54. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko martxoaren 4an hartua, zeinaren bidez presakoa deklaratzen baita “Cintruenigoko Hondakin Uren Araztegia (HUA) handitzea, ur araztuak findu eta kontrolatzeko” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 913/2019 Ebazpenaren bidez (2020ko 18. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 28koan), behin betiko onetsi zen “Cintruenigoko Hondakin Uren Araztegia (HUA) handitzea, ur araztuak findu eta kontrolatzeko” izeneko proiektua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, proiektua jendaurrean egon den aldian egindako alegazioei erantzun ondoren.

2020ko urtarrilaren 28an, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk, Cintruenigoko Udalarekin ezarrita duen lankidetza araubideaz baliatuz, eskaera egin zion Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari presakoa deklara zezan aipatu proiektuaren lanen ondoriozko desjabetze espedientea. Era berean, egiaztagiri bidez frogatu du aurrekontu-kontsignazio egokia ukitutako eskubide eta ondasunak okupatzeagatiko balio justuari aurre egiteko.

Instantzia bidez, zeina 2020ko otsailaren 4an sartu baitzen Erregistro Orokorrean, justifikazio txosten bat igorri zuen Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk desjabetze prozedura hori tramitatzeko presari buruz.

Hona zeri zor zaion proiektuaren lanek ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatzeko presa: beharrezkoa da araztutako urak findu eta kontrolatzeko sistema bat ezartzea; izan ere, araztegi horrek Alhama ibaira isurtzen ditu bere urak, eta arro hori oso sentikorra da ingurumenaren aldetik. Nafarroako geografian, Alhama ibaiaren arroa sentikorrenetako bat da; horrexegatik, jarduketa hau estrategia orokor baten barnean sartzen ahal da, hain zuzen ere, existitzen diren plantetan segurtasun neurriak ezartzea xedetzat duen estrategia baten barnean, ur ibilgu hartzailera egindako isurketen inpaktua murrizteko ingurumenaren arloko balizko larrialdietan.

Era berean, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 2.5 artikuluan oinarrituz, foru lege honen menpeko entitateek kontratazio publikorako jarduera programatu beharra dute, zeina aurrekontu-ekitaldi batean edo urte anitzeko epeetan garatuko duten; aldez aurretik jakinaraziko dute beren kontratazio-plana, beren aurrekontuen onespenarekin batera. Zentzu horretan, proiektu hau programatu eta onetsi zen aipatu sozietatearen 2019rako jarduketa planaren barnean. Plan hori “Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzailea - Goi saneamendua” izenekotik dator, zeina Nafarroako Gobernuak onetsi baitzuen 2019ko maiatzaren 8an.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk alegatutako arrazoiak ikusita eta aurrekontuan balio justua ordaintzeko kreditu nahikoa badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa deklaratzea “Cintruenigoko Hondakin Uren Araztegia (HUA) handitzea, ur araztuak findu eta kontrolatzeko” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau jakinaraztea Nafarroako Toki Azpiegiturak Sari eta Cintruenigoko Udalari, eta igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Tokiko Kudeaketaren Atalera.

Iruñean, 2020ko martxoaren 4an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2003525