246. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGUILAR KODES

Ordenantza, eguzki energia biltzeko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Aguilar Kodesko Udalak, 2021eko ekainaren 14an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eguzki energia biltzeko instalazioak arautzen dituen ordenantza, eta erabaki hori 2021eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 27an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Aguilar Kodesen, 2021eko urriaren 4an.–Alkatea, Jesús Ángel Amescua Martínez de Rituerto.

AGUILAR KODESKO UDAL MUGARTEAN EGUZKI ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Atarikoa

Azken urteotan administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilpena bultzatzen ari dira. Eta, berrikiago, bereziki sustatzen ari da etxebizitzetan instalazioak ezartzea, norberaren kontsumorako energia sortzeko.

Eguzki energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: lurraldean egoki ezartzen dela segurtatzea, batetik, eta natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzen direla bermatzea, bestetik.

Aguilar Kodesko hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko eraikinen estalkietan eguzki panelak instalatzeko aukera berariaz jasorik dago Aguilar Kodesko Udalaren Hirigintza Planaren Araudi Orokorraren 89. artikuluan. Artikulu horretan muga orokor batzuk arautzen dira, ikusizko inpaktuaren aldetik eta eraikuntzaren perimetroarekiko kokapenaren aldetik.

Aguilar Kodesko Udalak berrikusi nahi du udal mugartean eguzki energia biltzeko instalazioen inguruko arauketa; horretarako, baldintzak ezarriko ditu autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak nahiz termikoak sustatzeko eta instalaziook ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak izateko.

Udal plangintzarekiko koherentzia gordetzeko moduan idatzi da ordenantza; era berean, gorde egin da lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekiko koherentzia.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Aguilar Kodesko udal-mugartean eguzki energia biltzeko instalazioak ezartzeko, zelula fotovoltaikodun panelen bidezkoak edo panel kolektore termikoen bidezkoak.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Aguilar Kodesko udal-mugarte guztia hartzen da aplikazio eremutzat.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki plaka edo panel esan ohi zaien gailuek eguzki erradiazioen energia biltzen dute, eta hura energia termiko edo energia elektriko bihurtzen dute:

–Eguzki instalazio termikoek eguzkitik jasotzen dugun energia zuzenean baliatzen dute fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko, batez ere.

–Eguzki instalazio fotovoltaikoek edo termoelektrikoek zenbait material erdieroaleren ezaugarri fisikoak baliatzen dituzte argindarra sortzeko, eguzki erradiaziotik abiatuta.

Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko zein termikoz osatutako eguzki instalazioak, haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena kontuan hartuta.

II. KAPITULUA

Hiri-lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren gaineko instalazioak

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko (eguzki instalazio termikoak), dela autokontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak arauturikoaren arabera (errege-dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo teknikoak eta ekonomikoak).

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, haiek duten inklinazio berarekin eta haien planoari eutsiz, “velux” erako leihoak bezalaxe. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

–Ezin izanen dute okupatu estalki inklinatuaren azaleraren % 25 baino gehiago, eta gutxienez 1 m bereiziko dira fatxada-planotik, mehelinetatik eta isurialdeen arteko topagune-ertzetatik.

–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian geratu eraikinen estalkian eta fatxadetan: biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar.

2. Estalki lauetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Karelen atzean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehienezko garaieraren azpitik.

3. Isurialdeetako eguzki panelen eta “velux” erako leihoen azalerak baturik, horiek ezin izanen dute hartu estalki inklinatuaren azaleraren % 30 baino gehiago.

4. Oro har, ezin izanen da instalaziorik fatxadetan ezarri.

5. Udal Hirigintza Planeko “R-3 Erdialdearen Ingurua” deritzon eremuan, ezohiko neurri gisa, proposatzen ahalko da eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak jartzeko aukera, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta gelditzea. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

6. Udal Plan Orokorreko Katalogoan sarturiko eraikinetan eguzki panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gaineko instalazioak.

Eguzki panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintzak hauek betez gero:

–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikin horretarako obra-lizentzia ematen denean.

–Panelak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioak, barne direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin izanen dira izan 1,50 metro baino garaiagoak, lurretik neurtuta.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

7. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Eguzki energiarekin argindarra sortzeko instalazioak lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean ezartzea (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 64/2006 Foru Agindua.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Aurretik zeuden eraikinei loturiko instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimenik izapidetzea.

8. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, haiek duten inklinazio berarekin eta haien planoari eutsiz, “velux” erako leihoak bezalaxe.

–Okupaturiko eremua gutxienez 1 m bereiziko da isurialdearen perimetrotik.

2. Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, azaleran edo orientazioan mugarik jarri gabe.

3. Oro har, ezin izanen da instalaziorik fatxadetan ezarri.

4. Ezohiko neurri gisa, proposatzen ahalko da eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak jartzeko aukera, eta beharrezkoa izanen da horiek multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta gelditzea. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

5. Udal Plan Orokorreko Katalogoan sarturiko eraikinetan eguzki panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

9. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da linearen ingurumen ukipenetarako baimenaren espedientea izapidetzea (93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duena). Hura baimendu arte ezin izanen da panel fotovoltaikoak instalatzeko lizentzia eman.

IV. KAPITULUA

Izapidetzea

10. artikulua. Lizentzia eskatzea.

Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Aguilar Kodesko Udalari obra-lizentzia eskatu beharko zaio, edo, egoki denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu, eta behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, proiektu bat aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek sinatua eta egoki den elkargo profesionalak ikus-onetsia, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek edo enpresa instalatzaile baimendu batek sinatua. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalerak, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak izapidetuko dira, kontuan harturik Aguilar Kodesko Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako betebehar partikularrak.

Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.

Iragarkiaren kodea: L2114527