143. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

47E/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 20koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, egun kirol zerbitzuak egiten dituzten Nafarroako enpresei eta irabazi-asmorik gabeko kirol entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, kirolean hasteko heziketa eta kirol programak aurrera eraman ditzaten, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduak, 2021ean, eta deialditik sortzen diren konpromisoei aurre egiteko 5.000 euroko gastua baimentzen duena. DDBN identifikazioa: 565332.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 14.1 artikuluan, ezartzen du Foru Komunitateko kirol administrazioak ikastetxeetako ikasleentzako kirol jarduerak sustatzeko programak bultzatuko dituela, Nafarroako hezkuntza administrazioarekin, toki entitateekin, kirol entitateekin eta beste entitate publiko zein pribatuekin elkarlanean, kasua bada.

Foru Lege beraren 14.2 artikuluan zehaztu zen, halaber, ikastetxeetako ikasleentzat kirol jarduera sustatzeko programen xedea izanen dela eskolako heziketa integrala, nortasunaren garapen harmonikoa, sasoi fisikoa eta prebentzioaren osasun ohiturak osatzea. Gainera, hezkuntza arloan behar bereziak dituzten ikastetxeetako ikasleen integrazioa kontuan hartu eta sustatuko dute.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunetako bat da mota guztietako kirol jarduera fisikoak sustatzea eta zabaltzea Nafarroako gizarte osoan, horretarako laguntzak eta dirulaguntzak emanez.

Kasu honetan, kirolean hasteko jarduerak bultzatuko ditu Nafarroako Kirolaren Institutuak, heziketako eta kiroleko programen barnean.

Programa horiek helburu dute neska-mutilek motrizitate trebetasunak garatzea kirolean hasiz, gisa horretan norberaren segurtasunetik ekintzen kudeaketa autonomoa errazteko, eta, horrela, norberaren gaitasuna hobetzeko, etorkizunean egin nahi dituzten kirol jarduera fisikoen ikasketetan proposatzen zaien edozein motrizitate eginkizuna betetzeko orduan.

Heziketa eta kirol programa horren babesean egiten diren jarduerak kasuan kasuko kirol modalitatean hastetik bideratu behar dira, norgehiagoka aurreikusi gabe.

Haste horren bitartez, kasuan kasuko kirolaren oinarrizko alderdi teknikoak garatuko dira. Ikastetxeetako ikasleen adinaren eta beharren arabera egokituko dira edukiak, metodologia, materiala eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ukitzen duten elementu guztiak, kirolean hasteari dagokionez.

Kultura eta Kiroleko kontseilariak apirilaren 13an emandako 10/2021 Foru Aginduan xedatu zen argitara ematea Hezkuntzako kontseilariaren eta Kultura eta Kiroleko kontseilariaren artean 2021eko apirilaren 8an hartutako Erabakia, zeinaren bidez biek batera baimentzen baitute kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren Institutuari laguntzak eta ekarpen ekonomikoak eman ditzan 2021ean ikastetxeetan eskia, bela, natura eta kirol-hastapeneko jardueretako eskola kanpainak gauzatzeko.

Beraz, programa horietarako esleitutako kopuru osoa 15.000 eurokoa da, era honetan banatuak: alde batetik, 5.000 euro baimenduko dira Nafarroako Kirol Institutuaren zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, Nafarroako 2021ko Aurrekontu Orokorreko A50002-A5110-4819-336102 partidaren kargura (“Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak”); beste alde batetik, 10.000 euro baimendu dira Hezkuntzako zuzendari kudeatzailearen apirilaren 23ko 137/2021 Ebazpenaren bidez, eta Nafarroako Kirol Institutuaren eskura jarri dira, 2021eko Aurrekontu Orokorreko 420000-42000-4709-322G02 partidaren kargura (“Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak”).

Horregatik, bidezkotzat jotzen da egun kirol zerbitzuak egiten dituzten Nafarroako enpresei eta irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, kirolean hasteko jardueren heziketako eta kiroleko programak gauza ditzaten, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. “Kirolean hasteko jarduerentzako dirulaguntza” izeneko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, Foru Agindu honen I. eranskinean eta gainerako eranskinetan jasotzen den moduan.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5110-4819-336102: Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak

2021

5.000 euro

Kreditu honi erantsiko zaizkio 10.000 euro, Hezkuntza zuzendari nagusiaren apirilaren 23ko 137/2021 Ebazpenaren bidez baimenduak eta Nafarroako Kirol Institutuaren eskura jarriak, Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorreko 420000-42000-4709-322G02 diru partidaren kargura (“Kirolean hasteko jarduerak, Ikastetxeei zuzenduak”).

3. Foru Agindu hau eta I., II. eta III. eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Gainerako eranskinak eskura egonen dira Nafarroako Kirolaren Institutuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuarenean (www.nafarroa.eus).

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzenduta; horretarako, hilabeteko epea izanen da, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

5. Foru agindu hau igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Kirolaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Kirola Sustatzeko Atalera eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 20an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak norgehiagokako araubidean ematea egun kirol zerbitzuak egiten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko enpresei eta irabazi-asmorik gabeko kirol entitateei, kirolean hasteko jarduerak egiteko heziketako eta kiroleko programak egin ditzaten, unibertsitatetik kanpoko ikasketa arautuetako Nafarroako ikastetxe publikoei, pribatuei eta itunduei zuzenduta.

Dirulaguntzak bideratuko dira hein batean ordaintzera kirolean hasteko jarduera fisikoen heziketako eta kiroleko programak antolatu, kontrolatu eta garatzeak sortutako defizitak. Programak 2020-2021 ikasturtean eskaini eta garatuko dira, Aste Santuko oporretan izan ezik, eta egun bateko jarduerak izan behar dituzte, deialdiaren II. eranskinarekin bat.

2.–Helburua.

2.1. Programa horiek helburu dute neska-mutilek motrizitate trebetasunak garatzea kirolean hasiz, gisa horretan norberaren segurtasunetik ekintzen kudeaketa autonomoa errazteko, eta, horrela, norberaren gaitasuna hobetzeko, etorkizunean egin nahi dituzten kirol jarduera fisikoen ikasketetan proposatzen zaien edozein motrizitate eginkizuna betetzeko orduan.

2.2. Heziketako eta kiroleko programa horren babesean egiten diren jarduerak kasuan kasuko kirol modalitatean hastetik bideratu behar dira, norgehiagoka aurreikusi gabe.

2.3. Haste horren bitartez, kasuan kasuko kirolaren oinarrizko alderdi teknikoak garatuko dira. Ikastetxeetako ikasleen adinaren eta beharren arabera egokituko dira edukiak, metodologia, materiala eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ukitzen duten elementu guztiak, kirolean hasteari dagokionez.

2.4. Aurkezten diren programek, aurreko puntuan ezarritako xede eta helburu orokorrak betetzeaz gainera, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak eduki beharko dituzte, jarduera motari, langileei, iraupenari eta beste arlo batzuei dagokienez.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribatutako irabazi-asmorik gabeko kirol entitateek eta egun kirol zerbitzuak egiten dituzten eta Nafarroako Foru Komunitateko erregistro ofizialetako batean inskribaturik dauden enpresek heltzen ahal diete deialdi honen xedeko dirulaguntzei.

3.2. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira beste deialdi berariazkoago batzuen helburu diren edo haietan sartzen diren heziketako eta kiroleko programak.

4.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

4.1. Kirol zerbitzuak egiten dituzten enpresen kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko erregistro ofizialetako edozeinetan inskribaturik egotea.

4.2. Irabazi-asmorik gabeko kirol entitateen kasuan, Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik egotea.

4.3. Ez dira onuradun izaten ahalko apustu enpresen finantzaketa eta/edo babesa duten entitateak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzaketa hori osoa edo partziala. Halaber, bazter utziko dira halako enpresen edozein publizitate mota duten entitateak, dela instalazioetan, dela jantzietan eta materialean.

Halaber, ez dira onuradun izaten ahalko sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan-praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio-zehapen irmo bat edo kondena-epai irmo bat betetzen ari diren erakundeak. Horretaz gainera, ez dira onuradun izaten ahalko arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena-epai irmo bat bete zain dauden entitateak.

4.4. Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebeharrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak egunean izatea.

4.4. Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Aurkeztu den heziketako eta kiroleko programari dagozkion gastuetarako bakarrik emanen da dirulaguntza, eta, zehazki, honako hauek ordaintzeko:

a) Kirolean hasteko jarduera fisikoen kostua.

b) Jardueretako monitoreen gastuak.

c) Materialaren alokairua.

d) Istripu asegurua parte-hartzaileentzat (ikasleak eta irakasleak).

e) COVID-19 gastuak: Desinfektatzeko produktu esklusiboak programan parte hartzen dutenentzat (ikasleak, irakasleak eta monitoreak).

6.–Eskaerak noiz eta nola aurkeztu.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Dirulaguntzetarako eskaerak eta justifikaziorako agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, 19. oinarrian ezarritako moduan lortuko dena.

6.3. Dirulaguntzetarako eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera, eskabideak ez dira aurkeztutzat hartuko egokitzen ez badira laguntzen fitxan dagoen eredura eta ez badira telematikoki aurkezten, aipatutako fitxa erabiliz. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskabide horiek ez dira zuzentzen ahalko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

7.1. Laguntzak eskatzeko dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira deialdiaren estekan eta web-orri honetan: (http://www.deporte.navarra.es),

7.2. Eskaeran aurkeztu beharreko agiriak:

1. IV. eranskina. Eskabide-orria.

2. Heziketako eta kiroleko programa.

Atal guztiak jaso beharko dituzte, baremoari jarraikiz ebaluatu ahal izateko (III. eranskina):

A) Programaren helburu orokorrak.

B) Edukiak:

–B.1. Kirol jardueren deskribapena.

–B.2. Kirol jardueren metodologia eta antolaketa.

C) Giza baliabideak:

–C.1. Proiektua diseinatzen, antolatzen, kontrolatzen eta garatzen zuzenean parte hartzen duten langileen deskribapena.

–Monitoreen zerrenda, izen-deiturak jasota, eta ondoko hauek zehaztuta:

  • Titulazio espezifikoa eta osagarria modu esklusiboan irakasten duten kirol jarduera fisikoarekin lotua.
  • Irakasten duten kirol jarduera fisikoarekin lotutako lan esperientzia.

D) Parte-hartzaileak eta antolakuntza:

Ikastetxeen izena, parte-hartzaileen kopurua: ikasleak eta irakasleak, eta emandako datak, eskaera aurkezteko egunera arte.

Monitore/talde ratioa zehaztea.

E) Baliabide materialak eta instalazioak:

–E.1. Programatutako eta parte-hartzaile bakoitzak erabilitako jardueretarako erabilgarri dagoen materialaren deskribapena.

–E.2. Desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako materiala eta instalazioak.

F) Segurtasuna:

–F.1. Instalazioetan eta proiektuko jarduera bakoitza gauzatzean izanen diren segurtasun neurrien deskribapena.

–F.2. Proiektuan osasun laguntzarako eta ebakuaziorako ezarri diren planen deskribapena.

–F.3. COVID-19 protokoloa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak onetsia.

G) Programaren garapena baloratzeko jarraipena eta ebaluazioa.

H) Aukera berdintasuna: Programaren garapenean parte hartzen duten langileei laneko eta familiako bizitza bateragarriak izateko aukera zabaltzeko ezarritako neurrien deskribapena.

I) Enpresaren ziurtagiriak: Enpresak ondoren zehazten diren ziurtagirietako bat edo gehiago baditu, horien fotokopia bana erantsi:

–Kalitatearen Kudeaketaren ziurtagiria.

–Ingurumenaren Kudeaketaren ziurtagiria.

–Laneko Segurtasun eta Osasun Kudeaketaren ziurtagiria.

–Kudeaketa Sistema Integratuen ziurtagiria.

3. V. eranskina. Heziketa eta kirol proiektuaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua.

4. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenago emana, frogatzen duena elkarteak eguneratuak dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak edo, hala badagokio, kontsulta hori egiteko NKIri dagokion baimena ematea.

5. Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenagokoa, frogatzen duena elkarteak eguneratuak dituela zerga betebeharrak, edo, hala badagokio, NKIri baimena ematea kontsulta egiteko.

7.3. Entitate onuradunek bakarrik aurkeztu beharreko agiria, hilabeteko epean aurkeztekoa, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpenetik hasita. VI. eranskina. Gardentasunaren adierazpena, 16. oinarriaren arabera.

8.–Eskaera zuzentzea.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada, edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

9.–Antolaketa eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko unitate organiko eskuduna.

10.–Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

10.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.2. Baremoa, III. eranskinaren arabera, batetik, irabazi-asmorik gabeko kirol entitateei aplikatuko zaie (A taldea), eta, bestetik, kirol zerbitzuak ematen dituzten enpresei (B taldea).

10.3. Nafarroako Kirolaren Institutuak 5.000 euro bitarte bideratzen ahalko du irabazi-asmorik gabeko kirol entitateen A taldearen bitartez aurkeztu eta hautatuen programarentzat, aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.

10.4. Nafarroako Kirolaren Institutuak 10.000 euro bitarte bideratzen ahalko du kirol zerbitzuak ematen dituzten enpresen B taldearen bitartez aurkeztu eta hautatuen programarentzat, aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.

Zenbateko hori honela banatuko da:

a) 5.000 euro Nafarroako 2021erako Aurrekontu Orokorren “Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak” izeneko A50002-A5110- 4819-336102 partidaren kargura.

b) 10.000 euro, Hezkuntza zuzendari kudeatzailearen apirilaren 23ko 137/2021 Ebazpenaren bidez baimenduak eta Nafarroako Kirol Institutuaren eskura jarriak, Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorreko 420000-42000-4709-322G02 diru partidaren kargura (“Kirolean hasteko jarduerak, Ikastetxeei zuzenduak”).

Kasuan kasuko dirulaguntza ematean, A taldearenak, batetik, eta B taldearenak, bestetik, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko talde bakoitzean, III. eranskinean zehazten den baremoari jarraituz. Talde bakoitzean puntuaziorik handiena lortzen duen eskatzaileari esleituko zaio dirulaguntzaren zenbatekoa. Eragiketa hori egindakoan eskura dagoen kreditua agorturik ez badago, A taldean nahiz B taldean puntuaziorik handiena lortu duen bigarren entitateari esleituko zaio gelditzen den saldoa, ezarritako hurrenkerari jarraituz. Eragiketa hori A eta B taldeetan errepika daiteke gainerako eskatzaileekin, aurrekontuko kreditua agortu arte.

Esleitu beharreko zenbatekoan, jarduerak sortutako defizita izanen da muga.

10.5. Nafarroako Kirolaren Institutuko beste deialdi batzuen dirulaguntza jasotzen duten programak bazter utziko dira.

11.–Ebazpenak.

11.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du dirulaguntza esleitzeko behar den ebazpena. Interesdunei beranduenez 90 egun naturaleko epean jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

11.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

11.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

11.4. Deialdi honetan onartzen diren proiektuetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek –estatukoak nahiz atzerrikoak– ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gaindituko inola ere garatu beharreko jardueraren kostua.

11.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoa bete beharrez, Nafarroako Kirolaren Institutuko iragarki taulan jarriko dira deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta haien entitate onuradunen zerrenda.

12.–Justifikatzeko dokumentazioa eta programaren memoria.

12.1. Heziketa eta kirol programak justifikatzeko dokumentazioa horiek amaitu ondoan aurkeztuko da, betiere 2021eko urriaren 1a baino lehenago, agiri hauek erantsita:

1. VII. eranskina. Proiektuaren diru sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua.

2. VIII. eranskina. Gastuaren justifikazioko kontua:

a) Jarduera dela eta, edozein administrazio publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakiduna eta zehatza. Parte-hartzaileek kuota bat ordaindu behar badute, diru-sarrera horiek zehaztu eta justifikatuko dira.

b) Diruz lagundutako jardueragatik ordaindutako gastu guztiak (ez diruz laguntzeko moduko kontzeptuak bakarrik) dakartzaten fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakidun eta zehatza. Honako hauek sartuko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren eguna (VII. eranskina). Euskarri informatikoan ere aurkeztu behar da.

4. Ordaindutako fakturen fotokopiak, emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa jasota. Aurkeztutako zerrendan dagokion zenbakia adieraziko da kopian, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira. Honako hauek izaten ahal dira: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, “ordaindua” zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa; edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.

5. IX. eranskina. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia.

6. X. eranskina. Azpikontratazioaren inprimakia.

7. XI. eranskina. Hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko inprimakia.

8. Heziketa eta kirol programaren memoria teknikoa.

1.–Edukiak:

–Egindako jarduerak, noiz egin diren zehaztuta.

–Parte-hartzearen gaineko datuak: Parte-hartzearen datuen taula, honako hauek zehaztuta: Astea/ikastetxeak/parte-hartzaileak ikastetxeen arabera (sexuaren arabera banatuta)/parte-hartzaileak guztira.

2.–Balorazio teknikoa.

2.1. Talde bakoitzaren ebaluazioaren emaitzak jarduerei, jardueren monitoreei eta zerbitzuei (instalazioak eta materiala) dagokienez, ebaluaziorako txantiloietan oinarrituta.

2.2. Hobetu beharreko alderdiak

3.–Egindako jardueren argazki bidezko euskarria.

4.–Publizitate betebeharrak bete izanaren frogak, hala nola fotokopiak, argazkiak, eta abar, 15.7 oinarriaren arabera.

12.2. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

12.3. Deialdi honetan aipatzen diren eranskinetako eredu guztiak eskura daude Nafarroako Kirolaren Institutuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuarenean: www.nafarroa.eus.

13.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; transferentzia bidez ordainduko da hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Ebazpen hori 2021eko ekitaldian eman eta jakinaraziko da.

14.–Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

15.–Bete beharrekoak.

15.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek, eta hala egiten dutela agiri bidez frogatu; orobat, onartuko dituzte Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak eta haiek egin daitezen lagunduko.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen kasu guztietan.

15.3. Dirulaguntzen onuradunek eguneratuta eduki behar dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

15.4. Onuradunek adierazi behar dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen eta kondena epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. (IV. eranskinean geratuko da adierazita. Eskabidea).

15.5. Begiratuko da betetzen direla Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea.

Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere, hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), proiektua zein udaletan garatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.

Ez da erabiltzen ahalko plastikozko poltsarik, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, eta betiere betetzen baldin badituzte 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak. Poltsa horiek ez dira doan ematen edo banatzen ahalko.

Halaber, ez da erabiliko plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik, betiere erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio eremuan sartzen ez badira (salbuespen izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, ezin badira birziklatu prozesu organiko edo mekanikoen bidez.

15.6. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

15.7. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari jarraikiz, haren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

15.8. Onuradunak behartuta daude egin beharreko jarduera guztietan osasun- eta kirol-agintaritza eskudunek ezarritako neurriak eta baldintzak errespetatzera, eta, halaber, beharturik egonen dira datozen hilabeteetan ezar daitezkeenak betetzera ere.

15.9. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

15.10. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluaren arabera.

15.11. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

16.–Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunek, eskabidearen inprimakiaren VI. eranskinaren bidez, telematikoki aurkeztuko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, eta, behartuta badaude, hilabeteko epean– dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik zenbatzen hasita– aurkeztuko dute eskatutako dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz (haren bidez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dira). (VI. eranskina).

17.–Kirol entitate hornitzaileen azpikontratazioa eta kontratazioa.

17.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea dirulaguntzaren xede den jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Entitateek, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako dirulaguntzaren %20 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.

17.2. Kirol entitate hornitzaileen kontratazioa.

Dirulaguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina kirol entitate ez badago.

18.–Ez-betetzeak.

18.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra, eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.

18.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da.

19.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

19.1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

19.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren (HEG) bidez.

Helbide elektroniko gaitua Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, helbide elektroniko gaitua lortzen den helbide berean.

20.–Datu pertsonalen babesa.

Deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen den datu pertsonalen tratamendua Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia betez eginen da.

Deialdi honen XII. eranskinean, datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa eskaintzen da.

21.–Errekurtsoak.

21.1. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

21.2. Era berean, deialdi hau onesten duen Foru Agindua aplikatzean Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ezartzen dituen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

22.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru Agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuak aginduko du.

II. ERANSKINA

Ezaugarriak

1.–Alderdi orokorrak.

Kirolean hasteko jardueretarako heziketa eta kirol programek honako alderdi orokor hauek izan behar dituzte oinarri:

Parte-hartzaileak: 8 urtetik 17 urtera bitarteko ikasleak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetakoak, hezkuntza premia bereziak dituztenak barne. Ikastetxeko irakasle batek lagunduta egonen dira, 6.4 atalean zehaztutako ratioa betez.

Lekua: Nafarroako Foru Komunitatea.

Programaren iraupena, guztira: 2020-2021 ikasturtean eskainiko da, Aste Santuko oporrak kenduta.

Eskainitako jardueren iraupena: Programaren barrenean eskainitako jarduera guztiek egun bateko iraupena izanen dute: goizez, arratsaldez, edo goizez eta arratsaldez.

2.–Edukiak.

Heziketa eta kirol programek dagokion modalitatean hastera bideraturiko gorputz eta/edo kirol jarduera bat edo batzuk landuko dituzte, ikasleen adinaren arabera egokituak, beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta eta jarduera bakoitzak behar dituen baliabide materialekin, giza baliabideekin eta azpiegiturekin.

3.–Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.

3.1. Heziketa eta kirol programetako jarduera bakoitzean aritzeko eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira jarduera guztietan.

3.2. Uretako jardueren kasuan, parte-hartzaileek ezinbestekoa eta nahitaezkoa izanen dute igerian jakitea. Antolatzaileek ez diete baimenik emanen uretako jarduerarik egiteko igerian ez dakiten pertsonei. Gainera, beharrezko eta berariazko neurriak hartuko dituzte hori kontrolatzeko.

3.3. Uretan egiten diren jarduera guztietan nahitaezkoa izanen da salbamendu-txalekoa eramatea.

3.4. Jarduerak modu egokian egiten direla bermatuko duten segurtasun-neurriak izan behar dituzte instalazio guztiek.

3.5. Nahitaezkoa izanen da larrialdi kasuetan jarduteko protokolo bat izatea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuarekin koordinatuta.

4.–COVID-19arekin lotutako segurtasun neurriak.

Nahitaezkoa izanen da COVID-19 protokolo bat izatea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak onetsia, proiektua garatzen hasi aurretik.

5.–Giza baliabideak eta prestakuntzakoak.

5.1. Honako hauek izanen dira heziketa eta kirol programa egiteaz arduratzen diren pertsonak:

–Koordinatzaile bat, antolaketaren, kontrolaren eta programa garatzearen arduraduna.

–Kirol eta/edo gorputz jardueretako hainbat monitore, berariazko prestakuntza izanen dutenak, zuzentzen duten jarduera zein den.

5.2. Jarduerak egiteaz arduratzen diren monitore guztiek berariazko prestakuntza izan behar dute beren kirol eta/edo gorputz modalitatean.

5.3. Parte-hartzaileen talde bakoitzeko jardueren monitore ratio bat ezarriko da, proiektua garatzen hasi aurretik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak onetsitako COVID-19 protokoloaren arabera.

5.4. Programa garatu bitartean hainbat lanetan aritzen diren programako langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

6.–Parte-hartzaileak.

6.1. Programa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoei, pribatuei eta hitzartuei dago bideratua. 8 urtetik 17 urtera bitarteko ikasleak izanen dira parte-hartzaileak, hezkuntza premia bereziak dituztenak barne. Ezin da murrizketarik egin kirol eta gorputz jarduerak egiteko gaitasunengatik.

6.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ez da ikaslerik baztertzen ahalko hautapen prozesuen ondorioz. Desgaitasunak dituzten ikasleak hezkuntzako sistema normalizatuan sartzeko ahalegina islatu behar da programan parte hartzeko aukera emanez. Hori betetzen ez bada, dirulaguntza galduko da.

6.3. Ikasle guztiek ikastetxeko irakasleak izanen dituzte lagun, eta taldeak antolatzen laguntzeaz arduratuko dira. Joan-etorrietan, egin beharreko jardueretan eta ezartzen diren atsedenaldietan egonen dira ikasleekin. Halaber, edozein arrazoirengatik programatu gabeko joan-etorriren bat egin behar duten ikasleei lagunduko diete.

6.4. Proiektua garatzen hasi aurretik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak onetsitako COVID-19 protokoloan ezarriko da ikastetxeko irakasle laguntzaileen ratioa.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, taldearen beharren arabera eta COVID-19 protokoloaren arabera ezarriko da ratioa.

Parte-hartzaileen talde bakoitzeko monitore ratio bat ezarriko da, proiektua garatzen hasi aurretik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak onetsitako COVID-19 protokoloaren arabera.

7.–Baliabide materialak eta azpiegiturak.

Heziketa eta kirol programaren barnean egin beharreko jarduera bakoitzean aritzeko beharrezko eta berariazko material guztia jarriko dute entitate onuradunek parte-hartzaile bakoitzaren eskura.

Material guztia behar bezala erabiltzeko moduan egonen da, eta onuradunen ardura izanen da hura konpondu edo ordeztea.

8.–Baimenak.

Deialdi honetako entitate onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak konplitzen direla heziketa eta kirol programako jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.

9.–Laguntza teknikoa.

Entitate onuradunak beste entitate batzuekin lankidetzan aritzen ahalko dira zerbitzuetako edozein egiteko: garraioa, materialaren alokairua eta gorputz eta/edo kirol jarduerak egitea, I. eranskineko 17. oinarriarekin bat.

10.–Osasun laguntza.

Parte-hartzaile guztientzako istripu asegurua kontratatu behar dute entitate onuradunek. Horretaz gainera, erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute.

III. ERANSKINA

Baremoa

Balorazio irizpideak.

Aurkeztutako eskaerak barematzeko ezarritako balorazio irizpideak, batetik, irabazi-asmorik gabeko kirol entitateek aurkeztutako programei (A taldea) aplikatuko zaizkie, eta, bestetik, irabazi-asmoa duten enpresek aurkeztutako programei (B taldea). Hona hemen irizpide horiek:

Programaren alderdi teknikoak.

1. Programaren helburuak: 5 puntu arte.

Ikasleen adinaren eta ezaugarrien arabera egokituak: Puntu bat ikasleen adinaren eta ezaugarrien araberako heziketa eta kirol arloko helburu bakoitzagatik.

2. Giza baliabideak: puntu 26 gehienez.

–Kirolean hasteko jardueretako monitore bakoitzaren lan esperientzia. 10 puntu gehienez monitore bakoitzeko. Puntu bat esperientzia urte bakoitzeko.

–Monitore bakoitzaren berariazko titulazioa, irakasten duen jarduerarekin lotutakoa: gehienez 10 puntu monitore bakoitzeko. Puntu bat titulazio osagarriagatik.

–Ratioa monitore/talde/jarduera bakoitzeko: gehienez 6 puntu.

  • Monitore bat / 5 parte-hartzaile = 6 puntu.
  • Monitore bat / 7 parte-hartzaile = 4 puntu.
  • Monitore bat / 9 parte-hartzaile = 2 puntu.

3. Programako parte-hartzaileen kopuru osoa (ikasleak eta irakasleak): gehienez 10 puntu.

–200 parte-hartzaile bitartean: 2 puntu.

–201 eta 400 bitarteko parte-hartzaile: 4 puntu.

–401 eta 600 bitarteko parte-hartzaile: 6 puntu.

–601 eta 800 bitarteko parte-hartzaile: 8 puntu.

–801 parte-hartzailetik gora: 10 puntu.

4. Aukera-berdintasuna eta genero-ikuspegia: gehienez 10 puntu.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, proiektuko jardueretako monitore kopuruari dagokionez. Bai: 2 puntu. Ez: 0 puntu.

–Baditu neurriak langileen laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko: Bai: 1 puntu. Ez: 0 puntu.

–Programaren deskribapena genero-ikuspegia kontuan harturik: 1 puntu.

–Matrikularen datuak, sexuaren arabera banakatuta. 1 puntu.

–“Berdintasuna enpresan” bereizgarria izatea («Berdintasuna enpresan» bereizgarriaren esleipena eta erabilera erregulatzen duen urriaren 26ko 1615/2009 Errege Dekretuan erregulatua; dekretu hori aldatu zuen irailaren 28ko 850/2015 Errege Dekretuak). 5 puntu.

5. Enpresaren ziurtagiriak: 8 puntu, gehienez ere.

Honako ziurtagiri hauetako bat edukitzea:

–Kalitatearen Kudeaketaren ziurtagiria: 2 puntu.

–Ingurumenaren Kudeaketaren ziurtagiria. 2 puntu.

Laneko Segurtasun eta Osasunaren Kudeaketaren ziurtagiria. 2 puntu.

–Kudeaketa Sistema Integratuen ziurtagiria. 2 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2108515