagatik edo antzeko arrazoiren batengatik.

3. Ebazpena eman behar duen organoak ikusten badu badirela akats formalak eta horiek defentsa-gabezia eragin ahal izan dutela edo nabarmen mugatu ahal izan dituztela errekurtsogileen defentsarako aukerak, aurkaratutako egintza deuseztatuko da ukitutako zatian eta aginduko da espedientea atzera eraman dadila atzemandako akats formala gertatu zen unera.

4. 2. apartatuan ezarritakoa gorabehera, eta galarazi gabe Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 87.2 artikuluan xedatutakoa, prozedura bat ebazteko eta ebazpena jakinarazteko legezko gehieneko epea eteten ahalko da Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren ebazpen baten bidez, baldin eta haren iritziz, inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Hitzarmen Ekonomikoan aurreikusitako Arbitraje Batzordearen eremuan amaitu gabeko prozedura bat baldin badago, dena delako ebazpenaren edukia funtsean eta zuzenean baldintzatzen duena, ebazpen hori jakinarazten denetik hura kentzea erabakitzen duen lehendakariaren ebazpena jakinarazten den arte.

b) Europar Batasunaren eremuan amaitu gabeko prozedura bat badago, dena delako ebazpenaren edukia funtsean eta zuzenean baldintzatzen duena, ebazpen hori jakinarazten denetik hura kentzea erabakitzen duen lehendakariaren ebazpena jakinarazten den arte.

c) Prozedura bat ebazteko ezinbestekoa bada organo jurisdikzional batek aldez aurretik erabakia hartzea, dena delako ebazpenaren edukia funtsean eta zuzenean ukitzen duena, etendura agintzen duen ebazpena jakinarazten denetik hura kentzea erabakitzen duen lehendakariaren ebazpena jakinarazten den arte.

d) Automatikoki, interesdunek espedientea izapidetzen edo ebazten parte hartu behar duten kideetako edozeinen errekusazio-intzidentea sustatzen badute, hori aurkezten denetik berariaz ebatzi arte.

a), b) eta c) letretan aurreikusitako etendura hautazkoa izanen da, eta Auzitegiko lehendakariaren erabakia ez da lotuta egonen aldez aurreko eskaera egoteko aukerari.

Prozeduraren etendura baimentzeko eta hori kentzeko orduan, interesdunei jakinarazi beharko zaie.

5. Ebazpenek aurrekariak eta zuzenbideko oinarriak jaso beharko dituzte, baita epaia edo xedapen zatia ere, eta horietan interesdunek proposatutako gai guztiak eta espedienteak berak sortzen dituenak erabakiko dira, interesdunek sustatutakoak izan zein ez. Halaber, bat etorri beharko da interesdunek egindako eskaerekin, eta ezin izanen da inola ere larriagotu hasieran zuen egoera.

6. 4. apartatuan xedatutakoa galarazi gabe, 2. apartatuan ezarritako epea igarotzen bada ebazpenik jakinarazi gabe, interesdunak ezetsitzat jotzen ahalko du erreklamazioa, bidezko errekurtsoa aurkezte aldera.

7. Erreklamazioa osorik edo partzialki baiestearen ondorioz lehenago sartutako dirua itzuli behar baldin bada, interesdunak eskubidea izanen du berandutze-interesak eskuratzeko, Tributuei buruzko 13/2020 Foru Lege Orokorrean edo ukitutako tributuaren gaineko araudian aurreikusi bezala.

Hogeita hiru.–46 artikulua.

“46. artikulua. Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren onartezintasuna.

1. Ebazpenak erreklamazio ekonomiko-administratiboaren onartezintasuna deklaratuko du honako kasu hauetan:

a) Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren xedea aurkaratu ezin diren egintzak badira.

b) Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren eskumenetik kanpo baldin badago.

c) Gaitasun edo legitimazio baldintzak betetzen ez badira.

d) Behin betiko aurreko egintza irmo batzuen errepikapena diren egintzen aurka aurkezten badira, edo denbora nahiz forma aldeko baldintzetan ez errekurritzeagatik onartu diren egintzak berresten dituztenen aurka.

e) Erreklamazioko uziak ez badu zerikusirik errekurritutako egintzarekin.

f) Jada epaitu edo ebatzi den zerbaiti buruzkoa bada.

g) Erreklamazioa aurkezteko epea iragan bada.

2. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa ez da izapidetzeko onartuko baldin eta frogatzen bada errekurtsogileak aldez aurretik jarri duela aukerako berraztertzeko errekurtsoa, eta baldin eta, hura berariaz ebatzi gabe, ebazpena emateko epea osorik amaitu ez bada. Hala ere, berariazko ebazpena jakinarazi ondoren edo epe hori igaro eta ebazpena eman ez bada, erreklamazioa aurkeztu ahal izanen du”.

Hogeita lau.–48. artikulua.

“48. artikulua. Jakinarazpenak.

Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak eta horren Idazkaritzak emandako ebazpenen jakinarazpenak eta komunikazioak eginen dira bat etorriz Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoarekin.

Interesdunek ordezkari baten bidez jarduteko aukera dute jakinarazpenak bide elektronikoen bidez jasotzeko. Ordezkaritza hori espresuki eman beharko da, jarraikiz jakinarazpen elektronikoari buruzko araudian xedatutakoari”.

Hogeita bost.–63.3 artikulua.

“3. Exekuzio-intzidentea erreklamazio ekonomiko-administratiboetarako ezarritako prozeduraren arau orokorren arabera tramitatuko da; ofizioz kenduko dira ezinbestekoak ez diren tramiteak, eta exekutatzen den ebazpena eman zuen organo berberak ebatziko du”.

Hogeita sei.–Xedapen gehigarri bakarra gehitzea.

“Xedapen gehigarri bakarra.-Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren esparruan.

Araudi propioan prozedura bakoitzerako aurreikusitako berezitasunak deusetan galarazi gabe, Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeko aurreikusten diren xedapenak aplikatuko zaizkie erregelamendu honetan arautzen diren egintzak administrazio-bidean berrikusteko prozedurei, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak horiek tramitatu edo ebazteko eskumena duenean. Zehazki, aplikatuko da uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan xedatutakoa, horren bidez arautu baitzen bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan”.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzailea.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak. Zehazki, indarrik gabe uzten da Nafarroako Foru Komunitatearen Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 166. artikulua. Erregelamendu hori onetsi zen uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Arauak emateko gaikuntza.

Tributuen arloko eskumena duen departamentuko titularrari baimena ematen zaio erregelamendu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea eta ondorioak.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta aplikatuko zaie egun horretatik aurrera hasten diren administrazio-bideko berrikuspen prozedurei.

Nolanahi ere, 21.2, 22., 26., 29. eta 45. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko zaie foru dekretuak indarra hartzen duen unean ebazteke dauden prozedurei.

Iruñean, 2021eko otsailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2102745