121. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Ordenantza, Eremu publikoan terrazak eta mahaitxoak paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Faltzesko Udalak, 2020ko azaroaren 25ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Terrazak eta mahaitxoak eremu publikoan paratzea arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 288. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 15ean.

Jendaurreko aldian aurkeztutako alegazioak ebatzita geratu dira 2021eko urtarrilaren 27ko osoko bilkuran. Ordenantza hori behin betiko onetsi da eta haren testu osoa argitaratzen da.

Aplikatu beharreko araudia: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, 325. artikulua (zeina aldatu baitzen Nafarroako toki araubidea eguneratzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen bidez).

Faltzesen, 2021eko apirilaren 26an.–Alkatea, Sara Fernández Allo.

EREMU PUBLIKOAN TERRAZAK ETA MAHAITXOAK PARATZEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean, Nafarroako Foru Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262. artikuluan eta Toki-korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 1.etik 17.era bitarteko artikuluetan esleitutako ahalmenak baliatuz eman da.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantzaren xedea da araubide tekniko nahiz juridiko bat finkatzea eremu publikoan terrazak eta mahaitxoak eta batzuen zein besteen instalazio osagarriak (esate baterako, eguzkitakoak, euskarriak, eguzki oihalak, alboko babesak, argiak eta abar) eta antzeko elementuak paratzeko.

3. artikulua. Definizioa.

Aitzineko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, terraza eta mahaitxotzat hartzen dira jarduera nagusia gauzatzeko udalaren baimena duen ostalaritzako jarduera baten aldi baterako osagarri gisa erabiltzen diren mahaien, aulkien eta behin-behineko instalazioen multzoa.

Ordenantza honen ondorioetarako, ez dira terrazak eta mahaitxoak izanen establezimenduetako sarreran egon daitezkeen upelak eta aulkiak. Hala ere, elementu horiei ordenantza honetako 19. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie; hau da, irekitzeko ordutegia amaitzean elementu horiek kendu beharko dira.

4. artikulua. Aldez aurretik lizentzia eskuratu beharra.

Eremu publikoaren gaineko instalazioek erabilera komun bereziaren kategoria juridikoa dute, eta baliatu ahal izateko Udalaren lizentzia lortu behar da lehenik. Eskuratzeko, ordenantza honetan aurreikusitakoa beharko da bete.

5. artikulua. Lizentzia aitzinetik eskuratu beharrik eza.

Instalazioek ez dute ordenantza honetan araututako lizentzia eskuratu beharrik izanen, 3. artikuluan emandako definizioan sartuta egon arren, kasu hauetako batean badaude:

a) Udalaren administrazio kontzesio baten babesean egindako jardueren osagarri direnean, jabari publikoko edo ondareko ondasunetan kokatuta egoteagatik, eta emakidaren baldintzek era horretako elementuak paratzeko aukera aurreikusten dutenean.

b) Herriko jaietako ekitaldiak direla eta, aldi baterako jarduerak direnean, udalaren organo eskudunak ezarritako egutegiaren eta moduaren barrenean. Kasu horietan, eskumena duen udal organoaren berariazko baimena beharko da gutxienez, edo, presazko kasuetan, alkatetzarena.

6. artikulua. Nolako tokietan kokatzen ahal den instalazioa.

Terraza eta mahaitxoak jabari publikoko ondasunak edo erabilera publikoko ondasun pribatuak diren tokietan jartzeko lizentzia ematen ahal da.

7. artikulua. Lizentzia ukatzeko edo eteteko arrazoiak.

Udalak mahaitxoak, terrazak eta elementu osagarriak ez baimentzeko aukera izanen du baldin eta interes publikoak, ibilbideak, kokapenak, bidearen segurtasunak, herri lanek edo bertzelako inguruabarrek hala eskatzen badute.

Era berean, kasu jakin batzuetan eta behar bezala justifikatuta, horrelako instalazioen erabilera eteten ahalko da interes publikoko, herritarren segurtasuneko edo bideko arrazoiengatik, ekitaldiak egiteagatik edo antzeko egoerengatik.

8. artikulua. Instalazioen kokapena, oro har.

Oro har, instalazioa ez da jarduera nagusiak hartzen duen establezimenduaren edo haren kokaleku den eraikinaren fatxada baino luzeagoa izanen, non ez duten haren ondokoek baimen idatzia ematen; betiere, ondoko etxebizitza eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

9. artikulua. Oinezkoen kaleetan eta ibilgailuak dabiltzan bideetan elementuak paratzea.

Ibilgailuen zein oinezkoen joan-etorrietarako beharrak hartuko dira kontuan lizentziak emateko orduan.

Ibilgailuen zirkulazioa duten bideetan terrazak edo mahaitxoak paratzeko babes elementu nahikoak egon beharko dira, instalazioaren erabiltzaileen eta ibilgailuen zirkulazioaren segurtasuna bermatzeko.

Kasu horietan, lizentzia eman aurretik, udal agenteen txostena beharko da, instalazioaren erabiltzaileen segurtasuna eta ibilgailuen zirkulazioa bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun neurriak zehazteko.

10. artikulua. Eremu libreetan elementuak paratzea.

Mahaitxo eta terrazak aparkaleku plaza eta eremu libreetan paratzeko eskaerak (pertsonak etxebizitza edo lokal partikularretara sartu eta irteteko eragozpenik sortzen ez bada) kasu bakoitzeko ezaugarrien arabera ebatziko dira, muga orokor hauek betetzen dituztela:

a) Hartzen den zati jarraitua aparkaleku plazaren edo eremu librearen erdia bezain luze izanen da, gehienez ere.

b) Instalazioa aparkaleku plazaren edo eremu librearen herena bezain luze izanen da, gehienez ere.

c) Etxebizitzetan eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

11. artikulua. Lizentzia lortzeko eskubidea duten establezimenduen arteko gatazketan lizentziak ematea.

Ordenantza honen 8. artikuluan ezarritako arau orokorrak aplikagarriak ez diren kasuetan, lizentzia lortzeko eskubidea duten hainbat establezimenduk espazio berean bat egiten dutelako, udal zerbitzu teknikoek espazio erabilgarriaren banaketa ezarriko dute, berdintasunaren eta proportzionaltasunaren irizpideen arabera.

12. artikulua. Lizentzia eskatzea.

1. Interesdunak Faltzesko Udaleko Erregistro Orokorrean beharko du eskaera aurkeztu, alkatetzari zuzenduta eta artikulu honetan aipatutako dokumentuak erantsita. Honako hauek adieraziko dira:

a) Eskatzailearen izen-deiturak.

b) Helbideari, telefonoari eta nortasun agiri nazionalari edo atzerritarraren identifikazio zenbakiari buruzko datu pertsonalak.

c) Jardueraren izena eta kokalekua.

d) Jarduerari buruzko datuak (jarduera ekonomikoen gaineko zerga, identifikazio fiskaleko kodea eta abar).

2. Eskaerarekin batera interesdunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Jardueran aritzeko Udalaren lizentzia (instalatzeko edo irekitzeko lizentzia) izatearen gaineko frogagiria.

b) Aldameneko lokalek emandako baimenaren egiaztagiriak, halakorik behar denean.

c) Kokalekuaren planoa, 1:100 eskalan gutxienez ere, eta instalazioak hartzen duen azalera ongi erakusten duena. Establezimenduaren fatxadako neurriak eta espaloiaren zabalera adieraziko dira eta, zein den kasua, arboladia, lorategi aldeak, dauden hiri hornigarriak, Udalaren eta zerbitzu konpainietako zerbitzuen erregistro eta kutxatilak.

d) Terrazaren funtzionamendu orduak bukatuta, haren elementuak gordetzeko kokalekua eta oinplanoaren azalera adierazi beharko dira.

e) Hiri hornigarrien elementu homologatu guztien adierazpena, haien mota, kopurua, neurriak, guztira okupatu beharreko azalera eta haien kokalekua adierazita.

f) Erantzukizun zibileko eta suteetatik babesteko asegurua indarrean dela egiaztatzen duen agiria (haren estaldurak instalazioaren funtzionamendutik etor daitezkeen arriskuak ere hartu beharko ditu). Eskabidea egiteko unean halakorik ez badago, polizaren kopia aurkeztu beharko da udaletxean, terraza paratzeko baimena eman ondoren.

13. artikulua. Ebazpena.

1. Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa eta juridikoa egin ondoren, eta, hala badagokio, udal agenteek txostena igorri ondoren, Udaleko organo eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

2. Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola, planoak, okupatu beharreko azalera, mahai eta aulkien kopurua, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

3. Eskatzaileak ez badu ordaintzen jabari publikoa okupatzeagatik dagokion prezio publikoa edo ordenantza honen arabera ezarritako isunik, lizentzia ukatzen ahalko da.

14. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

Lizentziak eman direla ulertuko da beti, jabetza eskubidea salbu eta hirugarrenen kalterik gabe. Onuradunak, bai lokalean bai terraza eta mahaitxoek okupatutako eremu publikoaren zatian jardueran arituz, erantzukizun zibil nahiz penalen bat hartuko balu, ezin izanen luke lizentzia erabili hura gainetik kentzeko edo txikiagotzeko.

Udal lizentzia prekarioa izanen da beti, eta une bakoitzean sor daitezkeen ordena publikoko eta interes orokorreko arrazoien mende egonen da. Kasu horietan, eta beti arrazoiak azalduta, udal organoak instalazioa eremu publikotik behin-behinean kentzeko agintzen ahal du trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrek hartara eramanez gero, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

15. artikulua. Prezio publikoa eta fidantza.

Lizentziaren titularrak prezio publikoa ordainduko dio Udalari, hala badagokio, ordenantza fiskalean ezarritako zenbatekoan eta moduan. Prezio hori hamabost eguneko epean ordaindu beharko da, lizentzia eman dela jakinarazten denetik hasita; lizentziaren titularrak ezin izanen du instalazioa gauzatu prezioa ordaindu arte. Borondatez ordaintzeko epea ordainketa egin gabe iraganez gero, baimena iraungi eginen da; hala gertatuz gero, interesdunak beste lizentzia bat eskatu beharko du instalazioa egin nahi badu.

16. artikulua. Instalazioaren baldintzak.

Lizentzia eskuraturik, titularra harremanetan jarriko da Udaleko zerbitzu teknikoekin, tokian berean gehienez baimendutako azalera muga dezaten.

17. artikulua. Denboraldia.

Terrazak eta mahaitxoak paratzeko baimena urte natural osorako izaten ahalko da. Hala ere, urte osoan halakorik izanen ez duten establezimenduek eskabidean adieraziko dute zein aldietarako eskatzen duten lizentzia. Eremu publikoa erabiltzeari dagozkion tasak, dagokion ordenantzaren arabera, bide hori erabiltzen den denboraren proportzioan kobratuko dira.

18. artikulua. Ordutegia.

1. Jarduera nagusiak baimendua duen ordutegia gorabehera, mahaitxoak eta terrazak erabiltzeko ordutegia 9:30etik 24:00etara artekoa izanen da. Larunbat, igande eta jai bezperetan beste ordubetez luzatzen ahalko da ordutegi hori.

2. Udal organo eskudunak, salbuespenez, ordutegi malguagoa baimentzen ahal du instalazioa biltzeko, udalerri osorako edo halako eremu jakin baterako baimendu ere, herriko jaietan eta garrantzi bereziko bestelako egunetan.

19. artikulua. Instalazioa kentzea.

1. Aurreko artikuluan ezarritako ordutegia bukatutakoan, instalazioaren titularrak baimenduriko material guztia bilduko du, 20 minutu beranduago ez baita inola ere eremu publikoan egonen, irekitzeko ordutegia amaitzen denetik aurrera.

2. Baimenduriko materiala bildutakoan, lizentziaren titularraren ardura izanen da okupaturiko eremua behar bezain garbi uztea.

20. artikulua. Instalazioaren titularraren betebeharrak.

1. Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak ukatu gabe, instalazioaren titularra behartuta dago baimendutako okupazioaren xedeko lurzorua, instalazioa bera eta elementu osagarriak egoera ezin hobean izatera, garbiketa, segurtasun eta apaindura aldetik, horretarako behar diren bitartekoak erabilita, hala nola, paperontziak, hautsontziak etab.

2. Oro har debekatuta dago kanpoan barra jartzea, baita bozgorailuak edo musika makinak ere. Elementu horiei berariazko baimena eman beharko zaie, hala badagokio, denbora tarte jakin baterako.

3. Gainerako auzoen lasaitasunerako eskubidea errespeta dadin zainduko du instalazioaren titularrak; hortaz, ez du eskandalu, borroka eta/edo zaratarik onartuko instalazioan, batez ere 23:00etatik aurrera.

21. artikulua. Ikuskapenen araubidea.

Udalak beteko ditu ikuskapen eta zainketa lanak, ordenantza honetan ezarritako arauak zorrotz betetzen direla begiratzeko, bai jarduera egiteko moduari bai gainerako manu aplikagarriei dagokienez.

22. artikulua. Lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Alkatetzak, badaezpadako eta berehalako neurri gisa, eremu publikoan lizentziarik gabe paraturiko terrazak edo bestelako elementuak kentzen ahalko ditu, eta orobat biltegiratzen horretarako bereizitako tokiren batean; hori guztia, arauzko zehapenak jartzeaz gain.

2. Terrazak edo bestelako elementuak ezarritako lizentzian zehazturiko baldintzekin bat etorri gabe instalatu badira, udal agintariak egintza horiek berehala bertan behera uzteko xedatuko du. Instalazioaren titularrak ez badu instalazioa kentzen edo ez badu terraza egokitzen emandako lizentzian ezarritako baldintzetara, kautelazko eta berehalako neurri gisa, subsidiarioki betearaziko da agindutakoa.

3. Lizentziaren indarraldia bukatutakoan terrazak edo bestelako elementuak bertan egotea, zehapen kontuei dagokienez, udal baimenik ez izatearen parekoa izanen da.

23. artikulua. Betearazte subsidiarioa.

1. Espazio publikoan paraturiko elementuak aitzineko artikuluan xedatuaren arabera kentzea legezkotasuna lehengoratzea dela ulertuko da. Berrezartze horren erantzuleak ez badu bere borondatez hura gauzatzen, Udalak instalazioa kenduko du eta horretarako bereizitako tokiren batean biltegiratuko du. Instalazioa handik eramateko, jabeak behar diren gastu, kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aldez aurretik.

2. Kapitulu honetan xedatutakoaren arabera kendutako elementuak gehienez ere 3 hilabetez biltegiratuko dira. Baimena duen pertsonak edo jabeak ez baditu epe horretan jasotzen, Udalak elementu horiek suntsitu, saldu edo lagatzeko ahalmena izanen du.

24. artikulua. Arau-hausteak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen XI. tituluan xedatutakoaren babespean eta ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

1. Arau-hauste arinak:

a) Bizilagunak gogaitzea.

b) Terrazak edo mahaitxoak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez edukitzea.

c) Terrazak edo mahaitxoak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez uztea hura eremu publikotik kendu ondotik.

d) Lizentzian baimendu tokia ez, beste bat okupatzea.

e) Lizentzian zehaztu gabeko mahai-aulki kopurua edo bestelako zerak paratzea.

f) Baimendu gabeko musika aparatuak edo bozgorailuak paratzea.

g) Ordenantza honetako ordutegia ez betetzea.

h) Lizentziaren bestelako baldintzak edo ordenantza honetan bildutako bestelako aginduak ez betetzea.

2. Arau-hauste astunak:

a) Urtebete naturaleko edo denboraldi bateko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

b) Terrazak eta/edo ordenantza honek baimentzen dituen beste elementu batzuk paratzea nahitaezko udal lizentzia edo baimena eskuratu baino lehen.

c) Funtzionamendu ordutegitik kanpo, bide publikoan biltegiratu ezin diren instalazioko elementuak tolestuta, pilatuta edo bilduta edukitzea eremu baimenduaren barnean nahiz handik kanpo.

d) Baimendutako eremuaren mugak gainditzea eguzkitako, eguzki babes edo eguzki oihalen hegalekin, edo terrazako beste edozein elementuren hegalarekin, oinezko edo ibilgailuendako erreserbaturik dagoen oztoporik gabeko pasabidea inbaditurik.

e) Desobeditzea, udal lizentzia ez izateagatik edo lizentzian ezarritako baldintzetara ez egokitzeagatik, Udalak instalazioa edo bertako elementuetako bat kentzeko eskatu duenean.

f) Araudian eremuen eta pasabide libreen gainean ezarri diren neurriak ez betetzea.

g) Okupaturiko eremua eta ingurua behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.

h) Hiri altzariak edo baimendu gabeko beste euskarriren bat erabiltzea terrazako instalazioari eusteko elementu gisa.

i) Erre daitezkeen instalazioko elementuak (berogailuak, erregai botilak, plastikozko mahai eta aulkiak eta abar) tolestuta, pilatuta edo bilduta edukitzea, eremu baimenduaren barnean edo handik kanpo, edozein ordutegitan.

j) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen astunak sortzea, edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

3. Arau-hauste oso astunak:

a) Urtebeteko epean, 3 arau-hauste astun egitea.

b) Ordenantza honek berariaz debekatutako terrazak eta/edo beste elementu batzuk paratzea (ur hornidurako, saneamenduko eta elektrizitateko harguneak, musikako aparatuak edo bozgorailuak, irudi eta soinu ekipamenduak, jolas makinak edo ausazko jokoak, salmenta makinak, etab.).

c) Bide publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri zein higiezin izan, modu larri eta nabarmenean hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunaren asaldatzeak eragindakoak ez direnean.

d) Desobeditzea instalazioa edo bertako elementuetako bat kentzeko agindua, udal agintaritzak hala agindu duenean trafikoari, urbanizazioari, interes orokorrari edo udal interesari lotutako arrazoiengatik.

e) Berariaz baimendutakoa ez besteko edozein jardueran aritzea.

f) Bide publikoaren aprobetxamenduagatik ordaindu beharrekoak ez ordaintzea.

g) Terrazako instalazioa paratzea halako moldez non trabatu edo galarazi egiten baita ikustea edo behar bezala erabiltzea udal zerbitzu eta instalazioetarako bide publikoan paratuta dauden elementuak, edo oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren segurtasunerako elementuak.

h) Bide publikoko lurzorua okupatzea jendearen joan-etorria oztopatzen duten argitalpen edo elementuekin, edo hiri ingurunea narriatzen dutenekin.

i) Emakidaren titularra edo ohiko laguntzailea ez den beste norbaitek ustiatzea jarduera.

j) Terrazako instalazioa eskualdatzea, azpierrentatzea edo lagatzea, udalaren berariazko baimenik gabe.

25. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste arinak 60 eta 600 euro bitarteko isunekin zehatzen ahal dira. Isunak arau-haustearen larritasunaren araberakoak izanen dira.

Arau-hauste astunak 601 eurotik 3.000 eurora bitarteko isunarekin zehatzen ahalko dira, bai eta emandako lizentzia aldi baterako baliogabetuta ere, gehienez urtebeterako.

Arau-hauste oso astunak 3.001etik 6.000 eurora bitarteko isunarekin zehatzen ahalko dira, bai eta emandako lizentzia behin betiko baliogabetuta ere.

Aurreko atalean aurreikusitako moduan lizentzia baliogabetzen bada, establezimenduak ezin izanen du ordenantza honetan araututako baimenik eskuratu bi urte iragan arte, gehienez ere, ustiapena eskualdatu edo laga bada ere.

26. artikulua. Zehapenen bateragarritasuna.

1. Ordenantza honen arabera jarritako isuna gorabehera, instalazioa legeztatzen ahalko da, hala egitea bidezkoa bada, eta baimendu gabeko aprobetxamenduari dagozkion tasak eta errekarguak ordaindu beharko dira.

2. Era berean, ikuskapenean egiaztatzen bada baimendutakoa baino aprobetxamendu handiagoa egiten ari dela, abiarazten den zehapen espedientearen emaitzaz gain eta interesduna lizentziaren baldintzei egokitzera behartzeaz gain, eremu publikoaren okupazioaren gehiegizko aprobetxamendu horren tasa ere likidatuko da, baimendu gabeko instalazioa egon den denborari dagokion heinean.

3. Agindu berak tipifikaturiko hainbat arau-hauste egiten badira, horiek ez dira arau-hauste jarraitutzat joko, banan-banan zehatuko baitira.

27. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Ordenantza honetan araututako arau-hausteak epe hauetan preskribatuko dira:

a) 6 hilabetera arau-hauste arinak.

b) Bi urtera arau-hauste astunak.

c) Hiru urtera arau-hauste oso astunak.

Epe horiek zenbatuko dira egintza zehagarria egiten denetik hasita edo, hala badagokio, arau-haustea denboran luzatzen bada, egiteari uzten zaionetik hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1. Ordenantza honek indarra hartzen duenean funtzionamenduan dauden terrazek sei hilabeteko epea izanen dute terraza eratzen duten elementu guztiak ordenantza honi egokitzeko eta udal lizentzia eskatzeko.

2. Ordenantza honek indarra hartu eta hiru hilabete betetzen direnean, Faltzesko Udalak Terrazen Kontrol Plana abiaraziko du, instalazio guztiak berrikusteko eta bertan ezarritakoari haien elementu guztiak egokitzeko.

Kontrol Plan horren emaitzaren berri emanen zaie egokitzapenak eta/edo udal lizentziaren eskaera behar duten ustiategien titularrei. Horretarako, 1. puntuan adierazitako epe bera izanen dute, ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera zenbatuko dena.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65. artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2106901