135. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

196/2021 EBAZPENA, maiatzaren 21ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak onesten dituena Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide irakaskuntzek eta dantzako irakaskuntza ez-arautuek 2021-2022 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko.

Ikusirik Arte Ikasketen Atalak aldeko txostena eman duela behar diren jarraibideak onets daitezen Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide irakaskuntzek eta dantzako irakaskuntza ez-arautuek 2021-2022 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide irakaskuntzek eta dantzako irakaskuntza ez-arautuek 2021-2022 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Arte Ikasketen Atalera eta ikastetxe inplikatuetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 21ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO MUSIKAKO LANBIDE IRAKASKUNTZEK ETA DANTZAKO IRAKASKUNTZA
EZ-ARAUTUEK 2021-2022 IKASTURTEAN IZANEN DUTEN ESKOLA EGUTEGIA PRESTATZEKO ARAUAK

1.–Egutegia.

Musikako lanbide irakaskuntzen eta dantzako irakaskuntza ez-arautuen eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu:

1. Ikasturtea 2021eko irailaren 1ean hasiko da, eta 2022ko ekainaren 30ean bukatuko.

2. “Pablo Sarasate” Kontserbatorio Profesionalak berariazko egutegi proposamen bat prestatu beharko du, honako baldintza hauek betez:

a) Eskola egunen kopurua: 165, gutxienez ere.

b) Eskolen hasiera: irailaren 8a.

c) Eskolen bukaera: ekainaren 8a.

d) Ikasturtea egun horietan hastea eragozten duten arrazoi objektiboak daudenean, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak beste proposamen bat eginen du, betiere eranskin honen 3.a) baldintzan ezarritako eskola egunen kopurua errespetatuta.

e) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan, irakasleek programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dituzte.

f) Eskolak bukatu eta ekainaren 30era arte, azterketa bereziak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lan berariazkoak, irakasgaien memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, azken memoria, erreklamazioak, ikasleak eta familiak hartzea eta beharrezkoak diren egintza administratibo eta akademiko guztiak eginen dira, baita ikastetxeko zuzendaritzak agintzen ahal dituen bestelako lanak ere.

g) Musikako lanbide irakaskuntzen 6. mailako ikasleen azken ebaluazio arrunta egiteko azken eguna: maiatzaren 20a.

Ebaluazio hori egin ondoren, eskolak ematen jarraituko da, bai ebaluazioa gainditu ez duten ikasleak prestatzeko, bai beste proba batzuk egin asmo dituzten ikasleak prestatzeko.

Batxilergoko irakasgai komunak egiten ari diren eta unibertsitatean sartzeko probetara aurkezteko asmoa duten ikasleen kasuan, behar diren ziurtagiriak Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetara igortzeko azken eguna maiatzaren 27a izanen da.

h) Musikako lanbide irakaskuntzen ebaluaziorako deialdi berezia ekaineko bigarren hamabostaldian eginen da ikasle guztientzat.

6. mailako ikasleentzat, deialdi berezi hori ekainaren 7an eginen da beranduenez, bateragarriak izan daitezen musikako lanbide irakaskuntzen deialdi bereziko azterketak eta Batxilergoko bigarren mailako deialdi berezia. Hori guztia, unibertsitatean sartzeko deialdi berezian parte hartzeko aukera izan dezaten; hortaz, beranduenez ekainaren 17an igorriko zaie dagokien ziurtagiria inplikatuta dauden Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei.

3. a) 165 eskola egun izanen dira gutxienez, bai musikako lanbide irakaskuntzetan, bai Nafarroako Dantza Eskolan.

b) Egutegia aldatu behar denean, hura lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola egunak errespetatuta.

c) Eskola egunetan ezin izanen dira eskolak eten kontrolak, probak edo azterketak egiteko, ikasturteko azken hiru eskola egunetan izan ezik. Era berean, ezinezkoa izanen da eskolak etetea ebaluazio batzarrak edo klaustroak egiteko.

d) Ikasleak bakarkako eskoletara edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.

4. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean halakotzat hartzen direnak: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a, abenduaren 6a eta abenduaren 8a. Herriko zaindariaren eguna ere jaieguntzat joko da, Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiak eta irakaskuntza bakoitzari dagokion zaindariaren eguna zehazten dituen arauan ezartzen denari jarraikiz.

b) Herriko zaindariaren eguna, Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiegunak zehazten dituen arauan ezarritakoa, eskola egun ez den batean gertatuz gero, ikastetxeak beste egun bat aukeratzen ahalko du haren ordez. Kasu horretan, ikastetxeko zuzendariak herriko zaindariaren eguna ordezteko beste egun zehatz bat proposatuko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.

c) Musikako kontserbatorio profesionalen zaindariaren jaieguna azaroaren 22a izanen da. Nafarroako Dantza Eskolako irakaskuntzei dagokien zaindariaren jaieguna dantzaren nazioarteko eguna ospatzen den egunean izanen da.

d) Ikastetxeak jarritako eskola egunez gainerako egunak, aurreko ataletan jaiegun gisa finkatu ez direnak, eskola gabeko lanegunak izanen dira.

5. Aurreko 4.d) baldintzan ezarritakoaren ondoriozko egunez gain, eskola gabeko beste egun bat izan nahi duten ikastetxeek ikasturtea bukatzeko egunak aldatu beharko dituzte, ikastetxe horrek ematen dituen irakaskuntzetarako ezarri diren gutxieneko eskola egunak bermatzeko.

6. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna, 4. baldintzan adierazten dena, aldatzen ahalko dute, betiere 165 eskola egun errespetatuta.

7. 4. eta 5. baldintzetan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.

8. Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasiko dira, eta urtarrilaren 9an bukatuko, biak barne.

9. Aste Santuko oporrak apirilaren 14tik 24ra arte izanen dira, biak barne.

10. Iruñeko “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionala Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarekin koordinatuko da eskola gabeko egunak eta hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna, ahal den neurrian, berberak izan daitezen bi ikastetxeen egutegi proposamenetan.

11. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, aztertu eta, zein den kasua, onets ditzan.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. Ikastetxeko zuzendaritzak 2021-2022 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena prestatuko du, eta, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, kontserbatorio profesionalen kasuan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorriko dio, beranduenez 2021eko ekainaren 17an, “EDUCA” kudeaketa programak eskaintzen duen euskarri informatikoa erabiliz.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, haiek aztertu ondoren. Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpen hori, orobat, “EDUCA” kudeaketa programaren euskarri informatikoaren bidez eginen zaie ikastetxeei. 2021eko ekainaren 26rako inolako jakinarazpenik jasotzen ez duten ikastetxeen egutegiak onetsitzat joko dira.

3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. atalean ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.

4. Egutegiak, onetsita direla, nahitaez bete beharko dituzte musikako lanbide irakaskuntzak eta dantzako irakaskuntza ez-arautuak ematen dituzten ikastetxe guztiek. Ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna izanen da horiek betearaztea, eta egutegien aplikazioa gainbegiratzea eta kontrolatzea, berriz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren gain egonen da.

5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia iragarki-taulan ikusgai jarriko da, eta ezin izanen da aldatu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren idatzizko baimena izan gabe.

Iragarkiaren kodea: F2108476