14. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1378E/2020 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Pestriz haize-parkearen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita. Haize-parke hori Eólica Pestriz SLk sustatu du, Buñuelen, eta energia ateratzeko azpiegiturak ukipena izanen du udalerri horretan.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da. Aipatu arauak 7.1 artikuluan ezartzen duenez, I. eranskinean sartutako proiektuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta eginen zaie.

1. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozeduraren garapena eta sustatzailearen eskaera.

1.1. Jendaurreko informazioa.

Pestriz haize-parkearen proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean egon zen 30 egun balioduneko epean, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak iragarkia argitaratu ondoan 2019ko abenduaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin.

Ondoren, bigarren aldiz egin zen Pestriz haize-parkearen jendaurreko informazioaren tramitea, iragarkia argitaratuta 2020ko otsailaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Horrela, hasieran argitaratutako informazioa osatu zen sustatzaileak aurkezturiko gainerako agiriekin.

Aldi horietan, 5 pertsona edo entitatek sei alegazio aurkeztu dituzte, eta ebazpen honen I. eranskinean laburtzen da horien edukia.

Gainera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txostena eskatu zion Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz. Foru dekretu horrek arautzen du haize-parkeetarako baimena Nafarroan.

Abelbideen gaineko ukipen zuzenei dagokienez, espedientean jasota dago Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostena, 2020ko urtarrilaren 21ekoa.

1.2. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera.

Sustatzaileak jaso zituen jendaurreko informazioaren eta egindako kontsulten emaitzak, eta, hortaz, Eólica Pestriz SLk “Pestriz” haize-parkearen proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aurkeztu zituen, 2020ko uztailean, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusian, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskatu zuen, bat etorriz 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan eta 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatzen denarekin.

Organo substantiboak dokumentazioa osorik dagoela egiaztatu ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio guztia helarazi dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketa aztertu eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin dezan.

2. Proiektuaren deskribapena.

“Pestriz” haize-parkea (49,50 MW) 11 haize-sorgailuk osatzen dute (potentzia unitarioa: 4,5 MW; errotorearen diametroa: 155 m; abatzaren garaiera: 120 m), zeinak hiru lerro paralelotan antolatuta baitaude. Lerro horiek ipar-ekialdetik hego-mendebaldera doaz, gutxi gorabehera, eta haizearen ohiko norabidearekiko perpendikularrak dira.

Gainera, aurreikusi da neurketa anemometrikorako dorre bat jartzea, sareta autosostengatzailezkoa eta 120 metro garai dena, eta orobat jartzea transformazio azpiestazio elektriko bat (30/66 kV), lurpeko konexio elektrikoa duena (30 kV), eta komunikazioko kable batzuk haize-sorgailuen eta azpiestazioaren artean, salbu eta 201. eta 202. haize-sorgailuen kasuan, horiek airez lotuko bailirateke azpiestazioarekin.

Parkerako bi sarbide planteatu dira: lehenbizikoa, NA-5210 errepidean, 201. eta 202. haize-sorgailuetara iristeko, eta bigarrena, NA-5210 eta NA-5200 errepideak elkartzen diren biribilgunean, gainerako haize-sorgailuetara iristeko.

Kasu guztietan, parkearen barneko bideek bat eginen lukete lehendik dauden bideekin, zeinak zabaldu eta egokitu behar baitira, edukiera handiko ibilgailuak sar daitezen behar diren eskakizun geometrikoak lortu arte, halako ibilgailuak beharko dira-eta haize-sorgailuak garraiatu eta muntatzeko. Planteatu diren barneko bideak 8.255,91 m luze izanen lirateke guztira, eta ezaugarri hauek edukiko lituzkete:

–Gutxienez ere 6 m zabal, eta 55 m-ko gutxieneko erradioa, bihurguneetan.

–%0,5eko gutxieneko malda, lurraren malda naturalari era optimoan egokituta.

–20 cm-ko zabor-legar artifizialeko geruza batez osatutako eredu-sekzioa.

–100 cm zabal eta 50 cm sakon diren luzetarako arekak, drainatzeko.

Halaber, obrako instalazio lagungarriak jartzeko plataforma bat aurreikusi da Buñuelgo 2. poligonoko 517. lurzatian, bigarren sarbidearen ondoan.

Energia ateratzeko azpiegiturari dagokionez, linea berri bat eraikitzea planteatzen da, zeinak lotura eginen bailuke Pestriz transformaziorako azpiestazioaren (TAE) eta “Cortes TAE-La Serna TAE” linea elektrikoko 17 BIS euskarriaren artean. Linea hori 66 kV-eko lau zirkuitukoa da, airekoa, eta, haren bitartez, garraio sarera injektatuko litzateke sorturiko energia.

Linea berriak hiru tarte izanen ditu:

1.–Aireko tarte bat, 2.350 metro luze dena: zirkuitu bikoitzekoa (30/66 kV), Pestriz TAEtik 6. euskarrira arte (1.060 metro luze); eta zirkuitu bakunekoa, euskarri horretatik 11. euskarrira arte. Zirkuitu bikoitzeko tartea beharrezkoa da komunikazioa baimentzeko 201. eta 202. haize-sorgailuen eta Pestriz TAEaren artean.

2.–Lurpeko tarte bat, 300 metro luze dena, aireko-lurpeko trantsizioko 11. euskarritik (PAS), 12. PAS euskarrira arte.

3.–Aireko tarte bat, 39 metro luze dena, 12. PAS euskarritik “Cortes TAE-La Serna TAE” tentsio altuko lineako 17 BIS euskarrira arte, zeina lehendik baitago.

Planteatu da euskarriak metalezkoak izatea, HA, CO eta AGR saretaz eginak. Hormigoizko zimenduak izanen dituzte, eta konpositezko lotura-isolagailuak (U70AB66AC+PECA-700-A) eta esekitze-isolagailuak (U70AB66P eta U70AB30P).

3. Azterketa teknikoa.

Haize-sorgailuak Buñuelgo herrigunearen hego-mendebaldean daude, 2 km baino zabalxeagoa den zerrenda batean, zeinak muga egiten baitu Aragoiko ubide inperialarekin, iparraldean, eta A-68 autobiarekin, hegoaldean. Era berean, Zaragoza-Altsasu trenbide lineak zeharkatzen du zerrenda hori: bi haize-sorgailu trenbidetik hegoaldera gelditzen dira, eta gainerakoak, iparraldera.

Ebro ibaiaren azken terrazetan garatuko da proiektua. Eremu laua da, oro har. Eremua Buñuelgo ureztatze-eremuan dago, eta nekazaritzarako erabiltzen da nagusiki. Hala ere, landaredi naturaleko gune txikiak ere badaude, batez ere bideen edo drainatze-guneen inguruan, eta horiek faunaren babesleku dira.

Parkea ezarriko den eremuak interesa izan dezake ingurumen balio handiko espazioak komunikatzeko; zehazki, kontserbazio bereziko eremuak eta estepako abifaunaren kontserbaziorako intereseko eremuak daude Ebro ibaiaren bi aldeetara, “Peñadil, Montecillo eta Monterrey” eta “Errege Bardea” izenekoak.

Gainera, “Pestriz” haize-parkea oztopo bat izan liteke Errege Bardea eta hartatik hegoaldera dauden mendilerroak komunikatzen dituen bidearekin, baina uste da bide horiek nahikoa zabalak direla haize-sorgailu hauek eta inguruan dauden gainerakoak saihesteko.

Halaber, parkea Ebro ibaiaren eraginpeko eremutik hurbil dago, eta horrek talka-arriskua areagotu lezake ibaia eta haren eragin-eremua erabiltzen duten abifauna espezieentzat; izan ere, gune hori igarobide ekologikoa edota ohiko okupazio eremua da espezie horientzat. Hala ere, 2 km baino gehiagoko tartea dago parketik ibaira. Gainera, Ebro harana zabala da eta gune honetan dagoen ibaiertzeko landaredi zerrenda estua da, eta parkeak hartuko duen eremua oso antropizaturik dago. Horrek guztiak nabarmen murrizten du aipatu ukipena.

Paisaiari dagokionez, eremuak nekazaritzako erabilera intentsiboa du, eta nabarmentzekoak dira, halaber, Ebroko autobia, trenbide-linea, Buñuelgo industrialdea eta lurraren lautasuna, faktore horien araberakoa izanen baita haize-sorgailuen ikusizko inpaktua.

Parkean ekoitzitako energia ateratzeko eraiki behar den linea elektrikoa Pestriz TAEan hasiko litzateke, eta “Cortes TAE-La Serna TAE” linea elektrikoko (tentsio altuko linea, 66 kV-eko lau zirkuitukoa) 17 BIS euskarrian bukatu, azken haize-sorgailutik 700 bat metro hegoaldera. Hortaz, azterketaren eremuak bat egiten du haize-sorgailuen eremuarekin.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan moderatutzat eta bateragarritzat baloratzen dira inguruneko faktoreetan izanen diren inpaktuak, eta zenbait neurri prebentibo eta zuzentzaile jasotzen dira, baita ingurumena zaintzeko plan bat ere, non zehazten baita zer alderdi kontrolatu beharko diren obrak gauzatu bitartean.

4. Proposamena.

Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalak, espedientearen azterketa teknikoa egin ondoan, ondorioztatu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egoki egin dela, eta proposatu du ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, eta hartan zehaztea Pestriz haize-parkearen proiektua (Buñuelgo udal-mugartea) bateragarria dela ingurumenaren babesarekin, baldin eta zenbait neurri eta baldintza betetzen badira, zeinak jasota baitaude aurkezturiko ingurumen-inpaktuaren azterketetan eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten da, aldekoa, “Pestriz” haize-parkearen eta hortik energia ateratzeko azpiegituraren proiektuaren gainean. Haize-parkea Buñuelgo udal-mugartean egonen da, eta Eólica Pestriz SLk sustatu du.

2. Jarduera egiteko, jarraitu beharko zaie idazpuruan azaltzen den espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei, eta, gainera, baldintza hauek beteko dira:

1.–Abelbideen gaineko ukipen zuzenei dagokienez, oro har, bete beharko da Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostenean ezarritakoa (2020ko urtarrilaren 21eko txostena).

2.–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, kasu eginen zaio Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak ezartzen duenari. Atal horren baimena eskuratu beharko da, eta zenbait baldintza bete beharko dira, azkenean gauzatuko den proiektuari dagozkionak.

3.–Energia ateratzeko linea elektrikoa:

–Abifaunaren gaineko ukipenak gutxitzeko, lotura-isolagailuak (U70AB66AL+PECA-1000-A) motakoak izanen dira, eta ez, proiektatu zen gisan, (U70AB66AC+PECA-700-A) motakoak.

–Aireko linea elektriko guztian, zuntz optikoarekin seinaleztatu beharko da guarda kablea, eta hegaztiak babesteko baliza birakariak jarriko dira, baliza bat 15 metro bakoitzeko.

4.–Neurketa anemometrikorako dorrea autosostengatua izanen da.

5.–Ingurumen-inpaktuaren azterketan ezartzen den bezala, haize-sorgailuak argiztatzeko Dual Media A / Media C argiztapen sistema jarriko da, eta, haize-sorgailuaren dorrean, B motako argiak ere bai, intentsitate baxukoak, baldin eta hori guztia bateragarria bada Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren (AESA) determinazioekin.

6.–Haize-sorgailuetatik 1.000 metro baino hurbilago dauden eremuak, aurrerantzean, ez dira animalien gorpuak uzteko eremu egokitzat hartuko, 46/2014 Foru Agindua aplikatuz, hartan arautzen baita basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin elikatzeko modua eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua, eta, horrez gainera, Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri eta funtzionamendurako arauak zehazten baitira. Sustatzaileak horren berri eman beharko die ukitutako abeltzaintzako ustiategiei. Gomendagarria da gorpuak uzteko tokien eta parkearen arteko distantzia dezente handitzea, hegazti nekrofagorik ez erakartzeko.

7.–Jarraipen- eta zaintza-plana: Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, zeina sustatzaileak aurkeztu behar baitu bat etorriz Haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluarekin, obra eta funtzionamendu faseetarako jarraipen- eta zaintza-plan bat aurkeztu beharko da, Ingurumen Eraginaren Atalaren onespena beharko duena, eta hor proposatuko da egin beharreko jarduketen metodologia eta, zehazki, honako hauena, gutxienez:

–Instalazioaren balio-bizitza guztian, sustatzailearen kargura, haize-parkeak abifaunaren eta kiropteroen gainean dituen ukipenen gaineko segimendua egin beharko da, energia ateratzeko azpiegitura ere aintzat hartuta.

–Azterketa bat eginen da jakiteko nola erabiltzen duten abifaunak eta kiropteroek espazioa, eta zer ugaritasun duten, gutxienez ere martxan jarri eta hurrengo hiru urteetan.

–Haize-parkea martxan jarri ondoko lehen hiru urteetan, instalazioko haize-sorgailu guztietan izandako gorabeheren jarraipena eginen da. Jarraipen fase horretan, eta hilabete arteko zifra konparagarriak edukitzeko, astero berrikusiko dira haize-sorgailuak. Laugarren urtetik aurrera, eta eskuratutako datuen arabera, eskatzen ahalko da jarraipenaren esfortzua txikitzeko, eta, horretarako, Ingurumen Eraginaren Atalaren onespen espresua eskuratu beharko da.

–Kiropteroen hilkortasuna kontrolatzeko sistema bat ezarriko da, eta, haize-sorgailuren batean hilkortasun esanguratsurik hautemanez gero, jarduera handieneko gauetan (abuztuan eta irailean) 4,5-5 m/s-ko haize-abiadurara mugatuko da abiatzea.

–Planak aintzat hartu eta jasoko du II. eranskineko protokoloa, haize-parkeek faunan dituzten gorabeheren aurrean jarduteko protokoloa.

–Parkea martxan jarri eta 3 urtera, karakterizatuko da nola erabiltzen duten hegaztiek eta kiropteroek espazioa eremu horretan, eta horretarako erabiliko da operazio aurreko egoera aztertzeko metodologia bera edo, kasua bada, Ingurumen Eraginaren Atalak balioztatzen duena. Horrela, bi egoerak alderatuko dira. Emaitza zein den, neurri berriak ezarriko dira ukipenak gutxitzeko.

–Faunaren hilkortasun esanguratsua hautemanez gero (Ingurumen Eraginaren Atalaren iritziz), protokolo bat definitu beharko da, etengabe zaintzeko ea haize-sorgailuen inguruan abifaunarik dagoen eta identifikatzeko ea talka-arriskuko egoerak gertatzen diren, eta beste protokolo bat inplikaturiko haize-sorgailuak gelditzeko. Jarduketa-eremua eremu osoaren zati batera murritz daiteke, segun eta zer emaitza lortzen diren espazioaren erabileraren gaineko azterketan eta gorabeheren azterketan.

8.–Ingurumenean eta paisaian integratzea:

–Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Ahalik eta gutxien ukituko da landaredi naturala, lan eremua ahalik eta txikiena izaten saiatuko baita eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko baitira.

–Haize-sorgailuen plataformetarako, bideetarako eta bestelakoetarako egin beharreko lur erauzketa eta lubetetan, gehienez 2H:1V-ko maldak izanen dira onargarriak, espezie autoktonoen landareztatzeak emaitza onargarria izan dezan.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Obrek aldi baterako edo iraunkorki ukitutako gainazalak lur geruza batez estaliko dira; hura aldez aurretik kendu, eta albo batean metatuko da. Bertako belar hazi nahastuez ereinen dira azalera horiek, salbu eta aurretik laborantzako alorrak baziren.

9.–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago horren berri emanen zaio Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es).

10.–Obrak egitean beharrezkoa baldin bada 15 cm-tik gorako diametro normala duten baso-zuhaitzak botatzea, Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinarazi beharko zaio (Tuterako Koordinazio Unitatea, gmabidasoa@navarra.es, Tfno.: 609-904957), eta dagokion baimena eskatu, hala xedatuta baitago Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean, otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutakoan, eta hura garatu duen erregelamenduan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Buñuelgo Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitatea), Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, alegazio-egileei eta sustatzaileari.

Iruñean, 2020ko abenduaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Jendaurreko informazioaren tramitearen emaitza

Azalpen zatian aipatutako jendaurreko bi aldietan jasotako alegazioen laburpena:

1. López Moreno senideak (jendaurreko lehen aldia).

López Moreno senideek zehaztu dute zer baldintza bete behar dituen parkerako sarbide batek, ez dadin ukipenik egon beren jabetzan eta beren nekazaritza-ustiategiaren funtzionamenduan.

Erantzuna:

Edukia ez da ingurumen arlokoa.

2. Javier Vicente Cuartero (jendaurreko lehen aldia).

Adierazi du 401. haize-sorgailuak enbarazu eginen diela bere jabetzako nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategi bateko animaliei, oilasko haztegi batekoei, zehazki. Gainera, dioenez, ustiategi horrek baditu ingurumen baimen integratua, lurzoru urbanizaezineko baimena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta Udalaren hirigintza baimena, ustiategia handitzeko.

Erantzuna:

Edukia ez da ingurumen arlokoa.

3. Esperanza Ursua Sesma (jendaurreko lehen aldia).

Alegazio-egileak honako hau adierazi du:

1.–Abifaunaren azterketan, ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotakoan, ez da deskribatzen erabilitako metodologia eta hura prestatzeko erabilitako bibliografia. Horren ondorioz, zaila da baloratzea ea agiriak kalitate nahikoa duen proiektuaren inpaktu potentziala baloratzeko.

Erantzuna:

Metodologia deskribaturik dago “Pestriz haize-parkeko abifaunaren eta kiropteroen azterketa” izeneko agirian, baina akats bat izan zen eta ez zen jendaurrean jarri, gainerako dokumentazioarekin batera, jendaurreko informazioaren lehen tramitean. Hala ere, bigarren tramitean jarri zen jendaurrean.

2.–Abifaunari buruz aurkeztu den deskripzioa ez da aski ezagutzeko azterketa-eremuko komunitate ornitikoa, espezie babestuen gaineko arriskuak, eta, oro har, baloratzeko zer-nolako inpaktua izan dezakeen azterketaren xede den proiektuak.

Erantzuna:

Abifaunari buruzko datu gehiago eman dira “Pestriz haize-parkeko abifaunaren eta kiropteroen azterketa” izeneko agirian, jendaurreko informazioaren bigarren tramitean ikusgai egon zen horretan.

3.–Jendaurrean jarritako dokumentazioa ez dago osorik. Zehazki, jendaurrean jarritako ingurumen-inpaktuaren azterketan aipatzen dira abifaunari buruzko azterketa espezifiko bat eta eranskin bateko planoak, baina horiek ez daude argitaraturiko dokumentazioan.

Erantzuna:

2019ko abenduaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarki baten bidez, jendaurrean jarri zen Pestriz haize-parkearen proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa. Ondoren, ikusi zen akats bat zegoela argitaraturiko dokumentazioan, eta Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurreko informazioaren tramitea egin zuen bigarren aldiz, Pestriz haize-parkerako, iragarki bat argitaratuz 2020ko otsailaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Horrela, hasiera batez argitaraturiko informazioa osatu zen.

4. Gurelur (jendaurreko bi aldiak).

1.–Ingurumen-inpaktuaren azterketako alternatiben azterketan hutsuneak daude 21/2013 Legean ezarritakoa aintzat hartuta, haize-sorgailuei, energia ateratzeko lineari eta azpiestazioaren kokapenari dagokienez.

Erantzuna:

Ingurumen Eraginaren Atalak uste du espedientean dagoen dokumentazioa aski dela proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio egokia egiteko. Halaber, uste da hautaturiko alternatiba bateragarria dela ingurumen aldetik, baldin eta betetzen badira behar diren neurriak eta baldintzak, aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketan eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan jasotakoak.

2.–Jendaurrean jarritako dokumentazioa ez dago osorik. Zehazki, I. eranskinean (Kartografia) ez dago inolako planorik.

Erantzuna:

2019ko abenduaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarki baten bidez, jendaurrean jarri zen Pestriz haize-parkearen proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa. Ondoren, ikusi zen akats bat zegoela argitaraturiko dokumentazioan, eta Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurreko informazioaren tramitea egin zuen bigarren aldiz, Pestriz haize-parkerako, iragarki bat argitaratuz 2020ko otsailaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Horrela, hasiera batez argitaraturiko informazioa osatu zen.

3.–Planteatu diren haize-sorgailuetatik hiru haize-sorgailuak instalatzeko gai ez den eremuaren barnean daude, Nafarroako Energia Planeko (NEP 2030) sailkapenaren arabera.

Erantzuna:

NEP 2030ean haize-parkeak hartzeko gai ez diren eremuak deklaratu dira aintzat harturik ingurumen baldintzak, lurralde-antolamendukoak eta Garapen Ekonomikorako Departamentuak proposaturiko beste alderdi batzuk, departamentu hori baita NEP 2030aren sustatzailea. Pestriz haize-parkeak ukitutako eremu horiek, “ez gai” direnek, NEP 2030ean jasotako ingurumen baldintzez bestelako alderdiengatik jaso dute kalifikazio hori.

4.–Haize-sorgailuentzat proposatu diren kokapenak sartzen dira garapen eolikoa ekidin behar den eremu batean, NEP 2030aren arabera. Zehazki, natura aldetik ustiatzeko balioa dutelako gorde beharreko lurzoruak (ureztalurrak) daude bertan, lurralde-antolamenduko 5. planaren arabera.

Erantzuna:

Edukia ez da ingurumen arlokoa.

5.–Fauna hegalariaren urteroko ziklo osoaren azterketa ez dago osorik.

Erantzuna:

2019ko abenduaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarki baten bidez, jendaurrean jarri zen Pestriz haize-parkearen proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa. Ondoren, ikusi zen akats bat zegoela argitaraturiko dokumentazioan –zehazki, ez zen argitaratu Pestriz haize-parkeko abifaunaren eta kiropteroen azterketa” izeneko agiria–, eta Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurreko informazioaren tramitea egin zuen bigarren aldiz, iragarki bat argitaratuz 2020ko 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 11koan. Horrela, hasiera batez argitaraturiko informazioa osatu zen. Ingurumen Eraginaren Atalak uste du espedientean dagoen dokumentazioa aski dela proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio egokia egiteko.

6.–Hutsuneak daude ingurumen-inpaktuaren azterketan jaso den ugaztunen zerrendan, igarabari dagokionez bereziki.

Erantzuna:

Alegazio honen edukia kontuan hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpena idazteko.

7.–Ez da aztertu energia ateratzeko azpiegiturak izanen duen ingurumen-inpaktua, besteak beste, faunari dagokionez.

Erantzuna:

Haize-parkearen eta hortik energia ateratzeko azpiegituraren ingurumen-inpaktuaren azterketak behar beste deskribatzen ditu eremu horretako ingurumen-balioak, eta bi azpiegituren lurralde-eremua bera da. Energia ateratzeko linearentzat proposaturiko trazadura ingurumen aldetik bideragarritzat jo da, baldin eta betetzen badira proposaturiko neurri zuzentzaile eta prebentibo guztiak, bai eta ebazpen honetan sartutako neurri gehigarriak ere, faunaren gaineko ukipenak prebenitzekoak.

8.–Hutsuneak ingurumen-inpaktuaren azterketan, faunaren gaineko inpaktuen balorazioari dagokionez.

Erantzuna:

Alegazio honen edukia kontuan hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpena idazteko.

9.–Ingurumen-inpaktuaren azterketan ez da aurreikusi neurketa anemometrikorako dorre bat jartzea, baina Pestriz haize-parkearen proiektu teknikoan bai. Hortaz, ez dira aztertu dorre horren ukipenak eta ez da proposatu neurri prebentibo edota zuzentzailerik.

Erantzuna:

Alegazio honen edukia kontuan hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpena idazteko. Neurketa anemometrikorako dorrea autosostengatua izanen da, ebazpen honen baldintzetan jasotzen den bezala, eta, hortaz, ez da aurreikusi ingurumen-ukipen nabarmenik abifaunaren gainean edo inguruneko bestelako faktoreen gainean.

10.–Inpaktu metagarrien eta sinergikoen azterketan kontuan hartu dira soilik inguruko haize-parkeak, eta ez dira aintzat hartu eremu horretan lehendik dauden edo tramitatzen ari diren beste azpiegitura edo proiektua batzuk.

Erantzuna:

Alegazio honen edukia kontuan hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpena idazteko.

11.–Gogorarazten du debekaturik dagoela basa fauna hiltzea, bat etorriz Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko 2/1993 Foru Legearekin.

Erantzuna:

ez da bidezkoa.

5. Pedro José Francés Sayas (jendaurreko bigarren aldia).

Adierazi du ez dagoela Pestriz haize-parkearen onura publikoa deklaratzearen alde, horrek eragiten dielako Buñuelgo Udalaren herri-lur batzuei. Bizilagunek erabiltzen dituzte orain lur horiek, laborantzarako.

Erantzuna:

Edukia ez da ingurumen arlokoa.

II. ERANSKINA

Haize-parkeek faunan dituzten gorabeheren aurrean jarduteko protokoloa

1. Gorabeheren berri ematea Ingurumen Eraginaren Atalari.

1.–Espezie sentiberak: Posta elektronikoa igorri berehala Ingurumen Eraginaren Ataleko Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), gorabeheraren fitxa erantsita.

Espezieak: Bonelli arranoa, arrano beltza, mirotz zuria, mirotz urdina, miru gorria, ugatza, sai zuria, Naumann belatza, basoilo handia, ganga azpizuria, ganga azpibeltza, Portugalgo pirripioa, basoilo txikia eta txori zezen arrunta.

2.–Gorabehera guztien datu-basea (Acess formatuan), espezie sentiberei dagozkienak barne: hilero bidali aldi horretako gorabeherak, argazkirik gabe, errazago bidaltzeko eta maneiatzeko, posta elektronikoz Ingurumen Eraginaren Ataleko Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es). Gorabehera guztiak jasoko dira. Enpresek ez dituzte aldatu behar haize-parkeen eta haize-sorgailuen izenak. Aldaketaren bat egin nahi bada, aldez aurretik jakinarazi beharko zaio Ingurumen Ebaluazioaren Atalari; izan ere, aldebakarreko aldaketak egiten badira, datu-baseak operatibo izateari uzten dio.

3.–Urteko memoria, formatu digitalean entregatu beharrekoa, non balorazio bat jasoko baita, izandako emaitzena, joerena, ukitutako espezie sentiberena, etab. Halaber, ordura arte bidalitako gorabehera guztien argazkiak jasoko dira.

Iragarkiaren kodea: F2015372