121. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

20E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betikoz onesten baita “Salestarren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren” aldaketa xehatua Eguesibarko udal-mugartean, “Merkataritza gune handiko” etxe-uharteri dagokiona, Atalaya Superficies Comerciales SLk sustatua.

I.–Aldaketaren xedea eta aurrekariak.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 10E/2020 Ebazpenaren bidez, hasiera batez onetsi zen “Salestarren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren” aldaketa xehatua, Eguesibarko udal-mugartean, “Merkataritza gune handiko” etxe-uharteri dagokiona, Atalaya Superficies Comerciales SLk sustatua.

Aldaketak “Jarduera ekonomikoa. Merkataritza gune handia” izeneko etxe-uhartea ukitzen du, birpartzelazio proiektuan C1 lurzatia identifikazioa duena. Aldaketak honako helburu hauek ditu:

–Aldatzea lurzatiko eraikinaren gehieneko lerrokadurak.

–Solairuen eraikigarritasuna birbanatzea. Horren ondorioz, lurzatiaren eraikigarritasuna handitzen da, hirigintzako aprobetxamendua handitu gabe.

–Baimendutako gehieneko solairu kopurua handitzea, aldatu gabe eraikinaren gehieneko altuera.

–Aldatzea araudiko honako artikulu hauek: “12. Erabileren bateragarritasuna” eta “50. Ekonomia jarduerarako erabilera: merkataritza gune handia”.

Tresna horrek Eguesibarko udal-mugarteko Salestarren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko determinazioak aldatzen eta garatzen ditu, hirigintza-antolamendu xehatutakoak; haiek tramitatzea eta onestea Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagokio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikuluarekin bat etorrita (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

II.–Jendaurrean jartzeko eta entzunaldiko tramitea.

Hasierako onespenaren ebazpen hori 2020ko 135. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 19koan, eta hilabeteko epea ireki zen jendaurrean egoteko eta alegazioak egiteko.

Horretarako ezarritako epearen barrenean, 2020ko uztailaren 20an, Sarrigurengo Salestarren ikastetxeak alegazio idazki bat aurkeztu zuen. Jarraian, alegazio horiek laburtu eta erantzuna ematen zaie:

A. Edukiaren laburpena.

Lehena.–Uste du administrazioak hasierako onespenaren akordioa jabe guztiei jakinarazi behar ziela edo, gutxienez, interesduna izanik, Salestarren UPSren UE-1eko konpentsazio batzordeari, sistematik at gelditzea eskatu zuten jabeei egindako desjabetzearen ondoriozko lurzati baten jabe baita.

Bigarrena.–Adierazten du proposatutako aldaketak mahai gainean jartzen duela baimendutako bi erabilera berrietarako aukera (kirol eta osasun arlokoak), merkataritza gune handirako bideratutako lurzatian.

Hirugarrena.–Uste du ez dela zuzena erabileren araubidearen aldaketa mahaigaineratzea lurzati bakarrarentzat, eta ez, ordea, gainerako lurzatientzat. Aldaketa proposamenak ahalbidetzen ditu merkataritza gune handiko erabilerarako lurzatian hirugarren sektoreko erabilerarako lurzatientzat baimendutako erabilera guztiak.

Ez dago justifikatuta hirugarren sektoreko lurzatietan ekipamendu pribatuaren erabilerak %20ko muga izatea eta merkataritza gune handiko lurzatian, berriz, %30koa.

Halaber, ez da justifikagarria hirugarren sektoreko erabilerarako lurzatien tolerantzia baldintzak aldatzea eta, gainera, horiek merkataritza gune handiko erabilerarako lurzatiarenak baino murriztaileagoak izatea. Hori hala da hirugarren sektoreko lurzatien arautzeari “proiektatutako eraikinaren erabilera nagusia hirugarren sektorekoa denean” esaldia erantsi zaiolako, horrek galarazten baitu ekipamendu pribatua era independentean ezartzea.

Era berean, uste du ez dela onargarria erabilera mugak ezartzea eraikinei hirugarren sektoreko lurzatien kasuan, eta merkataritza gune handiko lurzatian, berriz, lurzatiari; izan ere, baimendutako erabilerak ezartzeko aukera nabarmen murrizten da eraikinen kasuan.

Horrekin guztiarekin, interesdunaren ustez, merkataritza gune handiko lurzatiaren baldintzak hobetzeaz gain, hirugarren sektoreko erabilerarako lurzatienak kaltetzen ari dira.

Laugarrena.–Proposatzen du ahalbidetzea hirugarren sektoreko erabilerarako lurzatietan txikizkako merkataritza ezartzea, hori jabetza araubideari lotu gabe, ezta bakarrik hirugarren sektoreko eraikin batean ezartzera behartu gabe ere.

Halaber, proposatzen du mugatze bera jartzea hirugarren sektoreko lurzatietan eta merkataritza gune handiko lurzatietan baimendutako erabilerak ezartzeko.

Bosgarrena.–Adierazten du erabileren araubidean lurzati bakarrarentzat aldaketa egitea araubideari salbuespentzat hartzen ahal dela.

Horrenbestez: Eskatzen du ebaztea Salestarren UPSren aldaketan proposatutako erabileren aldaketak sartzea.

B. Erantzuna:

Alegatzaileak agertu duen lehen gaiaren inguruan, honako hau adierazi behar da: Udalez gaindiko Proiektu eta Plan Sektorialak eta horietan aldaketak onartzeko prozedurak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 45. artikuluak arautzen du) ez du ezartzen ukitutako edo interesatutako pertsona edo entitate guztiei banan-banan jakinarazi beharra, UPSren aldaketa baten hasierako onespena denean.

Bestetik, ezin gara bat etorri lurzati jakin baten erabileren aldaketaren inguruko alegatzailearen baieztapenarekin, baimendutako bi erabilera berri (kirol eta osasun arlokoak) ahalbidetzeko planteamendua “Merkataritza gune handia” izendatutako lurzoru osoaren gainekoa baita. Izan ere, proposatutako aldaketak ukituko lituzke gaur egun “Merkataritza gune handia” izendapena duten bi lurzati.

Dena den, egia da 12. artikuluaren (5) epigrafean sartutako aldaketen ondorioz, aldaketa gertatu dela zuzkidura pribatuaren erabileraren tolerantzia baldintzetan, “Hirugarren sektorea” izendatutako lurzoruaren barruan, eta hori ez dela justifikagarria eta ez dagoela aldaketaren xedearen barnean.

Halaber, alegazioak adierazten duen moduan, ez da arrazoirik eman zuzkidura pribatuaren erabilerei edo lantegi erabilerari ematen zaizkien mugatze desberdinak justifikatzeko, “Merkataritza gune handia” zein “Hirugarren sektorea” izendapena duten lurzoruetan.

Sustatzaileak orain aurkeztu duen dokumentazioan adierazten duenez, alegatzaileak adierazitako kaltea ikusita, uko egiten dio erabilera berriak emateari “Merkataritza gune handia” izendapena duen lurzoruari, eta orain arte bezala mantendu nahi du merkataritza gune handiko eta hirugarren sektoreko erabilerarako lurzatien araubidearen arteko egungo bereizketa. Izan ere, sustatzailearen asmoa ez da beste batzuk kaltetzea, ezta Salestarren UPSak ezarri duen erabileren araubide orokorra aldatzea ere.

Horrenbestez, merkataritza gune handiko eta hirugarren sektoreko erabilerarako ezarritako erabileren tolerantzia mugatzei dagokienez, alegazioa onartzen da. Hain zuzen, ez zaizkio baimendutako erabilera berriak gehituko merkataritza gune handiko erabilerari, horiek hirugarren sektoreko erabilerarako lurzatien merkataritza itxaropena gutxitzen badute, alegatzaileak adierazi duen bezala.

Halaber, aurrekoarekin bat, uko egiten dio merkataritza gune handiko eta hirugarren sektoreko erabileretan “lantegi” erabileraren baimendutako azaleraren portzentajea handitzeari, UPSren aldaketak proposatu moduan. Horrela, lurzati bakoitzeko gehienez azalera eraikigarriaren %10eko portzentajea mantenduko da, Salestarren UPSren araudiaren 12. artikuluak ezartzen duen moduan.

Sustatzaileak aipatzen du ez duela mugatu nahi hirugarren sektoreko erabilerarako lurzatietan zuzkidura erabilerak ezartzeko aukera. Alderdi horri ez zitzaion erreparatu merkataritza gune handiko erabileraren barnean erabilera hori proposatzean; hortaz, alegatzaileak aipatutakoa ontzat ematen du eta aurreko testua mantentzen da.

Alegatzaileak erabileren mugatzea eraikinei ezartzeaz aipatzen duenaren inguruan (hirugarren sektorekoko lurzatien kasuan, eraikinei ezartzea, eta merkataritza gune handikoaren kasuan, berriz, lurzatiari), sustatzaileak bere planteamendua justifikatzen du egin nahi den eta egiten ari den merkataritza ezarpenaren motagatik. Aitzitik, alegatzaileak aipatzen duen moduan, tolerantzia marjinak eraikinei ezartzen bazaizkie, eta ez lurzatiei, murrizten dira baimendutako erabilerak ezartzeko aukerak.

Sustatzaileak proposatzen du portzentajea modu berean ezartzea batean eta bestean, eta lurzati batean proiektatutako eraikin guztiei eragitea, eta modu horretan erantzuna ematea horren inguruko alegatzailearen eskaerari. Horrela ere, ez litzateke bi egoeren arteko desberdintasunik sortuko eta ez litzateke UPSren araudiaren funtsa aldatuko.

Alegatzaileak txikikazko merkataritza ahalbidetzeko (hura jabetza erregimenari lotu gabe eta hirugarren sektoreko erabilera nagusia duen eraikin batean ezarri gabe) egindako planteamendua ez dago behar bezala justifikatuta arrazoi objektibo, tekniko eta hirigintzakoen arabera. Halaber, eskaera horrek gainditzen du determinazio xehatuko aldaketa baten xedea eta irismena. Izan ere, erabilera globalaren aldaketa dakar, “Jarduera ekonomikoa: merkataritza gune handia” eta “Jarduera ekonomikoa: hirugarren sektorekoa” erabileren araubideak parekatzen baititu.

Azkenik, honako gai hau dago: lurzati bakarrerako erabilera araubidea aldatzea araubidearen salbuespentzat hartzen ahal dela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 80. artikuluak ezarritakoen arabera. Horren inguruan, lehenago aipatu den moduan, honako hau adierazi behar da: proposamenaren xedeetako bat zen “Jarduera ekonomikoa: merkataritza gune handia” izendatutako lurzoru osoaren erabileren bateragarritasun araubidea aldatzea, eta ez lurzati bakarrarena. Nolanahi ere, behin betiko onespenerako aurkeztutako dokumentazioan, sustatzaileak uko egiten die hasiera batez proposatutako aldaketa gehienei. Soilik mantendu du 12. artikuluaren (4) epigrafeko testua aldatzeko eskaera, eta hori ezarri nahi den merkataritza ezarpen eredura moldatzeko justifikatu da.

C. Proposamena:

Horrenbestez, proposatzen da aurkeztutako alegazioak partez baiestea, adierazitako gogoetekin bat.

III.-Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 411/2021 Ebazpenaren bidez, ingurumen ebaluazio estrategikoa egin da Eguesibarko udal-mugarteko “Merkataritza gune handiko etxe-uhartea” UPSren aldaketarako, ingurumenean ondorio nabarmenik ez duela iritzita. Atalaya Superficies Comerciales SL da sustatzailea.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2021eko maiatzaren 3ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebazpen honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Behin betikoz onestea “Salestarren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren” aldaketa xehatua, Eguesibarko udal-mugarteko “Merkataritza gune handiko” etxe-uharteari dagokiona, Atalaya Superficies Comerciales SLk sustatua.

3. Ebazpen hau eta onetsitako agiria Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Eguesibarko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari, alegatzaileari eta espedientearen sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin bat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik edo, hala bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epe horiek.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 6an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Onetsitako araudia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2107668