17. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Aldaketa Eraikingintza ordenantzan, instalazio fotovoltaikoak arautzeko bizitegi lurzoruan. Behin betiko onespena

Galarko Udalak, 2020ko irailaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Eraikingintza ordenantzan, instalazio fotovoltaikoak arautzeko bizitegi lurzoruan (70.bis artikulua). Horren iragarkia 2020ko 253. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 29an.

Jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantzaren aldaketa hori behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Getze Galarren, 2021eko urtarrilaren 12an.–Alkatea, Óscar Amóztegui Recalde.

ERAIKINGINTZA ORDENANTZAREN ALDAKETA

70. bis artikulua eransten da; hona hemen haren testua:

70.bis artikulua. Eguzki-panelak jartzeko arauketa:

Eguzki panelak jartzea onartzen da, kontuan harturik haien integrazio arkitektonikoa, bai eraikinean bertan, bai ingurunean.

Bizitegi eremuan, muga hauek ezartzen dira halakoak instalatzeko:

–Dauden aukeren artean, panelak kokatzeko aukeratuko da lurzatian ikusizko inpakturik txikiena sortzen duena, baldin eta kokapen hori bideragarria bada panelek eguzki-energia har dezaten. Panel multzoa forma geometriko erregular batean antolatuko da.

–Onartuko da panelak estalkietan eta lurzati libreetan jartzea:

–Estalki inklinatuetan: panelak jarriko dira estalkiak berak duen inklinazioarekin eta haren planoan. Estalkiaren mugetatik 80 cm-ko tarte bat utziko da.

–Lurzati pribatuan: panelak jarriko dira bistatik gordetako tokietan, eta gehienez 2 metroko garaierara iritsiko dira. Eremu publikotik ikusten badira, lurzatiaren itxituratik 3 metroko atzeraemangune bat utziko da. Ez da panelik jarriko eraikinaren fatxada nagusiaren aurrean.

–Ez da onartzen fatxadetan ageriko hodirik edo kanalizaziorik jartzea, erabili ezean eraikuntza-irtenbide bat, eraikinean integrazio egokia izatea bermatzen duena.

–Eraikinak Udal Planeko interesa duten eraikinen katalagoan jasorik badaude, lehenetsiko da panelak lurzati pribatuan jartzea, estalkian jarri ordez. Ez da panelik onartuko halako eraikinen fatxada nagusira ematen duten estalki-isurkietan.

Iragarkiaren kodea: L2100414