191. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Dirulaguntzen ordenantza orokorra. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2021eko maiatzaren 4an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea dirulaguntzen ordenantza orokorra.

Aldaketa horien hasierako onespenari eta arauzko jendaurreko epeari buruzko iragarkia eman zen argitara 2021eko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 8an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurrean egon bitartean, ez zen alegaziorik aurkeztu. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera.

Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzekoa den gainerako legedian.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2021eko uztailaren 22an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

EGUESIBARKO UDALAREN DIRULAGUNTZEN ORDENANTZA OROKORRA

Zioen azalpena

Eguesibarko Udalak, indarreko legerian aurreikusitako sustapenerako teknika aplikatuz, lan handia egiten du proiektuak, jarduerak edo jokabideak garatzen dituzten pertsona juridiko edo fisikoei, edo nortasunik gabeko entitateei dirulaguntzak emanez, horiek interes orokorrekoak diren eremuetan toki-entitateen eskumenekoak diren jarduerak laguntzen edo ordezkatzen baitituzte.

Jarduera hori eremu horretan arautzeko, esparru juridiko hau onetsi beharra dago, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari eta Dirulaguntzen erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuari egokitzen zaiona. Halaber, dirulaguntzak ematea eta sustatzea bat etortzen dira jarduera hori oinarritu behar duten printzipioekin: berdintasuna, publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari eta hori garatzen duen araudiari jarraikiz, dirulaguntzen plan estrategiko bat egin beharra dago, aurreikusten diren dirulaguntzak kontrolatzeko eta ebaluazioa egiteko tresna izan dadin.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 9.2 artikuluari jarraikiz, dirulaguntzak eman aitzin, lege honetan ezarritako baldintzetan onetsi beharko dira laguntzak emateko oinarri erregulatzaileak ezartzen dituzten arauak. Halaber, Lege horren beraren 17.2 artikuluaren arabera, dirulaguntzak arautzen dituzten aipatu oinarri erregulatzaileak aurrekontua betetzeko oinarrien baitan onetsi behar dira, dirulaguntzen gaineko ordenantza orokor baten bitartez, edo, bestela, berariazko ordenantza bat eginez, dirulaguntzen modalitate bakoitzerako.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa bete dadin, Dirulaguntzen ordenantza orokor hau onesten da, Eguesibarko Udalak eman beharreko dirulaguntzen oinarrien esparru juridiko erregulatzailea izan dadin dirulaguntzen berariazko ordenantzarik ez dagoenean, eta, betiere, azken horien osagarri aplika dadin.

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza orokor honen xedea Eguesibarko Udalak dirulaguntzak emateko prozeduraren oinarri arauemaileak ezartzea da; hala ere, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 17.2 artikuluaren babespean, berariazko ordenantzak onartu ahal izanen dira dirulaguntzen modalitate zehatzendako oinarriak ezartzeko. Kasu horretan, ordenantza orokor hau gehigarria izanen da.

2. Ordenantza orokor honen babespean dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateak xede hauetakoren bati lotuta egon beharko du:

a) Arlo sozialean:

–Beren mugikortasuneko desgaitasunek erasandako pertsonei egokitutako garraiobide bat ematea.

–Laguntza ekonomikoak ematea larrialdi sozialeko egoeran dauden familiei, bizirauteko oinarrizko beharrei erantzuteko.

–Laguntza ematea beharra duten familiei ohiko etxebizitza mantentzeko.

–Laguntza ekonomikoak ematea hezkuntzarako eta eskolako jantokirako herriko ikastetxe publikoetan eskolatutako adingabeei, haien familiek diru premia larria pairatzen dutenean.

–Laguntza ekonomikoak ematea osasunarekin zerikusia duten gaientzako, gizarte bazterketarako arriskua duten pertsonen integrazioa eta normalizazioa errazte aldera, betiere horren kostua Nafarroako Gobernuak edo beste instituzioek bere gain ez badute.

–Familiei edo pertsonei sostengua ematea, familiako kideren bat tratamendu terapeutikoan badute errehabilitazio zentro batean, eta egonaldiaren kostuari aurre egiteko baliabiderik ez badute.

–Laguntzak ematea gizarte ekintzaren alorreko elkarte, talde edo kolektiboei, haien lana Nafarroan egiten badute.

–Gizarte ekintzako proiektuak garatzea behar berezia duten kolektiboentzat.

–Familientzako laguntzak ematea, adingabeak beren kargu badituzte.

–Lankidetza proiektuak egitea garapen bidean dauden herrialdeekin.

–Prestakuntzarako laguntza ekonomikoak, gizarteratzeko eta laneratzeko programan parte hartzen dutenendako.

–Lana eta gizarte kontuak bateratzeko laguntzak ematea familiei edo pertsonei.

–Aisiaren eta denbora librearen esparruan prebentzio eta sustapenerako proiektuak garatzea.

–Larrialdi humanitarioko jarduketak egitea.

–Laguntza ematea udalerriko jubilatuen elkarteari, jarduerak egin ditzaten hirugarren adinekoentzat, pentsionistentzat eta jubilatuentzat.

–Eta oro har, beste edozein jarduera, baldin eta bideratuta badago familien, haurren eta nerabeen, adinekoen, emakumeen, desgaitasuna dutenen, etorkinen, etnien eta gizartetik baztertzeko arriskuan dauden beste talde batzuen prebentziora, esku hartzera, asistentziara, errehabilitaziora, gizarteratzera edo gizarte ongizatearen sustapenera; baita elkarteen mugimendua eta gizarte boluntariotza sustatzeko, eta gabezia egoera larriei eta larrialdi sozialeko egoerei arreta emateko edozein jarduera ere.

b) Enplegu arloan:

–Lanik gabe dauden pertsonen kontratazioa sustatzea, Eguesibarren erroldatuta badaude.

–Autoenplegua laguntzea eta sustatzea, Eguesibarren enpresak sortzea.

c) Merkataritza arloan:

–Eguesibarren txikizkako merkataritza sustatzea.

d) Hezkuntza arloan:

–Eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak sustatzea eta laguntzea, hezkuntza-garapena laguntzeko eta ikasleen eta haien gurasoen parte hartzea sustatzeko, Eguesibarko haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikastetxeetako ikasleen guraso elkarteek antolatuak direnean.

e) Hirigintza arloan:

–Laguntza ematea Eguesibarko eraikinak zaharberritzeko, eta horitan dauden oztopo arkitektonikoak kentzeko.

f) Kultura arloan:

–Kultur elkarte eta taldeek kultur jarduerak gauzatzea eta programatzea.

–Musika emanaldiak.

–Kultur adierazpenak oro sustatu eta hedatzea.

–Kolektibo profesionalen kultur jarduna sustatzea.

–Sorkuntza eta arte plastikoak, eszenikoak eta musikalak sustatzea.

–Oro har, harremana duen edozein kultur jarduera sustatzea.

g) Kirol arloan:

–Eguesibarko kirol instalazioetan abonamendua duten haur, gazte eta helduei kirol jardueretako partaidetza eta kirol bakoitzarekiko fidelizazioa erraztea.

–Eguesibarren kirol ekitaldi eta ikuskizunen antolaketa bultzatzea eta erraztea.

h) Bestelakoak:

–Udalaren jardunaren osagarri izan eta artikulu honetan deskribatu ez den edozein jarduera, betiere diruz laguntzeko modukoa bada.

–Dirulaguntza bakoitzaren berariazko xedea dagokion deialdia zehaztuko da, arestian adierazitakoen artetik.

2. artikulua. Dirulaguntzaren kontzeptua eta aplikazio eremua.

1. Dirulaguntzatzat hartzen da Eguesibarko Udalak egindako diru-xedapen oro, pertsona publiko nahiz pribatuen alde egina, betiere ondoko beharkizunak betez gero:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe eman behar da.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat bete dadila, edo proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezi bat har dadila (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo egoera bat gertatzea; eta onuradunari betebehar material eta formal batzuk ezartzea.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak izan behar du onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat bulkatzea edo xede publikoren bat sustatzea.

2. Honako kasu hauek ordenantza orokor honen aplikazio eremutik kanpo daude:

a) Udal honek erakunde bakoitzaren jarduera bere eskumenen eremuan globalki finantzatzeko beste administrazio publiko batzuen edo udalbatzaren mendeko udal enpresaren alde egindako diru ekarpenak; halakoetan, araudian berariaz xedatutakoa aplikatuko da.

b) Udalak Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aipatutako elkarteen alde kuota gisa egiten dituen diru ekarpen arruntak eta bereziak.

c) Onuradunek aitzinetik eskatu gabe ematen diren sariak.

d) Udalbatzako talde politikoei esleitutako zuzkidura ekonomikoak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak xedatutakoaren arabera.

3. Kasu hauetan, ordenantza orokor hau gehigarria izanen da, berariazko araudiari dagokionez:

a) Europako edo beste administrazio publiko batzuen funtsekin emandako edo finantzatutako dirulaguntza. Halakoak, lehenik, dirulaguntza erabat edo partzialki finantzatzen dituen administrazioak ezarritako araudiak edo baldintzek arautuko dituzte. Araudi horrek dirulaguntza emateko modua arautzen ez badu, ordenantza orokorra aplikatuko da.

b) Lege arau baten bidez ezarritako dirulaguntzak.

3. Gauzazko laguntzen araubide juridiko berezia.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluaren I. kapituluan xedatutakoaren arabera eta hura garatzen duten xedapenei jarraikiz arautuko dira doan emandako ondasun eta eskubideak. Aurrekoa gorabehera, emandako ondasun, eskubide edo zerbitzuei ordenantza hau aplikatuko zaie, haiek hirugarren bati baino ez emateko Eguesibarko Udalak eskuratzen dituenean.

3. artikulua. Dirulaguntzei buruzko plan estrategikoa.

1. Eguesibarko Udaleko osoko bilkurak, ezein dirulaguntza ezarri aitzin, dirulaguntzen plan estrategiko bat onetsi beharko du, edo indarrean dagoena ordezkatu.

2. Plangintza hau urte anitzekoa izanen da eta 3 urteko indarraldia izanen du.

3. Eduki hau izanen du Dirulaguntzei buruzko plan estrategikoak:

a) Berau aplikatuz erdietsi nahi diren helburu eta efektuak.

b) Eskuratzeko behar den epea.

c) Aurreikusitako kostuak eta finantziazio iturriak, betiere aurrekontuen egonkortasunerako helburuak bete beharraren menpean.

d) Jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egiteko sistema, dirulaguntza lerro bakoitzari aurreikusitako helburuen araberako adierazleak esleituz.

e) Aurreko plan estrategikoen ebaluazioaren emaitzak.

4. Dirulaguntzen plan estrategikoaren eremuak Eguesibarko Udalak aurreikusten duen dirulaguntza oro bilduko du. Salbu, behar bezala egiaztatutako arrazoiak tarteko, plan estrategiko batean baino gehiagotan banakatzea komenigarria dela ikusten bada.

5. Urtero, ekitaldiko lehen lauhilekoan zehar, alor bakoitzak, kudeaketa zentro, administrazio unitate edo menpeko erakunde bakoitzak, osoko bilkurari justifikazio memoria bat helaraziko dio, dirulaguntza lerroak xede dituen helburuen bete maila baloratzeko, baita programaren bidezkotasuna edo ezabapena ere. Xede diren helburuak behar den mailan lortzen ez dituen edo inbertitutako errekurtsoen neurriko emaitzarik lortzen ez dituen dirulaguntza lerrorik baldin badago, aldatzen ahalko dira edo eraginkorragoak eta efizienteagoak diren beste batzuk jarri haien ordez, edo hala dagokionean, deuseztatzen ahalko dira.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Dirulaguntzak printzipio hauei jarraikiz kudeatuko dira:

a) Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza.

b) Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

c) Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

2. Ordenantza orokor honetan araututako dirulaguntzak borondatezkoak eta behin-behinekoak dira, askatasunez errebokatzen eta murrizten ahal dira edonoiz, eta ezin dira aurrekari gisa deitu.

3. Ez dute baliorik izanen, dirulaguntzak emateko, eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

5. artikulua. Dirulaguntzak emateko beharkizunak.

1. Dirulaguntza bat emateko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Dirulaguntza ematen duen administrazio organoa eskuduna izatea.

b) Kreditu egokia eta nahikoa egotea, dirulaguntza emateak berekin dakartzan betebehar ekonomikoei aurre egiteko.

c) Emateko prozedura aplikatu beharreko arauen arabera izapidetzea.

d) Eduki ekonomikoa duten egintzen aurretiazko fiskalizazioa, legeetan eta ordenantza orokor honetan xedaturikoarekin bat.

e) Horretarako eskumena duen organoak gastua onestea.

2. Aurrekoez gain, nahitaezko baldintza izanen da Eguesibarko udal-mugartea izatea kokalekua, oro har, xedea, helburua betetzeko, proiektua gauzatzeko, jarduera egiteko edo jokabide berezi bat hartzeko (jada gauzatuak nahiz oraindik gauzatu gabeak), edo diruz laguntzen den egoera gertatzeko.

Salbuespen gisa, dirulaguntzaren xede den inguruabarra Eguesibarko eremuaz gaindikoa bada, Udalaren interesen aldekoa izan beharko du zuzenean edo zeharka, halako moduz non baldintza horrek aski justifikaturik gelditu beharko baitu espedientean, txosten arrazoitu baten bidez, dirulaguntza eman baino lehen.

Baldintza horretatik salbuetsiak daude garapen bidean dauden herriendako laguntzen aurrekontu programan aurreikusitako garapen proiektuetarako dirulaguntzak.

3. Ezin izanen dira dirulaguntzen xede izan herritar orori irekiak ez diren jarduerak, hala horiek prestatzean nola gauzatzean.

4. Orobat, ezin izanen dira diruz lagundu ekintza politiko edo erreibindikaziozkoak –jatorriz nahiz gerora gehiturik– barne hartzen dituzten jarduerak, ez eta halako ekintzak egiteko nolanahi erabiltzen direnak ere, tolerantzia hutsez bada ere. Era berean, ez dira diruz lagungarriak izanen herritarren askatasunaren kontrako jarduerak, Konstituzioa urratzen dutenak edo legeak betetzen ez dituztenak. Halako jarduerak gertatzen badira behin dirulaguntza ematea ebatzirik dagoenean, behar diren itzulketa eta zehapen espedienteak irekiko dira, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

6. artikulua. Dirulaguntzak emateko organo eskudunak.

1. Eguesibarko Udalaren barnean, Alkatetzak izanen du eskumena dirulaguntzak emateko (berariazko ordenantzetan ezarritakoa salbu), egun dauden eskuordetzeak edo etorkizunean izaten ahal direnak ukatu gabe; kasu horretan, eskuordetze horietan erabakitzen diren organoek izanen dute eskumena, eskuordetze horietan zehaztuko den hartaraino.

2. Entitate instrumentalen esparruan, nork bere estatutuetan eskumen hori zein organori esleitu zaion, horiexek izanen dira eskudunak.

7. artikulua. Onuradunak. Baldintzak eta betebeharrak.

1. Dirulaguntzen onuraduntzat joko dira dirulaguntza ematea zertan oinarritu den, jarduera horixe gauzatuko duten pertsona edo entitatea edo dirulaguntza ematea bidezko bilakatzen duen egoeran daudenak.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, eta deialdian berariaz hala aurreikusiz gero, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. Orobat, deialdian espresuki aurreikusten delarik, onuradun bihurtzen ahal dira pertsona fisiko edo juridikoen batasunak, publiko edo pribatuak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo bereizitako ondare, nortasun juridikorik izan gabe ere, proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte edo dirulaguntza jasotzeko behar den egoeran badaude. Kasu horietan, batasunaren ordezkari edo ahaldun bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko adinako ahalen jabe.

4. Dirulaguntzen deialdiek zehaztuko dituzte eskatzaileek prozeduran parte hartzeko bete behar dituzten berariazko beharkizunak, beren xede zehatzaren arabera.

5. Nolanahi ere, ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden entitateak.

6. Oro har, halaber, ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Eguesibarko Udalarekin dauzkaten zorrak direla-eta premiamendu bidez kobratzeko prozeduran sarturik dauden entitate edo partikularrei, ezta toki erakunde horrekin zerga-betebeharrak egunean ez dituztenei ere, harik eta zor horiek ordaindu eta likidatu arte edo zerga-betebeharrak bete arte. Ofizioz egiaztatuko dira inguruabar horiek.

Esanak esan, dirulaguntzaren izaera nolakoa den, Eguesibarko Udalak bere kabuz kitatzen ahalko ditu dirulaguntzen onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, dirulaguntzen bidez horiek osorik edo parte batean berdinduta; edo, baita ere, baldintza hori bete gabe uzten ahalko du, gizarte larrialdietako egoera berezietan. Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, aukera horrek jasota egon beharko du ordenantza honen 25. artikuluan aipatutako kasuan kasuko deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean, eta espedientean justifikatu beharko dira, halaber, neurri horren salbuespen egoera egiaztatzen duten arrazoiak, txosten tekniko baten bidez.

7. Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak ordeztuko ditu ziurtagiriak dirulaguntzetan onuradun bakoitzari emateko den zenbatekoa deialdian 3.000 eurotik gorakoa ez bada, baita ikerketa proiektuak finantzatzeko programetan ikertzaileei emandako beken kasuan eta gizarte-larrialdiko edo antzeko gizarte izaerako prestazio edo laguntzen kasuetan ere.

8. Hori hala izanik ere, eta zerga edo Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharretan egunean egoteko eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketan egunean egoteko betebeharrari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduan eta ordenantza orokorraren 7. eta 8. artikuluetan xedatutako baldintzetan eginen da egiaztapena Eguesibarko Udalaren aurreko betebeharrak direnean.

Dirulaguntza-eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako inguruabarren egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz ematen ahalko du baimena. Horretarako, aurreko puntuetan aurreikusitako baldintzetan aurkeztu beharko du egiaztagiria, aurreko paragrafoan aurreikusitako Eguesibarko Udalaren aurreko betebeharren egiaztapenerako izan ezik.

9. Onuradunek, nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduaren 14. artikuluan xedatutako baldintzak eta deialdian edo beste lege arau batzuetan xedatutako beste edozein bete beharko dituzte.

8. artikulua. Betebeharrak dirulaguntzak itzultzeagatik. Egiaztapena.

1. Arestiko 6.5 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2.g) artikuluan xedatutakoa betetzeko, onuradunak dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketan egunean egonen dira Eguesibarko Udalarekin epe exekutiboan dirulaguntzak itzultzeagatik zorrik ez dutenean edo, onuradunen aurka premiamendu-bidea erabiltzerik ez badago, borondatezko epean ordaindu gabeko zorrik ez dutenean.

2. Onuradunak edo erakunde laguntzaileak dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketan egunean egonen dira, zorrak geroratuta edo zatikatuta daudenean edo itzultzeko erabakia aurkaratzean etetea erabaki denean.

3. Eguesibarko Udalak ofizioz egiaztatuko du dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak bete direla, dirulaguntza bakoitza kudeatzen duen zerbitzuak eskatuta, ziurtagiriak arestiko artikuluan adierazitako baldintza berberetan eginez.

9. artikulua. Dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera, zerbitzu edo zentro kudeatzaileak izanen du Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari deialdiei eta egokitutako emateko ebazpenei eta egindako ordainketei buruz bidali behar zaion informazioa betetzeko ardura, legearen 20. artikuluko baldintzetan.

10. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1. Dirulaguntzaren xede den jarduera zati batean finantzaketa propioekin finantzatu dadila eskatu ahal izanen da dirulaguntzaren deialdian. Dirulaguntzaren xede den proiektu edo ekintzarako funts propioak jarri izana Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan adierazitako moduan frogatu beharko da.

2. Dirulaguntzaren deialdiak zehaztuko du xede bera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jasotzeko bateragarritasun edo bateraezintasun araubidea, edozein dela ere horiek eman dituen administrazioa edo entea (publikoa edo pribatua), izan Estatukoa, Europar Batasunekoa, edo nazioartekoa. Horrek ez du eragotziko hurrengo paragrafoan xedatua.

3. Dirulaguntzen zenbatekoa –bera bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta–, inoiz ez da izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

4. Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, betiere, arauetan baimendutako kasuetatik at beste hainbat diru-iturri eskuratzen badira, aldatzen ahalko da dirulaguntzak emateko ebazpena.

5. Onuradunek jasotako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta dirulaguntzaren xede den jarduerarako erabiliko dira horiek ere, salbu eta, behar bezala arrazoituta, dirulaguntza deialdian besterik xedatzen bada.

BIGARREN TITULUA

Dirulaguntzak emateko prozedurak

Lehenengo kapitulua.–Xedapen orokorrak.

11. artikulua. Dirulaguntzak emateko prozedurak.

1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidean edo zuzenean eman ahalko dira, legean eta artikulu hauetan xedatutako baldintzetan.

2. Norgehiagokako araubidean ematea da dirulaguntzak emateko modu arrunta.

3. Hona eskaerak aurkezteko epea:

a) Norgehiagoka bidezko dirulaguntzen kasuan, oro har, hilabetekoa izanen da eskaera aurkezteko epea, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita, deusetan ukatu gabe, dirulaguntzaren izaera bereziagatik edo inguruabar bereziak daudelako, deialdiak bestelako epe bat ezartzen ahal duela.

b) Norgehiagokarik gabeko konkurrentzia duten dirulaguntzetan, eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdia argitaratu eta hurrengo lehen egun baliodunean, eta deialdiaren indarraldia bukatu arte iraunen du.

4 Hala norgehiagokaren araubidearen nola zuzenean emateko prozeduraren bidez emandako dirulaguntzek ezin izanen dute gainditu dagokion deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean ezarritako zenbatekoa.

12. artikulua. Aurretiazko tramitazioa.

1. Norgehiagokako araubideko dirulaguntzen kasuan, deialdia onar daiteke horren gaineko ebazpena egiten den ekitaldiaren aurreko aurrekontu-ekitaldi batean, gastua betearazten bada dirulaguntza ematen den urte berean, eta honako inguruabar hauetako bat betetzen bada:

a) Udalaren aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa egon ohi bada, dena delako gastua aurrekontu bidez estaltzeko.

b) Udalbatzaren osoko bilkuraren hasierako onespena jaso duen udalaren aurrekontu orokorren proiektuan kreditu egokia eta behar adinakoa baldin badago hurrengo ekitaldiari dagokion aurrekontu proiektua egiterakoan; bertan gastu konpromisoa hartuko da, dirulaguntza emateko ebazpena onestearen ondorioz.

2. Kasu horietan, deialdian agertzen den gehieneko zenbateko osoa zenbatetsia izanen da; horregatik, laguntza hori ematea ebazterakoan, bertan adierazi beharko da espresuki dirulaguntzak ematea kreditu egokia eta behar adinakoa izatera baldintzatua dagoela. Aurrekontuetan behin betiko onetsitako aurrekontu kreditua hasieran kalkulatutako zenbatekoa baino handiagoa den kasuetan, organo kudeatzaileak erabakitzen ahalko du deialdiari hori aplikatzea edo ez, ebazpenaren aurretik dagokion gastu espedientearen izapideak egin ondoren, beste deialdi bat egiteko beharrik izan gabe.

3. Deialdiaren aurretik tramitatzen den gastu espedientean, behar adina kreditu dagoela egiaztatzen duen agiria ordeztu eginen da udal kontu-hartzailetzaren ziurtagiri batekin; bertan agertuko da artikulu honen 1. apartatuan aipatutako inguruabarretakoren bat badela.

4. Gastu espedientean emandako tramite egintza guzien ondorioak honen arabera baldintzatuak daude; laguntza ematea ebazterakoan, ekintza horiek egin zirenean zeuden egitatezko eta zuzenbidezko inguruabar berberek iraun behar dute.

13. artikulua. Urte anitzeko dirulaguntzak.

1. Baimentzen ahalko da dirulaguntzen deialdia egin, eta gastua egoztea laguntza horiek emateko ebazpena adierazi ondorengo ekitaldiei.

2. Deialdian adierazi beharko da ematen diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa, eta baita horien urtez urteko banaketa ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 225. artikuluan ezarritako mugen barruan, kontuan izanik noiz aurreikusten den egitea emandako dirulaguntzetatik eratorritako gastua. Kopuru hori zenbatetsia izanen da, dirulaguntzari buruzko arauek aurreikusi dutenean eskatzaileek aldez aurretik jaso dezaketela ordainketa. Hasiera batean onetsitako kopurua aldatzeko, beharrezkoa izanen da dagokion espedientea tramitatzea.

3. Araudian berariaz ezartzen denean konturako sarrerak egin ahal izatea, urte anitzeko dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da urteko kopuruen banaketa, kontuan hartuz diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko erritmoa. Dagokion zenbatekoaren balio bereko justifikazioa aldez aurretik aurkeztuta egotziko zaio ekitaldi bakoitzari. Ebazpenean erabakitako gauzatzeko egutegiaren aldaketa Ordenantza Orokor honen 22. artikuluan xedatutakoak arautuko du.

Bigarren kapitulua.–Norgehiagokako araubideari jarraikiz dirulaguntzak ematea.

14. artikulua. Kontzeptua.

1. Dirulaguntzak ematea ohiko norgehiagokako prozeduraren araubideari jarraikiz tramitatuko da. Ordenantza hau den bezainbatean, norgehiagokako lehiatzat hartuko da dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdian, Ordenantza Orokor honen arabera, edo dirulaguntza modalitate jakinendako oinarriak ezartzen dituen berariazko ordenantzan ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe.

Nolanahi ere, ez da beharrezkoa izanen hurrenkera bat finkatzea deialdian esleitutako kreditua aski bada, aurkezteko epea amaitutakoan, eskatutako beharkizunak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko.

2. Norgehiagokako araubidean emateko berariazko modalitate gisa, deialdiak aurreikusi ahal izanen du dirulaguntza bat gehieneko zenbateko globala dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatuz ematea, Ordenantza Orokorraren 16. artikuluan xedatutakoetatik, deialdian bertan emateko ezarritako irizpideak aplikatuz.

Kasu horretan, emateko irizpideekin batera, deialdiak aldez aurretik zehaztuko du irizpide horiek aplikatuz onuradun bakoitzak jasotzen ahal duen gehieneko zenbatekoa. Horrek, ordea, ez du eskubiderik sortuko balizko onuradunen alde.

15. artikulua. Hasiera.

1. Dirulaguntzak emateko prozesua ofizioz hasiko da beti, organo eskudunak onetsitako deialdiaren bidez, Ordenantza Orokor honen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren, hura garatzeko erregelamenduaren, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako printzipioen arabera.

Deialdi publiko hau Dirulaguntzen Base Nazionalean argitaratuko da, eta bere laburpena, berriz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Udalaren webean ere argitaratuko da deialdia.

2. Deialdiak eduki hau izanen du derrigorrez:

a) Adierazi beharra dago Eguesibarko Udalaren Dirulaguntzen gaineko ordenantza orokorra behin betiko onetsi duen Udalbatzaren erabakia, bai eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zein zenbakitan eta zein datatan eman den argitara ere, salbu oinarri erregulatzaileak berariazkoak izateagatik deialdian bertan argitaratzen badira.

b) Aurrekontuetako zein kredituri egozten zaizkion dirulaguntzak, eta dauden kredituen barrenean zein den dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa. Salbuespenez, deialdiak zenbateko gehigarri bat ezartzen ahalko du, eskuragarri diren kredituen guztirako gehieneko zenbatekoaz gain, dirulaguntzak emateko deialdi berria egitea beharrezkoa ez bada eta bere eraginkortasuna kreditu erabilgarria egotearen menpe egonik, Dirulaguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioz. Kreditu gehigarri hau Alkatetzak onetsi beharko du, edo udal enpresako organo eskudunak, Kudeaketa alorreko edo erakunde autonomoko arduradunaren proposamenez, edo erakunde autonomoaren proposamenez, eta hala badagokio, aldez aurretik onetsiz bidezko den aurrekontuko aldaketa.

c) Dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.

d) Dirulaguntzak norgehiagoka bidez emanen direla adieraztea.

e) Dirulaguntza eskatzeko betebeharrak eta horiek frogatzeko modua. Adingabeendako zerbitzu eta programak egiteko diren dirulaguntzen deialdi publiko guztietan, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, dirulaguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariak emana, non adieraziko baita jarduerak edo programak egin behar dituzten pertsona guztiek zein boluntarioek 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan eta 45/2015 Legearen 8.4 artikuluan ezarritakoa betetzen dutela.

f) Zein den organo eskuduna prozedura ebazteko.

g) Ebaluazio Batzordea eratuko duten kideen izendapena.

h) Eskaera non eta noiz aurkeztu.

i) Ebatzi eta jakinarazteko epea.

j) Eskaerari erantsi beharreko dokumentu eta argibideak.

k) Ebazpenak administrazio bideari amaiera ematen diola adieraztea.

l) Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

m) Hala behar badu, eta deialdiaren xedea zein den, adierazi beharra dago gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzen onuradunen artean hainbanatuko ote den.

n) Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoaren arabera.

o) Ezespen espresaren edo ustezkoaren aurka jartzen ahal diren errekurtsoak.

Gehigarri gisara, deialdiak ondoko alderdiak jasotzen ahalko ditu:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere araudi honetan ezarritako mugekin bat.

b) Onuradunak proiektuaren ehuneko zenbat finantzatu behar duen, dela bere funts propioekin dela beste dirulaguntzen bitartez.

c) Ordaintzeko moduak, behar izatera konturako ordainketak eta aldez aurretiko ordainketak egiteko aukera finkatu eta justifikatuta.

d) Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

e) Justifikatzeko manerak, dagozkion agiriak aurkezteko epea eta ebaluazio memorian adierazi beharreko alderdiak.

f) Aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio proiektuan aldaketak egiteko aukera.

g) Beharrezkoa bada, eta dirulaguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharra dago posible ote den ofizioz kitatzea dirulaguntzen onuradunekin kobratu gabe dituen zorrak, dirulaguntzen bidez horiek berdinduta.

h) Beharrezko bada, onuradunek edo entitate laguntzaileek eratu behar dituzten berme neurriak nahiz horiek eratzeko, gordailatzeko eta baliogabetzeko bitartekoak.

i) Beharrezko bada, dirua jaso duen jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Udal honen dirulaguntza jaso duela adierazteko baldintza.

3. Deialdi bakoitzean, testuari Udalaren zerbitzu juridikoen txosten juridikoa gehituko zaio, edo, beharrezkoa bada, erakunde autonomoena, Zuzenbidearekin bat datorrela adierazita.

4. Interesdunen eskabidearekin batera, dagokion deialdian zehaztutako agiriak eta argibideak aurkeztuko dira, salbu eta galdatutako agiriak administrazio honen eskuetan badaude; horrelakoetan, haien ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu edo egin ziren edo, beharrezkoa bada, zeinetan dauden jasota.

5. Inoiz ere ez dira bost urte baino gehiago iragaten ahalko, dagokien prozedura amaitu denetik.

6. Aurrez xedatua goiti-beheiti, administrazio honek edo udal enpresak ezin badute dokumentua eskuratu, eskatzaileari eskatzen ahalko diote aurkezteko edo, bestenaz, dokumentuan erakusten diren beharkizunak beste bide batzuen bidez frogatzeko, ebazpen proposamena eman aurretik.

7. Dirulaguntzei buruzko deialdiak, aukeran, hainbat agiriren ordez eskatzailearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztea onartzen ahalko du. Halakoetan, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egin baino lehen, 15 egun balioduneko epean egin behar da aitorpeneko datuen egiazkotasuna ziurtatzen duten agiriak aurkezteko errekerimendua.

8. Deialdiek, oro har, interesdunen eskaerei, erantzukizunpeko adierazpenei eta eskaerarekin batera aurkeztu beharreko gainerako dokumentuei dagokienez, eta dirulaguntzaren justifikazioari dagokionez, eredu normalizatuak jaso beharko dituzte.

16. artikulua. Dirulaguntzak baloratzeko irizpideak.

1. Dirulaguntzak emateko deialdi bakoitzak irizpide objektiboak ezarriko ditu horiek emateko, eta, behar denean, irizpide horien haztapena ere ezarriko du.

2. Emateko irizpide objektibo gisa hauek guztiak edo batzuk erabili ahal izanen dira:

1) Erakundeak udalerrian dituen antzinatasuna, ibilbidea eta ezarpena, eta aurreko ekitaldian lortutako emaitzak.

2) Sustatzen dituzten jarduera artistikoek Eguesibarko herritarren kultura maila eta zaletasuna handitzen duen inpaktua, ondorioak eta eragina.

3) Haren aurrekontua osatzen duten gastuen eta sarreren zenbatekoa guztira, aurreikusitako defizita eta benetako finantzazio premiak.

4) Elkarteak duen bazkide kopurua eta kideen kualifikazio teknikoa edo profesionala.

5) Eguesibarko Udalarekin proiektu kulturalen antolaketan eta kulturaren eta jaien programazioan ezarri duen lankidetza.

6) Aurkeztu den proiektuaren berrikuntza eta sormen maila.

7) Euskararen erabilera eta zabalkundea haren kultura programazioan.

8) Garatzekoa den kirol programaren garrantzia, erakundeak hirian dituen ezarpenari eta errotzeari dagokienez.

9) Proiektua garatzen duten langileen kualifikazio tekniko eta profesionala.

10) Gizarte eta kirol interesa eta eragina. Partaide kopurua eta ageriko eraginkortasuna eta emaitzak kirola sustatu eta garatzeari dagokionez.

11) Egitekoak diren kirol jardueren kostuak eta zenbateko ekonomikoa.

12) Gertakariaren berezitasuna, bere kirol ospe, kalitate eta mailari lotuta.

13) Gizarte interesa eta eragina, joan daitezkeen ikusleei, partaidetzari eta zaletasunaren sustapenari dagokienez.

14) Erakundeak jasandako kargak eta kostuak, egin beharko dituzten eginahalei, dauzkan baliabideei eta aurreikusten diren emaitzei dagokienez.

15) Lortutako merituak eta maila, haren gizarte eta kirol testuinguruaren arabera ebaluatuta.

16) Herritarren artean lortutako errotzea eta tradizioa, lehiaketak orain arte izandako harrera onari lotuta.

17) Kalkulatzen den partaide kopurua eta gizartean lortutako zabalkundea.

18) Jardueraren izaera berritzailea ikusle eta partaideen harrera onari dagokionez eskaintzen duen etorkizunarekin uztartuta.

19) Aurreko denboraldian izandako kirol ibilbidea eta lortutako emaitzak.

20) Gizarte eta kirol interesa eta eragina.

21) Lortutako merituak eta maila, haren gizarte eta kirol testuinguruaren arabera ebaluatuta.

22) Gazteendako proiektuek eta jarduerek xede duten biztanleria (bazkideak, gazteak oro ar...).

23) Gazteendako proiektuaren edukia eta bilatzen dituen xedeak (aisia eta astialdia, minusbaliotasunak dituzten gazteen integrazioa, informazioa eta aholkularitza, hezkidetza eta berdintasunaren sustapena, bazterketa egoeren prebentzioa, elkartegintzaren sustapena...).

24) Garatzekoa den proiektuaren prestaketa, kalitatea eta aurretiazko lana, herri mailako inpaktua, jarraitutasuna eta lankidetza izaera.

25) Proiektuaren argitasuna eta koherentzia.

26) Aurrekontuko kostua eta aurreikusitako helburuak bat etortzea.

27) Jarduerak xede dituen ikasleek jasotzen dituen ikasbideak era egokian zabaltzea edo osatzea.

28) Xede dituen edo jardueran parte hartuko duten ikasleen kopurua.

29) Proiektuak Eguesibarko Udaleko zenbait ikastetxe lotzea.

30) Proiektuaren zeharkakotasuna.

31) Proiektuak hezkuntza komunitateko estamentuen parte-hartzea izatea: ikasleak, irakasleak eta familiak.

32) Hezkuntza berrikuntza.

33) Desberdintasun sozioekonomikoak orekatzeko tresnak.

34) Proiektuak beste finantzabide batzuk aurreikusita izatea.

35) Proiektuak herritarren funtsezko eskubideak eta askatasunak, eta konstituzio eta estatutuko betebeharrak indartzea, eta haiekiko begirunean sakontzea.

36) Proiektuko jarduerek ikasleen izaera etikoa eta intelektuala eta haien gaitasun kritikoa hobetzea eta sormenaren garapena eta gaitasun artistikoak sustatzea bilatzea.

37) Proiektuak ingurunera egokitzea, ingurunea hobeki ezagutzea eta gizarte errealitatera hurbiltzea ekartzea.

38) Proiektuaren xedea ikaslea kontzientziatzea eta printzipio hauek zabaltzea izatea: bizikidetza, genero-berdintasuna, besteekiko eta ondasun publiko eta pribatuekiko begirunea. Gizonen, emakumeen eta herrien arteko tolerantziaren eta elkartasunaren esparruan dena.

39) Proiektuak bizitza profesionaleranzko trantsizio positiboa, trebakuntza teknikoa eta lan ohiturak bultzatzea.

40) Proiektuak sistema pedagogikoa hobetzea bilatzen duten esperientziak eta jarduketak lantzea.

41) Gaitasun eta errendimendu berezia.

42) Prestakuntza proiektuaren interesa.

43) Errenta maila.

44) Egoera ekonomikoa.

45) Gizarte eta familia egoera.

46) Merezimendu akademikoak.

47) Merezimendu artistikoak.

48) Kideen kopurua.

51) Komunitate ingurunearen barruko partaidetza eta ezarpena.

52) Dirulaguntza jasoko duen onuradunaren edo jardueraren ezaugarri bereziak, erakunde ofizial batek egiaztatuak, edo egoera berezi jakin bat egotea.

53) Eskatzaileen arteko hainbanaketa.

54) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna azpimarratzen duten jarduerak edo programak.

55) Ingurumen faktoreak.

56) Gizarte premiak.

57) Aukera-berdintasuna azpimarratzen duten jarduerak edo programak.

58) Kulturarteko bizikidetza azpimarratzen duten jarduerak edo programak.

59) Gizarte-bazterketaren kontrako borroka azpimarratzen duten jarduerak edo programak.

60) Onura publiko edo soziala bilatzen duen beste edozein irizpide, deialdiaren xedearekin bat datozen faktoreen diskriminazio positibo bat badakar.

17. artikulua. Eskaerak.

1. Interesdunen eskaerak deialdian zehaztutako dokumentu eta informazioekin batera aurkeztuko dira.

2. Honako hau izanen da eskaeraren gutxieneko edukia:

a) Eskaera sinatzen duenaren identifikazioa eta noren izenean egiten duen.

b) Onuraduna behar duenaren identifikazioa (haren NAN, IFZ edo AIZa adieraziz).

c) Diruz laguntzekoa den jardueraren proiektua, halakorik bada.

d) Aurrekontua, halakorik bada.

e) Berariazko adierazpena, adierazteko dirulaguntzaren eskatzaileak baimena ematen edo ukatzen dion Eguesibarko Udalari Zerga Administrazioko Estatu Agentziatik eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusitik erakunde horiekiko dituen betebeharrak betetzeari buruzko informazioa lortzeko.

Berariaz adierazten ez badu, eskatzaileak baimena emanen du. Ukatuz gero, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak jaulkitako ziurtagiriak erantsi beharko ditu.

f) Eskatzailearen adierazpena, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez duela adierazteko.

3. Eskaerak, deialdietan ezarritako ereduetan formalizatuta, Eguesibarko Udalari zuzenduko zaizkio, eta Udaleko erregistro orokorrean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen erregistro eta bulegoetan aurkeztuko dira.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2. artikulua zerrendatutako betebeharpeko pertsonek erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dute beren eskaera.

4. Eskaerak deialdiren araudian ezarritako betekizunak betetzen ez baditu, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio zuzenketa egin dezala gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utzi duela iritziko dela. Aitzinetik ebazpena emanen da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedaturik daudenekin bat (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

18. artikulua. Instrukzioa.

1. Deialdiak zehaztutako organoak edo dirulaguntza izapidetzen duen departamentuak instruituko du dirulaguntzak emateko prozedura eta ofizioz eginen ditu ebazpen proposamena egiteko beharrezko datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokitzat jotzen dituen jarduketak oro.

2. Instrukzio organoak egiaztatu beharko du eskatzaileak dirulaguntza ematearen oinarri den egoeran edo haiengan betetzen direla oinarrietan eta deialdian onuradun izan ahal izateko xedatutako inguruabarrak, baldintzak eta beharkizunak.

Egiaztapen hori balorazio batzordea eskaerak ebaluatzen hasi aitzin edo ondoren egin ahalko da, baina ebazpen proposamena egin aitzin betiere.

3. Instrukzio jarduketek hauek hartuko dituzte barne:

a) Ebazteko beharrezkotzat jotzen diren edo dirulaguntza arautzen duten arauek eskatzen dituzten txosten guztiak eskatzea.

b) Eskabideen edo eskaeren ebaluazioa, betiere deialdian balorazioa egiteko ezarritako irizpideak, manerak eta lehentasunak aintzat harturik.

4. Ebaluazioaren ondorioz onuradunen artean deialdian aurreikusitako zenbateko osoa ematen ez bada, eta inguruabar hori deialdian jasota badago, soberakina onuradunen artean birbanatu ahal izanen da. Horrek, nolanahi ere, ezin du ekarri lege araudian, Ordenantza Orokor honetan edo deialdian xedatutako edozein beharkizun ez betetzea.

19. artikulua. Balorazio batzordea.

1. Instrukzio organoak eskaerak ebaluatu ondoren, oro har, balorazio batzordea deritzon kide anitzeko organo batek jaulkiko du egindako ebaluazioaren emaitza zehazten duen txostena edo akta.

2. Balorazio batzordeko kideak dagokion deialdian zehaztuko dira.

Eskaerak kide anitzeko organo batek baloratuko ditu. Honakoek osatuko dute organo hori: buru bat, idazkaria eta gutxienez hiru kide. Deialdian zehaztutako gaitasun profesionalaren eta esperientziaren irizpideen arabera izendatuko dira.

Batzordearen jarduna lotuko zaio Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, atariko tituluaren II. kapituluan, kide anitzeko organoendako ezarri duen araubideari; txosten-proposamen arrazoitu bat eman beharko du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.

20. artikulua. Ebazteko proposamena.

1. Espedientea eta balorazio batzordearen txostena ikusita, instrukzio-organoak ebazpen-proposamena eginen du, behar bezala arrazoituta, eta ebazteko eskumena duen organoari bidaliko dio.

2. Ebazpen proposamenak ez dio inolako eskubiderik ekarriko proposatutako onuradunari Eguesibarko Udalaren aitzinean, harik eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

21. artikulua. Ebazpena.

1. Behin betiko ebazpen proposamena egindakoan, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 88. artikuluan eta, hala badagokio, deialdian xedatutakoaren arabera, deialdian ezarritako organo eskudunak prozedura ebatziko du.

2. Ebazpena dirulaguntzaren deialdiak ezarritakoarekin bat arrazoituko da; prozeduran egiaztaturik gelditu behar dira emandako ebazpenaren oinarriak.

3. Dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean (bat edo bat baino gehiago izan daitezke), eta horrez gain, espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

4. Prozedura ebatzi eta ebazpena jakinarazteko epea, gehienez, sei hilekoa izanen da, lege mailako arau batek epe luzeagoa ezarri edo Europar Batasuneko araudian hala xedatuta egon ezean. Epea kasuan kasuko deialdia argitaratu denetik aitzina zenbatuko da, salbu eta deialdiak berak ondorioak geroko data baterako geroratzen dituenean.

5. Gehieneko epea ebazpena jakinarazi gabe amaitzen bada, interesdunek zilegi izanen dute dirulaguntza emateko eskabidea onetsi gabetzat jotzea administrazio isiltasunaren bidez.

6. Ebazpena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan jakinaraziko da.

Hirugarren kapitulua.–Zuzenean ematea.

22. artikulua. Zuzenean emateko kasuak.

1. Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

a) Eguesibarko Udalaren aurrekontuetan aurreikusitako laguntza izendunak.

Arestiko paragrafoan xedatutakoa betetzeko, Udalaren aurrekontuetan izendun gisa ezarritako dirulaguntzatzat hartzen da gutxienez bere aurrekontu-zuzkidura eta bere onuraduna aurrekontuaren gastu-egoeretan zehaztuta agertzen dena. Dirulaguntza hauen helburua zehazturik gelditu behar da dagokion lankidetza hitzarmenean edo emateko ebazpenean; xede horrek, betiere, bat etorri beharko du aurrekontuan dagokion kredituaren sailkapen funtzional eta ekonomikoarekin.

b) Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

c) Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren dirulaguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

2. Dirulaguntza hauei Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean, hura garatzeko erregelamenduan eta Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokor honetan xedatutakoa aplikatuko zaie, publikotasun- eta konkurrentzia-printzipioen aplikazioari dagokienez izan ezik. Halaber, emateko erabakietan adierazi ahal izanen da zer bitarteko erabili beharko duen onuradunak dirulaguntza eman zaiola iragartzeko.

23. artikulua. Aurrekontuetan modu izendunean aurreikusitako dirulaguntzak.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko du dirulaguntza egozten zaion aurrekontu kreditua kudeatzen duen zerbitzuak edo zentroak edo interesdunak eskatuta.

Interesdunak eskatuta hasten bada, Ordenantza Orokor honen 17. artikuluko baldintzetan aurkeztu beharko du eskaera interesdunak.

2. Prozedura hasita, zerbitzu edo zentro kudeatzaileak txostena egin beharko du, eta bertan jasoko da dirulaguntza zein araubide juridikoren arabera emanen den, eta derrigorrez jaso beharko ditu puntu hauek:

a) Dirulaguntzaren xedea eta haien onuradunak zehaztea, aurrekontuko diru-izendapenaren arabera.

b) Helburuen edo xedeen eta lortu nahi diren ondorioen identifikazioa.

c) Dirulaguntzaren gastua, eta zenbatekoa egozten zaion aurrekontu-kreditua, eta onuradun bakoitzarentzat banakaturik, bat baino gehiago badira.

d) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik edo nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

e) Dirulaguntza ordaintzeko epeak eta moduak, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukerak, baita, behar bada, onuradunek ekarri behar dituzten bermeen araubidea ere.

f) Epea eta modua, justifikatzeko onuradunak dirulaguntzaren xedea bete duela eta jasotako funtsak aplikatu dituela.

g) Onuraduna dirulaguntza ematearen oinarri den egoeran edo haiengan betetzen dela Dirulaguntzei buruzko Legean eta Ordenantza Orokor honetan onuradun izan ahal izateko xedatutako inguruabarrak, baldintzak eta beharkizunak.

Prozedura lankidetza-hitzarmena sinatuz amaitu nahi bada, arestiko txostenaren ordez eduki bera jasotzen duen hitzarmenaren zirriborro bat egin ahal izanen da, zerbitzu edo zentro kudeatzaileko arduradunak sinatuta. Hitzarmen zirriborro orok eta, halakorik badago, ondoren sinatzen den hitzarmenak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako xedapenak bete beharko dituzte.

3. Txosten hori jaulki ondoren, eta kontu-hartzailetzak fiskalizatu aitzin, emateko ebazpena emanen da, eta horren ondoren, hala badagokio, lankidetza-hitzarmena sinatu ahal izanen da. Biek izanen dute arestiko apartatuan adierazitako gutxieneko edukia.

Bi kasuetan, emateko egintza edo hitzarmena ematearen oinarri arauemaileak izanen dira, dirulaguntzen araudia betetze aldera.

Alkateak izanen du prozedura ebazteko eskumena, eskuordetzeko ahalmena izanen badu ere.

24. artikulua. Lege mailako arauek ezarritako zuzenean emateko dirulaguntzak.

Lege mailako arau batek ezarritako ematea edo zenbatekoa duten dirulaguntzak zuzenean emateko arau hori eta Eguesibarko Udalari bereziki aplikatzen zaizkion gainerakoak aplikatuko dira.

Ematea zehazten duen legeak dirulaguntza bideratzeko erakunde emailearen eta onuradunen arteko lankidetza-hitzarmen bat formalizatu behar dela xedatzen badu, hitzarmen horrek Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduaren 65.3 artikuluko gutxieneko edukia izan beharko du eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako xedapenak bete beharko ditu.

Gainera, dirulaguntzen ordainketa eskatu ahal izateko, ekitaldi horretako aurrekontuan kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da.

Nolanahi ere, eman aitzin zerbitzu edo zentro kudeatzaileak txostena egin beharko du adierazteko proposamena hura ematea xedatzen duen legea betetzen duen, eta kontu-hartzailetzak fiskalizatu beharko du.

25. artikulua. Interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiengatik edo deialdi publikoa egitea zailtzen duten justifikatutako beste arrazoi batzuengatik zuzenean ematen diren dirulaguntzak.

1. Salbuespen gisara, dirulaguntzak zuzenean eman ahal izanen dira interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuk egiaztatzen direnean, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

2. Emateko prozedura ofizioz hasiko du dirulaguntza egozten zaion aurrekontu kreditua kudeatzen duen zerbitzuak edo zentroak edo interesdunak eskatuta.

Interesdunak eskatuta hasten bada, Ordenantza Orokor honen 17. artikuluko baldintzetan aurkeztu beharko du eskaera interesdunak, ezarritako ereduari jarraikiz.

3. Prozedura hasita, zerbitzuburuak edo dirulaguntzaren xedea lotuta dagoen langileak txostena egin beharko du eta hitzarmen proposamena, alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak sinatuta.

Txostenak derrigorrez jaso beharko ditu hemen adierazitako puntuak:

a) Dirulaguntzaren xedearen definizioa, hauek berariaz adieraziz:

–Dirulaguntzaren izaera ezohiko eta berezia,

–Interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko edo behar bezala justifikatutako beste arrazoiak.

b) Helburuen edo xedeen, onuardunaren edo onuradunen eta lortu nahi diren ondorioen identifikazioa.

c) Dirulaguntzaren gastua, eta zenbatekoa egozten zaion aurrekontu-kreditua, eta onuradun bakoitzarentzat banakaturik, bat baino gehiago badira. Lehendakariari lotutakoak direnean, gainera artikulu honetako 2. apartatuan xedatutako beharkizunak betetzen direla.

d) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik edo nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

e) Dirulaguntza ordaintzeko epeak eta moduak, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukerak, baita, behar bada, onuradunek ekarri behar dituzten bermeen araubidea ere.

f) Epea eta modua, justifikatzeko onuradunak dirulaguntzaren xedea bete duela eta jasotako funtsak aplikatu dituela.

g) Onuraduna dirulaguntza ematearen oinarri den egoeran edo haiengan betetzen dela Dirulaguntzei buruzko Legean eta Ordenantza Orokor honetan onuradun izan ahal izateko xedatutako inguruabarrak, baldintzak eta beharkizunak.

4. Dirulaguntza hauek alkatearen erabakiaren edo berak eskuordetutako organoaren erabaki edo ebazpenaren bidez emanen dira, arloaren arabera eskudun den zerbitzu edo zentro kudeatzaileak proposatuta, kontu-hartzailetzak fiskalizatu ondoren. Nolanahi ere, prozeduraren amaiera edo dirulaguntza bideratzeko modua hitzarmen bidez erabaki ahalko dira, eta hitzarmen horrek Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako xedapenak bete beharko ditu.

Bi kasuetan, emateko egintza edo hitzarmena ematearen oinarri arauemaileak izanen dira, dirulaguntzen araudia betetze aldera.

HIRUGARREN TITULUA

Justifikazio araubidea

26. artikulua. Justifikazioaren gaineko arau orokorrak.

1. Justifikazioa dirulaguntzaren onuradunaren derrigorrezko egintza bat da eta ezarritako baldintzak bete eta emateko egintzan aurreikusitako helburuak lortu izana egiaztatzea dakar.

2. Gastuak fakturen eta merkataritzako trafiko juridikoan frogarako pareko balioa edo eraginkortasun administratiboa duten gainerako dokumentuen bidez egiaztatuko dira, azken kasu horretan hala xedatu denean deialdian, emateko ebazpenean edo hitzarmenean.

3. Justifikazioa hurrengo artikuluan xedatutako moduan dokumentatuko da eta deialdian, emateko ebazpenean edo hitzarmenean xedatutakoaren arabera.

4. Dirulaguntza eman bada hartzailearen halako egoera batengatik, egoera bera baizik ez da frogatu behar zuzenbidean onarturiko edozein bide erabiliz, betiere dirulaguntza eman aitzin, aparte utzita hori horrela dela egiaztatzeko ezar daitezkeen kontrolak.

5. Justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu ondoren, zerbitzu edo zentro kudeatzaileak txostena jaulki beharko du adieraziz Ordenantza Orokor honetan edo deialdian eskatutako beharkizunak betetzen dituenetz.

6. Dirulaguntza onartzeko eskudun den organoak zehazten duenean zuzendu daitezkeen akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio, hamar eguneko epean zuzendu ditzan.

7. Frogatzeko epea hura administrazio organo eskudunaren aurrean aurkeztu gabe bete ondoren, organoak onuradunari luzatu ezineko hamabost eguneko epean aurkezteko eskatuko dio. Justifikazioa apartatu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, itzuli egin beharko da, eta horrek berekin ekarriko ditu Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritako gainerako erantzukizunak. Justifikazioa apartatu ezarritako epe gehigarrian aurkezteak ez du onuraduna salbuetsiko Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren arabera dagozkion zehapenetatik.

8. Titulu honetan ezarritako eran dirulaguntza justifikatzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, kobratzeko eskubidea erabat edo partzialki galduko da eta, hala badagokio, dirulaguntza itzuli beharko da, Ordenantza Orokor honen IV. tituluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean aurreikusitako baldintzak betez.

27. artikulua. Justifikatzeko modua.

1. Justifikazioa egindako gastua justifikatzeko kontuaren bidez eta deialdian, emateko ebazpenean edo deialdian ezarritako moduan eginen da. Nolanahi ere, onuradunak egiaztatu beharko du emandako dirulaguntzari emandako publizitatea deialdian, ebazpenean edo deialdian adierazitako baldintzetan.

Justifikatzeko kontua deialdiak, emateko ebazpenak edo deialdiak zehaztutako ereduaren arabera aurkeztuko da eta gutxienez informazio hau jasoko du:

a) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena.

b) Egindako jardueren kostua frogatzeko memoria ekonomikoa, honako hauek bilduko dituena:

a.–Diruz lagundutako jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat, hartzekoduna eta agiria identifikatuta, baita zenbatekoa, jaulkipen eguna eta, kasua bada, ordainketa eguna ere. Baldin dirulaguntza ematen bada iritzira aurrekontu baten arabera, adieraziko da zer desbideratze izan diren.

b.–Merkataritzako trafiko juridikoan frogarako pareko balioa duten fakturak edo agiriak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, aurreko puntuko zerrendan agertzen direnak, gutxienez emandako dirulaguntzaren zenbatekoagatik, eta, hala balegokio, ordainketa frogatzen duen dokumentazioa.

c.–Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpen bat, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

c) Ondorioak eta lortutako emaitzak.

2. Justifikatzeko kontuak deialdian, ebazpenean edo deialdian eskatutako beste dokumentu batzuk ere jaso ahal izanen du, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua xedatutakoaren arabera.

28. artikulua. Justifikazio epea.

1. Dirulaguntzak deialdian, emateko ebazpenean edo deialdian ezarritako epean justifikatu beharko dira. Oro har, justifikatzeko epea hasitako urteko azaroaren 15a baino lehenago izanen da eta ez da izanen jarduera egiteko epea amaitu eta hiru hilabete baino luzeagoa.

2. Justifikazio partzialak egin ahal izanen dira gutxienez dirulaguntzaren zenbatekoaren heren bategatik, azken justifikazioa izan ezik, zeina justifikatzeke dagoen guztiagatik eginen baita, dirulaguntzaren heren batera iritsi ez arren.

3. Dirulaguntza ematen duen organoak justifikazioa aurkezteko ezarritako epea luzatu ahal izanen du. Luzapen hori ez da izanen justifikaziorako epearen erdia baino handiagoa, eta, betiere, ez da hirugarrenen eskubideen kalterako izanen.

4. Luzapena emateko baldintzak eta prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoak dira.

29. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdiek, emateko ebazpenek edo deialdiek ezarritako epean egiten badira.

Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

2. Deialdian, emateko ebazpenean edo deialdian kontrakorik espresuki xedatu ezean, egindako gastutzat honakoa joko da: justifikazio-epea amaitu aitzin benetan ordaindu dena.

Ordainketaren justifikazioa, hala badagokio eta deialdiak xedatzen duenean, honela egin ahalko da:

a) Eskudirutako ordainketak.

Gastu horien ordainketa justifikatzeko fakturan bertan “hartze-agiria” sartuko da igorlearen sinadura eta zigiluarekin. Zigiluak, gutxienez, bidaltzailearen izena eta IFZa jaso beharko ditu.

b) Bankuko ordainketak.

1. Bankuko transferentzia.

Transferentzia edo kontuko helbideratzearen bidez ordainduz gero, zordunketa frogatzen duen laburpen, zordunketa edo bankuko mugimenduaren bidez justifikatuko da, eta kasu bietan eragiketaren agindu-emailea eta onuraduna eta kitatzen den gastuaren justifikazio dokumentua edo kontzeptua identifikatu beharko dira. Telematikoki lortutakoek balioa izanen dute.

2. Txeke izenduna edo ordaindukoa.

Ordaintzeko txeke izenduna edo ordaindukoa erabiltzen bada, justifikazio dokumentuak txeke edo ordaindukoaren eta justifikatutako eragiketari dagokion kontuko zordunketa jasotzen duen finantza entitatearen laburpena izanen dira, eta gastuaren kontzeptua behar bezain zehaztuta geratu beharko da.

3. Gastu diruz lagungarriak gainditzen baditu kontratazio publikoa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezartzen dituen zenbatekoak, onuradunak gutxienez ere hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa edo zerbitzua edo ondasuna ematekoa kontratatu baino lehen, salbu eta, ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hori egin, hornitu edo emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, eraginkortasun eta ekonomiaren irizpideei jarraituko zaie, eta txosten batean berariaz justifikatu beharko da diru aldetik onuragarriena ez den proposamena aukeratzen denean. Eskaintza horiek justifikazioan beharko dira azaldu, edo dirulaguntzaren eskaeran.

4. Gastuaren frogagiriei dagokienez, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aurkeztutako fakturak edo egiaztagiriak jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan beharko dira, dirulaguntza jasotzen duen erakundearen izenean jaulkiak eta laguntza ematen den urtean datatuak, eta fakturatzeko obligazioak arautzen dituen erregelamendua onartzen duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute.

b) Ondasun higiezinen alokairuak sortutako gastuak, erakundearen egoitzakoak zein jarduerak egiteko edo programak garatzeko behar direnekoak, eta ondasun higigarrienak (ekipo informatikoak, altzariak, tresnak, etab.) dokumentu hauen bidez justifikatuko dira:

a.–Alokairu-kontratuaren kopia konpultsatua, udalak jada eduki ezean.

b.–Alokairu-kuoten faktura edo fakturak. Errentatzailea PFEZri lotutako pertsona fisikoa denean fakturetan dagokion atxikipena agertu beharko da.

5. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

6. Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

7. Deialdian hala aurreikusten denean eta bertan adierazitako baldintzetan, zeharkako kostuak gastu diruz lagungarriak izanen dira onuradunak dirulaguntzaren xedeko jarduerari zati egokian egotzi dionean, guztiek onartzen duten kontabilitateko printzipio eta arauei jarraituz kalkulatua, eta, betiere, halako kostuak jarduera benetan egin den aldiari dagozkion heinean.

30. artikulua. Diruz lagundutako jarduera onuradunek azpikontratatzea.

1. Onuradunak azpikontratua egiten duela ulertuko da, hirugarrenekin ituna egiten badu dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egin dezaten. Dirulaguntzaren xede den jarduera berez egin ahal izateko onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

2. Azpikontratazioaren aukera deialdian aurreikusi beharko da, eta erabiliz gero, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak eta bera garatzeko erregelamenduak horri buruz dituzten arauak beteko ditu.

31. artikulua. Justifikazioa egiaztatzea eta txostena.

Departamentu edo zentro kudeatzaileak dirulaguntzaren justifikazio egokia egiaztatuko du, baita jarduera egin eta dirulaguntza ematea edo gozatzea dakarren xedea bete izana ere, Ordenantza Orokor honetan eta deialdian, emateko ebazpenean edo hitzarmenean xedatutako baldintzetan.

Egiaztapena egin ondoren, zerbitzu edo zentro kudeatzaileko funtzionarioak dagokion txostena eginen du, eta zentro horrek, kontu-hartzailetzak fiskalizatu ondoren, aurkeztutako justifikazioa onartu edo deuseztatzeko eta/edo itzultzeko espedientea hasteko proposamena eginen du, dagokionaren arabera.

32. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

1 Dirulaguntza zertarako eman zen, jarduera, proiektu edo helburu horiek gauzatu direla edo jarrerak hartu direla justifikatuko du onuradunak, dirulaguntza arautzen duen araudian ezarritakoarekin bat. Horren ondotik ordainduko da dirulaguntza.

Dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da behar bezala justifikatzen ez bada edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoietako bat gertatzen bada, lege horren 42. artikuluan aurreikusitako prozedura aplikatuz.

2 Dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egiten ahalko dira. Konturako ordainketa horiek zatituak izan daitezke, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahala, eta aurkeztutako frogagirietako zenbatekoa ordainduko da.

Ordainketa aurreratuak ere egiten ahalko dira justifikazioa egin aitzinetik, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatu ahal izateko finantzabide gisa. Aukera hori eta berme araubidea berariaz aurreikusi beharko dira dirulaguntzaren deialdian.

Ezin izanen zaie inolaz ere onuradunei ordainketa aurreraturik egin, baldin eta horiek beren borondatez konkurtso-egoeraren deklarazioa eskatu badute, prozeduraren batean kaudimengabetzat jo badituzte, konkurtso-egoeran badaude –bertan hitzarmen batek indarraldia hartu ezean–, kontu-hartze judizial baten pean badaude edo, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, desgaitutzat jo badituzte, konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

Konturako ordainketak edo ordainketa aurreratuak egitea, eta berme araubidea, berariaz aurreikusi beharko dira dirulaguntzaren deialdian.

2. Dirulaguntza ezin izanen da ordaindu, baldin eta onuradunak ez baditu eguneraturik zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo diru-itzulketari buruzko ebazpen batek zorduntzat jotzen badu.

LAUGARREN TITULUA

Laguntza itzultzea

33. artikulua. Baliogabetasuna eta itzulketa. Arrazoiak eta prozedura.

1. Dirulaguntza bat emateko ebazpena baliogabetzeko arrazoiak dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritakoak. Halako kasuetan agindu horren arabera jokatuko da.

2. Emandako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea erabat edo parte batean galdutzat jo ahalko da Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan. Ordainketa oso edo partzialen bat egin bada, eskuratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta dirulaguntza ordaindu den egunetik itzuli beharra dagoela adierazi den eguna arteko berandutza-interesa eskatzen ahalko da. Horretarako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 42. artikuluan eta lege horrek itzulketari buruz dakartzan gainerako aginduetan ezarritako prozedura aplikatuko da.

3. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren II. tituluan ezarritakoa aplikatuko da.

BOSGARREN TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

34. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Arlo honetan zehapen araubidea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren IV. tituluan ezarritakoa izanen da.

2. Udalbatzako lehendakariari dagokio titulu horretan ezarritako zehapenak ezartzeko eskumena, eskumen hori eskuordetzen ahal badu ere.

SEIGARREN TITULUA

Kontu-hartzailetza eginkizuna eta finantza kontrola

35. artikulua. Kontu-hartzailetza eginkizuna.

1. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 9.4.d) artikuluan eta Ordenantza Orokor honen 5.d) artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 244. artikuluaren babespean, eduki ekonomikoko betebeharrak edo balore funtsen mugimendua eragiten ahal dituen egintza, dokumentu edo espediente ororen aitzin fiskalizazioa eginen da.

Zehazki, egintza, dokumentu edo espediente hauek fiskalizatuko dira aurretik:

a) Dirulaguntzei buruzko berariazko oinarriak.

b) Dirulaguntzen deialdien onespena.

c) Instrukzio organoak ebazpen proposamena formulatzea.

d) Dirulaguntzak zuzenean emateko proposamenak.

e) Dirulaguntzen justifikazioa edo itzultzeko eskatuta edo eskatu gabe kobratzeko eskubidea erabat edo partzialki galtzeko ebazpena onartzeko proposamenak.

f) Kobratzeko eskubidea erabat edo partzialki galtzeko eta/edo dirulaguntzak itzultzeko ebazpena onartzeko proposamenak.

2. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 248. artikuluan ezarritakoaren arabera, arestiko c), d) eta e) letretan jasotako kasuak izanda, aurreko fiskalizazioa puntu hauek egiaztatzera mugatuko da:

a) Orokorrean, puntu hauek egiaztatuko dira:

–Kreditu egokia eta nahikoa izatea.

–Organoaren eskumena.

–Udalbatzaren osoko bilkurak erabakitako beste puntu osagarriak.

b) Dirulaguntzako emateko ebazpen proposamenak: instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena, norgehiagokako araubideko dirulaguntzak direnean.

–Espedientean zerbitzu edo zentro kudeatzaileak Ordenantza Orokor honen 24.2, 25. eta 26.4 artikuluetako edukiarekin egindako txostena egotea, dirulaguntzak zuzenean emanez gero.

c) Dirulaguntzen justifikazioa edo itzultzeko eskatuta edo eskatu gabe kobratzeko eskubidea erabat edo partzialki galtzeko ebazpena onartzeko proposamenak:

–Zerbitzu edo zentro kudeatzaileak behar bezala arrazoituta egindako proposamena egotea.

36. artikulua. Finantza kontrola.

1. Dirulaguntzen finantza kontrola eginen zaie onuradunei eta, hala badagokie, erakunde laguntzaileei Eguesibarko Udalak Eguesibarko Udalaren aurrekontu orokorren kargura emandako dirulaguntzei dagokienez.

2. Dirulaguntzen finantza kontrolak hauek egiaztatu beharko ditu:

a) Onuradunak era egoki eta zuzenean lortu duela dirulaguntza.

b) Onuradunek eta erakunde laguntzaileek dirulaguntza kudeatu eta aplikatzeko dituzten betebeharrak betetzea.

c) Onuradunek eta erakunde laguntzaileek era egoki eta zuzenean justifikatu duela dirulaguntza.

d) Onuradunek eta erakunde laguntzaileek aurkeztutako justifikazioaren arabera, dirulaguntzarekin finantzatu diren eragiketen errealitatea eta erregulartasuna.

e) Diruz lagundutako jardueren finantzaketa egokia eta zuzena, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 19. artikuluko 3. apartatuan eta Ordenantza Orokor honen 10. artikuluan ezarritako baldintzetan.

f) Onuradunek eta erakunde laguntzaileek administrazioari deklaratu ez dizkioten gertaerarik, inguruabarrik edo egoerarik dagoen, horiek eraginik izan badute, diruz lagundutako jardueraren finantzaketan, dirulaguntza behar bezala eskuratu, erabili edo justifikatzeko unean edo dirulaguntzarekin finantzatu diren eragiketen benetakotasunean edo erregulartasunean.

3. Nolanahi ere, finantza kontrola arestiko artikuluko baldintzetan aurreko fiskalizazio mugatua egin zaien agintza, dokumentu edo espedienteei eginen zaie.

4. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren III. tituluan eta hamalaugarren xedapen gehigarrian eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 249. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaio finantza kontrolari.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Araubide gehigarria.

Ordenantza orokor honek aurreikusten ez duen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua aplikatuko da, baita Dirulaguntzei buruzko Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatua ere.

Bigarren xedapen gehigarria.–Dirulaguntzen Datu Base Nazionala.

Dirulaguntzen barne-kudeaketaren ondorioetarako, zerbitzu edo zentro kudeatzaileek Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari edo hala eskatzen duten gainerako erakundeei informazioa bidaltzeko betebeharrak bete beharko dituzte.

Xedapen iragankorra.–Prozeduren araubide iragankorra.

Ordenantza Orokor hau indarrean jartzen den unean hasita dauden dirulaguntzak emateko prozedurei hasi ziren unean indarrean zegoen araudia aplikatuko zaie. Ondorio horietarako, prozedura hasitzat jotzen da norgehiagokako dirulaguntzendako deialdia onartzen den unetik eta emateko ebazpena hartu edo zuzenean emateko direnendako hitzarmena sinatzen den unetik.

Arestiko apartatuan xedatutakoa hala izanik ere, Ordenantza Orokor honetan ezarritako zehapen araubidearen prozedurak indarrean jartzen direnetik aplikatuko dira.

Xedapen indargabetzailea.–Indargabetuta geratzen dira Ordenantza Orokor hau indarrean jartzean indarrean zeuden gainerako dirulaguntzen oinarri arauemaileak, baita Eguesibarko Udalak dirulaguntzen araubide juridikoari buruz onetsitako beste edozein arau, udal aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoa kaltetu gabe.

Azken xedapena.–Ordenantza Orokor hau behin betiko onetsi ondoren bere testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoren jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2111458