38. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza, Tutera Renove proiektuaren eremuan birgaitzeko obrak egiteko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2019ko azaroaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zituen aldaketa batzuk Tutera Renove proiektuaren eremuan birgaitzeko obrak egiteko laguntzak arautzen dituen ordenantzan, zehazki honako hauetan: 9. artikuluan, 2. artikuluan eta I. eranskinean jasotzen den zaurgarritasun egoeren sailkapenaren taulan; 5. artikuluan (2. paragrafoan); 6.2 a) artikuluan; eta 10.2, 11.2, eta 11.3 artikuluetan. Horiez gain, xedapen iragankor bat eransten da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2019ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 19an, baita Udalaren ediktuen taulan paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1 c) artikuluan dauden aginduak bete beharrez, behin betiko onetsitako aldaketak argitaratzen dira, ondotik ematen diren eranskinetan ezartzen den bezala.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen aldaketa hauen aurka –xedapen administratibo orokorra baitira– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1 b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tuteran, 2020ko otsailaren 5ean.–Lurralde Antolamenduaren Arloko zinegotzi ordezkaria, Zeus Pérez Pérez.

UDAL ORDENANTZA, TUTERA RENOVE PROIEKTUAREN EREMUAN HIRIA BIRGAITZEKO ETA BERRONERATZEKO OBRAK EGITEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA. TUTERAKO UDALA

HITZAURREA

Udalak eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA (Nasuvinsa) enpresa publikoak 2018ko maiatzaren 8an sinatutako hitzarmenaren eremuan sartuta dago ordenantza hau. Hitzarmen horrek helburu du hiri-berroneratze prozesuetan laguntzea, LIFE-IP NAdapta-CC proiektu europarraren 6.8 ekintza pilotua garatzeko (energia berroneratzerako eta hiri inguruneak klima-aldaketara egokitzeko ekintza pilotua, alegia).

Tuterako Hiria Plan Estrategikoaren helburu nagusienetako bat da hiri jasangarri baterako eredu bat sustatzea, eraikitako hiriaren birgaitzea eta berritzea oinarritzat hartuta, etxebizitza sozialeko auzoetan energia-berroneratzean laguntzen, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen eta pobrezia energetikoaren kasu kopurua murrizten.

Batetik, ordenantza honek arautzen ditu etxebizitzetako eraikinen eta horien instalazioen efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketetarako laguntza orokorrak. Jarduketa horiek irisgarritasun unibertsala hobetzeko obrekin batera egin daitezke, eraikinetan zein horien inguruan garatzekoak, ingurumena errespetatzen duen arkitektura jasangarria sustatzeko.

Bestalde, obra mota horiek egin nahi dituzten jabeen erkidegoek akordioak har ditzaten lagundu nahi da. Horretarako, zaurgarritasun egoera larriagoan dauden bizilagunen kuotak finantzatzen dira ein handi batean.

Horrela, bestelako laguntza bereziak emateko irizpideak ezartzen dira, horretarako erreferentzia harturik Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako premiazko neurriak arautzen dituen urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege-Dekretua. Bertan neurriak ezartzen dira zaurgarritasun egoeran dauden kontsumitzaileak babesteko eta pobrezia energetikoaren aurka borrokatzeko. Horrez gain, elektrizitate-bonu sozialarekin loturiko alde batzuk aldatzen dira, energiaren beste erabilera batzuk hartzen dira aintzat eta berokuntza erabilerarako bonu soziala sortzen da, berokuntzarako eta etxeko ur berorako energiaren faktura arintzearren.

“Kontsumitzaile zaurgarria” eta “kontsumitzaile zaurgarri larria” izenekoen figurak zehazten dira errege lege-dekretu horretan, Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoari (OAEAP) loturiko errenta-muga jakin batzuei begira, bizikidetzako unitateko kide kopuruaren arabera eta erreferentziatzat hartzen diren inguruabar berezi jakin batzuen arabera.

Horrenbestez, eraikitako hiria berroneratzea eta birgaitzea dira helburuak, Tuterako hiri inguruan pobrezia energetikoaren aurka borrokatzeko eta klima-aldaketara egokitzeko.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Tuterako Udalak ematen dituen laguntza batzuen araubide juridikoa erregulatzea. Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoa (EEBB)-Nasuvinsako eskualdeko bulegoaren bidez banatzen dira laguntzak, hiri-berroneratzerako jarduketak sustatzeko, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzearren eta pobrezia energetikoaren kasu kopurua murriztearren, betiere Tutera Renove proiektuaren barnean:

–Etxebizitzetako efizientzia energetikoa eta jasangarritasuna.

–Irisgarritasuna eta segurtasuna, erabiltzeko orduan.

Ordenantza honen laguntzek honako hauetan jasotakoari jarraituko diote: ordenantza bera, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena) eta aplikatzekoak diren administrazio zuzenbideko gainerako arauak.

2. artikulua. Esparrua.

Etxebizitza kolektiboan egiten diren jarduketei aplikatuko zaizkie laguntzak, 3. artikuluan zehaztutako obra motakoak badira eta Tutera Renove bezalako energia-berroneratze udal ekimen batean sartutako jabeen erkidegoek, etxebizitzako batasunek edo kooperatibek sustatzen badituzte, betiere 1. eranskinean ezartzen den mugaketaren arabera (Lourdes auzoa, Lourdes B auzoa eta Griseras).

3. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

Jarduketa babesgarriek honako betebehar hauek bete behar dituzte: etxebizitzetako efizientzia energetikorako eta jasangarritasunerako jarduketen kasuan, “Eraikingintzaren Kode Teknikoa EKT-HE. Energia aurreztea” izenekoan ezarritako betebeharrak; eta erabiltzeko irisgarritasunerako eta segurtasunerako jarduketen kasuan, “Eraikingintzaren Kode Teknikoa EKT-DB-SUA9. Irisgarritasuna” izenekoan ezarritakoak.

Hala behar denean, esku-hartze orokorreko proiektu onetsirik baldin badago, bertan ezarritako aipamen teknikoak eta konposizioaren arlokoak ere jasoko dira.

Edozein kasutan ere, birgaitze obrak egitean, bermatu behar da obra horiek teknika eta eraikuntza aldetik bat egiten dutela eraikinaren egoerarekin eta egin litezkeen gainerako obrekin. Hortaz, eraikinak egitura eta eraikuntza aldetik segurtasunik ez badu, ezta argindar hornidurarik edo ur banaketarik ere, edo saneamendu orokorra modu egokian ez badabil, eta behar bezalako estankotasunik ez badu euriaren aitzinean, obrak ez dira lagunduko haiekin batera gabezia horiek konpontzeko behar diren obrak egiten ez badira.

Ordenantza honek aurreikusitako ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko direnak, jarduketa hauek, alegia:

3.1. Etxebizitzetako efizientzia energetikoa eta jasangarritasuna.

a) Eraikineko inguratzaile termikoaren hobekuntza jarduketak, berotzeko edo hozteko behar den energia murriztearren, fatxadan, estalkian, babestu gabeko beheko solairuetan edo aipatu inguratzailearen edozein paramentuan; isolamendu termikoaren hobekuntzak; zureria aldatzea eta hutsuneetan beirak jartzea; terraza teilatudunak ixtea edo haietan beira jartzea; eta bestelakoak, gailu bioklimatikoak (landare estalkiak eta fatxadak eta abar) eta itzala sortzekoak barne.

Horiez gain, jarraian ematen diren jarduketak sartuko dira, 3.1 a) atalean jasotako efizientzia energetikoa hobetzeko proiektuetako bat baldin badute:

b) Sistema zentralizatu berriak jartzea berokuntzarako, hozketarako, etxeko ur beroa sortzeko eta egokitzapen termikoaren aireztatzerako, edo egungo sistemen efizientzia energetikoa handitzea honako hauek eginez: beroa edo hotza sortzeko ekipoak aldatzea eta energia kontrolatzeko, erregulatzeko eta kudeatzeko sistemak, kontagailuak eta energia-kostuak banatzeko gailuak jartzea berokuntza zentraleko instalazioetan; banatze eta garraiatze sareen isolamendu termikoa jartzea edo fluido bero-eroaleak mugitzeko ekipoak aldatzea; hondakin-energiak berreskuratzeko gailuak jartzea; kanpoko airearekin doan hozteko sistemak ezartzea, baita berritzeko airearen beroa berreskuratzekoak ere, eta, besteak beste, eraikinak lotzea egun dauden beroa/hotza sareekin.

c) Energia berriztagarriak (eguzki-energia, fotovoltaikoa, biomasa, aerotermia, geotermia) sortzeko edo horiek erabiltzeko ekipoak jartzea, energia termiko edo elektriko konbentzionalaren kontsumoa murriztearren. Baita energia berriztagarriko edozein teknologia, sistema edo ekipoa jartzea ere. Esaterako, eguzki-panel termikoak eta aerotermiaren arloko osoko konponbideak aire-girotzerako eta etxeko ur berorako, etxebizitzek eskatzen duten etxeko ur beroa sortzeko edo aire-girotzeko instalazioen ur beroa sortzeko.

d) Eraikinaren edo lurzatiaren instalazio komunetako efizientzia energetikoa hobetzea, besteak beste lanpara eta luminariak aldatuz energia-errendimendu handiagokoak jartzeko, honako hauek orokortuz: LED argiztapena, pizte kontroleko eta argitze mailaren erregulazioko sistemak eta argi naturala aprobetxatzea.

e) Ur-horniduraren instalazioak hobetzea eta ura aurrezteko mekanismoak jartzea, saneamendu sare bereiziak ezartzea edo ur grisak eta euri-urak erakinean edo lurzatian bertan berrerabiltzeko bestelako sistemak ezartzea, baita estolderia publikora isurtzen den bolumena gutxitzeko balio duten sistemak ezartzea ere.

3.2. Irisgarritasuna eta segurtasuna, erabiltzeko orduan.

Jarraian ematen diren jarduketak sartuko dira, 3.1 a) atalean jasotako efizientzia energetikoa hobetzeko proiektuetako bat baldin badute:

a) Irisgarritasun unibertsalerako eta pertsona ororentzako diseinurako jarduketak, oztopoak kentzeko asmoa badute, desgaitasuna duten pertsonak eraikinaren eremu komunetan sar daitezen, bide publikotik etxebizitzetaraino, eta eremu horiek erabil ditzaten.

Horiekin batera egiten diren bestelako obrak ez dira diruz lagunduko, ez badira ordenantza honetan azaldutako helburuak zuzen lortzekoak. Eraikinetako konponketa puntualak edo mantentze-laneko jarduketak ere ez dira lagunduko, ez badute hobekuntzarik ekartzen efizientzia energetikoan edo irisgarritasunean.

4. artikulua. Eraikinen eta etxebizitzen gutxieneko baldintzak.

Orokorrean, honako baldintza hauek bete behar dituzte higiezinek Udalaren laguntzak jaso ahal izateko:

a) Eraikuntzaren amaiera-data 1980 baino lehenagokoa izatea eta/edo birgaitu beharreko eraikinak eginak izatea EOA-CT-79 araudia indarrean sartu baino lehen (Eraikuntzako Oinarrizko Arauak, eraikinen baldintza termikoei buruzkoak).

b) Jarduketa-eremurako hirigintzako planeamenduan edo hori garatzen duen araudian ezarritakora egokitzea. “Antolamendutik kanpoko” eraikinetan egin beharreko obrek ezin izanen dituzte birgaitzerako udal laguntzak jaso.

c) Eraikinaren ebaluazio txostena izatea, laguntza jasoko duen birgaitze proiektuaren bidez konponduko diren akatsak bertan zehaztuta. Laguntza jasotzeko izaera izateko, jarduketak eraikinaren ebaluazio txostenean zehaztutako obrak aurreikusi behar ditu.

5. artikulua. Dirulaguntzak kalkulatzeko oinarria.

Nafarroako Gobernuak babestutako birgaitzearen behin-behineko kalifikazioa duten jarduketen kasuan, espedientearen aurrekontu babesgarria izanen da laguntzak kalkulatzeko oinarria.

Bestalde, Nafarroako Gobernuko laguntzen espedienterik ez duten jarduketetan, laguntzak kalkulatzeko aplikazio-oinarria izanen da honako kontzeptu hauen batura:

–Kontrataren aurrekontua: obra gauzatzeko aurrekontua kenduko da obra babesgarri izan ezin diren partidetatik, gehi gastu orokorrak eta mozkin industriala, biak batera gehienez ere obra gauzatzeko aurrekontuaren %15 izateraino.

–Profesionalen ordainsariak, gehienez ere obra gauzatzeko aurrekontuaren %10, bertan sarturik, besteak beste, proiektu teknikoaren prestaketa, obretako zuzendaritza fakultatiboa eta eraikinaren ebaluazio txostena, betiere laguntzen eskaera egiten bada aipatu txostenaren data eta hurrengo bost urteetan.

–Obra-lizentziaren udal tasa.

Balio erantsiaren gaineko zergaren edo eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren kontzeptuan ordaindu beharreko zenbatekoak ez dira inola ere sartuko birgaitze jarduketen aurrekontu babesgarriaren barnean.

6. artikulua. Laguntza orokorrak higiezin osoarentzat.

Jarduketa mota guztietan, aurrekontu babesgarria etxebizitzako 1.000 euro baino gehiago izan behar da (BEZa kenduta). Laguntza orokorrak honako hauek izanen dira:

6.1. Etxebizitzetako efizientzia energetikoa eta jasangarritasuna.

a) Eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko jarduketak: ehuneko finko bat (%5) lagunduko da, eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko jarduketetako aurrekontu babesgarriaren gainean. Gehienez ere 800,00 euro etxebizitza bakoitzeko 15 etxebizitzako edo gehiagoko erkidegoetan, eta 1.000,00 euro 15 etxebizitza baino gutxiagoko erkidegoetan.

Aurreko 3.1 b), c), d), f), g) eta h) ataletan zehaztutako instalazioen jarduketen kasuan –betiere 3.1 a) apartatuan jasotzen diren efizientzia energetikoa hobetzeko proiekturen batean sartuta badaude–, aurrekontu babesgarriaren %5 lagunduko da diruz. Gehienez ere 200,00 euro etxebizitza bakoitzeko 15 etxebizitzako edo gehiagoko erkidegoetan, eta 250,00 euro 15 etxebizitza baino gutxiagoko erkidegoetan.

6.2. Irisgarritasuna eta segurtasuna, erabiltzeko orduan:

a) Irisgarritasun unibertsalerako eta pertsona ororentzako diseinurako jarduketak: ehuneko finko bat (%5) lagunduko da, irisgarritasun unibertsalerako eta pertsona ororentzako diseinurako jarduketetako aurrekontu babesgarriaren gainean, eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko proiektu baten barruan badaude. Gehienez ere 450,00 euro etxebizitza bakoitzeko 15 etxebizitzako edo gehiagoko erkidegoetan, eta 600,00 euro 15 etxebizitza baino gutxiagoko erkidegoetan.

Jarraian ematen den taulan ezartzen da laguntza orokorretako gehieneko ehunekoa:

HIGIEZIN OSOARENTZAKO LAGUNTZA OROKORREN LABURPEN TAULA

Jarduketa
mota

Aurrekontu babesgarriaren ehunekoa

Gehieneko
zenbatekoa

Etxebizitzetako efizientzia energetikoa eta jasangarritasuna

a) Inguratzaile termikoa hobetzea

%5

1.000,00 euro/etxebizitza

Eraikinak < 15 etxebizitza ditu

800,00 euro/etxebizitza

Eraikinak ≥ 15 etxebizitza ditu

b) Instalazio zentralizatuak eta/edo komunak hobetzea edo jartzea

%5

250,00 euro/etxebizitza

Eraikinak < 15 etxebizitza ditu

200,00 euro/etxebizitza

Eraikinak ≥ 15 etxebizitza ditu

Irisgarritasuna eta segurtasuna, erabiltzeko orduan

a) Irisgarritasun unibertsala eta pertsona ororentzako diseinua higiezinetan

%5

600,00 euro/etxebizitza

Eraikinak < 15 etxebizitza ditu

450,00 euro/etxebizitza

Eraikinak ≥ 15 etxebizitza ditu

7. artikulua. Zaurgarritasun egoerentzako laguntza bereziak.

Etxebizitzako jabe batek zaurgarritasun egoerentzako laguntza bereziak jasotzeko, etxebizitzak sartuta egon behar du ordenantza honetan jasotako jarduketetako batean. Laguntza berezi hauek bateragarriak dira aurreko artikuluan zehaztutako laguntza orokorrekin, baita horien osagarri ere.

Jabe bat zaurgarritasun egoeran edo zaurgarritasun egoera larrian dagoela esateko, bere etxebizitzaren bizikidetzako unitateak ordenantza honetako 9. artikuluaren taulan agertu behar du.

Jarraian ematen den taulan ezartzen dira zaurgarritasun egoerentzako laguntza berezietako gehieneko ehunekoa eta zenbatekoa:

ZAURGARRITASUN EGOERENTZAKO LAGUNTZA BEREZIEN LABURPEN TAULA

Jarduketa mota

Zaurgarritasun
egoera

Zaurgarritasun
egoera larria

Aurrekontu babesgarriaren ehunekoa

Gehieneko
zenbatekoa

Aurrekontu babesgarriaren ehunekoa

Gehieneko
zenbatekoa

Etxebizitzetako efizientzia energetikoa eta jasangarritasuna

a) Inguratzaile termikoa hobetzea

%15

3.000,00 euro/unitatea

%30

5.000,00 euro/unitatea

b) Efizientzia energetikoko instalazioak hobetzea edo jartzea

%15

375,00 euro/unitatea

%30

750,00 euro/unitatea

Irisgarritasuna eta segurtasuna, erabiltzeko orduan

a) Irisgarritasun unibertsala eta pertsona ororentzako diseinua

%15

1.500,00 euro/unitatea

%30

2.500,00 euro/unitatea

8. artikulua. Laguntza orokorren onuradunak.

Higiezin osoarentzako laguntza orokorren onuraduna izanen da jarduketa sustatzen duen edozein entitate (jabeen erkidegoak eta etxebizitzako kooperatibak edo batasunak), betiere legitimoa bada laguntza ematea eta ordenantza honetan ezarritako inguruabarrak gertatzen badira, laguntza bakoitzerako bereak. Horrenbestez, jarduketa sustatzen duen entitateak jasoko ditu laguntzak.

Onuradun izan daitezke pertsona fisiko edo juridikoen batasunak, publiko edo pribatuak, ondasun komunitateak edo beste edozein unitate ekonomiko edo bereizitako ondare, nortasun juridikorik izan gabe, jarduketak egiten ahal badituzte edo dirulaguntza jasotzeko behar den egoeran badaude, azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta hori garatzen duten gainerako araudietan ezartzen den bezala.

9. artikulua. Zaurgarritasun egoerentzako laguntza berezien onuradunak.

1. Laguntza orokorren osagarri gisa jasotzeko zaurgarritasun egoerentzako laguntza berezien onuradunak izanen dira jarraian ematen diren oinarrizko baldintzak betetzen dituztenak, jabeak zein gozamendunak, jabeen erkidego bateko kide direnak:

–Birgaitzearen xede den eraikineko etxebizitza baten jabea edo gozamenduna izatea eta aipatu etxebizitza ohiko etxebizitzatzat izatea.

–Hori ez den beste etxebizitza baten edo lokal baten jabea edo gozamenduna ez izatea.

–Eskatzailearen familia-unitatearen Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa sartuta egotea taula honen tarteen barnean:

ZAURGARRITASUN
EGOERAK SAILKATZEKO TAULA

Familia-unitatearen
edo bizikidetzako
unitatearen ezaugarriak

Zaurgarritasun
egoera

Zaurgarritasun egoera larria

ADINGABEKORIK EZ DUEN FAMILIA-UNITATEA

OAEAPa bider 1,5*

11.279,39 euro urtean**

OAEAPa bider 0,75*

5.639,69 euro urtean**

Horrez gain, inguruabar bereziren bat gertatzen bada (1)

OAEAPa bider 2*

15.039,18 euro urtean**

OAEAPa bider 1*

7.519,59 euro urtean**

ADINGABEKO BAT DUEN FAMILIA-UNITATEA

OAEAPa bider 2*

15.039,18 euro urtean**

OAEAPa bider 1*

7.519,59 euro urtean**

Horrez gain, inguruabar bereziren bat gertatzen bada (1)

OAEAPa bider 2,5*

18.798,98 euro urtean**

OAEAPa bider 1,25*

9.399,49 euro urtean**

BI ADINGABEKO DITUEN FAMILIA-UNITATEA

OAEAPa bider 2,5*

18.798,98 euro urtean**

OAEAPa bider 1,25*

9.399,49 euro urtean**

Horrez gain, inguruabar bereziren bat gertatzen bada (1)

OAEAPa bider 3*

22.558,77 euro urtean**

OAEAPa bider 1,5*

11.279,39 euro urtean**

FAMILIA UGARIA

OAEAPa bider 4*

30.078,36 euro urtean**

OAEAPa bider 2*

15.039,18 euro urtean**

PENTSIODUN BATEK EDO GEHIAGOK OSATUTAKO FAMILIA-UNITATEA (2)

Gizarte Segurantzako gutxieneko zenbatekoko pentsioa/pentsioak + diru-sarrerak ≤ 500 euro urtean

OAEAPa bider 1*

7.519,59 euro urtean**

* Eskaera egiten deneko balioaren edo zenbatekoaren arabera kalkulatuko da.

** Erreferentziako balioa, 2019ko 14 pagetako OAEAPren arabera kalkulatua.

(1) Diru-sarreren atalaseari gehitzen zaio OAEAPa bider 0,5 (zaurgarritasun egoera) eta OAEAPa bider 0,25 (zaurgarritasun egoera larria), inguruabar berezi hauetako bat gertatzen denean:

• Familia-unitateko kideren batek desgaitasun aitortua badu, %33koa edo gehiagokoa.

• Familia-unitateko kideren bat genero indarkeriaren biktimatzat hartzen bada.

• Familia-unitateko kideren bat terrorismoaren indarkeriaren biktimatzat hartzen bada.

• Familia-unitateko kideren bat II. edo III graduetako mendekotasun egoeran bada.

• Guraso bakar batek eta, gutxienez, adingabeko batek osatzen badute familia-unitatea.

(2) Diru-sarrerak dituen jabeak eta (familia-unitate bateko kide baldin bada) diru-sarrerak dituzten unitateko kide guztiek, erretiroa edo ezintasun iraunkorra direla-eta Gizarte Segurantzako Sistemaren edo mutuen pentsiodunak izan, pentsio horietarako ezarritako gutxieneko zenbatekoa jasotzen badute eta ez badute, osotara eta urtean, 500 euro baino gehiago jasotzen bestelako diru-sarrerengatik.

Jarduketa sustatzen duen entitateak jasoko ditu zaurgarritasun egoerentzako laguntza bereziak. Entitate horiek jabeen erkidegoak eta etxebizitzako kooperatibak edo batasunak izan badaitezke ere, laguntza jasotzen duen jabearen partaide-kuota murrizteko erabiliko dira laguntzak. Laguntza ematen bada, interesdunari eta entitateari jakinaraziko zaie, aldi berean.

10. artikulua. Onuradunek bete beharrekoak:

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Lege Orokorraren II. kapituluaren 14. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, honako hauek dira onuradunen betebehar orokorrak:

2. Batasunaren ordezkari edo ahalorde bakar bat izendatuko beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion zereginak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira, laguntzaren eskabidean bai emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira.

3. Gastu diruz lagungarriak gainditzen baditu Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak kontratu txikietarako ezartzen dituen zenbatekoak, onuradunak gutxienez ere hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa edo zerbitzua edo ondasuna ematekoa kontratatu baino lehen, salbu eta, ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hori egin, hornitu edo emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Aurkeztutako eskaintzak agertu behar dira justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskaeran. Efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituko zaie haien artean aukeratzeko, eta, proposamenik onuragarriena ez bada hautatzen, espresuki justifikatu beharko da.

11. artikulua. Espedienteak izapidetzea eta ebaztea.

11.1. Aldez aurreko jarduketak.

Orokorrean, interesdunek Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoa (EEBB) - Nasuvinsako eskualdeko bulegora edota horretarako gaitua dagoen bulegora jo beharko dute, behar dituzten jakingarriak jaso ahal izateko.

Behar izanez gero, Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoak ikuskapena eginen du. Horren ondoren, argibideak emanen dizkie interesdunei, inguruabar hauen gainean:

–Egin beharreko obrak.

–Kasu bakoitzean behar den dokumentu teknikoa.

–Ordenantza honen babesean jaso daitezkeen laguntzak, Nafarroako Gobernuaren bitartez oro har izan daitezkeen laguntzetatik aparte.

11.2. Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Interesdunek dagozkien agiriak aurkeztuko dituzte EEBBan edo horretarako gaitua dagoen bulegoan. Horiekin batera, behin-behineko kalifikazioa izapidetzeko behar den dokumentazioa aurkeztuko dute. Etxebizitzaren arloan eskudun den departamentuak eskatutako dokumentazio horretan honako hauek jasoko dira orokorrean:

1) Laguntza orokorretarako eskabidea, ordenantza honen 2. eranskinaren arabera. Frogagiriak erantsi behar dira honako hauen inguruan:

a) Obra-lizentziaren eskabidea edo obra-lizentziaren kopia, ordenantza hau indarrean sartu baino lehenago emana bada. Edozein kasutan ere, ordenantza honetan jasotako betekizunak bete behar dituzte obrek, eta jarduketa diruz lagungarria ezin da hasi laguntzak eskatzen diren eguna baino lehen.

b) Jabeen erkidegoaren frogagiria, bertan azalduta jabeen erkidegoa osatzen duten partaide-koefizienteak –banaketa horizontalaren araberakoak– eta jabe bakoitzari egotzitako obraren kostua.

c) Jabeen erkidegoaren edo entitate kudeatzailearen erabaki baliozkoa, bertan espresuki adierazita obrak egiteko konpromisoa hartzen dutela.

d) Proiektuan edo memorian jasotako obrak kontratatzeko hiru aurrekonturen kopia –bakoitza enpresa batena– edo hiru eskaintza/aurrekontu eskatzeko konpromisoa, gastu lagungarria 40.000 euro baino gehiagokoa bada. Eskaintzarik onena hautatzeko jabeen erkidegoak onetsitako balorazio irizpideak azaldu behar dira (prezioa, epea eta abar).

Dagoeneko eraikuntza enpresa hautatu baldin badute, hori erabakitzeko arrazoiak eta horretarako erabilitako irizpideak agertu behar dituzte txosten batean.

e) Banketxearen frogagiria, bertan azalduta jabeen erkidegoaren izenean dagoen kontu zenbakia, laguntza sartzeko.

Laguntza orokorrez gain, jabeen erkidegoaren jabeek edo gozamendunek eskatzen badituzte zaurgarritasun egoerentzako laguntza bereziak ere, eskabideak batera eta aldi berean aurkeztuko dira. Honako dokumentazio hau erantsi behar dute laguntza berezi horiek jaso ditzaketen jabe edo gozamendun guztiek:

2) Zaurgarritasun egoerentzako laguntza berezia ordaintzeko eskabidea, ordenantza honen 3. eranskinaren arabera. Frogagiriak erantsi behar dira honako hauen inguruan:

a) Birgaituko diren higiezinen gaineko jabetza, gozamena eta eskubide errealak frogatzea, Jabetza Erregistroak emandako frogagiri edo informazio ohar soilaren bidez.

b) Erroldaren ziurtagiria.

c) PFEZren azkeneko aitorpena.

Eta, familia-unitatean gertatzen bada ordenantza honen 9. artikuluko zaurgarritasun egoerak sailkatzeko taulan azaldutako inguruabar bereziren bat, honako hau aurkeztu behar da:

d) Bonu soziala eskatzeko inguruabar berezien ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak emana, edo aipatu inguruabar bereziak frogatzen dituen edozein dokumentazio edo agiri.

11.3. Ebazpena eta ebazteko eskumena.

EEBBak edo horretarako gaitua dagoen bulegoak laguntza eskaera igorriko diote Udalari, egindako txosten teknikoarekin batera, horrek espresuki ebazteko laguntza espedientearen inguruan. Batera gerta daitezke ebazpena eta obra-lizentzia emateko egintza administratiboa. Hala ere, dirulaguntzak ematen ahal zaizkie dagoeneko Udalaren obra-lizentzia duten proiektuei ere, obrak hasita ez badira laguntzak eskatzen diren egunean.

Udalaren aurrekontuan baliabide ekonomikoak nahikoak izan behar dira, egokitzen den ekitaldi ekonomikoaren kargura laguntzak eman ahal izateko. Espedienteak baldin badu EEBBak emaniko aldeko txostena eta, aurrekontu-krediturik ez izanik, ezin bada ebatzi, eskaera hurrengo urtean ebatziko da, sarrera ordenari jarraikiz.

Oro har, eta ordenantza honetan bereziki bildurik ez dauden eta tramitazioan gerta daitezkeen inguruabar berezietan, Nafarroako Gobernuaren irizpenari jarraituko zaio, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei buruzko dekretua aplikatzeari buruzko irizpenari, hain zuzen.

Ordenantza honen aplikazioari dagokion orotan, EEBBak edo horretarako gaitua dagoen bulegoak udal irizpideak bete beharko ditu tokiko gobernu-batzarraren bitartez, hori izanen baita udal organo eskuduna ondorio guztietarako, ordenantza behar bezala betetzen dela zainduko duena bidezko helburuak lor daitezen.

12. artikulua. Laguntza ekonomikoak ordaintzeko modua eta epeak:

1. Ezin izanen dira gorantz berrikusi Udalak ematen duen laguntzaren ebazpen espresuan baietsi daitezkeen laguntzen zenbatekoa eta portzentajea, salbu eta errekurtso bidean edo ofiziozko berrikuspen bidean egiten bada.

2. Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen egiazko likidazioa obrak behar bezala bukatzen direnean eginen da, betiere bi hilabeteko epean, interesdunak aginduzko “Obra bukaeraren orria” aurkezten duenetik hasita, eta obrek bat egiten badute lizentziarekin, dagokion dokumentu teknikoarekin eta aplikatzekoa den gainerako araudiarekin.

Udalak, diskrezionalitatez, udal laguntzen zenbateko bat aurreratu dezake (gehienez ere %25) Udalak dirulaguntzaren xede diren obretarako nahitaezko obra-lizentzia ematen duenetik aurrera.

3. Onuradunak justifikatu beharko du lagundu den jarduketa egin egin dela, hura ordaindu baino lehen, horretarako baldintza izanen baita. Horretarako, honako hauek aurkeztu behar ditu:

–Obra amaierako ziurtagiria, dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia.

–Obren bukaerako kostua frogatzen duten agiriak eta/edo gastua ziurtatzen duten fakturak.

–Jabeen erkidegoaren frogagiria, bertan azalduta jabeen erkidegoa osatzen duten partaide-koefizienteak, banaketa horizontalaren araberakoak. Egindako gastuak eta lortutako diru-sarrerak zerrendatuko dira, modu antolatuan eta kontzeptuka sailkatuta.

4. Obra egiterakoan, kalifikaziorako bide eta oinarri izateko aurkeztu den proiektu teknikoa oso-osorik errespetatu beharko da. Esan nahi baita ez dela aldaketarik egiten ahal (bereziki kalitate arkitektonikoan, materialetan edo egin beharreko tratamenduetan) aldez aurretik Etxebizitzak Birgaitzeko Bulegoko zerbitzuak baimentzen ez baditu. Bestela espedientea deskalifikatu eginen da.

5. Etxebizitzak Birgaitzeko Bulegoko zerbitzu teknikoek, lizentziaren gaineko aurrekariak eta espedientean jasotako dokumentazioa aztertuta, obrak ikuskatuko dituzte, dirulaguntzaren xedeari egokitzen zaizkion eta obra lizentziaren arabera egin direla egiaztatzearren, baita eskatutako dokumentazioa zuzen aurkeztu ote den ikusteko.

6. EEBBaren esku egonen da nahitaezko txosten teknikoa prestatzea, obrak bukatu ondoren, zertarako eta, behar bezala eginak badira, Udalak espedientean jasota dauden gainerako laguntzen gaineko likidazioa egin dezan; orobat, harekin loturik dauden inguruabar guztien jarraipena eginen du eta haiek kudeatuko ditu, hasieratik bukatu arte, hori guztia onuradunek hartu dituzten laguntzek erabateko eraginkortasuna lor dezaten.

7. Jarduketak, laguntza hauetaz gain, bestelako dirulaguntzekin edo baliabideekin finantzatu direnean, justifikazioan diru horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduketari aplikatu zaizkiola.

8. Edozein kasutan ere, laguntzak ematen dituen organoak eska dezakeen beste edozein dokumentazio aurkeztu behar da, egindako jarduketak justifikatzeko.

9. Laguntza jaso eta gero ezin izanen da ordenantza honetako laguntzarik berriro eskatu bost urteko epean, salbu eta katalogatutako eraikinen kasuan, horiek birgaitzea bereziki zaila bada. Birgaitzea fasetan egitea onetsi daiteke, eta laguntzak, kasu horretan, fase bakoitzerako emanen dira, betiere EEBBak emandako aldeko txostenarekin eta tokiko gobernu-batzarraren onespenarekin.

13. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Ordenantza honetan laguntza mota bakoitzerako aurreikusitako irizpideen aplikazioak ezarriko du Udalaren laguntza ekonomikoen muga.

2. Udalaren laguntzak Nafarroako Gobernuak horretarako ezarrita dituenen osagarri izanen dira, baita espedientean helburu bererako izaten den beste edozein laguntzaren osagarri ere.

3. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inoiz diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoan izanen, ez bakarrik ez beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik datozela ere.

4. Proiektu edo jardueraren kostuaren aldean, entitate publikoetatik hartutako dirulaguntza bateragarriak gehiegizkoak direnean, onuradunak gehiegizko zenbatekoa eta berandutze-interesak itzuli beharko ditu, ordainketa-gutunak gehituta justifikazioari. Laguntza ematen duten entitateei itzuliko zaie gehiegizko zenbatekoa; zenbat eman duen bakoitzak, haren proportzioan.

Hala ere, Administrazioa ohartzen bada gehiegizko finantzazio horretaz, gehiegizko zenbatekoa osorik itzultzeko exijituko du, hark emandako dirulaguntzaren mugaraino.

14. artikulua. Laguntzen publizitatea.

Tuterako Udalak zehazten ahalko ditu hedatzeari buruzko neurriak, diruz lagundutako helburuaren arabera hartu eta egokitu behar direnak, forman zein iraupenean. Izan liteke Udalaren irudi instituzionala sartzea eta finantzaketa publikoari buruzko aipamenak egitea kartel, plaka oroigarri, inprimatutako material, baliabide elektroniko edo ikus-entzunezkoetan, edo komunikabideetan egiten diren aipuetan.

Jarduketak beste finantza-iturri batzuk izan eta onuraduna inguruabar hori jakinaraztera behartua denean, Udalaren dirulaguntzaren berri emateko bideak eta haiei eman beharreko garrantzia beste finantza-iturri horietarako erabilitakoen berdintsuak izan behar dira.

15. artikulua. Laguntzen xedea.

Zer xedetarako ematen den laguntza, ondasunak hartan erabiltzera daude behartuta onuradunak, gutxienez ere bost urtean.

Xedearekiko betebehar horri huts eginez gero, ondasuna besterentzea edo kargatzea ekarriko baitu, laguntza itzuli egin beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. tituluan ezarritako moduan; ondasuna itzulketari atxikiko zaio, zein den ere jabea, non ez den hirugarren bat, erregistroko fede publikoak babestua, edo ondasunak fede onez eta titulu zuzenez eskuratu direla justifikatzen bada.

Xedearekiko betebehar hori ez da huts egintzat hartuko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.5 artikuluan jasotako kasuetan, Nafarroako Gobernuaren 276/2001 eta 204/2002 foru dekretuetan ezarritakoetan eta tokiko gobernu-batzarrak onetsitako kasu berezietan.

16. artikulua. Laguntzak galtzea edo itzultzea.

1. Ordenantza honetako baldintzak eta beharkizunak betetzen ez badira, edo aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzen bada, Udalak emandako laguntza guztiak deuseztatuko dira eta espedientean izan daitezkeen onurak bertan behera geldituko; gainera, jasotakoa itzuli beharko da, legezko interesak barne, jaso ziren unetik. Indarra duen legerian diru-bilketarako ezarritako premiamendu bidez ordainaraz daitezke, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta dirulaguntza eta laguntza publikoei aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan jasotako arrazoietako bat gertatzen bada.

2. Jabeen erkidegoen kasuan, deuseztapen hori banaka egin daiteke, erkidegoko kideetatik bat bakarra bada betetzekoari huts egiten diona, edo taldeka, erkidegoari berari egozten ahal baldin bazaio.

17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikaturiko egiteak eta ez egiteak, eta horiek zehatuko dira, aipatu legean eta hori garatzeko araudian ezarritako prozedurari jarraikiz.

18. artikulua. Iraunaldia.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta mugagabeko iraunaldia izanen du.

Xedapen iragankorra.–11.3 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie ordenantza hau indarrean sartzen denetik eskatzen diren laguntza guztiei.

1. ERANSKINA

Tutera Renove proiektuaren eremuko mugaketa planoa (PDFa).

* Oharra:

Tuterako Udalak egoki jotzen badu, eremuaren mugaketa zabaltzen edo aldatzen ahalko da Tutera Renove proiektuaren barnean.

2. ERANSKINA

Laguntza orokorrak ordaintzeko eskabidea (PDFa).

3. ERANSKINA

Zaurgarritasun egoerentzako laguntza bereziak ordaintzeko eskabidea(PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2001870