56. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

188E/2020 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena Deierriko “San Martin” lauza harrobia ustiatu eta lehengoratzeko proiekturako. Sustatzailea Francisco San Martin SL da.

2019ko maiatzaren 3an, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko h epigrafean.

2019ko maiatzaren 15ean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, ingurumen organoa den aldetik, zenbait kontsulta egin zizkien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, eta proiektuaren ingurumen agiria igorri zuen kontsulta egiteko 30 eguneko epean, 21/2013 Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Tramite horretan honako hauei egin zitzaien kontsulta: Deierriko Udala, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atala, Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atala, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala, Herri-lurren Atala, Meatzeen Atala, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia, Herri Lan Zuzendaritza Nagusia, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Nafarroako Ekologistak Martxan, GURELUR, LURRA elkartea, Sustrai Eraikuntza fundazioa eta SEO Birdlife. Honako hauek erantzun zuten: Deierriko Udala, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala, Herri-lurren Atala, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atala eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

2019ko uztailaren 3ko idazkiaren bidez, kontsulten tramitean jasotako erantzunak igorri zitzaizkion sustatzaileari, eta dokumentazio osagarria eskatu: ukitutako landareen gaineko azterlana eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostena, ukitutako eremuan egon daitezkeen aztarnategi arkeologikoen gainekoa.

Idazki berean, sustatzaileari eskatu zitzaion agiri bidez justifika zezala zer behin betiko egoera zuten katastroan ukitutako finkek eta proiektuaren mugan zeudenek, une hartan espediente bat tramitatzen ari baitzen katastroa aldatzeko. Espediente hark proiektuko lurzatien eta “La Planilla” finkaren arteko muga ukitzen zuen. Finka hori Nafarroako Oihan Ondarekoa da, eta onura publikoko mendi deklaratuta dago. 2019ko urriaren 16an, sustatzaileak eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen, barnean zegoela katastroa aldatzeko espedientea ezesten zuen ebazpena (Deierriko alkate udalburuaren 2019ko ekainaren 4ko Ebazpena).

Proiektuak helburu du hareharrizko lauzen harrobi bat handitzea. Haren hasierako espedientea baimendu zen, ingurumen ondorioetarako, Lurraldearen Antolamenduko, Etxebizitzako eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 26ko 530/1988 Ebazpenaren bidez.

PROIEKTUAREN LABURPENA

Jarduera Deierriko udal-mugartean kokatzen da, 31. poligonoko 1. eta 2. lurzatietan, Erendazu izeneko alderdian. “Lizarra-Beasain” NA-120 errepideko 13+500 KPtik du sarbidea gutxi gorabehera, ezkerreko bide batetik, zeinak bat egiten baitu tarte txiki batean La Planilla pasabidearekin. 85 bat metro igarota, ezkerreko beste bide bat hartu behar da, harrobiko sarbide soila dena eta hesiak eta seinaleak dituena.

28.457 m² da jarduketa perimetroak hartzen duen azalera guztia, barne daudela lehenago eraldatutako eremuak eta orain lehengoratze prozesuan daudenak. 6.767 m² da perimetro horren barnean ustiatuko den azalera berria. Batez ere mendebaldean kokatzen da.

Erauzketaren xedea da lauzak eskuratzea, 2 cm-tik 20 cm-ra bitarteko lodiera dutenak, batez ere estaldurak eta harri-hormak eraikitzeko. Erauzketa mekanikoa edo eskuzkoa da, leherketarik gabekoa. Lurra kentzen da atera beharreko hareharrizko geruza agertu ahala, zeina hareharrien eta kalkareniten goiko aldeetatik joaten baita. Lehenik, landare-lurraren azaleko geruza kendu eta biltzen da, eta gero, erauzketa mekanikoa egiten da atzerako zamatzaile batekin, zeinak lauzak mugitzen baititu askatu arte. Lauza askatuta, eskuz ateratzen da, barra eta mazoekin. Ustiategiak bi fronte txiki ditu, gehienez 3 metro garai direnak eta beheko kota 838 metrokoa dutenak.

Lauzak, halaber, atzerako zamatzailearekin kargatu (paletetan bildu) eta garraiatzen dira barnean. Paletak garabi batekin kargatzen dira kamioi batean, Lezaunen dagoen hargintza lantegira eramateko. Harrobian ez dago instalaziorik, baina proiektuaren eremutik kanpo, badaude tresnak gordetzeko zenbait etxola, elkarri atxikita.

Proiektuak kalkulatzen du 9.402 m³-ko harri erreserbak daudela gutxi gorabehera, eta urtero 200 m³ produzitzen direla (urteko 150 m³ saltzeko modukoak dira). Beraz, kalkulatutako balio-bizitza 62 urtekoa da, merkatuaren oraingo baldintzetan.

Leku zelaiek eta ezpondek osatzen dute azken topografia. Lehengoratze planak barne hartzen du azken ezpondetako goialdea kentzea eta zati batean betetzea, malda apaltzeko, eta ukitutako azalera guztian bildutako elkorrak eta lurrak eranstea. Planteatu da basoko zenbait espezie birlandatzea. Ustiapenarekin batera eginen da lehengoratzea, bukatutzat jotzen diren eremuetan.

Ustiapenaren perimetroaren barnean dagoeneko lehengoratutako eremuak daude, baita lurren eta elkorren pilaketak ere, lehengoratze lanetan erabiliko direnak. Proiektuan zehaztutako perimetrotik kanpo ere lehengoratu dira lehengo erauzketa eremuak. Lehengoratzeak aurrera egin behar du txosten honetan eta lehengoratze planean ezarritako irizpideei jarraituz.

Ustiategitik kanpo ateratako lur eta harri garbiak erabil daitezke lehengoratzean, txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira.

INGURUMEN ARLOKO BALORAZIOA

Adierazi behar da handitu gogo den jarduera martxan dagoela, ingurumenaren arloko aldeko ebazpena baitu (Lurraldearen Antolamenduko, Etxebizitzako eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 26ko 530/1988 Ebazpena).

6.767 m²-koa da proiektuak zuzenean ukituko duen eremu naturala, aldez aurretik eraldaturik ez dagoena. Proiektuaren eremuko mendebaldean dago, eta basoberako garriga bat da, Quercus rotundifolia, sasiak eta elorriak dituena. Dagoeneko eraldatuta, lehengoratuta edo lehengoratzeko dago ukituko den perimetroaren barnean sartutako gainerakoa, pilaketa eta karga eremuak alde batera utzita.

Proiektuak ez du naturagune babesturik ukitzen, ezta Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremurik ere. Txosten honetan jasotako mugen barnean garatzen bada proiektua, ez da “La Planilla” ondoko finka ukituko, zeina Nafarroako Oihan Ondarekoa baita eta onura publikoko menditzat baitago katalogatuta.

Ez da inpaktu aipagarririk aurreikusten paisaian, ustiategia ez baitago oso agerian eta sortutako ezpondak txikiak baitira. Edonola ere, ez da zuzenean ikusten komunikabideetatik edo herrietatik, basoak jarduera inguratzen duelako, pantaila baten modura.

“La Planilla” pasabidearen tarte bat ustiategira sartzeko erabiltzeari dagokionez, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalaren aldeko txostenaren baldintzak erantsi zaizkio txosten honi.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostena eman zion proiektuari 2019ko abuztuaren 26an, non adierazi baitzuen ez dagoela katalogatutako aztarnategi arkeologikorik proiektuak zuzenean ukituko duen eremuan. Txosten horretan adierazi zen non dagoen kokaturik “La Planillako menhirra” interes kulturaleko ondasuna. Hortaz, debekatzen da 100 metroko radioko lur eremua eraldatzea. Adierazi behar da proiektuak ukituko duen eremuaren muga 1.000 metrotik gora dagoela ondasun horretatik.

Ondorio nagusia da obrek ez dutela inpaktu larririk izanen ingurune naturalean, nahiz eta, proiektua gauzatzearen ondoriozko ingurumen ukipenak gutxitzeko, ondorioen prebentzio eta zuzenketa neurri batzuk ezarri diren txosten honetan, proiektuaren ingurumen agirian proposatutakoez gainera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumeneko organoak ebazpen arrazoitua emanen duela zehazteko proiektua ohiko ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri behar den edo proiektuak ez duen eragin aipagarririk ingurumenaren gainean.

Jarduketa litezkeen ingurumen ukipenei dagokienez aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du aldeko txostena eman behar dela ingurumen eraginaz den bezainbatean, eta zehaztu du proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, txosten honetan ezarritakoaren arabera.

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txostena egitea Deierriko “San Martin” lauza harrobia ustiatu eta lehengoratzeko proiekturako, (sustatzailea Francisco San Martin SL da), estimatu baita ez duela eragin aipagarririk ingurumenaren gainean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako ezarritako irizpideekin bat, txosten honetan ezarritakoa betez gero:

A) Erauzketa jarduera UTM koordenatu hauek (ETRS 89/ Zona 30N) zehazturiko perimetrora mugatzen da, Deierriko 31. poligonoko 1. eta 2. lurzatien barnean:

ERPINA

UTM X

UTM Y

1

580.672

4.735.094

2

580.707

4.735.069

3

580.711

4.735.063

4

580.707

4.735.047

5

580.721

4.735.029

6

580.714

4.735.007

7

580.732

4.734.985

8

580.751

4.734.993

9

580.768

4.735.024

10

580.799

4.735.067

11

580.792

4.735.079

12

580.829

4.735.124

13

580.848

4.735.214

14

580.842

4.735.254

15

580.775

4.735.221

16

580.758

4.735.204

17

580.692

4.735.164

18

580.606

4.735.102

19

580.622

4.735.059

Erpin horiek lurrean finko paratuko diren mugarrien bidez seinalatuko dira. Ez da inolako okupazio berririk eginen (erauzte-lanak, material pilaketa, makinen joan-etorriak, pistak...) aurreko puntuetan mugatutako guneetatik kanpo.

B) Bereziki, ez da erauzketa jarduerarik eginen Deierriko 13. poligonoko 1. lurzatian, “La Planilla” finkan, zeina Nafarroako Oihan Ondarekoa baita eta onura publikoko menditzat baitago katalogatuta. Lurzati horretan, lehengo erauzketa eremuak lehengoratzeko lanak eginen dira, txosten honetan eta lehengoratze planean ezarritako irizpideekin bat.

C) Edozein lur mugimendu hasi baino lehen, ukitzen den eremuko landare-lurra altxatu eta pilatuko da, oso-osorik erabil dadin lehengoratze-lanean. Ustiategiaren ertzean sortzen diren elkorretatik aparte bilduko dira landare-lurrak.

D) Proiektatutako fase-planen arabera eginen da lehengoratzea, erauzketarekin batera, lur eremua zati batean betez elkorrez eta beste lur mota batzuetaz eta bildutako landare-lurra zabalduz azalean. Ustiategiko ezpondak 3 metro garai izanen dira gehienez. Lehengoratzean, ezpondetako goialdea kenduko da, eta malda 2H:1V edo apalagoa izanen da.

E) Lehengoratze lanetan betegarri gisa erabiltzen ahalko dira ustiapenean baztertutako materialak eta hondeaketa lanetako lur eta harri garbiak. Landare-lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereiz pilatuko da, eta betegarriaren azaleko geruzetarako erabiliko da.

F) Kanpoko hondeaketa lurrak harrobira garraiatu ahal izateko, enpresak alta emanda egon beharko du hondakin arriskugabeen (hondeaketa material naturalen) kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa materialen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).

G) Landareak kentzea eskatzen duen eremu batean erauzketa hasi baino lehen, ebakitzeko baimen administratibo eskuratu beharko da, eta ingurumen zaindariei (Lizarra iparraldeko barrutia) gaztigatu, obra-zuinketa gainbegiratzeko eta zuhaitzak markatzeko.

H) “La Planilla” pasabidearen tarte bat harrobira sartzeko erabiltzeari dagokionez, baldintza hauek bete beharko dira:

–Ezin izanen dira bideen zoladura eta trazadura aldatu, ezta abelbidearen gaineko lurzatietarako sarbideak ere.

–Tarte horretan, errespetatu behar da lehentasuna dutela abereen joan-etorriek eta abelbidearen gainerako erabiltzaileek.

I) Lehengoratutako eremuak landareztatzeko, garrigaren baso zerrendako espezieak landatuko dira. Honako hauek gomendatzen dira: Acer monspessulanum-a, Acer campestre-a, Juniperus communis-a, Viburnum lantana, Ligustrum vulgare-a, Rosa sp-a, Crataegus monogyna eta Quercus rotundifolia. Ureztatu beharko da eraldatutako azalerak lehengoratzeko landatutakoa, eta hutsarteak bete, egiaztatu arte landareztatzeak arrakastaz irauten duela.

J) Ustiategia bukatuta eta hark ukitutako azalak lehengoratuta, ustiapen faseko ekipo eta instalazio osagarri guztiak desmuntatu eta kenduko dira (tresnak gordetzeko etxolak).

K) Aztarna arkeologikorik agertuz gero, segituan gaztigatuko zaio Nafarroako Gobernuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

L) Ingurumen jarraipena. Hiru urtean behin prestatuko dira ingurumen jarraipenari buruzko txosten arruntak, eta bereziak, berriz, behar izaten denean. Horietan, okupazioaren mugak egiaztatuko dira, planoetan islatuko dira ustiategiaren zuloak duen topografia eta lehengoratutako azalerak (lurra non erantsi den eta non landareztatu den).

Hiru urtean behingo txosten horiek, hala organo substantiboari nola Deierriko Udalari igorriko dizkio sustatzaileak. Orobat, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.

2. Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari jakinarazten zaio 10.725 euro egokitzat jotzen dela gordailutu beharreko abal gisa, lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatzeko, harrobiaren baimen substantiboaren barnean, Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuari jarraituz.

3. Sustatzaileari adierazten zaio proiekturako jarduera lizentzia eskatu behar diola Deierriko Udalari, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearekin bat. Tramitazio horretan lurzoru urbanizaezineko baimena ere sartu behar da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren arabera.

4. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko egintzaren aurka bide administratibo edo judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Deierriko Udalera, Basozaintzara (Lizarra iparraldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 10ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2002163