119. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

DEIALDIA, MÉDICA 2021 azokan parte hartzeko.

Ekitaldi hori Düsseldorfen izanen da, azaroaren 15etik 18ra.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako laugarren Nazioarteko Plana prestatu du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nafarroaren nazioartekotze-prozesuaren diagnostikoan, zeina oinarri hartu baita aipatu plana egiteko, Alemania lehentasunezko herrialdeetako bat da, eta ahalegin berezia eskaini behar zaio Nafarroa nazioartekotzeko orduan. Osasunaren arloa da herrialde horretako sektore estrategikoetako bat.

Düsseldorfeko MEDICA azoka urtero egiten da eta munduko garrantzitsuena da osasun arloko teknologiaren sektorean. Aurten azaroaren 15etik 18ra izanen da. Azoka honen azken edizioa 2019an egin zen. Orduan, MEDICAk 5500 erakusketari bildu zituen, eta COMPAMEDek, berriz, ia 800. Osotara 121.369 bisitari izan zituzten, haietako bi heren 170 herrialdetatik joanak.

Azokaren barrutian antolatzen dira bai konferentziak bai forum espezializatuak bai jarduerak, hala nola “Healthcare Brokerage Event” delakoa; hots, bilera plataforma bat, Enterprise Europe Network (EEN) sareak martxan jarria helburu honekin: enpresei, unibertsitateei eta ikerketa zentroei laguntzea entitate bazkideak identifikatzen, teknologia trukatzeko eta produktuak elkarrekin garatu eta fabrikatzeko, lizentzietarako, banaketa-akordioetarako, joint ventures motako kontratuetarako edo beste zeinahi lankidetza motatarako.

Nafarroako Gobernuaren ustez, azoka honek aukera handiak eskain ditzake medikuntzaren sektoreko Nafarroako enpresentzat, eta batez ere, teknologia diseinatzen eta ekoizten duten enpresentzat, bai eta osasunaren arloko eta laborategietako ekipamendua diseinatzen eta ekoizten dutenentzat ere. Hazten ari den arlo bat da, eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren barruan sartuta dago.

Ekintzaren helburuak:

• Azokaren prospekzioa egitea.

• Ezagutzea zein den medikuntzako gailuen eta osasun teknologiaren sektorearen egoera nazioartean.

• Negozio aukerak identifikatzea.

Sektorea.

• Osasun teknologia.

Ekintzaren edukia.

• Enpresen eta balizko bezeroen arteko topaketak antolatuko dira “Healthcare Brokerage Event” delakoaren baitan, Nafarroako Unibertsitateko Enterprise Europe Network sarearekin lankidetzan. Topaketa horien helburua da enpresei, unibertsitateei eta ikerketa zentroei laguntzea entitate bazkideak identifikatzen, teknologia trukatzeko eta produktuak elkarrekin garatu eta fabrikatzeko, lizentzietarako, banaketa-akordioetarako, joint ventures motako kontratuetarako edo beste zeinahi lankidetza motatarako.

• “Navarra Health” erakustoki instituzionala eskuragarri jartzea, parte hartzen duten enpresek bilerak egiteko topalekua izan dadin. Erakustoki hori Hall 15 pabilioi bateratuan jarriko da, zeina FENIN-Osasun arloko Teknologia Enpresen Espainiako Federazioak antolatzen baitu.

• Nafarroako entitateen sustapen katalogo bat prestatzea, azokan banatzeko.

• Entitate parte-hartzaileen sustapena eta zabalkundea eginen da, MEDICA azokan jarriko den “Navarra Health” erakustokian.

• Azokan sartzeko txartelak ematea (txartel bat enpresa bakoitzeko).

Nafarroako Gobernuak ez ditu ordainduko bidaietako, hoteletako, otorduetako, barneko joan-etorrietako edo enpresa bakoitzaren bestelako gastuak, horiek entitate parte-hartzaileen kontura izanen baitira.

Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak:

–Osasun teknologiaren sektoreko entitatea izatea (zentro teknologikoak, osasun teknologiako produktuak fabrikatzen dituzten enpresak eta abar).

–Helbide fiskala Nafarroan izatea eta Nafarroan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.

Eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, beranduenez 2021eko uztailaren 31ko 24:00etan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/convocatoria-para-la-participacion-en-la-feria-medica-2021. Dagokion eskaera-orria bete behar da. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arreta gune batzuk jarriko ditu, izapideen katalogoaren fitxan behar bezala iragarriko direnak. Gune horietan, aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko nahitaezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

Azokan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua.

MEDICA azokako ekintza honetan gehienez ere 25 enpresak parte hartzen ahalko dute. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura heldu arte.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Ekintza egiten denetik hasita 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 10ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2107665