173. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

156E/2021 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Lurpean sartzea “Morentin” izeneko TZko (180510510) behe tentsioko aireko lineak”, Morentingo udal-mugartean. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2021eko otsailaren 23an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen 0001-0015-2021-000025 espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “I” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Jarduketaren xedea da “Morentin” transformazio zentrotik (TZ) Morentingo hiriguneari zerbitzua ematen dion behe tentsioko aireko linearen tarte bat ordeztea, lurrazpiko kondukzio berri baten bidez.

Eraitsiko den egungo aire-lineak 21-24 m besterik ez ditu lurzoru urbanizaezinean. Lurzoru urbanizaezinean joanen den lurrazpiko kondukzio berriaren trazaduraren zatiak bi tarte ditu: lehenbiziko tarteak 21 m inguru ditu egungo aireko lehen tarteko ibilbidean, eta Morentingo 1. poligonoko 482. lurzatian dagoen lehen aipatutako “Morentin” TZtik 1. poligonoko 302. lurzatian barna joanen da, mendebaldeko norabidean; bigarren tartea, 50 m ingurukoa, aurreko tartearen bukaeran hasi eta hegoalderantz joanen da, baratze erabilera duen Morentingo 1. poligonoko landalurreko 150B azpilurzatian zehar, baratzeko fruta-arbolen lerrokadura baten eta katastroko poligono bereko 150 B hirilurreko azpilurzatiaren artean.

Espedientean Morentingo Udalaren aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak dio kondukzioa askotariko zuhaitz artean joanen dela (basa-arbolak, fruta-arbolak eta/edo espezie apaingarriak), baina proiektuan ez da adierazten zuhaitzik bota beharko denik; beraz, obraren ingurumen kontrolerako ohikoak diren neurriak hartuz gero, ez da espero eragin esanguratsurik.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Lurpean sartzea “Morentin” izeneko TZko (180510510) behe tentsioko aireko lineak” Morentingo udal-mugartean. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Obraren zuinketa egitean kanalizazioaren ondoko zuhaitzak moztea saihestuko da.

Behar diren neurriak hartuko dira, makinek, obretako ibilgailuek eta abarrek zuhaiztiari eragin ez diezaioten. Inausketarik egin behar izanez gero, basogintzako teknika egokiak erabiliko dira eta langile espezializatuek egin beharko dituzte.

Zuhaitzen bat moztu beharko balitz, zuhaitzak mozteko beharrezko baimen administratiboa eskuratu beharko da, Oihanak Kudeatzeko Atalak emanen duena (Basoen eta Ehizaren Zerbitzua).

–Obrak sorrarazitako hondakinak beren izaeraren arabera kudeatuko dira, indarrean dagoen legediari jarraikiz.

–Herrigunetik gertuko eremuan egiteko diseinatu denez, lanei hasiera eman aurretik Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostena eskatuko da, proiektua gauzatuko den inguruan egon litezkeen aztarna arkeologikoak ukitzea baztertzeko.

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Baimen honek babesten du, bakar-bakarrik, lurzoru urbanizaezinean proiektatu den linea elektrikoaren tartea.

–Ez dira baimen honen zati linea elektriko berriaren abiapuntu den transformazio zentroan lehendik dauden azpiegiturak. Horiei buruz, zerbitzu honek ez du aurkitu lurzoru urbanizaezineko baimenei buruzko espedienterik, eta ustez legezko egoeran daude. Baimena izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk elektrizitate sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Herri-lurren Atalaren 2021eko martxoaren 15eko txostena aintzat hartu beharko da, eta honako determinazio hau bete: Morentingo Udalak okupazio espediente bat izapidetu beharko du, eta lortu beharko du onets dezala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalak. Horretarako, nahitaezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, bat etorrita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, entitate sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak automatikoki bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, instalazioak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo ahalik eta txikienak direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Morentingo Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari («Lizarra Hegoaldea» 9. koordinazio unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 24an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2110168