54. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko martxoaren 4an hartua, foru intereseko inbertsio deklaratzen duena Nafarroan bost parke eoliko abian jarri eta ustiatzeko enpresa-proiektua, Enerfin Sociedad de Energía SL enpresak sustatua.

Enerfin Sociedad de Energía SL enpresak eskatu du foru intereseko inbertsio deklaratzea bost parke eoliko hauek, guztira 171 MW egiten dutenak, abian jarri eta ustiatzeko enpresa-proiektua:

–“Corral del Molino I”, Tuterako udal-mugartean.

–“Corral del Molino II”, Tuterako udal-mugartean.

–“La Senda” parke eolikoa, Corellako, Castejongo eta Tuterako udal-mugarteetan.

–“El Montecillo”, Corellako udal-mugartean.

–“Volandín”, Ablitasko, Fontellasko, Tuterako eta Murchanteko udal-mugarteetan.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak enpresa proiektu hori ebaluatu du, eta, kontuan harturik proiektuaren ezaugarriak, proposatu du foru intereseko inbertsio deklaratzea abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritako ondorioetarako; foru lege horrek administrazioa errazteko neurriak ezarri zituen enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, foru intereseko inbertsio deklaratzea bost eguzki-instalazio fotovoltaiko, erabaki honen azalpen zatian identifikatutakoak, abian jarri eta ustiatzeko enpresa-proiektua, Enerfin Sociedad de Energía SL enpresak sustatua; foru lege horren bidez administrazioa errazteko neurriak ezarri ziren enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin. Deklarazio honek inbertsio proiektua bukatu arte izanen ditu ondorioak.

2. Erabaki hau Nafarroako Parlamentuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordera igortzea, abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Enerfin Sociedad de Energía SL jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 4an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2003522