186. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SANTAKARA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Santakarako Udalak, 2021eko martxoaren 16an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2021eko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 6an, eta jendaurreko epean aurkezturiko alegazioak ebatzi dira; hortaz, baietsitako alegazioak sartu, ordenantza hori behin betiko onetsi eta ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Santakaran, 2021eko uztailaren 14an.–Alkatea, Jesús Luis Caparroso Ruiz.

ZIOEN AZALPENA

Santakarako herri-ondasunak arautzen dituen aurreko ordenantza 2001eko 137. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 12an, eta I., II. eta III. eranskinekin osatu zen 2004ko 32. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zirenean, martxoaren 15ean. Hauek arautzen ziren horietan: «El Saso» alderdiko lurzatien banaketa –ihinztagailuz ureztatzekoak–, uren erabilera eta ur kontsumoen kontrolaren araudia eta zegozkien zigorrak. Gainera, bi aldaketa izan zituen ordenantzak; lehenengoa 2011ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 3an, eta, bigarrena, 2015eko 160. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 18an.

Jatorrizko testuaren antzinatasuna eta egin diren aldaketak –batzuk eranskin moduan– direla eta, testuak interpretazio arazoak sortzen ditu, eta zenbait manu ez datoz bat egungo nekazaritza sektorearen errealitatearekin.

Ikusi egin dira zer premia dituzten nekazariek laborantza mota eta sistema berriak ezartzearen ondorioz, baita zer baldintza bete behar dituzten Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) laguntzak eskuratzeko; hori dela eta, beharrezkoa da Santakarako laborantzako herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen beste udal ordenantza bat onestea, bat etor dadin udalerriaren eta herritarren egungo premiekin, eta eduki osoa testu bakarrean bil dezan.

Ordenantza berriaren helburuak dira, batetik, udalerriko egungo egoera ekonomiko eta sozialera eta etorkizuneko perspektibetara moldatzea, eta, bestetik, neurriak ezartzea arauak dioenaren jarraipena eta kontrola egiteko.

Komeni da Santakarako laborantzako herri-lurren adjudikazioaren eta aprobetxamenduaren araudi osoa ordenantza espezifiko batean biltzea. Testu horretan, hain zuzen, laborantzako herri-lurrak eskuratzeko eta erabiltzeko arauak ezarriko dira.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Santakarako Udalaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak enbargaezinak, preskribaezinak eta besterenezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izango.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuko arauak, ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri-ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Santakarako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen gainean Santakarako Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren onespena beharko dute soilik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduan (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena) ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzin, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Santakarako Udalak justifikatu beharko du bere asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Herri-ondasunak itzuli ondoren, Santakarako Udalaren ondarean sartuko dira berriz, herri-ondasun gisa sartu ere.

Desafektazioa egiteko jarraitu beharreko prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoa eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena) 143. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa izanen da.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Santakarako Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Santakarako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du bidegabeki galdutako herri-ondasunen jabetza, aitzinetik idazkariaren, aholkularitza juridikoaren edo, hala badagokio, legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzun eta gero. Eta, beharrezko bada, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Santakarako Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Santakarako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespena beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Santakarako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren babesean herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuta. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Santakarako Udalak, herri-lurrei buruzko kontratuetan partaide denean, kontratu horiek interpretatuko ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Santakarako Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez baditu, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua.

1.–Oro har, herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea edo judizialki gaitua izatea.

b) Santakarako biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez ere sei urte lehenagotik.

c) Santakaran urtean bederatzi hilabetez jarraian bizitzea, gutxienez.

d) Santakarako Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretiratuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira. Nekazaritzako araubide bereziko pentsiodunak izanez gero, herri-lurretako aprobetxamendutik lortutako errentak ezin dira urte bakoitzerako lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoak izan.

Adjudikazioak irauten duen bitartean, familia-unitateko kideen artean eskualdatzen ahal dira herritarren artean adjudikatzen diren loteak, baldin eta titular berriak artikulu honetako baldintza guztiak betetzen baditu eta udalak aldez aurretik baimentzen badu eskualdaketa.

3.–Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak Santakarako Udalak argituko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, Herri-lurren Batzordeak, lantaldeak edo Udalak eskumen horiekin ezartzea erabakitzen duen organoak txostena egin ondotik.

4.–Adjudikaziodunek eskaera bakarra egin beharko dute adjudikatutako lurzatiengatik.

5.– Baldintza horiek guztiak bete beharko dira aprobetxamenduen adjudikazioa hartzeko, eta adjudikazioak irauten duen bitartean bete beharko dira.

Baldintzaren bat betetzen ez bada, espedientea tramitatu ondoren, herri-lurzatiak kenduko zaizkio geratzen den adjudikazio aldi osorako; lurrak, dauden bezala, udalaren esku geratuko dira, kalte-ordainik edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik gabe.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

15. artikulua.

15.1. Santakarako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira:

a) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Santakarako Udalak zuzenean ustiatzea.

15.2. «El Saso» alderdiko laborantzako herri-lurzatien (ihinztagailuz ureztatzekoak) lurren aprobetxamenduak lehentasun-ordena honi jarraikiz banatuko dira:

a) Lehentasunezko nekazaritzako familia ustiategiak, nekazari gazte bat buru edo partaide dutenak.

b) Lehentasunezko nekazaritzako ustiategiak, ogibide nagusia nekazaritza dutenek osatuak.

c) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak, nekazari gazteentzat.

d) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak, ogibide nagusia nekazaritza dutenentzat.

e) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Santakarako Udalak zuzenean ustiatzea.

Santakarako Udalak modu horiek erabiliko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

Ulertzen da ustiategiak nekazari gazte bat buru duela, nekazariak baldintza hauek betetzen baditu:

–18 eta 40 urte artekoa izatea. Horretarako, adinez nagusi izatearen balio berekotzat hartuko da guraso-ahala eman izanaren bidez emantzipaturik egotea.

–Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea.

–Ogibide nagusia nekazaritza izatea (ONN) (uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 3.5. artikuluak arautua).

Ogibide nagusia nekazaritza duela egiaztatzeko, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak (NNUE) emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Eskatzaileek gainerako artikulu orokorretan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte, adjudikaziodunen eskubide eta betebeharrei dagokienez.

Urte anitzeko laborantzak lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduen eta herritarrendako zuzeneko aprobetxamenduen modalitateetan bakarrik ezarriko dira; ezin izanen dira inola ere ezarri «enkante publiko bidezko adjudikazioen» modalitatean.

Familia-unitatearen titularrak urte anitzeko laborantza ezartzeko baimena eskatzen badio Udalari lursaila urtebetez baino gehiagoz erabiltzeko, informazio hau aurkeztu beharko du:

–Landaketa proiektua, alderdi tekniko hauek zehazten dituena, besteak beste: landatuko den espeziea, barietateak, laborantza sistema, aurreikusitako balio-bizitza eta lurraren emankortasuna mantentzea eta hobetzea bermatzen duten laborantza teknikak.

–Lursaila bere lehengo egoerara itzultzeko proiektua, baimendutako epearen amaieran edo adjudikazioa amaitu aurretik.

Udalak modu arrazoituan ukatzen ahalko du eskaera, interes orokorreko arrazoiak kontuan hartuta; besteak beste, beste herritar batzuei ematea lurrak eskuratzeko aukera, landaketak era ordenatuan antolatzea eta hobekuntza proiektuak aurreikustea. Kasu horretan, eskatzaileak Udalari jakinaraziko dio ea urteko laborantzen lotea eskuratu nahi duen edo eskaerari uko egiten dion.

Udalak urte anitzeko laborantza baimentzen ahalko du, laborantzaren balio-bizitzaren iraupena ezarrita, baina ez da inoiz ere izanen 16-24 urte baino luzeagoa (8 urteko bizpahiru ziklo), hala, beste herritar batzuek herri-lurrez gozatzeko aukera izatea bermatzen baita.

Kasu horretan, adjudikaziodunak laborea landatzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren eskubide eta baimen guztiak lortu beharko ditu.

Landaketa edo obra lizentzia eman aurretik, adjudikaziodunak fidantza eman edo abala eginen du, lursaila lehengoratzeko proiektuaren zenbatekoaren baliokoa, eskatutako lursailaren erabilera edo helburua aldatzen baita.

Urte anitzeko laborantzaren modalitatean aukeratzen badu herri-lurren aprobetxamendua, herritarrak ez du eskubiderik izanen herri-lurren beste aprobetxamendu bat eskatzeko, aipatu aprobetxamenduak irauten duen bitartean.

Udalak urteko kanon bat ezarriko du, eta urteko laborantzetarako ezarritakoa baino handiagoa izanen da.

Urte anitzeko laborantzari dagokion epea amaitu ondoren edo lehenago amaituz gero, Udalak erabakiko du lursaila bere lehengo egoerara itzuli behar den edo landaketaz arduratuko den (bi kasuetan ez da inolako kalte-ordainik izanen).

Lehenengo kasuan, adjudikazioaren unean zegoen bezala geratu behar du lursailak (labore iraunkorra kenduta, hondarrak eta materialak –zutoinak, alanbreak, etab.– aterata eta hondealanak eta fintze lanak eginda, hurrengo laboreak instalatu ahal izateko, etab.).

Bigarren kasuan, lursail osoa, landaketa barne, toki entitatearen eskura egonen da, beste herritar batzuei adjudikatzeko prozedurari ekin diezaion. Aurreko adjudikaziodunak ez du inolako eskubiderik izanen laborantzaren gainean, eta ezin izanen du eskatu landaketarekin sortu ahal izan diren beste erabilera edo eskubide batzuk.

Herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko baldintzak galtzen badira (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan eta ordenantza honen 23. artikuluan aipatutakoak) eta laborantza pertsonalki eta zuzenean egiten ez bada (Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 168. artikuluko irizpideekin bat etorriz), lursaila lehengoratuko da, aurreko puntuan ezarritakoa aplikatuta.

Onuraduna hiltzen bada, familia-unitate bereko beste kide batek egiten ahalko du herri-lurrean urte anitzeko laborantzarekin jarraitzeko eskaera, baldin eta 14. artikuluan adierazitako onuradunen baldintzak betetzen baditu. Kasu horretan hitzarmen berri bat sinatuko da, eta aurrekoaren baldintza berberak izanen ditu. Bestela, lursaila lehengoratuko da.

Adjudikaziodunak eta udalburuak alderdi horiek guztiak biltzen dituen hitzarmen bat sinatuko dute. Udaleko osoko bilkurak berretsiko du hitzarmena.

1. ATALA

Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak

16. artikulua.

1.–Aprobetxamendu modalitate honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta familia-unitateko kide bakoitzarengatik diru sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru sarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2.–Familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ko diru sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3.–Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea, abeltzaintzako edo industriako lurrak edukitzea, hiri-lurraren gaineko kontribuzioa, salbu norberaren etxebizitzari dagokiona, baita antzeko beste edozein datu ere.

17. artikulua.

1.–Honako azalera hau ezarri da herri-lurraren lotearentzat, modalitate honetan:

Lehorreko lurra: 48 erregu inguru.

Ureztalurra: 6 erregu inguru.

2.–16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, honako koefiziente hauek aplikatuko zaizkio lote tipoari:

a) Hiru kide arteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hots, lote bat.

b) Lau eta sei kide arteko familia-unitateak, 2 koefizientea, hau da, 2 lote.

c) Zazpi eta bederatzi kide arteko familia-unitateak, 3 koefizientea; hots, 3 lote.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea; hots, 5 lote.

18. artikulua. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduetarako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Santakarako Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honen 16. eta 17. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

19. artikulua. Aprobetxamenduaren epea hamar urtekoa izanen da, alde batera utzita 15.3 artikuluan urte anitzeko laborantzetarako xedatutakoa.

20. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

–Lehorreko lurrak: 1,20 euro/erregu/urte.

–Ureztalurrak: 10,00 euro/erregu/urte.

Kopuru horiek proposameneko kanonari dagozkio, eta lehenengo urterako dira. Udalak, egoki irizten badio eta Herri-lurren Batzordearen adostasun txostena badu, kanona eguneratzen ahalko du, nekazaritzako KPIaren igoera gehituta, gehienez ere. Dena den, kanonak Santakarako Udalak hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa beharko du izan, gutxienez ere.

21. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez. Debeku horren barnean sartzen da beste familia-unitate bati adjudikatutako herri-lurzatietan laborantzan edo nekazaritza lanetan aritzea, ahaidetasun harremana izanagatik ere. Adjudikaziodunak berak egin beharko ditu bere lurzatiko nekazaritza lan guztiak. Salbuespen gisa onartuko dira doitasuneko ereintza eta uzta, makineria berezia behar dutelako, eta produktu fitosanitaroen erabilera, horiek erabiltzeko baimen berezia beharrezkoa baita.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen badira eta kide guztiek, banan-banan, 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

22. artikulua. Araudi honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo haren familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekoak hartzen badira. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barruan jakinaraziko zaio Santakarako Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo behar bezala egiaztatutako beste arrazoiren bat 24 hilabetez edo gehiagoz luzatzen bada edota behin betikoa bada eta herri-lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten ahal ez bada, 23. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

23. artikulua. Ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barruan, Santakarako Udalak hurrengo aprobetxamendu modalitatearen bidez adjudikatuko ditu; hau da, herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Santakarako Udalak adjudikaziotik ateratako diru sarrerak ordainduko dizkie lurzatien titularrei, kanona kendu ondotik.

Santakarako Udalak ezintasun fisikorik edo beste arrazoiren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokia iruditzen zaion dokumentazioa eskatuko du.

24. artikulua. Santakarako Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahal ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko. Egiaztapen horiek bereziki eginen dira lurzatiak adjudikatzeko urtero egiten diren prozeduren aitzinetik. Horretarako, urtero, maiatzaren 15aren eta 31ren artean, adjudikaziodun izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko ditu Udalean (eskaera bakarra, Nekazaritza Politika Erkidearen dagokion urteko kanpainakoa; diru sarrerak eta gastuak, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean; ogibide nagusia nekazaritza duela egiaztatzen duen agiria, eta fitosanitarioen txartela eta/edo erregistroa, hala badagokio).

Egiaztapena egiteko trabak jarri edo eskatzen zaien dokumentazioa aurkezteari arrazoirik gabe uko eginez gero, herri-lurzatiak kenduko zaizkie.

Honako kasuetan ulertuko da lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen:

–Nekazaritzako makineria izanik, adjudikatuta dituen herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez bada.

–Nekazaritzako makineria izan gabe, adjudikatuta dituen herri-lurretan lanik frogatzen ez bada.

–Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen, lantaldearen edo organo baliokidearen ustetan, herri-lurretan adjudikatutako lurzatiak ordenantza honen 21., 22. eta 23. artikuluetan xedatu bezala lantzen ez badira.

–Lurra lantzeko, lehengaiak erosteko, fitosanitarioak erregistratzeko, laborantza ekologikoak egiaztatzeko eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo udalak baimendutako pertsonek egin izana frogatzeko agiriak aurkezteko eskatu ondoan, Santakarako Udalak agindutako epean aurkezten ez baditu.

–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez badira.

–Adjudikatutako lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez bada.

–Laborantzako lurren jabeek hirugarrenei errentan ematen badizkiete.

–Lurzatiak bere familia-unitatez kanpoko pertsona baten NPEren aitorpenean aitortuta dituzten adjudikaziodunak. Hori frogatzeko, adjudikaziodun guztiek NPEren aitorpenaren kopia bat aurkeztu beharra dute udaletxe honetan, urte bakoitzeko maiatzaren 31 baino lehenago.

2. ATALA

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

25. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira, 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren artean.

«El Saso» alderdiko lurzatien kasuan –ihinztagailuz ureztatzekoak–, lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira, 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren eta nekazari gazte diren eta ogibide nagusia nekazaritza dutenen artean, ordenantza honen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Eskatzaileak 14., 19., 21., 26., 28., 29. eta 37. artikuluetan eta gainerako artikulu orokorretan zehaztutako baldintzak bete beharko ditu, adjudikaziodunen eskubide eta betebeharrei dagokienez.

26. artikulua. Aprobetxamendu modalitate honetarako ezarriko den lotearen azalera era ekitatiboan kalkulatuko da, eskaeren berri izan ondoren.

27. artikulua. Adjudikazio epea 19. artikuluan adierazitako bera izanen da.

28. artikulua. Aprobetxamendu mota honetako herri-lurzatien onuradunek ordainduko duten kanona ez da inguruan antzeko ezaugarriak dituzten lurrak errentan hartzeagatik ordaintzen den %90a baino txikiagoa izanen, honen arabera:

Lehorreko lurra: 4 euro/erregu/urte.

Ureztalurra: 30 euro/erregu/urte. Ureztaketa tradizionalean kanona handituko da, urteko gastuak adjudikaziodun guztien artean proportzionalki banatuta.

Kopuru horiek urtero eguneratzen ahalko dira, gehienez ere nekazaritzako KPIaren arabera.

29. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki landu beharko ditu lurrak. Horretarako, 21., 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

30. artikulua. Santakarako Udalak laborantzako herri-lurren azalera osoaren %5 gordeko du, gehienez ere, onuradun berriei adjudikatzeko. Udalak herri-lur horiek zuzenean edo enkante publikoaren bidez adjudikatzen ahalko ditu, behin-behinekoz, eta indarrik gabe utzi, lehentasuna duen onuradun berri bati emateko, baina baldintzetan inguruabar hori espresuki adierazita.

Horretarako, lehentasunezko edo zuzeneko adjudikazioa eskuratzeko eskubidea duten eskatzaile berriak badaude banaketa egin osteko urteetan, adjudikazio berrietarako, desjabetutako edo ukatutako lote posibleak hartuko dira kontuan, baita enkante bidez adjudikatutako lote guztiak ere.

31. artikulua. Mahastientzako, fruta arbolentzako edo olibondoentzako lurzatia adjudikatua duten herritarrek laborantza lanetan jarraitzen ahal dute, hartzen duten herri-lurren aprobetxamendua edozein izanda ere; betiere, ordenantza honetako baldintzak betetzen badituzte, eta horrelakoetan hartzen duten adjudikaziotik deskontatuko zaie lurzatia. Ezin izanen diote uko egin hamar urteko adjudikazio aldiak iraun bitartean, eta Udala lehorreko lurzati mugakideren bat esleitzen saiatuko da, edo dirutan behar den kalte-ordaina emanen die.

32. artikulua. Udalak mahastiak edo olibondoak landatzeko lurra gordetzen ahal du, baldin eta landaketa errentagarria egiteko behar adina eskaera badaude. Loteen azalera hektarea batekoa izanen da, eta, ustiatzeko epea, 24 urtekoa, erregelamendu honen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera. Urtero ordaindu beharreko kanona, bestalde, 4 eurokoa izanen da, erreguko.

33. artikulua. Aurkeztutako eskabideak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako zuzeneko adjudikazioa egin ondotik, diru sarrera handiagoak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak kenduko dira. Familia-unitateen errenta-mailak zehazteko, ordenantza honen 16. artikuluko 3. puntuan ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunek ezin izanen dituzte landu adjudikatu zaizkien herri-lurrak adjudikazioan ezarritako xedea ez bezalako beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza motarako, toki entitateak espresuki emandako baimena ez badute.

34. artikulua.

Baratzeak:

Santakarako Udalak erregu bat eta erdiko baratzeak uzten ahal dizkie halaxe nahi duten familia-unitateen titularrei, baldintza hauekin:

a) Eskatzailea ez da izanen ureztalurren jabea, ezta herri-lurretako beste lote baten onuraduna ere.

b) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 21., 22., 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Adjudikazioa hamar urterako izanen da, baina luzatzen ahalko da, adjudikaziodunak hala eskatuz gero.

d) Eskaerak gainerako lurzatien eskaerekin batera aurkeztuko dira (banaketa honetarako, maiatzaren 15aren eta 31ren artean; hurrengo urteetan, maiatzaren 31 baino lehen), eta urteko azken hiru hilabeteetan emanen dira.

e) Kanona: 40 euro/erregu/urte.

Santakarako Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordeko du; laborantzako herri-lurren azalera guztiaren %10, gehienez ere.

3. ATALA

Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

35. artikulua. Santakarako Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante publikoaren bidez adjudikatuko du 5 urterako, eta ondoren, beste enkante bat eginen du beste 5 urterako, banaketa berria egin behar den unean adjudikazio aldia buka dadin.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa urte hartan herritarrendako zuzeneko adjudikaziorako ezarritako kanonarena izanen da, eta urteroko igoera berberak izanen ditu.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra soberan geratzen bada, Santakarako Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

36. artikulua. Santakarako Udalak aitzinetik erabakia hartu eta Udalaren iragarki oholean ediktua agertuta, hamabost egun naturaleko epea irekiko da, maiatzaren 15etik 31ra, eskubidea dutela uste duten guztiek herri-lurren adjudikazioa eska dezaten.

37. artikulua. Udal bulegoetan dagoen eredu ofizialari jarraikiz aurkeztu beharko dira eskabideak, zinpeko aitorpenarekin edo honako hau frogatzen duten agiriekin batera:

a) Santakarako bizilaguna izatea, sei urteko antzinatasunaz gutxienez ere, eta bertan urtean bederatzi hilabetez bizitzea, gutxienez.

b) Santakarako Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) «El Saso» alderdiko adjudikazioak eskatuz gero, ogibide nagusia nekazaritza duela eta/edo nekazari gaztea dela egiaztatzen duen agiria.

38. artikulua. Herri-lurren Batzordeak, lantaldeak edo organo baliokideak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartutakoen zerrenda onetsiko du, bai lehentasunezko modalitatekoa bai herritarrendako adjudikaziokoa. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Ordenantza honen 14., 16. eta 21. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, udal honen osoko bilkurak ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako ondoz ondoko modalitateen artean adjudikatuko ditu herri-lurretako aprobetxamenduak.

39. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki-taulan jarriko da ikusgai, 15 egun baliodunez, bidezkotzat jotzen diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da zuzenean.

40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Herri-lurren Batzordeak, lantaldeak edo organo baliokideak aurretiko txostena eman ondoren, haiei buruzko ebazpena emanen du Udalak, osoko bilkuran, eta adjudikazio modalitate bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko. Behin betiko zerrenda iragarki-taulan argitaratuko da.

41. artikulua. Herri-lurrak adjudikatzeko, honako prozedura honi jarraituko zaio:

a) Lehenik eta behin, herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak, ordenantza honen 16. eta 18. artikuluetan ezarritako sistemaren arabera.

b) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak banatu ondoren, zuzenean ajudikatuko zaizkie herritarrei geratzen diren laborantzako herri-lurrak (25. artikuluan daude adierazita). Loteen azalera zehazteko, alderantzizko proportzionaltasun irizpideak erabiliko dira, oinarri hartuta familia-unitate bakoitzaren diru sarrera garbiak edo nekazaritzako ustiategien tamaina, adjudikaziodunak nekazariak badira, ordenantza honen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Udalak osoko bilkuran hartuko du behin betiko adjudikazio erabakia, adjudikaziodunen behin betiko zerrenda onesten duenean, eta interesdunei jakinaraziko die.

«El Saso» alderdiko lurzatiak adjudikatzeko (ihinztagailuz ureztatzekoak), alderantzizko proportzionaltasun irizpideak aplikatuko dira, baita ere (oinarri hartuta familia-unitate bakoitzaren diru sarrera garbiak edo nekazaritzako ustiategien tamaina, adjudikaziodunak nekazariak badira), hurrenkera honetan: lehenik, nekazari gazte bat buru duten ustiategiak; gero, ogibide nagusia nekazaritza dutenek osatutako nekazaritzako ustiategiak; horien atzetik, Santakarako Udalak zuzenean egindako adjudikazioak, eta, azkenik, enkante publiko bidez egindakoak.

Eskatzaile bakoitzaren loteen adjudikazioa, gutxienez, oinarrizko ureztatze azalera adinakoa izanen da.

42. artikulua. Aurkeztutako agiriak aztertzeko eta, ondoren, jarraipena egiteko, jarraipen batzorde bat eratuko da, udaleko hiru kidek eta, boluntarioki beren burua aurkezten duten herri-lurzatien eskatzaileen artean, zozketaren bidez aukeratzen diren hiruk osatua.

Batzordea banaketa egin eta hurrengo bi hilabeteen barruan osatuko da; 3 ordezkariak zozketa publiko bidez aukeratuko dira, Udalaren webguneko iragarki-taulan eguna eta tokia iragarri ondoren, eta 5 urtean behin berrituko da, prozedura berari jarraituz.

Udalak Batzordeko kide izateko izendatzen dituen pertsonei dagokienez egiten dituen aldaketak publikoak izanen dira, eta, beraz, Udalaren webguneko iragarki-taulan argitaratuko dira.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

43. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua egiteko, Santakarako Udalak 1996ko apirilaren 2an eta maiatzaren 7an onetsitako ordenantzari jarraituko zaio.

Ordenantzaren arabera, debekatuta dago artzaintzan aritzea Udal honek adjudikatutako basogintzako ustiategietan, adjudikazio aldi osoan.

IV. KAPITULUA

Bestelako aprobetxamenduak

44. artikulua. Lur hauetan eratutako ehiza barrutiaren aprobetxamendua egiteko, 1981eko martxoaren 17ko Nafarroako Foru Parlamentuaren Arauari, xedapen osagarriei eta 1997ko otsailaren 13ko zuzeneko adjudikaziorako baldintza-agiriari jarraituko zaie.

45. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Santakarako Udalak prestatzen dituen baldintza-agiriei lotuko zaizkie. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean jartzea hamabost egunez, gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onestea.

Makaldientzat esleitutako lursailen aprobetxamendua egiteko, une honetan indarrean den ordenantzari jarraituko zaio; Santakarako Udalak eta Nekazaritza Departamentuko Herri-lurren Atalak onetsi zuten, 2000ko urtarrilaren 10ean.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

46. artikulua.

1.–Santakarako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea. Kontuan hartuta eraldaketa proiektu bat abian dela «El Saso», Piedra Larga eta Mazkolanda alderdietan lehorreko lurrak ihinztagailuz ureztatzeko ureztalur bihurtzeko (213 ha), eraldaketa obrek ukitutako lursailak behin-behinekoz adjudikatuko dira, obrak amaitzen diren arte. Obrak amaitutakoan, berriz eginen zaie adjudikazioa maiatzaren 15aren eta 31ren artean lurzatiak eskatu zituztenei, ordenantzari jarraituz.

c) Proiektu sozialak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2.–Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3.–Kasu horietan, bide honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta, hala badagokio, Udalak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4.–Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan dauden adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak ordainduko zaizkie, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidean hala egokitzen bazaie.

47. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

48. artikulua. Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herri-lurrak laborantzarako luberritzeko.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

49. artikulua.

–Egitate hauek arau-hauste arintzat hartzen dira:

a) Plastikoak, ontziak, bidoiak eta horrelakoak ez biltzea edo ez kentzea adjudikatutako lurzati edota sarbideetatik.

b) Zaborra, barazkien hondakinak eta inausketa hondarrak botatzea bideetan eta beste lurzati batzuetan.

c) Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkatu ez dena.

–Egitate hauek arau-hauste astuntzat hartzen dira:

a) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, landu gabeko lurrak edo lur etzeak badira ere.

b) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) Udalaren baimenik gabe landatzea.

c) Nekazaritzako lanak erregelamendu honek baimentzen ez dituen aldietan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

d) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

e) Beste lurzati batzuetatik bereizteko ezpondak lantzea, Udalaren berariazko baimena eduki gabe.

f) Azienden idoietatik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea horretarako.

g) Bideetan, uztondoetan eta lur etzeetan herbizidak aplikatzea, edo luberritzearen ordez herbizidak aplikatzea, ukitutako herri-larreen abeltzain adjudikaziodunari behar den denboraz jakinarazi gabe.

h) Lurzatietako ureztaketa ez zaintzea eta ez kontrolatzea, eta horren ondorioz bideak eta aldameneko lurzatiak ureztatzea.

i) Lurzatiak ureztatzea horretarako txanda izan gabe.

j) Lurzatiak trukatzea, 58. artikuluan ezarritako izapideak bete gabe.

k) Adjudikazioari uko egitea, bidezko arrazoirik gabe, mugaeguna baino lehen.

–Egitate hauek arau-hauste oso astuntzat hartzen dira:

a) Norberak zuzenean ez lantzea adjudikatutako lurzatiak. Adjudikaziodunak berak egin beharko ditu bere lurzatiko nekazaritza lan guztiak. Salbuespen gisa onartuko dira doitasuneko ereintza eta uzta, makineria berezia behar dutelako, eta produktu fitosanitaroen erabilera, horiek erabiltzeko baimen berezia beharrezkoa baita.

b) Herri-lurretako lurzatietan nekazaritza lanak egitea udal adjudikaziorik izan gabe. Debeku horren barnean sartzen da beste familia-unitate bati adjudikatutako herri-lurzatietan laborantzan edo nekazaritza lanetan aritzea, ahaidetasun harremana izanagatik ere.

c) Udalak laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela egiaztatzeko jarduera oztopatzea; hau da, horretarako eskatzen den dokumentazioa behar bezala eta epean ez aurkeztea.

d) Adjudikazioa eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.

e) Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, lurzatien adjudikaziotik onura atera nahirik edo laborantza egiaztatzeko egiten diren frogetan datuak ezkutatu edo faltsutu nahirik.

f) Laborea beste batzuei apartzerian edo azpierrentan ematea edo lagatzea.

g) Beste pertsona bati adjudikatutako laborantza apartzerian jasotzea edo azpierrentaria edo emakidaduna izatea.

h) Kanonak edo erregelamendu bidez ezarritako bestelako tasak haien epeetan ez ordaintzea.

i) 14. artikuluan ezarritako eskakizunak ez betetzea (adjudikazioa galtzea dakar).

j) Bideak goldatzea edo basobera (erromeroa, milazka, etab.) luberritzea.

50. artikulua.

1. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–Arau-hauste arinak:

60,00 eta 1.000,00 euro bitarteko isuna.

–Arau-hauste astunak:

1.001,00 eta 2.000,00 euro bitarteko isuna.

–Arau-hauste oso astunak:

Emakida galtzea eta fidantza konfiskatzea (enkante bidez egindako adjudikazioen kasuan). Lurrak Udalaren esku geratuko dira, dauden egoeran, eta ez dute ez kalte-ordainik jasotzeko ez erreklamaziorik egiteko eskubiderik izanen.

2. Hori guztia, ondasun publiko edo lurretan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek Zuzenbidearen arabera ordainduko baitituzte behar diren zenbatekoak.

3. Laborantza beste pertsona bati apartzerian edo azpierrentan emateagatik edo lagatzeagatik lurzatiak galtzen dituzten onuradunek udal diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

4. Udal zerbitzuetako funtzionarioek egiaztatzen dituzten egitateak salaketa agirietan edo bestelako dokumentu publiko batean jasoko dira, legezko baldintza egokiak betez; hau da, datu hauek adieraziz: data, egitateak, tokia edo lurzatiaren zenbakia eta egilea. Agiri horiek froga balioa izanen dute, deusetan ukatu gabe administratuek berek beren eskubide edo interesen alde aurkezten dituzten frogak.

5. Arau-hausteak delitu edo hutsegitea direnean, alkateak jurisdikzio organo eskudunari igorriko dio espedientea, eta ez dio zehapen prozedurari segidarik emanen agintaritza judizialak deus erabakitzen ez duen bitartean. Epaileek zehapena emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen. Halakoetan, deliturik edo hutsegiterik ez dela egon jotzen bada, Udalak segida ematen ahalko dio zehapen espedienteari, jurisdikzio eskudunak frogatutzat jo dituen egitateetan oinarriturik, halakorik bada.

Bestelako xedapen orokorrak:

51. artikulua. Lurzatien emakida berriaren banaketa egin ondoren, beste adjudikazio batzuk eginen dira urtero, eskaera guztiei erantzuteko. Adjudikazioa eginen zaie, lehenbizi, onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenei; gainerakoentzat, beste adjudikazio batzuk eginen dira hutsik dauden lurzatiak banatzeko. Nahikoak ez badira, zozketa eginen da, eta baztertuak lehentasuneko txandan sartuko dira, hurrengo urteko emakida egin arte.

52. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako emakida berriak direla eta herri-lurzatiak adjudikatzeko urteko prozedura Udalak osoko bilkuran finkatutako egunean eginen da. Baina, horren aurretik, eskaerak onartuko dira: maiatzaren 15aren eta 31ren artean aurkeztu behar dira, Santakarako Udalaren idazkaritzan, 37. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

53. artikulua.

a) Herri-lurretako edozein lurzati esleitzean hura landuta badago, adjudikaziodun berriak lan horien zenbatekoa ordainduko dio aurrekoari, peritazioa egin ondoren.

b) Lurzatia ereina bada, fruitua aurreko adjudikaziodunarena izanen da uzta jaso arte, eta, orduan, onuradun berriak okupatuko du.

c) Aurreko kasuetako salbuespenak: herri-lurzatien edo loteen adjudikaziodunak, hamar urteko epea urratu, eta herri-lurra edo lotea erein edo lantzen badu (ordenantza honen 49. artikulua); izan ere, Udalak egiaztatutakoan, ordenantza honen 50. artikuluaren arabera zehatuko baitu.

54. artikulua. Egokitu zaion herri-lurzatian laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari borondatez uko egiten bazaio, bidezko arrazoirik gabe, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da, ordenantza honen 19. eta 27. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Hala ere, Udalaren osoko bilkuraren ustez arrazoia bidezkoa bada (lanpostua galtzea, langabeziako sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako arrazoiren bat), eta eskatzaileak 14. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste adjudikazio baterako aukera izanen du.

55. artikulua. Herri-lurzatiak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izateari uzteagatik, Santakaran urtean 9 hilabetez ez bizitzeagatik edo Santakarako Udalarekiko zerga betebeharrak egunean ez izateagatik, ordenantza honen 14. artikuluak agintzen duen moduan.

56. artikulua. Ureztatzeko herri-lurzatien adjudikaziodunek ubideak eta erretenak zaindu beharko dituzte, eta aldian-aldian garbitu, Udalak xedatzen duenaren arabera. Herriko ureztaketa batzordeek, Bayungak eta Mélidako eta Murillo el Frutoko ureztatzaileen sindikatuak ezarritakoa ere bete beharko da; dena dela, 50. artikuluan zehaztutakoaren arabera ezarriko dira arau-hausteei dagozkien zehapenak.

Nolanahi ere, ureztatzeko txandak gordeko dira ureztaketa tradizionala duten lurretan. Bai ureztaketa tradizionaleko lurretan bai ihinztagailuz ureztatzen direnetan gertaturiko kalteak erabiltzailearen kontura izanen dira. Obra behin betiko hartu ondoren ere, lurren adjudikaziodunaren esku geratuko da ekipamenduen, hodien, ordenagailuen, sareen, ihinztagailuen eta gainerako elementuen mantentze-lana, gastuak barne. Uraren, argiaren eta zaintzaren gastuak (halakorik balego) adjudikaziodunaren kontura izanen dira, baita sortzen ahal diren gastu arrunt guztiak ere, bai ihinztagailuz ureztatzen diren bai ureztaketa tradizionala duten lurretan.

Era berean, adjudikazio aldia bukatutakoan, lurzatiek behar bezala eta erabat garbi egon beharko dute, material inorganikorik gabe. Hala gertatu ezean, Udalak haiek kentzea eska dezake, horren arduraduna den adjudikaziodunak utzitako fidantzaren kargura (fidantza eman duten kasuetan).

57. artikulua. Ureztalurreko lurzati eta loteen herri-larreen onuradunak edo abeltzainak belarra eta uzta hondarrak behar bezala erabil ditzan, lurzatiaren edo lotearen adjudikaziodunak 20 egun baino lehen erein nahi badu, herri-larre horien abeltzain onuradunari esan beharko dio, belarra balia dezan. Dena den, ezin izanen du erein 8 egun iragan baino lehen.

Lehorreko lurretako uztondoak ezin izanen dira goldatu urte bakoitzeko abuztuaren 20ra arte.

Ureztalurretako uztondoak ere urte bakoitzeko abuztuaren 20tik aurrera goldatuko dira; nekazariak bigarren uzta izateko erein behar baldin badu, gutxienez 8 egun lehenago esan beharko dio herri-larre horien abeltzain onuradunari, belarra balia dezan.

Erein gabeko lurzatietako uztondoak ez dira goldatuko urte bakoitzeko martxoaren 1a baino lehen.

Nekazariak 10 egun izanen ditu, uzta biltzen duenetik zenbatzen hasita, lasto fardoak egiteko, eta herri-larre horien abeltzain onuradunak epe hori errespetatu beharko du.

Zuzeneko ereintzaren edo bigarren uzta bilketaren ereintzaren ostean, gutxienez 5 egun lehenago esan beharko dio herri-larre horien abeltzain onuradunari.

Arto laborantzetan, nekazariak 8 egun izanen ditu artaburuak biltzeko, eta egun horietan ezin izanen da erre. Epe hori igarotakoan, ukitutako herri-larreen abeltzain onuradunak gehienez 15 egunez erabili ahal izanen ditu belar horiek, eta, ondoren, nekazariak libre izanen du berriro lursaila. Artaburuak biltzeko 8 egun horiek erabiltzen ez badira, abeltzainari jakinaraziko zaio uzta bildu eta 20 egunez larreaz gozatzeko aukera izanen duela.

58. artikulua. Adjudikaziodunen artean ezin izanen da lurzatirik aldatu, salbu eta bi alderdiek horretarako akordioa sinatzen badute. Hala ere, udalak akordio hori onartu beharko du, Herri-lurren Batzordeak, lantaldeak edo organo baliokideak txostena egin ondoren. Mota bereko lurzatiak bakarrik aldatzen ahalko dira; lehorreko lurrak lehorreko lurren ordez, eta ureztalurrak ureztalurren ordez.

59. artikulua. Erregelamendu hau, edo hura aplikatzean, Udalaren osoko bilkurako egintza edo erabakiak interpretatzean sortzen diren gorabehera guztiak errekurtso hauetako bat aurkeztuz ebatziko dira:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

–Berraztertzeko errekurtsoa, aukerakoa eta aurrekoa baino lehen, Udalari zuzendua, hilabeteko epean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ihinztagailu bidezko ureztaketa

Ur kontsumoak finkatzea

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

–Ureztatzeko arauak ezartzea.

–Matxuren berri ematea.

–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak egitea.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, alkateak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzarentzat, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Kontseilaritzak Riegos de Navarra SAren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, alkateak dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen labore motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina zehatz horretarako.

Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak

Alkateak, dagokion lan batzordeak proposaturik, benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuta.

Fakturazioari dagokionez, kontsumoko metro kubiko bakoitzaren prezioak osatzen du I. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa, dagokion lan batzordeak proposaturik eta alkateak kalkulatua. Prezio horretan fakturatuko dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, berarentzat finkatutako metro kubikoen adinakoak edo gutxiago badira, edo %10 gehiago, gehienez ere.

Aldiz, II. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, berarentzat finkatutakoak baino %10-%20 gehiago badira; berarentzat finkatutako kontsumotik gorakoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko finkatutako prezioari %300 erantsita.

Azkenik, III. multzoan sartuko dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, aitzinetik berarentzat ezarritakoa baino %20 baino handiagoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioari %500 erantsita zehatuko da haren gehiegizko kontsumoa.

Erantzukizunak

Instalazioak modu desegokian erabiltzeak ekarritako kalteak egonez gero –bereziki, eskualderako eta ohiko laboreentzako ezartzen den erreferentziako ur kopurua baino gehiago erabiltzeak ekarritakoak–, erabilera desegoki hori egin duen ureztatzaileak izanen du erantzukizuna.

Kaltearen arrazoia argitu ezin denean eta halako ureztatzaile bati edo gehiagori egotzi ezin zaienean, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inoiz Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari helarazi.

Ureztatzaileen betebeharrak

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek, datuak eskatzen bazaizkie, esanen diote Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, edo haren menpeko enpresa publikoei, eskualdean zer laborantza sartu dituzten edo zer sartzeko asmoa duten. Bestela, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen dira ordenantza honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratu ondoren jarriko da indarrean, eta, betiere, Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragan ondoren; eta hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L2111298