229. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

15/2021 FORU LEGEA, zeinaren bidez 29. bis artikulua gehitzen baitzaio Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeari.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ 29. BIS ARTIKULUA GEHITZEN BAITZAIO NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ARARTEKOARI BURUZKO UZTAILAREN 3KO 4/2000 FORU LEGEARI.

HITZAURREA

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26.1. artikuluan xedatzen duenez, “Foru Komunitateko botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari, lehentasunez eta presaz, haren ikerketa eta ikusketetan”.

Foru lege bereko 24.2. artikuluak ezartzen duenez, “hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek edo haien gainekoek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian, halakorik bada, kalifikazio hori nabarmendu eginen du”.

24.3. artikuluak hau gehitzen du: “Gauza bera gertatuko da Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren jarduna eragotzi edo oztopatzen duen edozein jokabiderekin”.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Lege beraren 31.1. artikuluan antzeko baldintzak adierazten dira: “Administrazio Publikoetako zerbitzuko edozein organismok edo pertsonak Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren ikerketei kontra edo oztopo egiteari eusten badio, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak txosten berezi bat egin dezake horri buruz, urteko txostenean dagokion atalean hori azpimarratzeaz gain”.

Lege horretako 31.2. artikuluaren arabera, “horretaz gain, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak bere ebazpenak ez betetzeari eusten diotenak edo bere jarduera oztopatzen dutenak nor diren esan ahalko du, guztiaren berri eman ondoren erantzule den agintari gorenari”.

Bestalde, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 34.2. artikuluan xedatzen duenez, “behin gomendioak egin ondoren, ukitutako agintari administratiboak bi hilabeteko epe batean neurri egokirik hartzen ez badu ildo horretan, edo Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari ez badio ematen neurri horiek ez hartzeko arrazoien berri, arartekoak gai horren aurrekariak eta aurkeztutako gomendioak, oharpenak, gogorarazpenak edo iradokizunak jakinarazi ahal izanen dizkio ukitutako administrazioaren agintari gorenari. Hala jokatuta ere justifikazio egokia lortzen ez badu, gai hori urteko txostenean edo txosten berezian sartuko du, jarrera hori izan duten agintarien edo Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen izenen berariazko aipamenarekin, eta betiere arartekoaren iritziz konponbide positiboa izan zezaketen eta konponbide hori lortu ez den kasuen artean”.

Nafarroako arartekoarekin lankidetzan ez aritzeak jarduketak Fiskaltzari helaraztea eragin dezake, Zigor Kodeko 502.2. artikuluan tipifikatutako delitua jazo ote den baloratzeko.

Manu horrek ondokoa xedatzen du:

“1. Norbaitzuk, agindeia legez eta ohartarazpena eginda jaso dutelarik, agertzen ez badira Gorte Nagusien edo autonomia erkidegoko legebiltzarraren ikerketa batzordera, orduan, halakoak desobeditze-delitupeko erruztatu gisa zigortuko dira. Erruztatua agintari edo funtzionario publikoa bada, horri enplegu edo kargualdi publikoa etengo zaio, sei hilabetetik bi urte arte.

2. Agintari edo funtzionarioari zigor berberak ezarriko zaizkio, baldin eta Herriaren Defentsariaren, Kontu Auzitegiaren edo autonomia erkidegoen organo baliokideen ikerketa oztopatzen badu, nahiz horiek eskatutako txostenak bidaltzeari uko eginez edo bidaltze hori bidegabe luzatuz, nahiz horiei trabak jarriz, ikerketa egiteko beharrezkoak diren administrazio-espediente nahiz agiriak eskuratzeko.

Nafarroako arartekoaren ondoz ondoko urteko txostenek agerian jarri dute, zenbait administrazio publikok ez dutela lankidetzan jarduten herritarren eskubideak administrazio publikoen gehiegikerien eta zabarkeriaren aurrean bermatzen dituen erakunde horrekin, eta, halaber, lankidetza-ez hori behin eta berriz gertatzen dela eta gorantz ere egin duela. Batzuetan, administrazio horiek ordezkatzen dituzten agintariek ez dakite zer erantzukizun izan ditzaketen; izan ere, haien zerbitzura dauden beste pertsona batzuk dira lege-betebeharra ez betetzearen errudunak.

Erakundeak jardunean daraman urteetan hartutako esperientziak erakutsi du gaur egun indarrean dauden neurriak –lankidetzarik ezaren adierazpena eta urteko txostenetan administrazio horien aipamena egitea– ez direla nahikoak lankidetza-ezari aurre egiteko. Era berean, agerian utzi du bide penala ez dela metodo egokia, desproportzionatua delako eta zuzenbidearen azken ratioa delako, organo edo entitate administratiboek Nafarroako arartekoarekin lankidetzan aritzeko betebeharra behar bezala betetzen ez duten kasuei aurre egiteko.

Horregatik, neurri horien eraginkortasuna txikia izan denez, oso egokitzat jotzen da uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen esparruan neurri eraginkor eta proportzionatu bat ezartzea, alegia, aukera egon dadila Nafarroako arartekoak berak hertsapen-neurriak ezartzeko zenbateko nahikoa eta egokia duten isun periodikoen bidez, behin eta berriz egindako errekerimenduak gorabehera, eskatutako informazioa edo dokumentazioa bidaltzen ez duten edo beren ebazpenei erantzuten ez dieten herri-administrazioei, zeinek, hala jokatuz, kaltetu egiten baitute herritarren eskubideak zaintzeko sortu zen erakunde horrek betetzen duen gainbegiratze-funtzioa.

Artikulu bakarra.

29. bis artikulua gehitzen zaio Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeari, honako testu honekin:

“29. bis artikulua.

Administrazio publiko edo entitate batek ez badu eskatutako informazio edo dokumentazio guztia edo haren zati bat bidaltzen, edo ebazpenei ezarritako epean erantzuten ez badie, Nafarroako arartekoak, hamar eguneko epean azken ohartarazpena egin ondoren, honako neurri hauetako edozein hartu ahal izanen du:

a) Administrazio edo entitate erantzuleei 1.500 euroko hertsapen-isunak jartzea. Isuna hogei egunean behin errepikatu ahal izanen du, harik eta eskatutakoa osorik bete arte.

b) Administrazio edo entitate erantzuleen jarrera, eskatutakoa ez betetzearena, argitara ematea web orrian, urteko txostenean edo txosten berezi batean, eta hedabideetan, eta jokabide hori Nafarroako Parlamentuari jakinaraztea, horren berri izan dezan”.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2021eko irailaren 22an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2114056