256. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

965/2020 EBAZPENA, urriaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2020ko urriaren 27rako deitutako greba dela-eta erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatu eta haiek artatzeko behar diren langileak zehazten dituena.

Medikuen Sindikatuen Estatuko Konfederazioak grebarako deia egin die Osasun Sistema Nazionaleko A1 taldeko osasun langileei, edozein dela ere haien lan harremana, hau da, estatutupeko langileei, lan-kontratudunei, funtzionarioei eta kontratatuei. Osasun prestakuntza espezializatuko langileak ere sartuta daude deialdian.

Greba urriaren 27an hasiko da, hilean eguneko lanuzte bat egiteko, “zehazki, hilabeteko azken asteartean, jaieguna ez bada”. Orain ematen den ebazpen honetan lehenbiziko greba egunerako gutxieneko zerbitzuak baizik ez dira aurreikusten, urriaren 27koak alegia.

Lan egiteko txanda bat baino gehiago dituzten entitateetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, adibidez, greba urriaren 27an hasten den lehenbiziko txandan hasiko da, eta azken txanda bukatzen denean bukatuko da greba, nahiz eta lanaldia urriaren 27ko 24:00ak baino geroago bukatu.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, herritarrendako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatutako eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai eta konstituzionalak ere.

Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen funtsezko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.

Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkotzat hartzen dira, eta, hortaz, beharrezkoa da zerbitzu horiek betetzea, deitutako grebak dirauen bitartean.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hau du xede: 2020ko urriaren 27rako deitutako greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrendako behar bezalako arretari eusteko.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzak greba batzordean dagozkien jarduketak eginik, eta hari aditu ondoan, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak ezartzea.

Greba batzordeak alegazioak aurkeztu ditu larrialdikoak ez diren pazienteei buruz. Batzordearen ustez, paziente horien hitzordua bertan behera utzi behar da, eta beste egun batzuetara pasa, agendan tokia dagoenean. Alegazio horrek ez du zerikusirik gutxieneko zerbitzuak finkatzearekin. Aitzitik, greba egunaren garapenari buruzkoa da, grebarik ez egitea eta lanera joatea libreki erabakitzen duten langileen kasuan. Hartara, ezin da onartu.

Alegatzen dute, halaber, “justifikatu behar dela zergatik bermatu behar den, berariaz, COVID-19a duten gaixo guzti-guztien arreta”, eta hala egiten da aurrerago.

BAME langileak gutxieneko zerbitzuetan sartzeari dagokionez, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an emandako 318/2019 apelazio-epaiak errebokatu egiten du Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 3. Epaitegiaren 2019ko uztailaren 10eko 191/2019 epaia. Gainera, adierazten du Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 405/2019 Ebazpenaren bidez ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla-eta, eta ebazpena ordenamendu juridikoaren arabera errekurritu dela.

Ezarri behar diren funtsezko gutxieneko zerbitzuei buruz galdetu zitzaien Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko arloetako kudeatzailetzei eta zuzendaritza asistentzialei.

Hori horrela, orain arte ezarritako gutxieneko zerbitzuak egokitzat jo dira, eta haiek ezartzeko orduan jarraitu den irizpidea bat dator greba eskubidea mugatzeari buruzko erabaki jurisprudentzialekin, osasunerako eta bizitzeko eskubidea tartean daudenean. Era horretan betetzen da proportzionaltasuna, batetik funtsezko zerbitzu horien erabiltzaileen edo hartzaileen sakrifizioak, eta bestetik greba egin nahi dutenei ezartzen zaizkienak, greba egin nahiari egindako kalteak ez baitu gainditu behar sen onak agintzen duena.

Aipatutako epaiek dioten gisara, kontuan hartu da grebak lurraldez nahiz jendez duen hedadura, bai eta grebak ukitzen dituen eta Konstituzioak babesten dituen eskubideak edo ondasunak ere. Beraz, erabilitako irizpidea izan da dauden langileak aintzat harturik, gutxieneko langile kopurua ezartzea biztanleriarendako funtsezko osasun prestazioak segurtatzeko.

Kasu honetan oso garrantzitsua da kontuan hartzea COVID-19aren pandemiak eragin duen osasun krisiaren egungo egoera. Horregatik erantsi da, hain zuzen ere, esaldi hau: “edozein kasutan, bermatuko da arreta ematen zaiela COVID-19a duten edo arrazoi horregatik artatzen diren gaixo guzti-guztiei”.

Ez dugu ahaztu behar berriki argitaratu dela Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Azalpen zatian aipatzen da Nafarroan dugun egoera berezia: “Oraindik argitaratu ez den asteko txosten epidemiologikoaren arabera, 42. astean (urriaren 12tik 18ra) 3354 kasu baieztatu dira PCR edo antigeno bidez (508 kasu 100.000 biztanleko), aurreko astean baino %15 gehiago. Horrek esan nahi du azken 14 egunetan eta 7 egunetan intzidentzia metatua izan dela 946 eta 508 kasukoa 100.000 biztanleko, hurrenez hurren”. Horrez gain, “kasuak ugaritu egin dira 35-54 urteko helduen artean (%36), 55-74 urtekoen artean (%24) eta 5-14 urteko haurren artean (%14)”.

Osasun Ministerioak urriaren 20an emandako datuen arabera, Nafarroa da intzidentzia-tasa metatu handiena duen autonomia erkidegoa 14 egunetan (1002,73 kasu 100.000 biztanleko) eta 7 egunetan (543 kasu 100.000 biztanleko), eta goranzko joera du aurreko astearekin alderatuta. Autonomia erkidego guztietako intzidentziarik handiena da, eta Europako altuenetako bat.

Gauzak horrela, ziurtatu behar da arreta ematen zaiela COVID-19a dela-eta ingresatuta dauden edo artatzen diren guztiei, baita arrazoi horregatik osasun laguntza eskatzen dutenei ere.

Arlo bakoitzak egindako oharrak ikusirik, orain arte ezarritako funtsezko gutxieneko zerbitzuak beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira, eta arlo bakoitzak honela justifikatu du haiek ezartzea:

1.–Nafarroako Ospitalegunea.

Ospitalizazioan, ahalmen logistikoaren %100 bermatu behar da. Izan ere, diagnostikatzeko eta tratatzeko ospitaleratuta dauden paziente horien bizia arriskuan jar liteke prozesuen atzerapenarengatik, eta bermatu egin behar dira osasun laguntzen eta zainketen jarraitutasuna eta pazienteen segurtasuna. Pazienteei alta emateko ahalmena ere eduki behar da, ospitaleetan osasun arreta ez kolapsatzeko.

Alor horretan kontuan hartu dira arretan eta tratamenduan eten ezin diren zerbitzu bereziak ere, hala nola hemodialisia, eguneko ospitaleak (onkologia, hematologia, minaren unitatea), erradioterapia (simulazioa eta plangintza), osasun mentala eta transplanteen koordinazioa.

Bestalde, aintzat hartu dira diagnostiko onkologikoei lotutako ebakuntza kirurgikoen gutxieneko zerbitzuak, eta pazienteen tratamenduan eta segurtasun klinikoan eragin handia duten jarduerak. Kasu horretan, Nafarroako Ospitalegunearen ustez, gutxienekoen ebazpenean aipatu ohi den eta ebazpen honetan ere ezartzen den %60 hori doiegi da paziente guztiei arreta eman ahal izateko. Kasu honetan, kontuan hartuz greba eskubidea mugatzeari buruz lehen aipatutako erabaki jurisprudentzialak, oraingo honetan ez da ehuneko hori handituko, baina baliteke sortzen diren egoeren arabera hartzea hurrengo greba deialdiei buruzko erabakiak.

Kontsulten jarduera %60an ezartzearen arrazoia da prozesu kliniko baten zain dauden baloratu eta diagnostikatu gabeko pazienteek okerrera ez egitea.

Era berean, beharrezkotzat jo da:

–20. asteko amniozentesia eta ekografiak ziurtatzea.

–Arreta ematea larrialdiei, zaintza kritikoetan eta berezietan ingresatuta dauden pazienteei, edo erditzeetan eta horien parekoetan.

–Ospitaleko farmaziari dagokionez, tratamendua ziurtatuko zaie paziente ospitalizatuei eta onkologikoei.

–Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: hemoderibatuak ateratzea bermatuko da, gaitasun logistikoaren %60 arte.

2.–Oinarrizko Osasun Laguntza.

Eguneroko eskariaren araberako arreta ematen da Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetan, eta (goizez) osasun eskualde oinarrizko bakoitzeko larrialdiak artatzen dira; mediku bakoitzak 1.500 paziente eta pediatra bakoitzak 1.100 haur inguru ditu, eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Talde bakoitzak profesionalak eduki behar ditu goizeko larrialdiei erantzuteko, eta larrialdia ez izan arren atzeratu ezin den laguntza emateko, bai eta paziente kronikoak artatzeko eta etxez etxeko beharrezko bisitak egiteko ere. Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta ordutegi guztirako, goizeko nahiz arratsaldeko txanda bakoitzean, familia mediku bat eta pediatra bat egonen dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko.

Etengabeko arretako ordutegiari dagokionez, gutxieneko zerbitzuek langile guztiei eraginen diete etengabeko eta larrialdietako arretan. Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren arloan, 465.000 pertsona artatu behar dira, horietatik 324.000 Iruñerrian eta Tafallaldean, eta 141.000 pertsona Nafarroa osoko 21 Etengabeko Arreta Guneetan (4tan medikuntzako bi profesionalekin, eta 17tan bakarrarekin). 50 profesional inguru behar dira.

San Frantzisko Xabierkoa zentroko laguntza medikoak profesional bakarra du eta lan egin beharra dauka, egoitza estaldurarik gabe ez uzteko.

Azkenik, Aho-hortzen Osasunean 9 odontologo daude eta, arestiko irizpideari eutsiz, 2 odontologo egonen dira gutxieneko zerbitzuetan, bat arreta orokorrerako eta bestea PADIrako.

3.–Osasun Mentala.

Greba egunetan mediku 1 egon beharko luke Errehabilitazio Unitatean, Egonaldi Ertaineko Unitatean 2, eta Egonaldi Luzeko Unitatean 1.

Jarduera pautatua duten zerbitzuei dagokienez (Osasun Mentaleko Sareko eguneko ospitaleak), Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak zehaztu du osasun mentalaren arloko eguneko ospitaleratzea tratamendu intentsiboa dela, ospitaleratzearen ordezkoa, eta pazienteen egoera klinikoa subakutua dela eta, beraz, ziurtatu egin behar direla arreta eta tratamendua.

Osasun Mentaleko Zentroetako kontsultetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, haietako bakoitzean lehen kontsultak zenbat diren aztertu da, eta horiek zer ehuneko egiten duten kontsulta guztiekin. Zentro bakoitzeko lehen kontsultak eta larrialdietakoak bermatu beharko liratekeela uste da.

Zentro bakoitzak bere gaitasun logistikoa behar du, plantillaren arabera eta lehen kontsultetarako behar duen lanaldiaren ehunekoaren arabera. Batezbestekoa plantillaren %40 da, gehienez.

4.–Lizarrako Osasun Barrutia.

Lizarrako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza eta García Orcoyen Ospitalea daude.

Oinarrizko Osasun Laguntzak eta Nafarroako Ospitaleguneak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio arlo honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan dela ospitaleko jardueran.

Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen Ebazpeneko jarraibideak bete dira. Bere txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunean.

5.–Tuterako Osasun Barrutia.

Tuterako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza eta Reina Sofía Ospitalea daude.

Kasu honetan ere, Oinarrizko Osasun Laguntzak eta Nafarroako Ospitaleguneak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio arlo honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan dela ospitaleko jardueran.

Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen Ebazpeneko jarraibideak bete dira. Bere txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunean.

Arreta lehenetsia, paziente ospitaleratua eta gaitasun logistikoaren %60 bermatu nahi dira (Ebazpeneko E apartatua), eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, zenbaitetan txandako langile guztiek osatzen dituzte gutxienekoak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke eta, hortaz, ez da aski ezarri den prestazio gutxienekoa ziurtatzeko.

6.–BAME langileak gutxieneko zerbitzuetarako izendatzea.

Arestian ere aipatu da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an emandako 318/2019 apelazio epaia, errebokatzen duena Administrazioarekiko auzien Iruñeko 3. epaitegiak 2019ko uztailaren 10ean emandako 191/2019 Epaia eta deklaratzen duena Administrazioak ez duela urratu barne mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea.

Orobat, arlo bakoitzari bere iritzia ere eskatu zaio, arretari dagokionez. Hortik ikusi denez:

Zentroko profesional espezialistak eta BAME langileak edozein egunetako etengabeko arretan aritzen dira. Nafarroako Ospitalegunearen ustez, funtzionamendu hori oso errotuta dago gure zentroetan, eta arreta segurua eta kalitatezkoa eskaintzeko aukera ematen du. Haien ustez, greba egunean ere funtsezkoa da etengabeko arreta ona izatea, eta antolaketa berdinari eutsi behar zaio, aldatuz gero nahi gabeko disfuntzioak sor daitezkeelako larrialdi batean.

BAME langileak lan-kontratudunak dira, eta haien prestakuntza ez da arrazoia gutxieneko zerbitzurik ez egiteko, izan ere guardia medikoak egitea oso garrantzitsua baita prestakuntzaren ikuspegitik. Hain zuzen ere, beren prestakuntza programetan ageri da gutxienez zenbat guardia egin behar dituzten, Nafarroako Ospitaleguneak ere dioen gisan.

BAMEek egin beharreko etengabeko arretaren gutxieneko zerbitzu hori ez da beren ohiko jarduna ez bezalakoa. Ez da beren jarduna areagotzen ospitaleko espezialistak ordezteko. Espezialisten eta BAMEen arteko harremana ez da aldatzen.

Hala, BAME langileak funtsezkoak dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan gutxieneko zerbitzuak egiteko, eta haien prestakuntza premia ez da aitzakia, betiere beren estatutua eta funtzioak errespetatuz.

Zentro bakoitzak gutxi gorabehera justifikatu du gutxieneko zerbitzuak betetzeko zenbat BAME langile behar dituen, aurreko grebetan ikasitakotik.

Funtsezko zerbitzuak zehazteaz ari garenean, osasun arloko fakultatiboei buruz ari gara, prestakuntzan dauden langileak ere barne, langileen sektore hori baitago grebara deituta.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ondotik zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzuak errespetatuz eginen da Medikuen Sindikatuen Estatuko Konfederazioak 2020ko urriaren 27rako deitutako greba (urriaren 27an hasten den lehenbiziko txandan hasiko da, eta azken txanda bukatzen denean bukatuko da, nahiz eta lanaldia urriaren 27ko 24:00ak baino geroago bukatu), Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun langile fakultatiboen (prestakuntzan ari direnak barne) kolektiboko langile publikoek betetzen dituzten jarduera guztiei eragiten diena:

I.–Ospitaleak.

Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritako bera izanen da.

Edozein kasutan, bermatuko da arreta ematen zaiela COVID-19a duten edo arrazoi horregatik artatzen diren gaixo guzti-guztiei.

Gainera, zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:

A) Ospitaleratzea: gaitasun logistikoaren %100 bermatuko da.

B) Jarduera pautatua duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:

–Hemodialisia.

–Tratamendu onkologikoak eguneko ospitalean.

–Tratamendu hematologikoak eguneko ospitalean.

–Minaren Unitatean etengabeko tratamendua duten pazienteendako arreta.

–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.

–Errehabilitazioa. Ospitalean dauden pazienteendako arreta bermatuko da, baita lehentasunezko gaixoendakoa ere.

–Osasun Mentaleko sareko eguneko ospitaleak.

C) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, larrialdietako, Zainketa Intentsiboetako Unitatearen, Erreanimazioaren eta Zainketa Berezien Unitatearen, Zainketa Etengabeko Unitatearen, Kritikoen Unitatearen, Erditzeen Arloaren eta parekagarriak diren beste unitate batzuen jarduera guztia ere bermatuko da.

D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.

E) Arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ospitaleratutako pazienteendako arreta eta arreta arrunt guztiak bermatuko dira, halakorik bada, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz:

–Ebakuntza kirurgikoak.

–Zerbitzu zentralak.

–Kontsultak.

–SUOAZak (Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak).

F) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta pautatuak dituzten pazienteendako arreta bermatuko da.

G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: Hemoderibatuak ateratzea bermatuko da, Nafarroako Foru Komunitateko ospitaleak hornitzeko, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz.

II.–Oinarrizko Osasun Laguntza.

Oinarrizko Osasun Laguntzaren arloan, hauxe izanen da lan araubidea:

Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetan:

a) Ohiko lanaldian.

Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta funtzionamendu ordutegi guztirako, lan txanda bakoitzean (goizekoa eta arratsaldekoa), familia mediku bat eta pediatra bat izendatuko dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko.

Etengabeko arreta emateko toki bat baino gehiago duten oinarrizko eskualdeetan, etengabeko arretarako zenbat toki edo talde dauden, horrenbeste familia mediku egonen dira, gutxienez ere.

Edozein kasutan, bermatuko da COVID-19a duten edo arrazoi horregatik artatzen diren gaixo guzti-guztiei arreta ematen zaiela.

b) Etengabeko arretarako ordutegian.

Osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, lan araubidea oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da.

Ospitalez kanpoko Larrialdien Zerbitzuetan eta Larrialdietako Zerbitzu Arruntetan:

Oro har, ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan araubidea.

San Frantzisko Xabierkoa zentroko laguntza medikoa:

Mediku bat.

Aho-hortzen osasuna:

Odontologo bat arreta orokorrerako, eta PADI programako odontologo bat.

2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Ebazpen hau greba batzordeari jakinaraztea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea eta honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean langileriaren arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuei; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari; Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari; eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluekin bat eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Iruñean, 2020ko urriaren 22an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

Iragarkiaren kodea: F2012391