293. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, obra-zaintzailearen lanpostu bat oposizioaren
bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko

Alkatetzak azaroaren 19an eman 1792/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen deialdia Tuterako Udalaren zerbitzuan obra-zaintzailearen lanpostu bat (C maila/taldearekin parekatua) oposizioaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da obra-zaintzailearen lanpostu bat (C maila/taldearekin parekatua) barne igoera murriztuan eta oposizio bidez betetzea, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozeduraren bidez, eta Tuterako Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen lan-baldintzen gainean indarrean dagoen akordioaren 32. artikuluari jarraikiz.

1.2. 2009ko plantilla organikoan, Osoko Bilkuraren uztailaren 3ko erabakiaren bidez onetsi baitzen, NAPIk Tuterako Udaleko lanpostuen balorazioari buruz egin azterlana aplikatzearen ondoriozko doikuntza batzuk egin ziren; hala, obra-zaintzaile lanpostua, Lurralde Antolamenduko Arloari atxikia, C mailan geratu zen, D mailan geratu ordez, goragoko kategoriarekin parekatzeko osagarria aplikatuta, harik eta beharrezko erregulazioak egin arte. Hain zuzen, lanpostu hori (C maila, plantilla kodea: 0512D10901) da deialdi honen xede.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan aipatu lanpostuan aritzeko izendatzen den izangaia C mailan/taldean geratuko da eta plantilla organikoan maila edo talde horretarako ezarritako ordainsariak jasoko ditu.

1.4. Oposizioaldia gainditzen duen izangaiak lortuko du barne igoera.

1.5. Igoera erdiesten duenak jatorrizko zerbitzuari edo arloari atxikirik jarraituko du; deialdiko maila eta kategoriari, eta eskatutako ikasketei egokitutako lan eta eginkizunetan ariko da eta, maila berriari dagozkion eginkizunez gain, ordura arte egiten zituenak ere beteko ditu.

1.6. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aitzinetik zuen araubide juridikoa, izan hori funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari eutsiko dio.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Tuterako Udalaren zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa eta D maila edo taldekoa izatea.

b) Obra-zaintzaile lanpostua (D maila) betetzeko izendatua edo kontratatua izatea Lurralde Antolamenduko Arloari (egungo Hiri Garapen Iraunkorreko Arloari) atxikirik.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua duela frogatzea.

e) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Titulazioaren baldintzaren ordez, administrazio publikoen zerbitzuan (C maila) zortzi urteko antzinatasuna duela frogatu ahalko du, 15.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak II. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira, eta Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan (HLZ) erregistratu beharko dira (Plaza Vieja, 1), edo El Frontón kaleko 1. zenbakiko bulegoetan, edo bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean; hartan, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

3.2. Eskabideari deialdian eskatzen den titulazioaren egiaztagiria gehituko zaio.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan adieraziko da probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Zeus Pérez Pérez, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Ordezkoa: Anichu Agüera Angulo, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Juan Pablo Galán García, Tuterako Udaleko arkitektoa.

–Ordezkoa: Fernando Nebreda Lucea, Tuterako Udaleko Kontratazio Publikoko teknikaria.

–Epaimahaikidea: Ignacio López Burgaleta, Tuterako Udaleko arkitekto teknikoa.

–Ordezkoa: Esther González Benavente, Tuterako Udaleko arkitekto teknikoa.

–Epaimahaikidea: Marta Burgos Ausejo, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatuta izendaturiko ordezkaria.

–Ordezkoa: Xabier Soto Bermejo, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatuta izendatutako ordezkaria.

–Idazkaria: Jesús Zueco Sánchez (administrari-ofiziala, Langileen atalekoa).

–Ordezkoa: Belén Serrano Cornago (administrari-ofiziala, Langileen atalekoa).

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Lege horren 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Lehen ariketa, teoriko-praktikoa: Deialdiko III. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzko 30 galdera idatziz erantzun beharko dira. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Ariketa hau egiteko 60 minutu emanen dira gehienez.

6.2. Bigarren ariketa: kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, edo proba praktiko bat egin, deialdiaren xede den lanposturako espezifikoa. Edonola ere, ariketa izanen da lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik-norakoei buruzkoa, eta hura prestatzeko III. eranskineko gai-zerrenda hartuko da oinarritzat. Bigarren ariketa egiteko gehieneko denbora 120 minutu izanen dira.

6.3. Epaimahaiak erabakitzen ahalko du lehendabiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea, baldin eta bigarren ariketako kasu praktikoak idatziz erantzutekoak badira. Bi ariketak batera eginez gero, lehenbizi test motako zatia zuzenduko da eta, bigarrenik, test motako ariketa gainditu dutenei dagokien kasu praktikoen zatia. Ez dira pliketako kasu praktikoak zuzenduko ez bada gainditu test motako zatia.

6.4. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu ematen ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez ere.

–Bigarren ariketa: 70 puntu gehienez ere.

6.5. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.6. Hautaketa-prozesua amaituta, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak, ariketa egin den tokian, eta Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

6.7. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta haietara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo horren legezko baliokidea daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, ariketa egin den tokian, eta Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta.

7.2. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio gainditu duen eta deialdiko lanpostuan sartzen den izangaiaren aldeko izendapen proposamena, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatzen den hautatze prozedura burutu ondoan, alkateak ebazpena emanen du oposizioaldia gainditzen duten izangaiak izendatzeko, eta zer mailatan sartzen diren zehaztuko du bertan. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean lanpostuaren jabetza hartu beharko du edo lan kontratuaren eranskina formalizatu. Norbait jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, maila berria lortzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2020ko azaroaren 19an.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

II. ERANSKINA

Eskabidearen eredua (PDFa).

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Obra eta zerbitzuak ikuskatzea. Kanpo eta barne ikuskatzeak. Obra eta zerbitzuetako ikuskatzailea: kontzeptua eskudantziak. Akta baten funtsezko elementuak. Esku-hartze prebentiboa eta kautelazkoa.

2.–Lurzoruaren sailkapena eta kalifikazioa. Hiri-lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren hirigintza araubidea. Lurzoruaren jabeen eskubideak eta betebeharrak, lur motaren arabera.

3.–Hirigintzako lizentzia. Aurretiazko komunikazioa hirigintzako ondorioetarako. Erantzukizunpeko adierazpena hirigintzako ondorioetarako. Hirigintza-diziplinako ziurtagiria.

4.–Urriaren 24ko 1627/1997 Errege Dekretua, eraikuntza obrei buruzko segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ezartzen dituena: xedapen orokorrak. Berariazko segurtasun eta osasun xedapenak obren proiektu eta exekuzio faseetan.

5.–Hirigintzako arau-hausteak. Kontzeptua, motak, erantzukizuna eta zehapenak. Obretako arau-hausteen akta. Diziplina-prozedura.

6.–Tuterako Udalaren hirigintza lizentzien eta jarduketa adierazien tramitazioa arautzen duen ordenantza.

7.–Ordenantza fiskala, Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duena.

8.–Udal lizentzia behar duten egintzak. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak.

9.–Proiektuen eta obren zuinketaren ohiko egiaztapenak. Neurketa egiteko irizpideak proiektu eta obretan.

10.–Orubeak mantentzea eta garbitzea Tuterako udal mugapean. Garbiketa arautzen duen ordenantza.

11.–Obrak eta zerbitzuak ikuskatzeko teknikak. Laginaren ikuskapena. Obra eta zerbitzuak behar bezala gauzatzeko irizpideak. Alderdi kualitatiboak eta kuantitatiboak.

–Eranskin honetan aipatutako legedia kontuan hartuko da ondotik izandako aldaketa guztiekin (foru legedi osoa eguneratua dago www.lexnavarra.es helbidean).

Iragarkiaren kodea: L2014807