117. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

8/2021 FORU LEGEA, maiatzaren 10ekoa, Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO ABEREEN OSASUNARI BURUZKO AZAROAREN 16KO 11/2000 FORU LEGEA ALDATZEKOA.

HITZAURREA

Martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuaren bidez ezarri ziren abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak.

Foru dekretu horren 5. eranskinean Nafarroako abeltzaintza-ustiategien tamaina mugatzen da, epidemia-arriskuak direla-eta, halako moduz non ustiategi berriek edota jada badaudenen zabalkundeek ezin izanen dituzten gainditu ondoko gehienezko tamainak:

USTIATEGI-MOTA

GEHIENEZKO TAMAINA
POSTUAK EDO AZIENDA LARRIKO UNITATEAK (1)

Txerri-azienda

Azienda larriko 864 unitate

Broiler oilaskoak eta hegaztiak oro har

300.000 toki

Arrautzetarako eta hazteko oiloak

300.000 toki

Ugalketarako oiloak eta haiek haztea

60.000 toki

Kanpora irteten diren hegaztiak

50.000 toki

Galeperrak

600.000 toki

Esnetarako behiak

Azienda larriko 1.250 unitate

Haragitarako behiak (2)

Azienda larriko 1.250 unitate

Esnetarako ardi eta ahuntzak

6.000 ugaltze-animalia

Haragitarako ardi eta ahuntzak

8.000 ugaltze-animalia

Zaldiak

Azienda larriko 1.250 unitate

Untxiak

Azienda larriko 600 unitate

Erleen kokalekua (3)

200 erlauntza

Espezie desberdinak dituzten ustiategiak

Azienda larriko 1.250 unitate

(1) Azienda larriko unitate. Koadro honetako azienda larriko unitateak kalkulatzeko, aintzat hartuko dira 1. eranskineko azienda larriko unitateen baliokidetzak.

(2) Azienda suharraren ustiategiak barne.

(3) Gehienezko tamaina erleen kokalekuena da, baina ustiategi batek berak kokaleku bat baino gehiago izan ditzake.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emandako 114/2020 epaiak, ekainaren 8koak, baliogabetu egin zuen behi-azienden sektoreko abeltzaintza-ustiategien tamainari jarritako muga, eta halaber baliogabetu zuen jada badauden behi-azienden sektoreko abeltzaintza-ustiategien handitze-ezintasuna, gehienezko tamaina hori gaindituz gero.

Gaur egun, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzeko foru lege proiektu bat prestatzeko izapideak hasi ditu, bertan jasotze aldera Nafarroako ustiategietan animalien osasun-baldintza egokiak bermatzeko beharrezkoak diren tamaina- eta edukiera-betekizunak. Hori dela eta, aurreikusten da hurrengo hilabeteetan iritsiko dela Nafarroako Parlamentura Foru Komunitatean abeltzaintza-ustiategiak jartzeko baldintzak ezarriko dituen foru lege proiektua.

Hala ere, aipatu araua izapidetzen den bitartean, premiazkoa da luzapen bat onestea, galaraziko duena Nafarroan behien ustiategietarako inolako edukiera-mugarik ez egoteak -gainerako ustiategietarako ez bezala- kalte konponezinak ekartzea zaindu nahi den interes publikoari, legeak izapidetu, jendaurrean jarri, sektoreari kontsulta egin eta, kasua bada, Parlamentuak onesteko behar den denboran zehar.

Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzea, honela:

1. artikulua. Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzen da, hari hirugarren xedapen iragankor bat gehituz. Hona hemen testua:

“Hirugarren xedapen iragankorra.–Etetea.

1. 2022ko maiatzaren 30era arte ez da eskabiderik onartuko, ez eta abeltzaintza-baimenik emanen ere, azienda larriko 1.250 unitate baino gehiagoko edukiera duten behien abeltzaintza-ustiategiak jartzeko.

2. Halaber, ez da eskabide berririk onartuko, ez eta baimen berririk emanen ere, jada badauden behien abeltzaintza-ustiategiak handitzeko, baldin eta zabalkundearen emaitza azienda larriko 1.250 unitate baino gehiagoko ustiategia izanen bada.”

Azken xedapena.–Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 10ean.–Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2107708