262. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

196/2020 EBAZPENA, urriaren 27koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2020ko urriaren 29rako greba-lanuztearen deialdia dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen baliabideen eremuan gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehazten dituena.

LAB sindikatuak greba-lanuzte baterako deialdia egin du 2020ko urriaren 29rako: 3 ordu 10:00etatik 13:00etara, eta 3 ordu 17:00etatik 20:00etara.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da komunitatearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen baliabideen eremuan, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko egoitza zentroek, pisuek eta zentroek berehalako erantzuna ematen dute larrialdiko egoeretan, oinarrizko eta funtsezko arreta eskainiz. Horren ondorioz, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri behar dira, erabiltzaile diren emakumeei eta haien seme-alabei egunero behar bezalako arreta emateko ezinbestekoak diren zerbitzuak, programak eta tratamenduak bermatzen dizkietenak, horiei funtsezko zainketak eskaintzen jarraitze aldera.

Adierazi beharra dago gutxieneko arretaren barruan erabiltzaileen oinarrizko beharrak asetzeko dauden jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baita norberaren zainketaren ingurukoak, komunikazioarenak, joan-etortzekoak, kontrola eta babesekoak ere.

Gutxieneko zerbitzu hauek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla emakumezko erabiltzaileei arreta egokia emateko. Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezko gisa baloratzen eta sailkatzen dira, eta, hortaz, beharrezkoa da zerbitzu horiek betetzea, grebak dirauen bitartean.

Horregatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuak ezartzea, langileen grebarako eskubidea errespetatuta herritar horien osasuna eta bizia babestea bermatzen dutenak.

Horrenbestez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan eskudantziekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. 2020ko urriaren 29an greba-lanuztea egiteko deialdia dela-eta, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen baliabideen eremuan, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da grebarako eskubidea:

Genero-indarkeriaren biktimentzako harrera baliabideak: jaiegunetarako aurreikusitako langile kopurua arituko da horietan.

Genero-indarkeriaren biktimei osoko arreta emateko taldeak: jaiegunetarako aurreikusitako langile kopurua arituko da horietan.

2. Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek eginen dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Legez kontrakotzat joko dira ebazpen honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzen egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan istiluak, eta bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3. Ebazpen hau greba deitu duen sindikatuari, Xilemari eta Paumari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzenduta, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2020ko urriaren 27an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Isturiz García.

Iragarkiaren kodea: F2012701