73. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

147/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 3koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, alarma egoerak irauten duen bitartean zentro soziosanitarioetan esku hartzeko behar diren neurriak osatzen dituena eta zentro bat identifikatzen duena Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduan eta foru agindu honetan aurreikusitako neurriak hartze aldera.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan aurreikusitako egoera gertatzean hartzen ahalko diren neurriak. Aipatu aginduan hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz, betiere egoitza bakoitzaren egoera epidemiologikoa eta asistentziala kontuan hartuz.

Martxoaren 30eko 141/2020 Foru Agindu horren 1.2 apartatuan aurreikusten denez, zentro soziosanitario horietan zerbitzua kalitate egokiarekin mantentzeko beharrezkoa den plantilla osatzea ezinezkoa denean, Eskubide Sozialetako Departamentuak kontratazioak egiten ahalko ditu.

Bidezkoa da, batetik, oraingo egoeran posible diren neurri gehiago hartzea plantillak osatu edo indartu behar direnean, alarma egoerak irauten duen bitartean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo hari atxikitako langileak behin-behinean esleitzeko aukera kontuan hartuz, eta, bestetik, esku hartu beharreko beste zentro bat identifikatzea, bere plantillari laguntzeko eta neurri hau aplikatzeko.

Tuterako Erruki Etxea zahar-etxean martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan aurreikusitako egoera gertatzen da, espedientean jasotako txostenetan adierazten denez.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan, eta koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 25eko 1/2020 Foru Lege-dekretuan ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Eskubide Sozialetako kontseilariak martxoaren 30ean emandako 141/2020 Foru Aginduan aurreikusitako neurriei beste hau gehitzea: Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari gaikuntza ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo hari atxikitako langileei zereginak ezartzeko identifikatutako zentro soziosanitarioetan, aipatu foru aginduak ezarritakoaren arabera esku hartze aldera, betiere zerbitzua kalitate egokiarekin mantentzeko beharrezkoa den plantilla osatzea ezinezkoa denean eta kasu bakoitzean bete beharreko tramiteak bete ondoren. Foru agindu horrek aurreikusten du neurri batzuk ezartzea COVID-19ak ukitutako zentro sozio-sanitarioetan, martxoaren 23ko SND/275/2020 Agindua aplikatu beharrez.

2. Identifikatzea Tuterako Erruki Etxea zahar-etxea esku hartu beharreko zentro soziosanitario gisa, Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduarekin bat.

3. Aurreko apartatuan identifikatutako zentrorako neurri gisa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo hari atxikitako langileak esleitu ahal izatea zentro horretan eginkizun publikoak betetzeko edo zerbitzuak emateko.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabidearen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko apirilaren 3an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004409