117. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAKANAKO MANKOMUNITATEA

“Urdalurtik Irurtzunerako hornidura-sarea, Satrustegi-Etxarren tartea” proiektua eta haren eraginpeko ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda. Behin betiko onespena

Sakanako Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2021eko apirilaren 29an egin bilkuran, honako akordioa onetsi zuen:

“Sakanako Mankomunitateko Batzar Nagusiak, 2020ko azaroaren 12an egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zituen “Urdalurretik Irurtzunerako hornidura-sarea, Satrustegi-Etxarren tartea” proiektua gauzatzeak eragindako ondasunen eta eskubideen proiektua eta zerrenda, desjabetze-prozedurari ekin zion, eta jendaurrean jarri zuen hamabost egunez.

Jendaurreko informazioaren iragarkia 2020ko abenduaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 281. zenbakian, eta epe horretan ez da inolako alegaziorik egin. Hortaz, honakoa dagokio:

Lehenengoa.–”Urdalurtik Irurtzunerako hornidura-sarea, Satrustegi-Etxarren tartea” proiektua behin betiko onestea, bai eta haren eraginpeko ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda ere, eta onespen horretan inplizitu geratzen da onura publikoaren deklarazioa eta okupazio-beharra.

Bigarrena.–Nafarroako Gobernuari eskatzea, horretarako organo eskuduna den aldetik, aldaketak ukitutako ondasun eta eskubideak presakotzat jo ditzala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako ondorioetarako, Zuhatzu, Etxarren, Ekai eta Arakil udalerrietako kontsumoko ur-hornidura bermatu behar delako, foru, nazio eta erkidego mailako osasun-eskakizunak bete ditzan, Mikel Martinez de Zuazo Letamendi Ingeniari Teknikoa den jaunaren txostenean adierazten den bezala.

Hirugarrena.–Ukitutako ondasun eta eskubideen balio justuaren ordainketari eta desjabetze-prozeduratik eratorritako gainerako eduki-betebeharrei aurre egiteko behar den kreditu-atxikipena egitea.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Foru Komunitateko bi egunkaritan, eta Mankomunitateko eta Arakilgo Udaleko iragarki-taulan txertatzea, dagozkion ondorioetarako.

Bosgarrena.–Erabaki hau banan-banan jakinaraztea ukitutako ondasun eta eskubideen titular guztiei, eta adieraztea administrazio-bidea amaitzen duela eta, horren aurka, administrazio publikoak ez diren interesdunek, aldez aurretik eta nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dutela Sakanako Mankomunitatean, edo gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio publikoek azken errekurtso hori jarri ahal izango dute, edo, bestela, aurretiazko errekerimendua egin Sakanako Mankomunitatean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.”

Argitara ematen da, dagozkion ondorioetarako.

Lakuntzan, 2021eko maiatzaren 4an.–Lehendakaria, David Oroz Alonso.

Iragarkiaren kodea: L2107455